60 urte osasuna pertsona guztientzat eskubidea izan dadin

60 urte osasuna pertsona guztientzat eskubidea izan dadin Image

2026ko urtarrilean, medicusmundi Bizkaiaren 60. urteurrena ospatuko dugu; 60 urte beteko ditugu pertsona guztientzako eskuragarria eta doakoa den osasunaren alde borrokan.

medicusmundi Bizkaian osasuna ondasun publikoa eta komunitarioa dela uste dugu, eta ez soilik norbanakoen kontu bat. Horregatik, osasunerako eskubidea bermatzeko, politika publikoak ezinbestekoak dira, eta baita komunitatearen partehartzea eta askotariko gizarte eragileen arteko lankidetza ere; hala, eredu eta esperientzia desberdinetatik ikasten dugu.

Defendatzen dugun osasun publikoaren ereduak hainbat oinarri ditu: lehen mailako arreta sendotzea, osasunaren baldintzatzaile sozialei (hala nola, pobrezia, generoa, sexu-orientazioa, arraza eta abar) arreta berezia jartzea, eta kultura arteko ikuspegia (mendebaldeko eredu biomedikoa ez ezik, beste herri batzuetako kosmobisioek metatutako jakinduria ere balioetsiz).

Printzipio hauetatik abiatuta, 60 urte daramagu lanean: aliantza sendoak eraiki eta lorpen esanguratsuak bildu arren, zoritxarrez, gure lana oraindik ere beharrezkoa da, bai hegoaldeko herrialdeetan, bai hemen; osasuna pixkanaka pribatizatzen ari direla ikusten dugu, eta ondorio kaltegarriak ditu pertsona eta kolektibo ahulenentzat.

Egiten duguna ez litzateke posible izango elkartean lan egiten duten profesionalik gabe, haien arima eta izerdia jartzen baitituzte egunez egun erakundearen politikak garatzeko, ezta bazkide, boluntario eta diru-emaile guztien laguntzarik gabe ere, hauek baitira elkartearen arima, eta gure eskerrik beroenak eman nahi dizkizuegu.

Oraindik lan garrantzitsua eta kitzikagarria dugu aurretik, eta Zuzendaritza Batzordetik aktiboki parte hartzeko gonbidapena luzatu nahi dizuegu guztioi, osasuna pertsona guztientzako eskubidea izan dadin.

 

 

 

 

2026ko urtarrilaren 17an 60 urte beteko dira Bizkaian Medicus Mundi sortu zenetik. Amaia Azkarate ilustratzaileak MMBren 60. urteurrena ospatzeko logo berezi bat diseinatu du: 60 zenbakia osatzen duen estetoskopio bat nabarmentzen da. Gaur egun, MMBk osasunaren baldintzatzaile sozialetan eragitea lehenesten du, baina material sanitarioak erakundearen jatorria islatzen eta omentzen du, medikuek eta osasun-profesionalek sortu baitzuten elkartea.

Itzuli