Ez ginekologiako langileak, ez protokoloak, ez daude oraindik prestatuta lesbianen praktika sexualen aniztasuna ulertzeko eta ginekologiako kontsulta beharrean diren emakumezko eta gizonezko transen eskariei erantzuteko.
ANDREA MOMOITIO
Generoaren sozializazioa ez da bakarrik zer eratan hezten gaituzten, gehiago da zer eratan programatzen gaituzten. Gauza bat da zure kreaturei esatea heziera onekoa dela eskerrak ematea eta bestea, oso ezberdina, bere ADNan ezartzea zer esan nahi duen emakume izateak, zer esan nahi duen gizon izateak, zer harreman izan behar den gorputzekin, zer tasun gara ditzakeen eta zer ez, noiz eta nola gauzatu ditzakeen eskubide batzuk, nori begiratu behar dion, nor desiratu behar duen. Areago oraindik: genero sozializazioa ez da ADNan balio batzuk programatzea bakarrik, horien inposizioa ere bada familiaz haragoko arau eta sinesmen sistema baten bidez. Horregatik, horrexegatik da, hain zuzen, konplikatua arauetatik askatzea edo halako esparru zehatz batean beste programa bat jartzen saiatzea.
Eta zertara dator hau guztia artikuluaren izenburua ‘Lesbiana traumitak ginekologian’ baldin bada? Bada, emakume gehiengo handi batentzat, une zaila delako ginekologiako hitzordu batera joatea –emakume onek ez dizkiete edonori erakusten euren genitalak–, baina oraindik zailagoa delako lesbianentzat –ez garelako emakume onak–. Ángeles Gómez López kazetariak El País egunkarian idazten zuen “24 urtetik beherako emakumeetan soilik %54 joan izan dela ginekologoarengana, Estatistika Institutu Nazionalaren (EIN) datuen arabera”, eta askotan ezkutatu egiten dutela informazioa. Artikulu horren arabera, lotsa ematen digu haurdunaldiaz eta abortuez hitz egitea, azken hilekoen datak zehaztea, egiten ditugun praktika sexualak aletzea, lesbianak garela aitortzea, gure adin biologikoa esatea edo ordezko terapia hormonala jaso izan dugula azaltzea, gernu-ihesa dugula, sexu-desirarik ez dugula edo genitaletako kirurgia berreraikitzaileak egin ditugula aitortzea, alu aniztasunari buruzko informazio falta dela-eta.
Kontsultara joatean sortzen diren lotsak gorabehera, honexetan labur daitezke guztiak: igurikapen sozialak ez ditugula betetzen aitortzeko beldurra. Beste aldetik, ukaezina da ginekologoaren kontsultan askok bizi izan behar izan ditugun ikarazko esperientziek ere ez dutela laguntzen: gaixotasunak edo sintomak –endometriosia datorkit burura, esaterako– ez aitortzea edo sexu-transmisiozko infekzioak harrapatzean den estigma edo auzitan jartzea. Emilia Laura Ariasek Pikara Magazine aldizkarirako egindako “Estate tranquilita que ya bastante has hecho” [Egon zaitez lasai ño, nahikoa egin duzu eta] izeneko erreportajean, Mariak kontatzen zuen bere ginekologoak esan ziola “neskak, gaur egun, oso promiskuoak” zirela eta giza papilomaren birusaren (GPB) kontrako “erremedio bakarra bikotekide bat izan eta hari fidela izatea” omen zela. Anak kontatzen zuen bizipena ez da askoz hobea: “Kulerotan zaude, biluzik, zaurgarri, hankak zabalik eta informazioa eman behar dizun emakumea zu epaitzen dela”.
Zer gertatzen da lesbianekin?
Lesbianen kasuan, berriz, esperientziak ez dira hobeak. Hasi lesbianen arteko praktika sexualak, horixe, praktika sexualak direla auzitan jartzen dituzten ginekologoetatik, eta lesbofobia itzeleko bizipenetaraino. Hara zer zioen Sabina Urraca-k Vice aldizkarirako prestatutako artikulu batean: “emakume lesbiana askorentzat, edo beste emakume batzuekin harreman sexualak dituzten emakumeentzat, infernua dateke ginekologoaren kontsultatik igarotzea”.
Ez du ezer esajeratzen. Ezbairik gabe biolentoak diren esperientziez haraindi, arazo oso ohikoa da erantzunik ez izatea praktika lesbikoetatik eratorritako arriskuei buruzko galdera zehatzentzat, urriago oraindik prebentzioari buruzkoentzat. LGTBQI+ elkarte eta kolektiboak dira, hain zuzen ere, ildo horretan lan egiten eta ikertzen dutenak. Triangulo Fundazioaren Guía de salud sexual para mujeres que tienen sexo con mujeres delakoa [Osasun sexualeko gida emakumeekin sexua duten emakumeentzat] ondo dago hasteko. Bilatzen jarrita aurkitzen zailak diren aholku zuzen eta soilak, osasun-zentroetara iritsi ez direnak, nonbait. Sare Lesbianista kolektibo lesbofeministak ere gida bat argitaratu zuen lesbianentzako Giza Papilomaren Birusari buruz Mundo Ivaginariorekin elkarlanean. Eredu sexual heterosexista eta GPB era moralista eta alarmistan jorratzea salatzen zuten. Gure sexualitatea “plazerraren eta gure osasun-sexuala zaintzearen bidez” gozatzeko aukera aipatzen zuten. Eta aholku garrantzitsu bat ematen zuten: “GPBri buruzko gauzarik garrantzitsuena ez da ez kutsatzea, hori ia-ia ezinezkoa delako sexualki aktibo den pertsona batentzat, garrantzitsuena umetoki-lepoko minbizia prebenitzea da”. Aholku zehatzak emateaz gain –dildoa preserbatibo gisara erabiltzea, esaterako–, zitologiak protokoloari jarraituz egitera bultzatzen dute. Beste kontu bat da osasun publikoaren eta prebentziorako proben desegitea.
Emakumezko zis lesbianak –transak ez direnak– ez dira ginekologiara joatean zailtasunak dituzten bakarrak. Rosa Almirral ginekologoak emakumezko transen falta zegoela salatzen zuen mamografien programetan, “bularrak dituzten eta hormonak hartzen” dituztenena. Baginoplastia bat egina duten emakumezko transak, gainera, kontsultetara joan behar lirateke. Ildo berean, bagina duten gizonezko transek azterketa berberak egin behar lituzkete. “Kontu handi eta ezezagunetakoa” da ez dela “argibiderik ematen ugalketa eta kontrazepzio gaietan”. Gizonezko trans bat haurdun gera daiteke “testosterona dosi baxuetan”.
Mutiko transak ere ez dira iaioak ginekologoarengana joatean. Victor Viruta abeslari eta aktibistak Pikara Magazineko artikulu batean kontatzen zituen bere abentura eta zoritxarrak: ‘Adivina quién viene a consulta’ [Ezetz asma nor datorren kontsultara]. Hori bai, ez du zalantzarik: Nire adiskide transei gomendatzen diet bila ditzatela txeraz eta enpatiaz tratatuko dituzten eta bizipena ahalik eramangarrien egiten lagunduko dieten profesionalen gomendioak. Ez dadila aitzakiarik egon gure gorputzak ezagutzeko, barrutik eta kanpotik”. Eta zertara dator hau guztia artikuluaren izenburua ‘Lesbiana traumitak ginekologian’ baldin bada? Bada, emakumezko trans batzuk lesbianak direlako eta gizonezko trans batzuk, berriz, ez badute jaso sexu-berresleitzerik, sexu-harremanak dituztelako aluak dituzten beste pertsona batzuekin eta informazio berbera behar dutelako.
Victor Virutak erronka handia zedarritzen zuen: ez utzi gure osasuna eta sexualitatea zaintzeari eta, kontsultara sartzean zaila bada ere, euren galderei erantzun eta haien ezjakintasunaz kontziente izan, nahiz eta kontsultan rara avis bat zarela sentitu, nahiz eta itxaron gelako guztiek harridura aurpegiarekin begiratu. Izan ere, zenbaitzuk lortu dugu, askotan nahi gabe gainera, gure sisteman programa horietakoren bat desegitea, eta hori, lagunok, txepelak baino gehiago mintzen dituzte batzuk.