Aurten Munduko Medikuak elkartea 30 urte betetzen ari da eta medicusmundi Bizkaiak 60 urte ospatzen ditu. Biok Bizkaian, Euskadin eta munduan lan egiten dugu pertsona guztien osasunerako eskubidea bermatzeko. Elkarrekin, 24 urte daramagu Osasuna Garapenerako Lankidetzan eta Ekintza Humanitarioan txostena egiten, osasunaren arloko erronka global nagusiak identifikatzeko eta laguntzaren kalitatea eta eraginkortasuna hobetzeko.

Santos Arrieta, Itziar Irazabal eta Carlos Mediano Batzar Nagusietan, txostenarekin eta EAEko datuen koadernoarekin.
Atzo, maiatzak 12, txostena Bilbon aurkeztu genuen. Goizean, Bizkaiko Batzar Nagusietako ahaldunen aurrean, Ana Otadui presidentea ere bertan izan zen. Arratsaldean, Bizkaiko Medikuen Elkargoan aurkeztu genuen, jendaurrean. Bi topaketa horietan nazioarteko lankidetza sistemak bizi duen aldaketa unea, multilateralismoaren krisia, murrizketen ondorio larriak, Garapen Jasangarriko Helburuen osasun arloko xedeek izan duten aurrerapen txikia, laguntza humanitarioa behar duten pertsonen gorakada, euskal lankidetzak osasunari ematen dion lehentasun txikia eta testuinguru berri honetan osasun lankidetza birpentsatzeko beharra azpimarratu genituen.
Aurkezpenetan honakoek hartu zuten parte: Carlos Mediano, medicusmundi azterlanen arduraduna; Txomin Zabala, Munduko Medikuak – Médicos del Mundo Euskadi elkarteko presidentea; Itziar Irazabal, medicusmundi elkarteen federazioko presidentea; eta Santos Arrieta, Munduko Medikuak – Médicos del Mundo Euskadi elkarteko koordinatzailea. Era berean, Munduko Medikuak eta medicusmundi Bizkaiak Senegalen, Gazan, saharar errefuxiatuen kanpalekuetan, Ruandan, Kongoko EDn, Hondurasen edo Guatemalan egiten ditugun proiektuak aipatu genituen.
Azken urtean, garapenerako laguntza ofiziala (GLO) zalantzan jarri da, ahuldu egin da eta zenbait herrialdetan desegin ere egin da. Nabarmentzekoa da Estatu Batuek iragarritako % 92ko murrizketa, munduko emaile handiena izan baita lankidetzan. Baina Europako emaile garrantzitsuenek ere murrizketa handiak egin dituzte: Alemania, Frantzia, Erresuma Batua, Herbehereak, Finlandia, Suedia, Suitza… OCHAk (Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoa) krisiari erantzuteko behar zenaren % 34,2 baino ez zuen jaso 2025ean, eta, horregatik, berrabiarazte humanitarioa abiatu du, krisi larrienetan jardutea lehenetsiz eta milioika pertsona estaldurarik gabe utziz. 2024an garapenerako lankidetzara eta ekintza humanitariora % 0,7 bideratu zuten herrialde bakarrak Norvegia, Luxenburgo, Suedia eta Danimarka izan ziren. Murrizketen testuinguru horretan, Espainiak ekarpena handitu du, baina % 0,25 baino ez du bideratzen, Garapenerako Laguntza Batzordeko (CAD) herrialdeen batez bestekoaren azpitik.

“Osasuna garapenerako lankidetzan eta ekintza humanitarioan” txostenaren aurkezpena, Bizkaiko Batzar Nagusietan.
Euskadi erreferente da Estatuan, baina Europako batez bestekoak baino gutxiago laguntzen du eta ez du aurrera egiten. Euskadik biztanleko 27,37 € bideratu zituen GLOra, soilik Nafarroaren atzetik. Bestela esanda, Eusko Jaurlaritzak % 0,35 bideratu zuen 2024an. Europako batez bestekoa baino gutxiago da ( % 0,47), eta 2026an ahalegina txikiagoa izango da ( % 0,31), nahiz eta 2024an Lankidetzari eta Elkartasunari buruzko Euskal Legea onartu zen. Lege horrek gastuaren % 0,7ko helburua ezarri zuen, eta GLOren hazkundea, gutxienez, aurrekontu orokorrarekiko proportzionala izan behar dela.
Murrizketek ez diete behar globalei erantzuten eta ondorioak dituzte. 2024an, krisi humanitarioak areagotu egin ziren, aurrekaririk gabe: biztanleria zibilaren aurkako indarkeria areagotu zen, sarbide humanitarioari oztopoak jarri zitzaizkion, eta langileen eta osasun azpiegituren aurkako eraso sistematikoak izan ziren. Bestalde, lankidetza politikek aurrerapenak bultzatu dituzte, herrialde pobretuetako osasun sistemei eusten diete, eta laguntza kentzeak ondorio larriak ditu: Estatu Batuen finantzaketan izandako murrizketek soilik 14 milioi heriotza prebenigarri baino gehiago eragin ditzakete 2030era bitartean; heriotzen % 32 bost urtetik beherakoei dagozkie. Mende honetan osasunean aurrerapen handiak izan badira ere, nazioarteko desberdintasunek bere horretan jarraitzen dute: Afrikan biztanleriaren % 43k soilik du osasun estaldura; Europan eta Ipar Amerikan, % 84k. Amen heriotza tasak behar baino handiagoa izaten jarraitzen du. Malariaren intzidentziak gora egin zuen. Martxa honetan, osasun arloko Garapen Jasangarriko Helburuen % 10 baino ez dira beteko.

Txomin Zabala la ayuda necesita ayuda kanpainari, errefuxiatu sahararren kanpalekuetara antolatzen dituzten brigada oftalmologikoei eta nazioarteko ekintza humanitarioaren egoerari buruzko aritu zen.
Euskal lankidetzak ekintza humanitarioa lehenesten du, baina ez osasunerako lankidetza. Eusko Jaurlaritza da ekintza humanitariora baliabide gehien bideratzen duen gobernu autonomikoa (bere GLOren % 18,83; 5,15 € biztanleko; hartzaile nagusiak Palestina, saharar biztanleria eta Libano dira), baina osasunera GLOren ehuneko txikiena bideratzen duena (% 3,03) ere bai. Eusko Jaurlaritzak 1.855.151 € bideratu zituen osasun lankidetzarako 2024an, eta euskal aldundiek eta udalek beste 1.830.645 €, Bizkaiko Foru Aldundia buru zela, hura baita estatu mailan GLO gehien duen tokiko erakundea. Kalkuluen arabera, GLOren % 10-15 bideratu beharko litzateke osasunera, eta euskal erakundeak zifra horietatik urrun daude, nahiz eta Euskadiko gastu publikoan osasuna protagonista izan (aurrekontuaren % 30 baino gehiago, 2.400 € biztanleko).
Etorkizunerako prestatutako erakundeak. Erronka asko ditugu: polarizazio politikoa, adimen artifiziala, klima aldaketa, hazkunde mugagabeko eredu ekonomikoa, munduko biztanleriaren hazkundea, migrazioak, gerrak, osasun estaldurarik gabeko milioika pertsona, mikrobioen aurkako erresistentzia… Eta baliabideek behera egiten jarraituko dutela aurreikusten da. Gainera, Estatu Batuak edo Argentina Osasunaren Mundu Erakundetik irten dira, Itun Pandemikoa eztabaidatzen ari dira… baina, horrelakoez gain, zeintzuk dira osasun arloko erronka globalei erantzun kolektiboak emateko aukerak? Baliabideak ezinbestekoak diren arren, ekintzen ikuspegia ere garrantzitsua da. medicusmundi eta Munduko Medikuak elkarteentzat lehentasunezkoa da osasun publikoaren aldeko apustua egitea osasunerako sarbidean ekitatea bermatzeko, lehen mailako arreta indartzea, osasun arazo gehienak konpontzen baititu, eta osasunaren baldintzatzaile sozial eta komertzialak kontuan hartzea, osasuna politika guztietan txertatuz eta beste sektore batzuetan eraginez (ura eta saneamendua, generoa, ekonomia, hezkuntza, etab.). Eragileak eta agendak koordinatzeko, aliantzak sortzea, gure jarduerak ebaluatzea, beste aktibismo eta egitura mota batzuk pentsatzea eta laguntza deskolonizatzea ere beharrezkoa da.












