Bilboko Virginia Alonso de Linajek, 26 urteko geologoak, eta Ana Matienzok, 30 urteko kimika eta ingurumen ingeniariak, udan Puerto Cortesen (Honduras) ur hornidurarako eta saneamendurako proiektu batean parte hartu dute. medicusmundi bizkaiak eta hango Udalak gauzatu dute aipatutako proiektu hori. Eusko Jaurlaritzaren Euskadiko Gazteak Lankidetzan Programari esker, herrialdea ezagutzeko eta uraren kudeaketa hobetzen laguntzeko aukera izan zuten, baita ingurumena zaindu eta babesten laguntzeko ere.
Uztailean lehendabiziko aldiz Hondurasera joan zineten, zer moduz iritsi eta egokitu zineten herrialde horretara?
Hara joan baino lehen gauza gutxi genekizkien herrialdeari buruz, ia-ia ez zaigulako informaziorik heltzen. Hondurasek eta, orokorrean, Erdialdeko Amerikak, errespetu handia ematen dute, segurtasun ezagatik lotzen baititugu beti. Hortaz, lehendabizi, interneten bilatzen hasi ginen. Egokitutako proiektuarekin motibatuta geunden, bilatzen genuen jarduera motara eta gerora begira egin nahi dugun lanera egokitzen baitzen, izan ere, urarekin eta saneamenduarekin lotutako gaiak dira.
Iritsitakoan, klimara edo bizimodura egokitzea baino, zailagoa iruditu zitzaigun herri horretako lan-erritmora egokitzea. Hasieran edozer gauza egiteko prest geunden, baina iritsi berriak ginenez, itxaron behar genuen eta abian zegon lanera egokitu behar ginen.
Hiru hilabete horietan, batez ere Puerto Cortesen uraren eta saneamenduaren inguruko proiektua garatzen lagundu duzue. Ezagutu dituzuen komunitateetan, zer errealitate dute ura eta saneamendua dagokienez?
Batez ere hiru eremutan mugitu ginen. Cuyamelen bizi ginen. Hango komunitateak ura eta saneamendua du orain dela bi urtetik hona medicusmundi bizkaiaren proiektu bati esker. Bestalde, bulegoa Puerto Cortes hirian dago. Hantxe ur eta saneamendu zerbitzuak ere badituzte. Azkenik, El Pantano eremuan lan egin genuen. Eremu horretan, medicusmundi bizkaia eta udala gaur egun ur-hornidurarako eta komunak egiteko proiektu bat gauzatzen ari dira. Proiektu horiei esker, biztanleek badute ura eta saneamendua. Baina, gainera, eremu horretan beste familia batzuk ere finkatu dira eta etxeetan (egin berriak dira) oraindik ez dute urik, ezta komunik ere. Zenbait komunitatek kezkatuta daude, familia berri horiek agian ura kutsatuko baitute.
Ura edo saneamendua edukitzeko orduan, emakumeen eta gizonen arteko alderik edo desberdintasunik antzeman duzue?
Bai, adibidez, Morazán baserrian Teresa andreak kontatu zigun ura hornitzeko proiektua burutu baino lehen, berak eta alabek ur bila joan behar zutela goizeko hiruretan edo lauretan. Gainera, ibaitik gertuko komunitateetan, emakumeak gerriraino sartu behar zirela ura hartzeko esan ziguten. Ur hori txokolatearen kolorekoa zen eta gauza guztietarako erabiltzen zuten, edateko, janaria prestatzeko, garbitzeko… Gizonek lan egiteko ardura dute, eta emakumeek, berriz, etxea kudeatzen dute; hortaz, ura bilatu, janaria prestatu, garbiketa lanak burutu etab. egiten dituzte.
Zein egiteko zenituzten edo zer jardueratan lagundu duzue?
Hasiera batean, laborategian lagundu behar genuen ur kalitateko gaietan (Ana), eta kanpora irten behar ginen ingeniaritza taldearekin (Virginia). Baina herrialdera iritsi ginenean ikusi genuen bagenuela beste ekimen batzuetan ere laguntzeko denbora. Beraz, emakumeak, adingabeak, ur batzordeak gaitzen lagundu genuen eta txostenak ere egin genituen. Emakume talderekin lan egitea, entzutea, beraien ikuspuntuak ezagutzea oso aberasgarria, oso interesgarria izan da.
Nola bizi eta lan egin duzue bertako taldearekin?
Azaldu dugunez, Cuyamelen bizi ginen, eta Puerto Cortesera joaten ginen lan egitera, baina 40 kilometrotara dago Puerto Cortes. Batez ere, Udalarekin eta medicusmundi bizkaiko Ángel eta Evarekin lan egin dugu. Oso harreman ona izan dugu taldeko guztiekin, baina arratsaldeko lauretan, gure lanaldia amaitutakoan, haiek utzi behar genituen, segurtasunagatik gaua heldu baino lehen etxera joan behar ginelako.
Bizi eta ezagutu duzuenaren arabera, uste duzue medicusmundi bizkaiak Udalarekin batera egiten duen lanak eragin positiboa duela?
Bai, argi dago; izan ere, medicusmundi bizkaiak eta Udalak, beste zerbitzu batzuk eskuratzeko baliabiderik ez duten herritarrei ur-hornidura eta saneamendua emateko proiektua hasi baitute. Beraz, lan handia egiten ari dira. Gainera, komunitatea proiektu horren parte izaten hasi da; ez du kanpotik datorren diru moduan ikusten soilik, beraiek egiten baitute lana. Horrela bada, euren inplikazioa eta egindako lana ere baloratzen dute. Gizonek zein emakumeek hartzen dute parte.
Nola baloratzen duzue Hondurasen egon izana?
Ana: Oso esperientzia ona izan da, asko ikasi dut, batez ere garapenari laguntzeko gaiari buruz. Segurtasun eza izan da alderdi txar bakarra, eta zenbait kasutan horrek larritu gaitu.
Virginia: Neure buruarentzat oso emankorra izan da, beste lan-modu batzuk ezagutu ditugu, eta hemen agian garrantzitsutzat jotzen ez ditugun alderditan denbora eman dugu, adibidez, hitz egiten edo jendearen harreman zuzenagoa izaten. Gainera, neure gaitasun batzuk ezagutu ditut, orain arte ezagutzen ez nituen zenbait gaitasun, alegia; hala nola, pertsonekin zuzenean lan egitekoa.
Hondurasen izandako hiru hilabete hauetan, haiek ulertzen ikasi dugu. Adibidez, immigrazioa ulertzeko balio zaigu. Hondurasen oso ohikoa da Estatu Batuetara joatea, eta nola bizi diren ikusita, ondo uler daiteke zergatik joaten diren.