Martxoaren 10an, XIV. Lilakrosa izango da, Berdintasunaren aldeko lasterketa, Durangoko Emakumeen Nazioarteko Eguna Programaren barne. Aurten, kamiseten salmentarekin lortutako dirua Guatemalara zuzenduko da, indarkeria matxistak jasan dituzten emakumeei, hain zuzen ere. Egin korrika gurekin!!!
Martxoaren 1etik 14ra hamaika ekintza izango dira Durangon, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta. Hauen artean, “Azala erre” liburuari buruzko solasaldia, Andraguneko Euskarazko Irakurketa Feminista Taldearen eskutik; prostituzioari buruzko berbaldia Andereak Elkartea antolatuta; abesti feministen lehiaketaren kontzertua; “Emakumeak eta kirola” mahai-ingurua Mendibeltz Kirol Taldearen eskutik edo Martxoak 8ko Manifestazioa, besteak beste.
Aurtengo progamak XIV. Lilakrosa Berdintasunaren aldeko lasterketa barne hartzen du. Edizio honetan kamiseten salmentarekin lortzen den dirua Guatemalara bidaliko da. La Alianza elkarteak indarkeria matxistak jasan dituzten emakumeei laguntza eskaintzeko garatzen duen proiektuarako, hain zuzen ere. Proiektu honek medicusmundi bizkaiaren eta Durangoko Udalaren babesa du.
Kamisetak egunean bertan eskuratu ahalko dira (euro bat gutxienez emanda), baita aurretik Andragunen, HAZen eta Landako kiroldegian ere.
Lasterketa 12.00etan hasiko da Ezkurdi plazan eta 26 elkarte inguruk lekukoa elkarri pasako diete 3 kilometroetan zehar. medicusmundi bizkaia bertan egongo gara ekintza guztietan parte hartzen.
Elastikoak jantzi eta egin korrika gurekin!!!