Munduko Medikuak, Prosalus eta medicusmundi GGKE-ek Euskadiko erakundeei eskatzen diete finantzaketa-lerroak atxiki eta indar ditzatela eta 2007an onarturiko EAEko Lankidetzari buruzko Legea bete dezatela.
Munduko Medikuak, Prosalus eta medicusmundi osasun-arloan espezializatutako GGKE-ek 2013ko “Osasuna garapenerako lankidetzan eta ekintza humanitarioan” txostena aurkeztu dute Gasteizen. Txosten horretan, Garapenerako Laguntza Ofiziala, GLO, hirugarren urtez jarraian jaitsi dela erakusten da. Espainiako gobernuari dagokionez, murrizketak ia % 47koak dira, 2011. urtekoaren aldean. Murrizketa hori neurriz gainekoa da, ministerioetako sail batzuetan eta besteetan batez beste egon den % 30arekin erkatuz gero. Horrela, 2012an gauzatu den GLO duela hamarkada bat baino gehiago zegoen mailara jaitsi da. Beherakada bereziki nabarmena da osasunean, hots, lehentasunezko sektore batean (% 60).
Zentralizaturik ez dagoen lankidetzaren datuak ere ez dira baikortasuna eragitekoak, aurrekontuen murrizketa, 2010koekin alderatuta, % 40,6 izan baita. Zenbait autonomia-erkidegotan lankidetzatik hondarrak baino ez dira geratu, eta azken urtetan Euskal Autonomia Erkidegoa izan da lankidetzarako funtsak handitu dituen bakarra. Hala ere, joera horrek buelta eman du, eta Eusko Jaurlaritzak 2014rako aurkeztutako aurrekontuen zirriborroan 35.126.630 euroko kontu-sail bat sartu da lankidetzarako, hau da aurrekontu guztitik % 0,34. 2008ko % 0,45a eta 2013ko % 0,35a baino ehuneko txikiagoa, alegia. Ehuneko horrek esan nahi du ez dela beteko, beste urte batez, EAEko 2007ko Lankidetzari buruzko Legea; izan ere, lege horretan xedaturik dago Eusko Jaurlaritzak, 2012an jada, aurrekontu guztitik % 0,7 bideratu behar zuela nazioarteko elkartasunera. Murrizketa onartzeak Eusko Jaurlaritzaren lankidetza-politikak 2006ko mailan jartzen ditu.
EAEko aldundietan ere gertatzen dira murrizketak, bereziki mingarriak izanik Bizkaikoak (2012. urteko 0,61etik 2014ko 0,27ra igarotzen da) eta Arabakoak, azken horretan ozta % 0,20ra iritsiko bailitzateke. Bestalde, Gipuzkoan, ehuneko 0,60tik ehuneko 0,52ra igaroko litzateke.
Udalei dagokienez, azpimarratu behar da haietako askok sinatu zituztela pobreziaren aurkako itunak –haien artean Gasteizkoak eta Donostiakoak–, aurrekontuetatik % 0’7 lankidetzara bideratzeko konpromisoa beren gain hartuta; Gipuzkoako hiriburuaren kasuan ez da ehuneko horretara iritsi, baina badago gobernu-taldearen konpromisoa inbertsioa bere horretan atxikitzeko ahalegina egingo dutela (iaz, aurrekontu guztiaren % 0,48).
Aitzitik, Vitoria-Gasteiz Udalean gertatzen den egoera bereziki asaldagarria da, hura izanik lankidetza-politiketan aitzindari ibilitako hiri bat. PPko gobernu-taldeak lankidetzarako 166.000 euro erabili asmo du, hau da, aurrekontu guztitik % 0,056. Udalerri horrek % 0,7 bideratzeko konpromisoa beteko balu, aurrekontuko saila 2.087.000 eurokoa litzateke.
Toki-erakundeak pasatzen ari diren egoera larriari Toki Administrazioa Arrazionalizatzeko eta Iraunkor egiteko Legeak ekar ditzakeen ondorioak gehitzen badizkiogu, erraza da iragartzea laster toki-mailako lankidetza nola desegiten den ikusiko dugula.
Berri txarra da hori, toki-mailako lankidetzak bere-berezko ezaugarriak baititu, gizartetik oso hurbil dauden erakunde batzuk izanik eta, hortaz, irekiagoak eta parte-hartze handiagokoak. Gainera, nazioarteko estrategia handietatik kanpo geratzen diren pobrezia-txoko txikietan lan egin ohi dute.
Hiru GGKE-ek nabarmentzen dute lankidetza-gastua ez dela kontu-sail baztergarria, lehentasunezkoa baizik, eta salatzen dute arazoa ez dela baliabide-eskasia, haren banaketa eskasa baizik. Hori agerian uzten duen datu bat: munduko 300 fortuna handienek aberastasun gehiago biltzen dute 3.000 milioi pobreek baino. Bestela esanik: populazioaren % 4,28k badauka gehiago planetako biztanleen % 42,85ek baino.
Lankidetzari egiten zaizkion etengabeko murrizketek badute eragin zuzena giza eskubideen babesean. Hain zuzen, osasunaren inguruko Milurtekoko Helburuak betetzetik urrun gaude: GIB/HIESa, malaria, tuberkulosia, eta abar. Horrela, GIB/HIESari dagokionez, nahiz eta erretrobiral bidezko tratamendua izateko aukera urtean % 19 gehitzen den, garapen-bideko herrialdeetan beharra zutenen % 55engana baino ez ziren iritsi halakoak. Haurrei dagokienez, % 28raino egiten du behera ehunekoak.
AGUR OSASUN-SISTEMA UNIBERTSALARI
Gure ingurunean ere bilakatu dira oso nabarmen murrizketak. 2012. urtea gogoratuko da Estatuan osasun-sistema unibertsala bukatu zen urtea izateagatik. Munduko gainerakoan sistema hori erreferentzia zen, bai emaitzengatik, bai eraginkortasun ekonomikoagatik. Erabaki horren ondorio nabarietako bat arrail soziala asko areagotzea da.
Txostenaren egile diren hiru GGKE-ek ohartarazten dute osasun-arloan helburu asko oraindik betetzeko daudela. Horregatik, eskaria egiten diete Euskadiko erakunde guztiei finantzaketa-lerroak atxiki eta indar ditzaten eta 2007an onarturiko EAEko Lankidetzari buruzko Legea bete dezaten.
Txostena irakurtzeko:
http://www.prosalus.es/web/noticias/detalleNoticia.asp?noticiaid=142
http://www.medicosdelmundo.org/index.php/mod.biblio/mem.detalle/id.385/relcategoria.4998/relmenu.134