Kongoko Errepublika Demokratikoa, eta bere baitan kooperazio proiektu ezberdinek burutzen duten lanaren inguruan asko daki Pablo Cabrerok. Oso gazte hasi zen kooperante lanetan, eta zenbait herrialdetan ibili eta gero, Yakarta (Indonesia) utzi zuen abentura berri eta erakargarrian parte hartzeko: medicusmundi Bizkaiaren koordinatzaile bihurtu zen Behe Kongoko barrutian. Esperientzia horri buruzko zenbait zertzelada sakon uzten dizkigu elkarrizketa honetan, eta baita gaur egunean kooperazioak Kongon, eta oro har, mundu osoan bizi duen egoeraren inguruko zenbait analisi aberats.
Galdera: Nola heldu zinen medicusmundi bizkaiarekin lan egitera? Nola hasi zinen harremanetan erakundearekin?
Pablo Cabrero: Internet bidez medicusmundi bizkaiaren eskaintza ikusi nuen, eta erakargarria iruditu zitzaidan, bai herrialdeagatik, Kongoko Errepublika Demokratikoagatik, zein proiektu beragatik, oso interesgarri iruditu baizitzaidan planteamendu bere osotasunean. Skype bidez lan elkarrizketa egin eta nirekin kontatzea erabaki zuten. Eta lehen harremanak ezinhobeak izan ziren, asko erraztu zuten nire egokitzapena. Zenbait egun eman nituen Bilbon aurreko koordinatzailearekin, Amaiarekin, eta herrialdearen eta honen soziologia eta gorabehera ezberdinen inguruko argibide guztiak eman zizkidan.
G: Nolakoa izan zen Kongora egindako lehen bidaia? Beldurra sentitu zenuen erronka berrien aurrean, ezagutza ezak sortzen duen ezinegona, agian?
P. C: Beldurra baino gehiago, nik arduraz hitz egingo nuke, ardurak sortzen duen pisua da nik sentitu nuena. Egia esanda, errespetu handia ematen zidan karguak bere gain zituen ardura berriak, egin beharreko lan eskarga, dana kontrolpean izatea ahalmena izango nuen. Zorionez, Kongon sekulako lantaldea aurkitu nuen, betiere laguntzeko eta nire lana errazteko ahaleginak eginez. Zentzu horretan, maitasun bereziz gogoratzen dut Ainize, nirekin bizi zen neska Donostiar bat. Lagun handiak egin ginen bertan eman genuen denboran zehar, eta egia esanda, horrek asko erraztu zuen egin beharreko guztiak.
Bidaiari berari so eginez, Kongorentzat oso urte latzak zirela gogoratzen dut. Politika mailan ematen zen ezegonkortasunaz gain, herrialdean nahiko ohiko dana, mundu mailan emandako krisi ekonomikoa gehitu zitzaion. Hori alde batetik. Bestetik, azpimarragarria da hango zenbait indar polizialek erabiltzen duten bortizkeria maila. Faktore hauek gure bidaiaren tentsioa areagotzen zuten, baina kontestuan balorazioa positiboa da oso.
G: Kongoko Errepublika Demokratikoan koordinatzaile bezala zure lanaren zer balorazio egiten duzu? Ze proiektu eraman ziren aurrera garai horietan?
P. C: 2010eko martxotik 2011ko martxora egon nintzen koordinazio lanak egiten, urtebete, eta gure indarrak hiru proiektu nagusietara bideratu genituen. Lehenbizikoa, FOCADen esku, Kinshasako zeinbait barrutien higiene eta saneamendu estrukturen hobetzean oinarritzen zen. Bigarrena, arazo mentalak zituzten pertsonen komunitate batekin elkarlanean aritzea, eta azkena, bertoko GKE batekin batera, HIESa zuten pertsona gaixoei asistentzia ematea.
Helburuei buruz? Nik uste orokorrean pozik egon gaitezkela gaitezkela, helburu gehienak bete zirelako. Ez horrenbeste bukatutako obrengatik, baizik eraikuntza bide horretan bertokoen, biztanleen inplikazioa ortu genuelako, eta hori da, azken finean, kooperazioaren azken helburua. Hori begirada batekin ikusgarriak diren helburuei dagokionez. Bestelako prozesuetan, hala nola emakumeen ahalduntzean edota zenbait ohituren aldaketan ere aurrerapausoak ikusi genituen, nahiz eta, esan bezala, arlo hauetan garapena motelagoa izan, faktore mordoa aldarazi behar direlako.
G: Metodologiari dagokionez, zenbait aldaketa eman dira azkenaldian. Bertoko koordinatzailea hartu du ardura nagusia, orain arte lan horiek betetzen zituen atzerriratutako pertsonaren tokia hartuta. Nolakoa izan da transizio hori eta zelako emaitzak ari dira lortzen?
P.C: Bai, aldaketak eman dira, baina ni transizio bakarraz baino, bitaz hitz egingo nuke. Lehenbizikoa atzerriratutakoen artean gertatu zen, burutzen genuen lanetan zenbait hutsune identifikatu eta hauek kooperazio proiektuan sartu behar genituela ikustean eman zen. Gai berri hauen artean Kongoko emakumeen ugalketa eta sexu eskubideak bermatzea zegoen, eta baita kooperazio lanak hiriburutik, Kinshasatik, landa gunera eramatea, eragina eta onurak benetan behar ziren tokietara eraman behar zirelako. Bigarren transizioa zuk aipatutakoa da. Koordinatzaile lanetan emandako etengabeko erreleboak Kongoko biztanleen artean nolabaiteko ezengorkotasuna sorrarazten zuela ikusita, erabaki ausart eta berritzailea hartzen da: koordinazioa pertsona natibo baten esku uztea, proiektuan bertan gurekin elkarlanean zegoen emakume baten esku, hain zuzen.
Emaitzei buruz, esan behar dut erakundeak bere lana garatzen duen barrutia bisitatzeko aukera izan dudala, kasu honetan begirale soil moduan, eta poztasunez egiaztatu dut proiektua sendotasunez egiten duela aurrera. Egia da, era berean, oraindik zenbait xehetasun eta dinamika biribildu behar direla, eta erabakia ezuste itzela suposatu duela Kongotarren kultura matxista eta patriarkalarentzat, baina harro esan genezake bete-betean asmatu dugula hartutako erabakiarekin.
G: Higiene edo Osasun publikoari dagokionez, nola definitu genezake Kongoren egoera gaur egun?
P. C: Egoera zaila bizi du Kongok zentzu horretan. Kontuan hartu behar da, gure burua nolabait kokatzeko, hiriburutik, Kinshasatik, kostaldera, portura, errepide bakarra dagoela, eta honen bazterretan kokatzen direla hirigune eta herrixka gehienak. Hortik kanpo ezer gutxi dago osasungintzari edo higieneari mantentzeko medioei dagokionez. Ideia bat egiteko, Osasun zentro gehienak belgiar kolonizazioaren garaikoak dira, ez dute argindarrik, ura eguneko zenbait ordutan soilik eskuratu dezakete…Medioak urriak dira, hutsune asko daude, bereziki landa eremuan. Urritasuna da egoera hobeto deskribatzen duen hitza.
G: Emakumeen egoerari dagokionez, zer nolako ikuspegia daukate Kongoko ED-ko biztanleek ugalketa eta sexu eskubideei buruz?
P.C: Emakumeen egoera Kongon Afrikako beste herrialdeetan bezain latza eta gogorra da, hau da, etxeko ardura guztiak hartzen dituzte bere gain: seme-alabak zaindu, uzta bildu, garbiketa osoa egin, etxeko ordena mantendu…Gizarte guztiz patriarkalaz ari gara hitz egiten. Emakumeak guztiz zapalduak daude. Faktore hauei familiek duten jaiotze-tasa izugarria gehitu behar zaio. Familia bakoitzak 7-8 seme-alaba izaten ditu, eta horrek emakumeek berez pairatu behar duten egoera lazgarria areagotu egiten du.
Hori arlo familiarrari eta egunerokotasunari dagokionez. Bestelako faktore bat ere azpimarragarria da emakumeen zapalkuntza honetan: bortizkeria sexualak duen zigorgabetasuna edo inpunitatea. Tratu txarrak familia gehienetan ematen dira, baina isilune kolektiboa dago gai horren inguruan, eta horrek arazoa ikusezin egiten du, garrantzia kenduz eta arazoa errotik mozteko zailtasun itzelak sorraraziz. Bortizkeria sexual honen kontra zenbait lege aurrera atera dira, baina praktikara eramatea ia ezinezkoa da, beste arlo askotan bezalaxe, normatiba hauek era egokian aplikatzeko errekurtsoak faltan daudelako.
G: Kooperazioari dagokionez, zeintzuk dira hurrengo urte hauetan honek Kongoko ED-an dituen erronka nagusiak?
P.C: Kongoko ED-ak etorkizunean dituen erronka gehienak orain arte izandako berdinak dira. Hau da, Europarekiko eta Mendebaldearekiko dependentziarekin apurtzen duen kooperazio parekidea eta horizontala bultzatzea, paternalismotik aldentzen dena eta Kongoko biztanleak ahaldunduko dituena, euren dinamiketan inplikatuz eta euren buruen jabe egingo dituena. Garapena haiena dela, eta hortaz, haiek bultzatu behar dutela sentitu behar dute, subirautza lortuz eta antolakuntza eta elkarlana sustatuz. Nola egin? Bide bakarra GKE eta eragile ezberdinen arteko lankidetzea indartzea da, baina, esan bezala, asistentzialismotik aldenduz.
G: Begirada zabalduz, zein izan da kooperazioaren garapena azken urteetan? Zertan aldatu da garapenerako kooperazioa?
P. C: Garapenerako kooperazioa izugarrizko profesionalizazioa prozesua jaso du azken urte hauetan. Gaur egun erabiltzen diren fondoekiko kontrola asko zorroztu da, faktore gehiago sartzen dira jokoan…Hau berez positiboa da, iturri publikoak direlako eta kontrola egon behar duelako, baina bestalde, gure lana konplexuago eta burokratikoago egin du, egiten ditugun gastu guztiak justifikatu eta ikuskatu behar ditugulako. Gardentasun hori, esan bezala, beharrezkoa da, baina onartu behar da gure lanari malgutasuna eta dinamismoa kendu diola.
Beste alde batetik, eta nik uste era egokian, kooperazioak eboluzio garrantzitsua jaso du. Paternalismo erlijiosotik lankidetza paralelorantz mugitu da, gizarte natiboaren ahalduntzerantz. Zentzu horretan, bide egokian gaudela uste dut.