Irailean, Ruandako Kamonyi barrutiko 50 familiari larrialdiko ekintzak hasi zaizkie; izan ere, joan den abenduan eta maiatzean euri-jasak izan ziren eta, ondorioz, egoera ahulago batean aurkitzen dira.
Arabako Larrialdietarako Funtsaren laguntzari esker, eta tokiko elkarteen laguntzarekin (Arde KUBAHO eta UGAMA), medicusmundi Bizkaiak eta medicusmundi Arbak datozen 6 hilabeteetarako aurreikusitako ekintzak abiarazi ahal izan ditugu azken egunotan, Kamonyi barrutiko 6 sektoretako 250 pertsonari zuzenduta (Karama, Kayenzi, Ngamba, Runda, Rugalika eta Gacba).
– Osasun-baldintzak hobetzen lagunduko duten koltxoiak, mantak eta esterillak ematea.
– Teilatu-xaflak eta iltzeak hornitzea, familiak aire zabaletik babesteko.
– Uraren kontserbazioa eta biltegiratzea errazten duten deposituak hornitzea.
– Ura edangarri bihurtzeko eguzki-iragazkiak hornitzea, urak kutsatutako gaixotasunak prebenitzenlaguntzeko. Gainera, eguzki-iragazkien erabileraren, garbiketaren eta mantentze-lanen erakustaldi praktikoa egingo da.
Zoritxarrez, pandemiak eta COVID-19ren transmisioa prebenitzeko neurriak betetzeko derrigortasunak ekintzen garapena atzeratzea ekarri dute.
Euri-jasak
Urtero, Ruandako eurite-urtaroak gizakien, zaurituen eta egoera ahulean dauden familien heriotza eragiten du. Oraingo honetan, uholde-euriteek eta COVID-19 pandemiaren ondorio sozioekonomikoek pertsona ahulenen eta haien familien bizi-baldintzak okertzea eragin dute.
Hondamendien Kudeaketarako Ministerioak (MINEMA) eta Ruandako Gurutze Gorriaren Elkarteak (RRCS) United Nations Office for the Coordination of Humanitarian Affairs (OCHA) erakundearen bidez argitaratutako informazioen arabera, 2019ko abenduaren 6an eta 7an izandako euriteek 5.360 pertsona kaltetu, 16 hildako eta 33 zauritu eragin zituzten herrialde osoan. Kalte materialei dagokienez, ibaietatik gertu 1.016 hektarea labore kaltetu ziren, eta horrez gain, zubiak eta ura edateko iturriak ere suntsitu ziren.
2020ko urtarrilaren 24an, urtaro euritsuaren ondorioz 1.009 familia arriskuan zeuden. Etxeak edo horien zati bat galdu ondoren, aire zabalean egoten dira edo inguruko etxeetan bizi dira, edateko urik, higienerik edo saneamendurik gabe.
Maiatzaren 13an, komunikabideek jakinarazi zuten 72 hildako, 91 etxebizitza baino gehiago suntsituta, 5 zubi kaltetuta eta kalte larriak izan zirela hainbat errepidetan (bereziki, Kigali hiriburua eta landa-eremuak lotzen dituzten errepideetan), Kamonyi barrutiarekiko konexioak barne.