Gaur, maitzak 26 Afrikako eguna da, eta horregatik medicusmundi bizkaian Sexu eta Ugalketa Eskubidearekin, genero biolentziako biktimei laguntzarekin eta osasunera sarbidearen inguruan, Kongoko Errepublika Demokratikoan garatzen ditugun zenbait proiekturen emaitzak aurkeztu nahi ditugu

Genero biolentziaren aurkako sentsibilizazio saio bat
Alde batetik, generoan oinarritutako sexu biolentziaren biktimei arreta emateko plan bat eta sendagaien kudeaketa egokirako plan bat burutu dugu, Kinshsasako Ngaba osasun esparruan. Bestalde, Sexu eta Ugalketa Eskubideak bultzatu eta babesteko proiektu bat garatu dugu, Kasangulu lurraldean, Erdialdeko Kongo probintzian.
Osasun zentroetara joaten diren sexu biolentziaren biktimek kasu askotan ez dute arreta mediku egokia jasotzen, eta kasurik okerrenetan ez dute inolako arreta jasotzen. Gainera, hiesa edo sexu harremanen bidez igortzen diren beste gaixotasun batzuk saihesteko hartu behar dituzten sendagaiek ez dute behar adina berme, prozesuetan eta hornikuntzan dauden kudeaketa eskasaren ondorioz.
Proiektu honen bitartez, Ngabako osasun zentroaren administrazio bulegoko instalazioak hobetu ditugu. Gainera, bertako langileen sendagaiak kudeatzeko gaitasunak indartu ditugu, eta sexu biolentziaren biktimei arreta egokia emateko, beraien intimitatea eta duintasuna babesteko tresneria eta akonpainamendua ere eman diegu.
Honekin batera, komunitateetan genero biolentziaren aurka borrokatzeko, boluntarioek 565 saio egin dituzte; sexu biolentzia, sexu harremanez igorritako gaixotasunak edo kondoiaren erabilera bezalako gaiak jorratuz.

Genero biolentziaren biktimak beraien diru-iturriak sortzeko trebakuntzak ere egin ditugu
Erdialdeko Kongoko probintzian, Kasangulu lurraldean, sozietate zibila mobilizatzeko proiektuak burutu ditugu, Masa komunitate eta agintarien artean, genero biolentziaren aurkako estrategia bat martxan jartzeko. Prozesu hau irrati saioak edo gizartea mobilizatzeko sesioen bitartez gauzatu da. Ekimen honen bitartez, genero biolentziaren 18 biktima trebatu ahal izan ditugu, diru-iturriak diren jarduerak hasi eta kudeatu ditzaten.
medicusmundi bizkaian pertsona guztien osasun eskubidea bermatzeko egiten dugu lan, batez ere biztanleriaren esparru ahulenetan. Horregatik, 50 urte igaro eta gero, Afrikarekin daukagun konpromisoa mantentzen dugu, giza eskubideak eta osasunaren indartzea dakarten proiektuak jorratzen jarraitzen dugu