Generoan Oinarritutako Biolentzia Sexualaren aurkako borroka KEDan eta Euskadin

Generoan Oinarritutako Biolentzia Sexualaren aurkako borroka KEDan eta Euskadin Image

Basaurikoa bezalako udaletxeei, eta beste erakunde kolaboratzaileei esker, medicusmundi biziakaiak Generoan Oinarritutako Biolentzia Sexualaren (GOBS) eta emakume zein nesken aurkako diskriminazioaren aurka komunitateak eta aginte politiko-administratiboak mugiarazteko lanean jarraitzen du, bai Hegoaldean eta baita Iparraldean ere.

Erdialdeko Kongo da biolentzia sexual indizerik altuena duen zonaldea Kongoko Errepublika Demokratikoan; azken 20 urteetako borroka armatu etengabearen ondorioz 6 milioi pertsona baino gehiago izan dira erailak, eta giza eskubideak behin eta berriro izan dira urratuak. Testuinguru honetan, bortxaketa momentu oro erabili da biztanleria zibila ikaratzeko. Baina emakumeen aurkako biolentzia eta diskriminazioa herrialdearen errealitate sozial da, borroka armatuz haratago doana. 

medicusmundi bizkaiak 2004tik dihardu herrialde afrikarrean lanean, tankera ezberdinetako proiektuak garatzen: alfabetizazio funtzionala, pobreziaren aurka borroka diru-sartzea eragiten dituzten ekintzak bultzatuz eta malnutrizioarekin bukatzeko ospitale zein komunitateetan ura, saneamendu eta higiene egoerak hobetzeko ekintzak burutzen.
2011an Sexu eta Ugalketa Eskubideen inguruan hasi zen lanean, Kongo Zentraleko gune landatarretako emakumeekin batera, batez ere Kasangulu eta Madimba eskualdeetan; Masa eta Sona Bata osasun zonaldeetan.

medicusmundi bizkaiaren esku-hartzea esparru honetan, dagoeneko herrialdean existitzen den legedian oinarritzen da, genero auzietan zer esana duten aktoreak integratuz, eta lan-sareak eta komunitateen sentsibilizazioan oinarrituz. Horretarako, burututako proiektu ezberdinen helburu komuna GOBSren aurka komunitateak eta aginte politiko-administratiboak mobilizatzea izan da.

Garatutako proiektuek Osasun Sistema Publikoa indartzea dute helburu, horrela sexu biktimei arreta egokia emango zaiela bermatzeko, eta zonaldeko emakumeei Sexu eta Ugalketa Osasunean barneratzeko. Proiektuetan, biktimek familia eta komunitateen aldetik sufritzen duten estigmatizazioaren aurka ere lan egiten da, halaber beraien birgizarteratze sozio-ekonomikoa bezala.

Kontrol lurraldea
Emakumearen gorputza kontrol lurralde bat da; biolentzia guztiz naturalizaturik dago: adostutako ezkontzak, lagunarteko hitzarmena bortxaketa kasuetan, osasun arreta ukatzea…”, komentatzen zuen Marian Sanz, medicusmundi bizkaiako KEDan lankidetza arduraduna, azaroaren 22an Basauriko Marienea emakumeen etxean egin zen jardunaldi informatiboan.

Basaurikoa bezalako udaletxeei esker, medicusmundi bizkaiak Masa eta Sona Batako komunitateak eta aginte politiko-administratiboak mobilizatzea helburu duten prozesuei jarraipena eman ahal die.

Ekintza hau Jeunes Paysans en Action, biolentzia sexualetik bizirik atera diren emakumeek osatutako tokiko erakunde bazkidearekin batera burutzen da. Erakunde honek gainera salatuak ez diren edo salatuak diren baina erantzuna ez duten GOBS kasuak ere identifikatzen laguntzen du.

Emakumeek herrialdean sufritzen duten egora gogorra den arren, Sanzek egoera hau hobetzeko aurrerapausoak ematen ari direla kontatu zuen: “gutxika gutxika, estrategia ezberdinen bitartez, esparru legalak babesa ematen die biktimei, baina testuinguru kultural eta sozialak oztopo handia suposatzen du oraindik”.

Hemen ere
Herrialde afrikarrean emakumeen aurkako biolentzia nolakoa den kontatzeaz gain, topaketa honetan zehar, Ana Abasolo, Euskal Medikuntza Lege Institutuko auzitegietako medikuak ere parte hartu zuen, erakunde publikoek emakumeen kasuak identifikatueta tratatzeko jarraitzen dituzten prozedurak azalduz.

“Biolentzia fisikoa antzemateko errazena da, ikusi daitekeelako, baina arazoa forma ilunagoetan dago, askotan ez direlako lehen bistan ikusten, biolentzia ekonomikoa adibidez”, azaldu zuen Abasolok egiten dituzten ekintzei erreferentzia eginez.
Bere lanean osasun zerbitzuekin koordinatzea berebizikoa dela aitortu zuen, kasu bakoitzaren nondik norakoak aztertzeko, alkoholismo, droga edo antzeko arazoak existitzen diren jakiteko adibidez.“Nire arrisku balorazioetan datu klinikoekin egiten dugu lan, biktima eta erasotzaileen historia klinikoetara sartuz”.

Bestalde, Abasolok biolentzia honek haurrengan duen eragina ere azpimarratu zuen, biolentzia hau zuzenean beti jasan ez arren, seme-alabengan eragin zuzena duela frogatuta dagoela adieraziz. Tratu txar emaile gehienek beraien inguruan biolentzia bizi izan dutela ziurtarazi zuen.

Azaroaren 22an egin zen hitzaldiarekin batera, Marienea Basauriko emakumeen etxean emakumeen aurkako indarkeria ardatz zuten Txelu Angoitiaren argazki erakusketa bat eta bi tailer antolatu zituen medicusmundi bizkaiak.

Tailerrei dagokienez, azaroaren 27an Mujeres en la Diversidad elkarteak Basauriko emakume etorkinenganako indarkeriari buruzko tailer bat eman zuen, eta 28an Skolastikako Josune Muñozek emakumeenganako indarkeria Europako eta Latinoamerikako komikietan ikustarazi zuen.

Itzuli