“Emakumearen gorputzaren inguruko arauekin apurtu behar zela transmititu nahi genuen”

“Emakumearen gorputzaren inguruko arauekin apurtu behar zela transmititu nahi genuen” Image

Cristina Ruano, Maite Tomé, Asier Maleza eta David Alvarez “Shiba” taldea osatzen dute (Cristinaren katuaren omenez), eta medicusmundi Bizkaiak antolatutako “Nire Gorputza, Nire Erabakia” Ikus-entzunezko txapelketaren 2garren edizioaren irabazleak dira. Erandion Ikus-entzunezkoen eta Ikuskizunen Errealizazioa ikasten duten lau lagun hauek tartetxo atera dute gurekin garaile ateratako ikus-entzunezko produkzioari, honekin transmititu nahi zuten ideien, eta bideoaren garapenari buruz hitz egiteko. Txapelketaren garaile bezala, Guatemalara bidaia egokituko zaie lauei, ilusio eta itxaropen handiz hartzen duten esperientzia.

Galdera: “Nire Gorputza, Nire Erabakia” txapelketan parte hartzea nola erabaki zenuten? Nondik heldu zen informazioa?

Shiba Taldea: Erandion, ikastetxean bertan, heldu zitzaigun informazioa, irakasle baten bidez. Aipatutako gaiarekin ikusentzunezko lehiaketa antolatuko zela komentatu zigun, eta bi aldiz pentsatu gabe, kurtsoan ikasitako zenbait ezagutzak era praktikoan aplikatzeko aukera paregabea ikusi genuen.

G: Bideoak zuri-beltzak eta koloreak tartekatzen ditu, pozaren eta tristuraren dikotomia horrekin jokatuz. Zein da transmititu nahi den ideia?

S. T: Dabidek izan zuen oinarrizko ideia. Berak oso argi ikusten zuen kontrasteen joko hori, eta horren inguruan gero bideoa josten joan ginen, elementuak gehituz, beste batzuk zehaztuz, ñabardurak txertatuz…Honelako proiektuetan, ideia originala asko aldatzen doa, ideia asko praktikara eramatea oso zaila delako, eta hortaz, daukazun ahalmenetara moldatu behar duzu proiektua. Baina funtsean, emakume batek, lan eskaintza batean jasotako bortizkeria sinbolikoaren aurrean, bere baitan sufritzen duen barne gatazka irudikatu nahi da bideoklipean, argitasun eta iluntasunaren bidez.

G: Zuek aipatu duzuenez, bideoan emakumeek lan-munduan jasotzen duten zapalketa sexistaren adibide argia agertzen da, haien fisikoa ahalmen laboralen gainetik baloratzen duena, hain zuzen ere. Horrelako errealitatea bizi izan duzue noizbait, zuen azalean edo zuen ingurukoetan?

S.T: Gutako inork ez du zuzenki horrelako jokabiderik jasan orain arte, baina argi daukagu horrelako errealitateak egunerokotasunean txertatuta daudela, existitzen direla, eta hori da guk transmititu nahi genuena. Gure lagun bat, esaterako, kaletik geratu eta Hollister dendan saltzaile izan nahi zuen galdetu zioten. Frogarik ez, kurrikulumik ez. Soilik erakargarria eta guapa izateagatik. Bestelako dendetan, Zara kasu, jakin badakigu zenbait taila erabiltzen dituzten gizon-emakumeak soilik hautatzen dituztela, horietatik kanpo kokatzen direnak automatikoki baztertuz. Egunero ematen dira bortizkeria sinbolikoaren kasuak, edozein tokitan, eta hori da erakutsi nahi genuena bideoklipean.

 
G: Halere, bideoaren azken zatiak hausnarketarako parada usten du, emakumearen askapenaren alde egiten duelako nolabait, bortizkeria sinboliko horren kateak apurtzen dituelako erabat. Benetan gizartea bide horretan dago edo zuen lanak izan beharko lukeena adierazten du eta ez izaten ari dena?

S.T: Hori da zehazki transmititu nahi genuena, arauak apurtzeko daudela, posible dela irudiaren diktadura edo arau zorrotz horiei uko egitea. “Ez esatea ere aukera bat dela. Badakigu gaur eguneko egoeran printzipioak eta balore propioak mantentzea zaila dela, eta bereziki lan arloan, postuak gero eta garestiago daudelako, baina etikoki egokiena litzatekeena kontatu nahi genuen, eta horra hor amaiera, ezetza. Ez. Ez dut onartzen sistema hau. “Fuck off” erraldoia.

G: Lehiaketaren irabazlearentzat Guatemalarako bidaia zegoen sari gisa, hango proiektuak lehen eskutik ezagutzeko. Latinoamerikan egon zarete noiz edo noiz? Zer espero duzue bidaiatik?

S.T: Ilusio handiarekin hartzen dugu bidaia, ingurunea eta bertakoak ezagutzeko gogo handiarekin, eta nolabait, Guatemalako errealitatearen zati txiki bat gureganatzeko.

David: Askotan, bidaiei buruz mintzo garenean, bisitatzen den tokiaren ohiturak eta biztanleekin sortzen den erlazioa alboratzen da, eta akats larria da, nire ustez. Tailandiara egindako bidai batek nire bizitzaren ikuspegia aldatu zuen guztiz, mundua ulertzeko beste modu bat eman zidan, pertsona ezberdina bihurtzen zaitu.

Asier: Nire kasuan, gogo handiz espero dut bidaia, nire kasuan, argazkilaritza izugarri maite dudalako, eta Guatemalako paisai eta errealitateak kamerari sekulako zukua ateratzeko parada ematen duelako.

 

Itzuli