Ezagutu itzazu Riki Minguez Giabiñaren, medicusmundi Bizkaiko Afrikako batzordekidea, eskutik Ruandan burutzen hari ditugun proiektuak
Pasa den abuztuaren 22an Ruandara abiatu nintzen eta bi asteko bidaian medicusmundi Bizkaiak azken urtetan burutu dituen proiektuak ikusteko aukera izan nuen.
Bidaia zirraragarria izan zen, Ruandako jendeak eta paisaiak bereziak dira, eta bertako mendien artean harrera oso hunkigarriak egiten gintuzten. Ruandan 50 urte baino gehiago daramagu lankidetza proiektuak egiten, 1994ko genozidioa oso gertutik bizi izan genuen eta konprometituta sentitzen gara bertako gizartearekin.
Ruandan bizi den kooperanteari bere jarrera hurbila eta dinamikoa bereziki eskertu nahi diot. Ana Martin Aransayk bisitaz eta bileraz betetako agenda antolatu zuen eta horri ezker proiektuen eta Ruandako gizartearen errealitatea ondo ezagutu ahal nuen.
Bidaian gaur egun lan egiten ditugun hiru Gobernuz Kanpoko Erakundeen zuzendaritza batzordeekin ere elkartu ginen, Arde Kubaho, Coforwa eta Ugama elkarteen presidenteekin zein zuzendariekin. Hiru erakundeetan azpimarratzen ziguten proiektuen ekintzak bertako beharrak asetzeko balio behar dutela eta ezin direla egon herrialde aberatsen lehentasunen menpe. Proiektuak integralak izan behar direla eta burokraziak ezin diola kendu hainbeste denbora eguneroko lanari, ere.
Eta Kivu lakuaren aldean proiektu berria zabaldu dugunez SPR (Synergie des Femmes pour la Paix et la Réconciliation des Peuples des Grands Lacs d’Afrique) erakundearekin ere batzartu ginen Kongoko Errepublikako muga aldean, Gisenyi herrian hain zuzen ere.
Bertara joan naizen bigarren aldia da, lehenengoa 2004. urtean izan zen eta zorionez Ruandako emakumeek zein gizonek asko aurreratu dute, euren ekonomia garatu da eta azpiegitura asko egin dira. Gure gizartearekin konparatuta gabeziak oso nabarmenak izan arren oraingo eta lehenengo beharrak oso ezberdinak dira. Lehen nutrizio eta lehen mailako arreta proiektuak oso garrantzitsuak ziren eta emakumeen ahalduntze proiektuekin hasi ginen. Gaur egun ugaltze eta sexu eskubideak askoz gehiago lantzen dira eta zeharkako lan-ildo asko bultzatzen dira.
Aipatzekoa da, Ruandan, halabeharrez ekonomia zirkularrean bizi direla. Dena konpontzen da, dena berreskuratzen da, dena berrerabiltzen da. Ekonomia eta ingurumenaren aldetik oso herrialde jasangarria da. Hala ere, injustizia klimatikoaren adibidea da: estatu aberatsengatik gertatzen ari den aldaketa klimatikoa Ruandan pairatzen dute. Ekuatorean egonda lehorteak eta euri-jasak gero eta ugariagoak dira eta azken urteotan behin baino gehiagotan bidali behar izan dugu laguntza humanitarioa.
Gure Ruandako bazkideek oso jarrera baikorra eta dinamikoa daukate, gogotsu lan egiten dute eta etorkizunerako proiektu eta behar asko detektatuta daukate lan egiteko. Bisitatutako kooperatibetan euren ezker ona eta elkarrekin lan egiten jarraitzeko konpromezua adierazten ziguten.
Nire aldetik bidaia oso motibagarria izan da. Bizkaiatik proiektuak ekintzak eta zenbakiak bezala ikusten dira baina Ruandara bertaratuta proiektuetan pertsonak daudela ikusten da, gure moduko sentimenduak, gogoak, beharrak eta zailtasun ekonomikoak dituzten pertsonak direla. Egindako proiektuak ikusgarriak dira, martxan daudenak bide onetik doaz eta eskatutako finantzazioa oso beharrezkoa.
Denetariko proiektuak daude eta ondorengo lan-ildoak nabarmentzen dira:
- Oinarrizko osasun-arreta
- Sustapen sozioekonomikoa
- Komunitate-integrazioa
- Ekintza humanitarioa
- Neska gazteen hezkuntza
- Emakumeen ahalduntzea
- Maskulinitate berriak
Oso gustura ibili naiz, bertako instituzioekin eta erakundeekin harremanak sendotu ditugu eta etorkizun hurbilean lankidetzako proiektu apartak egingo ditugula konfiantza handia dut.
Bihotz bihotzez medicusmundi Bizkaia elkarteari eskerrak eman nahi dizkiot bizi izandako esperientziagatik.