“Bortizkeria matxistaren aurkako sopeloztarrak behar dira”. Hori da Sopelan abiatu berri den kanpainaren lelo deigarria, medicusmundi bizkaiak, Sopelako Udalak, Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateko Berdintasun Sailak, Itzartu elkarteak eta Sopelako Asanblada Feministak bultzatuta. Kanpaina honen helburua oso argia da: emakumeenganako biolentzia sinbolikoaren inguruko kontzientziazioa eta sentsibilizazioa sustatzea.
Xede honekin lotuta, urriaren 4an 18:00etan tailer oso berezia hasiko da Kurtzio Kultur Etxean. Mujeres Imperfectas elkarteko May Serrano izango da dinamizatzailea, eta azaroaren 22an ospatuko den kale ekintza bat prestatuko dute (azaroaren 25aren testuinguruan).
Beraz, tailerrean kale-ekintza hori prestatuko dugu, astean edo hamabost egunean behin Kurtzio Kultur Etxean elkartuz (aldizkakotasuna partehartzaileek erabakiko dute). Edozelan ere, kale-ekintza espazio publiko batean egingo da. Izan ere, azpimarratzen dugunez, “kalean egingo da jendearen arreta piztu gura dugulako. Horregatik izango da azaroaren 22an, ostirala delako, jende gehiago egongo delako kalean eta gainera azaroaren 25eko testuinguruarekin kokatzen dugulako”.
Ondorioz, ideia eragitea da: “Ez gaude ohituta horrelako ekintzak ikustera, eta horrek hausnarketa egitera lagunduko du. Horrela, bakoitzak bere buruari galdetuko dio: Zerikusirik ote dut nik egoera honekin? Zer egin dezaket egoera hau aldatzeko?”.
Gizonezkoak ere, noski, tailerrean parte-hartzera gonbidatuta egongo dira: “Bai, mesedez. Adin, genero eta ezaugarri ezberdinetako sopeloztarrak behar ditugu. Bakoitzak bere bizipen eta beharrizanak dituelako. Biolentzia sinbolikoaren inguruan errepikatzen diren prototipoak hemen, Sopelan, azalerazi nahi ditugu”.
Auzokide guztiak, beraz, tailerrean parte hartzeko aukera izango dute, hala nahi izanez gero. Gainera, umorea ere ez da faltako: “Gaia oso serioa da baina iraultzen eta ondo pasatzen saiatuko gara. Erropa erosoa eramatea gomendatzen dugu, tailerra dinamikoa izango delako, adierazpena landuko da, sormena… ideiak barru-barrutik sortuko dira”.
Lehenengo hitzordua urriaren 4an, barikua, 18:00etan Kurtzio Kultur Etxean izango da. Informazio gehiagorako: educa.bizkaia@medicusmundi.es edo 944127398 telefonoan