Alua egiten hasi?

Alua egiten hasi? Image

Hirurogeita hamarreko urteetan, Lorena Capelli, garai hartako brasildar transformista ospetsua, Bartzelonan hil zen genitalen berresleipenerako kirurgia bat egin ondoren. Zehazki, baginoplastia bat egitean. Ofizialki peritonitis batengatik hil zela zabaldu zen, antza denez, baina ‘despistatzeko’ praktika bat zelakoan nago, kirurgia horiek debekatuta zeudelako espainiar estatuan. Debekaturik egon arren, litekeena da emakume trans asko izatea halako ebakuntzak egin zituztenak urrakortasun eta klandestinitate testuinguru batean. Batzuk, horretarako aukera zutenek, Casablancara (Maroko) edo, aurrerago, Thailandiara bidaiatzen zuten.

 

1983ko apirilean, Espainiako Kongresuak esterilizazio eta kirurgia transexualaren despenalizazioa onartu zuen. Horretarako, paragrafo bat gehitu zioten orduan indarrean zegoen Kode Penalaren 428. artikuluari, eta, hala, genitalen berresleipenak egiten zituzten medikuek ez zuten erantzukizun penalei erantzun beharrik izango, eta aukera zabala zabaltzen zen horrela trans pertsonentzat. Arauan, “kirurgia transexuala” aipatzen zen, eta Alderdi Popularra aurka azaldu zen. Jose Maria Ruiz Gallardon diputatua zen orduan, eta “sexua aldatzen erraztasun juridikoak emanez automutilazio bidez soldaduska egitetik libratu nahi zutenentzat garai hartan ezarrita ziren zigorrak saihesteko erabil zitekeela” esan zuen. Kakotx artean azaldutako hori Bonifacio de la Cuadra, kazetariak egun horietan El Pais egunkarian legegintzako aldaketa azalduz argitaratutako zuen artikulu batekoa da.

 

Legegintzako aldaketa hura LGTBQI+ kolektiboak egindako borrokaren ondorioz gauzatu zen, beti bezala, baina horren aurretik egon ziren hainbat epai, ziurrenik proposamenari izaera juridikoa ematen lagundu zutenak. Estatuaren Fiskaltzaren 1980ko Memorian jasotzen denez, 1979an Malagako epaile batek baimena eman zion emakume transexual bati izena erregistroan aldatzeko. Kontatzen dutenez, Juan Latour Brotons epailearen kasazio-errekurtso batek jasotzen zuen “Erregistro Zibilean gizonezko bezala erregistratu” zela, “Londresen transexualitatearen sindromeagatik ebakuntza” egin ondoren “jite femeninoko ezaugarri psikologiko garbiak” adierazten zituela, baina “proba medikoek frogatu zutela kromosomen eraketa gizonezko normal baten bezalakoa” omen zela. Epaiak jasotzen zuen bermatu egin behar zirela “Konstituzioak nortasunaren eskubideen gainean sagaraturik zituen eskubideak, eta, ondorioz, inor ezin zela behartu psikikoki ez zegokion edo identifikatzen ez zen sexu baten barruan egotera”.

 

Baina Espainian Auzitegi Gorenaren Lehen Salak ez zuen 1987ra arte onartu sexu aldaketa. Marisa Castillok bere izena izan zuen azkenean. Honela zioen epaiak: “transexualitatea gure garaiko arazo bat da, kirurgia plastikoaren aurrerapen pentsaezinei esker”, Marta Castillok Londresen egin zuen bezala, eta “pertsona orok eskubidea du sexu zehatz bat izateko, behintzat bere ezaugarri psikologiko eta sexualei dagokionez”. Esaten zuten “erabateko eraldaketa” bizi izan zuela bere karaktere sexualei zegokionez, “bai karaktere primarioetan, bai sekundarioetan”. Baina denak ez ziren ados. Aurka bozkatu zuten lau magistratuk zioten “sexua gizakiari immanentea” zaiola. Harritu egiten du irizpen horren gaurkotasunak.

 

Jardunbide horren despenalizazioak baliteke ebakuntza kopuru gehiago eragin izana, baina ez dago horri buruzko daturik. Badugu, adibidez, hori egiten zutelako ospetsu egin ziren mediku pare baten berri. Madrilen, ‘aluaren medikua’ deitzen zioten Aurelio Uson sendagileari, eta Saenz de Cabezon medikuak ere antzeko izengoitia izan behar zuen Bartzelonan. Valeria Vegasek, Vestidas de azul: Análisis social y cinematográfico de la mujer transexual [Urdin jantzirik: Emakume transexualaren analisi sozial eta zinematografikoa] obran kontatzen du El Medico aldizkariak nola iragarri zuen 1984an Usonek egingo zituela Espainian lehen bi ebakuntza. Oso gutxi dakigu emakume haietaz, “bete-betean emakume sentitzen zirela eta lan aldetik langabezian zeudela”, besterik ez. Doktore hark berak 1987an El Pais egunkariari egindako adierazpenetan, 17 emakumeri egin omen zion ebakuntza. El precio de convertirse en mujer [Emakume bihurtzearen prezioa] izeneko artikuluan, medikuak esaten zuen “transexualak gorroto ziela bere genitalei”. 2000. urtean, Malagako Carlos Haya Ospitalea doan eskaintzen hasi zen kirurgia horiek. 2000. urtean!

 

Eskerrak asko aldatu den dena.

 

Maria Sanzek Pikara Magazinerentzat egindako “Vaginoplastia: ¿un rito de paso hacia la norma?” izeneko erreportajean [Baginoplastia: arauaren iraganbiderako erritu bat?], berriz, ebakuntzarik ez egitea erabaki izan duten emakume transen testigantzak jasotzen dira. Dena denarengatik, aukera eta informazioa dutelako, ezagutzen dituztelako abantailak eta arriskuen berri ere badutelako. Keops Guerrero aktibistak, adibidez, esaten du baginoplastia erabateko arrakastatzat hartzen dela batzuetan, genero-trantsizio prozesu bateko azken muga”, alegia. Baina prozesua ez da sekula bukatzen. Gorputz transek genero-binarismo batera egokitzeko jasan behar izaten duten medikalizazioa zeharo biolentoa izan daiteke. Juana Mari ere iritzi berekoa zela zirudien El Pais egunkariko Andrés Fernández Rubio kazetariari 1987an egindako adierazpenetan. Juana Marik ez zuen ebakuntzarik egin, eta egiteko asmorik ere ez zuen: “Orgasmora iritsi eta ‘Sentitu dut!’ oihukatu ahal baneza, alua egingo nuen, baina gizonezkoek orgasmora heldu eta sentitzen duten bitartean nik altzari batek baino gutxiago sentitu eta haiek ni erabilia izatearen beldur naiz. Honela, behintzat, oso zoriontsu nago”.

 

A ze poza ematen didan, Juana, hori irakurtzeak.

Andrea Momoitioren esku.

 

 

 

 

 

 

 

Itzuli