Azken asteotan ikusi ahal izan dugunez, konfinamenduak geure etxeetara murriztu gaitu eta koronabirusak bereganatu du albistegietan agertokirik handiena. Lehentasuna zein den garbi dago, pandemiaren hedapena etetea, baina garrantzitsua da azaltzea salbuespen-egoera honengatik ezin diogula begia kendu beste pandemia mota bati, hau da, emakumeen kontrako indarkeriari, zeina Covid-19a bezalaxe zabaltzen baita kontinente guztietan zehar, tokiko mutazio kulturalak gorabehera.
Oraingo honetan, indarkeria sinbolikoari helduko diogu. Nuria Varelak azaltzen duen moduan, fisikoa, psikologikoa edo ekonomikoa bezalakoa ez den “beste indarkeria mota bat”, sinesmenek, keinuek, balioek, gizarte-patroiek eta ezaugarri kulturalek osatutako emaitza baizik, zeinaren gainean eraikitzen baita gainerako indarkeria matxistak ernamuintzeko eta desberdintasunezko harremanak betikotzeko ongarri hobezina. Askotariko eran hezurmamitzen da: txiste matxistak, iragarpen sexistak, indarkeria justifikatzen duten iruzkinak, horien ikusezintasuna hezkuntza-curriculumean, emakumeen gorputza gauza bihurtzea, isiltasun konplizea, zainketa lanei gizartean balioa kentzea, batez ere emakumeen ardura bihurtua denean… eta txiki-txikitatik ohitu izan garen etengabeko beste hamaika adibide, nerabezaroan irmo sendoturiko sinesmen eta balioetan bihurtzen direnak.
Konfinamendu honetan ere, indarkeria sinbolikoa bereak egiten aritu da egoera berrietara moldatuta. Deigarria da, adibidez, sarean dabilen meme mordoa “loditzeko arriskuari” aipu eginez. Edertasun-eredu normatibo baten ezarpenaren erakusle bat besterik ez da, zeinetan argaltasuna saritzen edo loditasuna kondenatzen den, horretarako iseka eta iruzkin lodifoboez baliatuta. Hori horrela, marketinak merkatu-nitxo horiei erreparatu izan die, argaltzeko publizitateaz gain “sasoian egoteko” aplikazio eta kanalen ugaltzea ekarri duelarik YouTuben. Inor ez du harrituko kontsumitzaile nagusiak emakumeak omen direla dioen datuak, nerabeak izanik biztanleria bereziki zaurgarria. Hori gertatzen da eurak direlako, gehien-gehienean, estetikaren gizarte-aginduaren jomuga, mundu osoan, eta komunikabideak eta sare sozialak dira, globalizatzeko duten gaitasunarekin, obsesio hori gehien elikatu dezaketenak, batik bat konfinamendu garai honetan, nabarmen hazi baita horien erabilpena.
“Konfinamendu honetan ere, indarkeria sinbolikoa bereak egiten aritu da egoera berrietara moldatuta”
Interesgarria izango litzateke, halaber, hausnarketa bat egitea asteotan geure inguru hurbilenean etxeko lanen eta zaintzako lanen banaketan gainean ikusi izan dugunaz. Mugimendu feminista aspalditik ari da ohartarazten zaintza horien krisiari buruz. Koronabirusak mahai gainean jarri du eredu ekonomiko honen jasanezintasuna, bere hazkundea zaintza-lanak emakumeen bizkar uztean oinarritzen baita, eskulan doakoaz baliatuz eta, hala, bizitza pertsonala, lan-bizitza eta familia-bizitza benetan uztartzea ahalbidetuko lukeen zerbitzu-sare bat bermatzeak lekarzkeen kostuak merkatuz. Lanaren Nazioarteko Erakundeak adierazten du etxeko lanen banaketa dela, ziurrenik, aukera-berdintasunean pausoak emateko mundu mailan den aldaketa kulturalik garrantzitsuena. Emakumeak zainketa-lanetara beharturik egoteak malgutasuna eskatzen die euren lanbide jardunean, eta horrek, askotan, lan prekarioak eta gizonezkoen kasuan baino negoziazio-ahalmen eskasagoa dutenak onartzera daramatza.
Desberdintasun horrek pobreziaren gero eta feminizazio handiagoa du ondorio, eta mundu osora zabaldurik da. Konfinamendu garaian gai horri buruz estatu mailan egin izan diren analisiak aztertzen baditugu, emakumeen eta gizonen arteko lan-banaketaren ohitura tradizionalak erreproduzitzen ari direla diote, bizi dugun unearen ezohikotasuna gorabehera. Esan nahi baita, etxean bertan emakumeek duten lanaldi bikoitza, telelanean arituz edo lan kontuengatik lekualdatu beharrak dakarkien presio gehigarriarekin, jakinik euren mende diren pertsonak uzten dituztela konfinaturik etxean. Naturaltzat hartzen dugun egoera horixe da, emakumeentzat begi-bistako estres-faktore izateaz gain, belaunaldi berriak euren begiz bereganatzen eta normalizatzen ari direna.
Ikusi dezakegunez, indarkeria sinbolikoak ez du indarkeriarik edo derrigortzerik erabiltzen; aitzitik, egunero ematen diren eta arreta jartzen ez badiegu konturatu gabe gertatzen diren diskriminazioak legitimatzen eta justifikatzen ditu. Horietaz kontziente ez garen neurrian, konplize gara horiek erreproduzitzen. Koronabirusak ez digu fenomeno horrekiko arreta kendu behar, ezin diogu utzi erne egoteari. Egia bada, dioten moduan, honen ondoren gizartea beste bat izango dena, balia dezagun une hau benetako aldaketa baterako, belaunaldi berriek ez ditzaten naturaltzat hartu diskriminazioak, bidegabekeriak, matxismoa eta, finean, emakumeen aurkako indarkeria sinbolikoa.
Aitziber Aginagalde, berdintasun teknikaria, aholkularia eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko lantegien dinamizatzailea. Nerabeentzat ikastetxeetan medicusmundi Bizkaiatik indarkeria sinbolikoari buruz antolatzen ditugun lantegien bideratzailea.