2022ko azaroaren 10a
Kafe bat hartzeko geratu gara laurok, betiko tabernan, eta bat-batean taldeko batek proposamena bota du, < Zergatik ez dugu Medicus Mundi-k antolatutako lehiaketan parte hartzen? >.
Durangotik Hegoaldera – Gazteak hegoaren bila du izena eta gazteak osasunerako eskubidearen inguruan eta Hegoaldeko herrialdeen errealitatearen inguruan kontzientziatzea du helburu. Bada, esan eta egin, izena eman dugu.
2022ko azaroaren 27a
Intxaurrondoko barrutian elkartu ginen orain egun batzuk, beste talde guztiekin batera. Egia esan, ez geunden talde asko, baina potentziala zegoela nabari zen.
Guatemalako errealitatea zein den azaldu, eta, lehiaketa irabazteko gainditu beharreko frogak zeintzuk diren esan ondoren gure taldeko bilera eguna jarri genuen.
Eta hemen gaude, orduak eta orduak lehen frogari nondik heldu asmatu nahian.
Arratsaldeko 3. kafea hartzear geundela, erizainetako batek ideia bat izan du; goazen guatemalarra den norbaiti elkarrizketa bat egitera. Eta, buruari hainbat orduz eragin ostean aurkitu dugu gure elkarrizketatua; Mayra, Las poderosas kolektiboko aktorea.
Lehenengo froga ia gaindituta, orain bideoa montatzea bakarrik falta zaigu, eskerrak taldean ingeniari ona daukagun!
2022ko abenduaren 17a
Abenduaren 5ean egin genuen 1. frogaren entrega eta bigarrena ere orain egun batzuk bukatu genuen. Oraingo honetan bidaiara joan ostean Durangora itzuli eta herrian bertan egingo genukeen jardueraren baten txostena prestatu behar izan genuen. Lan hau errazago otu zitzaigun, eta arratsalde pare bat harturik, informea erredaktatzeari ekin genion.
Eta, gaur, hemen gaude, tribunal baten aurrean aurkezten. Eskerrak bitartean ekintza polit bat egiten ari garen femgarabat-en eskutik urduritasunak alde batera uzteko.
[…]Ei, Ei, Ei!!! Baina zer pasa da hor barruan, irabazleak garela!!!
Taldekide bik baino ezin izan dugu bertaratu, baina, a ze nolako emozioa! Guatemalara goazela! Egindako lanak eman ditu bere fruituak.
2022ko otsailaren 14a
Atzo itzuli ginen 9 eguneko bidaiatik, eta esperientzia itzela izan dela bat egiten dugu laurok. Oso aberasgarria izan da Guatemalako errealitatea hurbiletik bizi eta ulertzea (edo behintzat saiatzea). Ezagututako erakunde orok hartu gaitu besoak zabalik eta hori ere asko eskertu dugu. Medicus Mundiko langile eta bolondresekin igarotako denbora ere oso positiboa izan da, lan talde bikaina osatu dugu. La Alianza, CPDL, ASECSA… eta beste hainbat elkartek jaso gaituzte Guatemalako txoko ezberdinetan, eta beraien errealitatea erakutsi digute, gogorra bezain erreala.
Herrialde oso berezia da bisitatu eta ezagutzeko aukera izan dugun hau; goizetik gauera lanean ari diren emakumeek irribarre bat emateko tartea hartzen duten herrialdea, pobrezia ekonomiko handia eta klase sozialen arteko arrakala itzelak bertako kultura mayak eskaintzen dituen kolore guztiekin tope egiten duena.
Laburrean, jasotako eta geure barruan errotutako ikaskuntzek ez dute preziorik.
Eta, zer gehiago kontatu…Hobe horrela utzi eta datozen urteetan horrelako aukerak suertatzean gazteek gogoz parte hartu eta guk bizi izandako sari ederraz gozatzeko aukera izatea.
Eskerrik asko aukera honengatik. Itzuliko gara.