Trans* pertsonek osasun integrala izateko eskubidearen alde

Trans* pertsonek osasun integrala izateko eskubidearen alde Image

1980an Alfred Hitchcock eta Jean-Paul Sartre hil ziren; Umberto Ecok El nombre de la rosa argitaratu zuen, eta Almodóvar-ek ‘Pepi, Luci, Bom y otras chicas del montón’ estreinatu zuen; Madrilgo Universidad Autónoman Emakumearen Azterlanen Mintegia (gaztelaniaz, Seminario de Estudios de la Mujer) inauguratu zen; eta Bartzelonan Asociación Grupo Alba izeneko elkarteak berariazko egoitza bat erreklamatzen zien erakundeei indarkeria matxistaren emakume biktimei arreta emateko.Urte horretan bertan, transexualitatea gaixotasun mental moduan kategorizatu zen.Eskuliburuek, orain dela gutxira arte, “sexu-identitatearen desoreka” edo “genero-identitatearen nahasmendua” deitzen zieten trans* esperientziei. Zer ondorio sortzen zuen horrek? Ondorio asko, baina bat bereziki mingarria zen: Espainiako estatuan, trans* pertsonak psikiatra batek baloratu behar ditu, zeinak gaixotasun bat diagnostikatu, eta horrela, osasun-sistemarako ate bat irekitzen baitie.Patriarkatuak ezarritako patroiekin bat ez egiteari genero-disforia deitzen diote; izan ere,patroi horiek ezartzen dute nolakoak izan behar diren gizonezkoak eta nolakoak emakumezkoak. Laia Serra, Giza Eskubideetan aditua den abokatuaren arabera, horrek “iritzi publiko distortsionatua, estereotipatua eta estigmatizatzailea sortzen du: trans* izatea ez da aniztasunaren beste alderdi bat; aitzitik, sistemaren errore bat da”, zerbait arraroa da, gaixotasun modura uler daitekeen zerbait da, eta ondorioz, horrek gaitzespena, mespretxua edo, gehienez ere, gupida sortzen du.

Irizpide horiek nazioartekoak izanik, diskriminazioaren eta paternalismoaren bidez eraikitzen diren osasun-sistema nazionaletara eramaten dira: trans*-ak paziente modura tratatzen dira, medikuntzaren objektu modura, eta ez zuzenbide-subjektu modura. Horren guztiaren ondorioz, osasun-sistemak, eta azken finean, baita arlo horretako profesionalek ere, ezartzen dute pertsona horrek zer nolako prozesua bizi behar duen osatu dadin. Dirudienez, ez dakite patriarkatua osatzeko modu bakarra feminismoa dela, zeinak bizipen-aniztasunak ematen duen aberastasuna nabarmentzearen aldeko apustua egiten baitu.

Serrak kontu horren larritasuna nabarmentzen du: “Europan (…), Estatuek genero-identitatearen aintzatespenari dagokionez, edo ez dute hura aintzatesten edo exijitzen dute psikologoek emandako diagnostiko bat izatea, sentitzen den generoaren araberako bizipen jarraituko eta publikoko edo “bizitza errealaren esperientziaren” frogak eramatea, genero-identitatea ebaluatzeko test bat edo galdetegiak gainditzea, aldez aurretik ezkontzeari uko egitea, baldin eta bikotea eskuratu nahi den genero berekoa bada, tratamendu hormonalak edo psikiatrikoak nahitaez egitea denbora-epe zehatz batean, kirurgiaren mende jartzea zein esterilizazio itzulezina jasatea ere”. Izugarria.

Serrak aipatzen duen bizi errealeko testa imajinatzen ari zareten moduko proposamen surrealista da.Alba Pons-ek, bere ‘El test de la vida real o la normalización de la performance de género’ lanean, honela definitu du: “diagnostikoaren aurreko edo horren aldi bereko ebaluazio-prozesua da, jarraipen terapeutikoaren bidez egiten dena, zeinak egiaztatzen baitu ea nahikoa irizpide betetzen diren edo ez bizi nahi den generoan egunerokotasuna lantzeko”. Generoa antzerki moduan eszenaratzea da: Mutil trans* batek, esaterako, hormonak eskuratu ahal izateko behar duen aldeko diagnostikoa lortzeko, psikiatrari erakutsi behar dio horrela bizitzeko gai dela. Test bat! Kontua zera da, Ponsek bere lanean azaltzen duen moduan: “Trans subjektuek, kategoria legitimoez baino harago doazen subjektuak izanik, gizarte-balidazio eta normalizazio prozesuak gainditu behar dituzte; prozesu horiek beren esperientziak mugatzen, mihiztatzen, homogeneizatzen eta objektibatzen dituzte, ulergarriak izan daitezen”, eta horrela, existitzen ez diren genero-identitate batzuk –gizonezko bat eta emakumezko bat– izatea lortzen dute.Trans* mutil batentzat zailagoa izango da test bat gainditzea baldin eta futbola gustuko ez badu; eta emakume trans batek agian zailtasunak izango ditu lesbiana bada edo gona janztea gustuko ez badu.Osasunaren Munduko Erakundeak bere gaixotasunen eskuliburuaren edizio berria argitaratu du, eta transexualitatea arazoen kapitulutik atera eta orain “sexu-osasunaren inguruko baldintzak” izeneko epigrafe batean dago.Ekintza txiki horrek gauza asko aldatzen ditu; baina, jakina, ez du dena aldatzen.

Normalean, artikuluak istorio txiki batekin hasten edo amaitzen ditut, transmititu nahi dudan adibide izan daitekeen historia batekin. Behin, igogailu batean egoera desatsegin bat izan nuen emakumeok espazio publikoan askatasunarekin bizitzeko dugun beldurraren gainean hitz egitean; beste behin, “bollera” deitu zidaten eguneroko LGTBfobia salatzen jarraitzeagatik. Gaur, osasunaz eta trans* pertsonez idazten ari naizenez, beste lagun batzuek bizitako uneak etorri zaizkit burura, paradigmatikoak direnak: M.-rekin endokrino pribatuaren kontsultan egindako itxaronaldiak, bere etxetik 79 km-ra, inork ez ziolako azaltzen hormonek zer nolako ondorioak sor zitzaketen bere osasunean; edo V., testosterona etxean injektatu behar zuenak; biak kexatzen ziren ez zutelako aurkitzen osasun-sistema bat ikuspegi integrala zuena eta beren gorputzak patologizatuko ez zituena. V.-k ginekologoari egindako bisitak, zeinak behiek trenari begiratzen dioten moduan begiratzen baitzion, motxindun eta bizardun pertsona baten aurrean harriturik baitzegoen; N.-ren dilatatzaileak, zeinarekin egunero barrendu behar izan baitzuen bere burua hilabete askotan ondoren barrendua izan ahal izateko –hori baldintza sozial nahitaezkoa da norbait emakumetzat hartzeko–; hori guztia beren Giza Eskubideen urraketa nabarmena da.Europa mailan egindako inkesten arabera, trans* pertsonek LGTB kolektiboko osasun mailarik urriena dute, transfobiaren ondorioz –horretarako ez da inkestarik behar–. 2010ean, hainbat kolektibok ‘Praktika onen gida, trans* pertsonei osasun-sistema nazionalaren esparruan osasun-arreta emateko’ gida (gaztelaniaz, ‘Guía de buenas prácticas para la atención sanitaria a personas trans* en el marco del sistema nacional de salud’) idatzi zuten, non osasun-sistemaren gabeziak jaso ziren, eta non, gainera, hainbat proposamen zehatz ezarri baitzituen osasunarekin lotutako eremu guztietan haiei eman beharreko arreta hobetzeko.Bizitza errealeko testa edozer Estaturi egingo bagenio, ongi etorria eman beharko genieke anarkia askori.

 

Andrea Momoitio

Artikulu hau Pikara Magazinek egin du, Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatu duen hezkuntza, osasuna eta komunikabideen sektorearen indarkeria sinbolikoa kudeatzeko proiektuaren baitan.

Itzuli