“Guatemalan barneratuta dute testuinguruak osasunari sakonki eragiten diola”
Leire Sanchez Fernandez, Nazioarteko Harremanetan graduatua, Guatemalan izan zen ekainetik irailera, HEGOA Institutuaren eta EHUren Garapena eta Nazioarteko Lankidetza masterreko praktikak egiten, medicusmundi Bizkaiaren eskutik. ASECSAren (Osasun Zerbitzu Komunitarioen Elkartea) talde teknikoko kide gisa aritu zuen, besteak beste, Chimaltenango eta Solola departamenduetako Herritarren Behatokietan (OC) emakume maien parte-hartzea bultzatuz. Behatoki hauek bereziki ura eta ingurumen osasuntsua izateko eskubidearen alde lan egiten ari dira.
Leireren ASECSAko kideetako bat Ivana Gómez Arenales izan zen, Gizarte Lana ikasitakoa. Leire eta Ivana elkarrizketatu ditugu Guatemalako osasunari, gizarte eragileei eta ingurugiroari buruz gehiago jakiteko.
Nola ulertzen da osasuna Guatemalan?
LEIRE: Nire praktikaldian arreta gehien piztu zidan gaietako bat zera izan zen: osasuna modu integralean ulertzen dute; mendebaldean berriz, gaixotasunean eta eritasunen tratamendu medikoan soilik zentratzen gara. Guatemalan barneratuta dute osasuna egiturazko kausei lotuta dagoela, testuinguruak pertsonen eta komunitateen ongizatea sakonki baldintzatzen duela aitortzen dute. Horrela, OCen proiektuan, arazo gastrointestinal batzuen jatorria antzeman zen: hondakinen kudeaketa txarra eta ezkutuko zabortegien hazkundea; horrek, uztan, edateko uraren kalitatean eta haurren eskola-errendimenduan eragina du.
IVANA: Guatemalak egiturazko hainbat erronka ditu osasun arloan; ikuspegi integral batetik ulertuta, arrazismoa, desberdintasuna, estigma sozialak eta ustelkeria bezalako faktoreek kalitatezko zerbitzuetarako sarbide unibertsala eta bidezkoa mugatzen dute. Testuinguru horretan, ASECSAk osasunaren kulturarteko ikuspegia eta ikuspegi komunitarioa indartzen dituen ekintzak bultzatu ditu; horren adibide nagusia comadronen lanari ematen beharreko balioa da, haien antzinako ekarpenak eta komunitateetako osasun prozesuetan duten eginkizuna aitortuz. Era berean, OCek problematika hauek tokian-tokian ikusaraztea ahalbidetu dute, eta comadronen analisiak eta gogoetak sortzea.
Eragin politikoan zein rol jokatzen dute comadrona eta gida espiritualek?
IVANA: OCetako kide gehienak emaginak eta gida espiritualak dira, eta funtsezko rola betetzen dute eragin politikoko prozesuetan; izan ere, antzinako ezagutzatik eta lurraldeekin duten lotura sakonetik abiatuta, komunitateetako problematikak ondo baino hobeto ezagutzen dituzte. Gainera, autoritate morala eta komunitatea orientatzeko gaitasunak dute, antolaketa eta lidergo prozesuak indartzen dituzte, eta eskari kolektiboak kulturalki egokia den eta legitimitate soziala duen ikuspegi batetik sortzea ahalbidetzen dute.
LEIRE: Bai, horixe. Emaginek eta gida espiritualek funtsezko lekua dute bizitza komunitarioan, eta funtsezko zeregina betetzen dute eragin politikoan, autoritate sozial, kultural eta morala baitute. Zehazki, komunitatearen eta erakundeen arteko bitartekariak dira, eta, horrela, eskari kolektiboak legitimatzen dituzte eta antzinako jakintzak defendatzen dituzte. Zaintza, espiritualtasun eta laguntza komunitarioko praktiken bidez, gizarte mobilizazioa bultzatzen dute, eta politika publikoak tokiko errealitate, balio eta beharretara egokitzen laguntzen dute.
Zer presentzia dute gizarte mugimenduek ingurumen arazoen aurrean?
LEIRE: Guatemalan partehartze aktiboa eta estrategikoa sumatzen da ingurumen arazoen aurrean, eta, horrela, agerian geratzen da ingurumenaren degradazioa oso lotuta dagoela bai baliabideen banaketa eta eskuragarritasunean dauden desberdintasunekin, bai eta lurraldeetan eragin zuzena duten erabaki politikoekin ere.
IVANA: Gainera, hainbat plataformatatik ingurumen ikuspegia eskubide kolektiboen defentsarekin artikulatzen duten ekintzak bultzatzen dira, hala nola, baso-berritze kanpainak eta sentsibilizazio-prozesuak. “Borroka sozialik gabeko ekologia lorezaintza besterik ez da” printzipioaren pean eta jatorrizko herrien kosmobisioak indartuz, komunitatearen partehartzean eta bizi iturrien babesean oinarritutako lurralde kudeaketa sustatzen dugu.












