Dani Soler emaginak uste du gauzak arras diferenteak liratekeela gizonek balute bizitza sortzeko gaitasuna, haurdun dauden pertsonenganako hurbilketa eta tratua hobeak liratekeela. Hala azaldu zuen El cóctel del parto: Factores que lo hacen vulnerable a la violencia obstétrica hitzaldian. Aurkezpen hori, Esku Hutsik elkarteak Emakunderen laguntzaz Portugaleten antolatutako amatasunaren, indarkeria obstetrikoaren, dolu perinatalaren eta osasun mentalaren inguruko IV. Kongresuan egin zuen.
medicusmundi Bizkaia bertan izan zen, eta Ricardo Fernandez koordinatzaileak “La Violencia Obstétrica un problema de la Salud Pública. El caso de Guatemala” hitzaldia eskaini zuen. Hitzartzea osorik ikus daiteke, kongresuko gainerakoak bezala. Besteak beste, Ane Lekandaren lekukotza, Urdulizko Ospitalean indarkeria obstetrikoa nola jasan kontatu zigun, eta “A mi también me ha pasado” egitasmoa jarri du martxan; Francisca Fernández Guillén abokatuaren hitzaldia, aditua da erditzean gertatzen diren zabarkeria medikoetan, eta Human Rights in Chidbirth erakundeak Jaiotzean Giza Eskubideak defendatzeagatik saritu du; Afaf Malainin, saharar jatorrikoa, emagina da Basurtuko ospitalean, masterra Osasun Zuzendaritza eta Kudeaketan, eta “Xenofobia, racismo y violencia obstétrica en nuestros paritorios ¿Cómo evitarlos?” hitzaldia eskaini zuen; Aidée Baranda soziologoak “Desigualdades sociales en el acceso a la Interrupción Voluntaria del Embarazo en España” gaia aurkeztu zuen; eta Blai Hamann, emagina eta trans pertsona, sexu eta genero aniztasunaz eta osasunaz aritu zen (“Salud LGTBIQ+, una mirada urgente a la diversidad“).
Askorentzat ikusezina edo ezezaguna izanagatik, indarkeria obstetrikoa indarkeria matxista da, emakumeen aurkakoa, sistematikoa. Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legeak ere indarkeria obstetrikoa emakumeen kontrako indarkeria matxista gisa aitortzen du. Aitortza horretaz harago, erresistentziak eta oztopoak ugari dira indarkeria obstetrikoaren aurkako borrokan. Latinoamerikan ere, lege eta protokolo interesgarri ugari dago, baina gero hauek betearazteko, garatzeko eta jarraipena egiteko tresna, mekanismo, finantzaketa eta borondatea falta izaten dira.
Horregatik, lanean ari gara hemen eta Guatemalan emakumeen eskubideak urra ez daitezen, erditze duin eta osasuntsuen alde. Halako kongresuak baliagarriak dira arazoa ikusarazi, borroka honetan aliantzak sortu eta hobekuntzak sustatzeko. Baliagarria izan da, halaber, berriki Guatemalako eta Mexikoko emaginek egin duten esperientzia trukea ere: ASECSA eta Nim Alaxikeko comadrona eta kideak Mexikon izan dira Camati Mujeres Construyendo Desde Abajo elkarteko parterekin. Osasun erakundeetan eta handik kanpo egiten duten lana aitortzea, dituzten trabak gainditzea, hartatzen dituzten emakumeen eskubideak babestea eta arreta kulturalki egokia eskaintzea ez dira erronka makalak.
Katalunian, erantzun instituzionala
Bitartean, 2022tik Kataluniako Osasun Sistema Publikoak (SISCAT) indarkeria obstetrikoari lotutako 300 kexa jaso dituela jakin dugu. Kataluniako osasun-sistema publikoa 2022an hasi zen zentro publikoetan indarkeria obstetrikoak eragindako erreklamazioak jasotzen eta, gainera, Kataluniak indarkeria obstetrikoari aurre egiteko plan bat du (2023-2028) martxan. Aurrez, emakumeek indarkeria matxista desagerrarazteko duten eskubideari buruzko 2020ko Kataluniako Legeak indarkeria obstetrikoa eta sexu- eta ugalketa-eskubideen urraketa aitortu zituen. Eta Kataluniako Emaginen Elkarteak (ACL) eta Societat Catalana d ‘Obstetrícia i Ginecologia (SCOG) elkarteak, Kataluniako Medikuen Elkargoen Kontseiluarekin (CCMC) batera, komunikatu bat igorri zuten 2021ean, indarkeria obstetrikoa terminoa arbuiatzen zuten Espainiako homologoengandik aldenduz. Indarkeria obstetrikoa arazo estruktural eta konplexua da, eta aurrekontuez, instalazio desegokiez edo plantilla eskasez hitz egitea ere badakar, baina Katalunian instituzionalki arazoari heldu zaio. Beste toki askotan, kontzeptua ez da onartzen eta ez zaio arazoari heltzen. Beraz, badago zer egin.














