Azken urteetan Ruandak hazkunde ekonomiko handia izan du. Alabaina, malnutrizio kasuak ematen dira oraindik ere etxeetan, batez ere elikaduraren gaineko segurtasun ezagatik eta informazio faltagatik.
Uste da nazio osoan 5 urte azpiko haurren %38k atzerapena duela euren hazkuntzan eta %2k malnutrizio larria bizi duela. Hazkuntzan den atzerapena aldakorra da, adinaren arabera. 6tik 8 hilabetera bitarteko haurren %18tik hasi eta 18 eta 23 hilabete bitarteko haurren %49 bitartean dabil. Nutrizio egoera probintziaz probintzia aztertzen jarrita, Mendebaldeak ehuneko handiagoak ditu hazkuntza atzerapenean (%45), eta Kigali da ehunekorik baxuena (%23) azaltzen duen hiria. Landaguneetako haurren %41ek atzerapena du bere hazkuntzan, hirigunetako %24ren aldean. (NISR, MS eta ICF International 2015).
Horrez gainera, azpimarratzekoa da hazkuntzan ematen den atzerapena nabarmenagoa dela etxe txiroeneko haurren artean (%49) etxe aberatsenen artean baino (%21), eta handiago dela ere euren amek heziketarik ez duten kasuetan (%47) bigarren mailako edo goi-mailako hezkuntza osatu duten amek dituztenen aldean (%19) (NISR, MS eta ICF International 2015).
Kamonyi barrutiko errealitatea ez da aurreko datu horien oso bestelakoa. Herritarrek malnutrizioa jasaten dute, bereziki 5 urte azpiko neska eta mutikoek. Malnutrizio kasuei eta kausei buruzko ikerketa txostenaren arabera, adingabeen %36k, hain zuzen, malnutrizioa du. Hori dela eta, UGAMA eta ARDE toki-elkarteek, medicusmundiren lankidetzarekin, esku-hartzeak burutu dituzte 7 emakumezko kooperatibetako familietan hala nola horien auzotarretan malnutrizioa borrokatzeko.
Besteak beste, ekintza hauek jarri dira abian: ortuak sortu malnutrizioa duten haurren etxeetan, batik bat 5 urtetik beherako haurrak dituztenetan, fruta ekoiztea sustatu mintegiak eraikita eta azienda xeheak hornitu animalia jatorriko proteinak ekoizteko.
Malnutrizioaren aurkako borrokaren helburuak lortzeko, indartu egin dira onuradunek dieta orekatu bat prestatzeko gaitasunak, sukaldetan erakusketak eginez eta mobilizazioak burutuz. Ekintza horiei esker, agerikoa da familia onuradunetan izan duen inpaktu positiboa.