Nazioarteko merkataritza ez dira soilik Trumpen muga-zergak, Errusiako gasa, Venezuelako petrolioa, Txinaren hazkundea edo Ormuzeko itsasartea. Bizirauteko eta aurrera egiteko egunero egunero Ruanda eta Kongoko Errepublika Demokratikoaren (KED) arteko muga zeharkatzen duten emakumeak ere badira nazioarteko merkataritza.
Medicus Mundin 2023tik babesten ditugu emakume horiek. Are gehiago, medicusmundi Araba, medicusmundi Bizkaia eta medicusmundi Gipuzkoa elkarteok hamarkadak daramatzagu Ruanda, Peru, Etiopia, Guatemala, India, Ekuador, El Salvador edo Nikaraguako emakume ekintzaileekin eta kooperatibekin lankidetzan. Gainera, 2009an Dendamundi sortu genuen, bidezko merkataritzako produktuen denda bat, Gasteizko Pio XII.a kalean.
Izan ere, eredu ekonomiko batzuek arriskuan jartzen dituzte komunitateen osasuna, ingurumen jasangarritasuna edo bizikidetza; beste ekimen batzuk, berriz, irabazi asmo hutsetik harago doaz, eta autonomia ekonomikoa, indar kolektiboa, elkarrekiko laguntza, elikadura burujabetza, kudeatzeko gaitasuna, lurraren defentsa, genero berdintasuna, eskubideak eta osasuna bultzatzen eta indartzen dituzte.
Baliabideen madarikazioa
Kongoko Errepublika Demokratikoa baliabide naturaletan aberatsa den herrialdea da: urrea, diamanteak, eztainua, kobaltoa, kobrea eta munduko koltan erreserben % 80 ditu. Hala ere, horrek ez du biztanleriaren bizi maila hobetu: KED munduan pobrezia handiena duten bost herrialdeetako bat da, eta milioika pertsona desplazatu dira bortxaz, indarkeriaren eta espoliazioaren ondorioz. “Ugaritasunaren paradoxa” edo “baliabideen madarikazioa” deritzonaren adibide nabarmena.
Kongo ekialdean gertatzen da bereziki, Afrikako Aintzira Handien eskualdean. Laku horietako bat Kivu da, KED eta Ruanda arteko muga dagoen tokia. Muga hau 1885ean ezarri zen, Berlingo Konferentzian, europar potentziek Afrika banatzeko arauak adostu zituztenean. KEDek eta Ruandak 1960ko hamarkadaren hasieran lortu zuten independentzia eta muga kolonialari eutsi zioten. Urte horietan jada baziren tentsio politiko eta etnikoak Ruandan, erasoak eta indarkeria fisikoa zeuden, baina 1990ean dena larriagotu zen, gerra zibilarekin eta 1994ko genozidioarekin.
Ruandako gatazka Kongora esportatu zen bereziki; milioi bat ruandar iritsi ziren Gomara (Ipar Kivuko hiriburua, KEDen): errefuxiatuak batez ere, baina genozidioaren erantzule asko ere bai. Ondoren etorri ziren Mobutu boteretik kentzea, Kongoko Lehen Gerra (1996-1997) eta Kongoko Bigarren Gerra (1998-2003), Afrikako Mundu Gerra ere deitu izan dena.
Bake akordio bat sinatu zen, baina handik gutxira Kivuko gerra hasi zen. KEDeko meatzeak eta baliabide naturalak funtsezkoak dira gatazka ulertzeko: 100 talde armatu aktibo baino gehiago daude KED ekialdean, lurraldea kontrolatzeko borrokan. M23 nabarmentzen da; 2025eko otsailaz geroztik, Goma eta Bukavu (Hego Kivuko hiriburua) kontrolpean ditu, eta hedatzen jarraitu du. KEDek eta Ruandak bake-akordioa sinatu zuten 2025eko ekainean, baina ituna ez betetzea leporatzen diote elkarri, eta gatazkak aurrera jarraitzen du.
Milaka dira urteotan zuzeneko indarkeriak eragindako heriotzak, goseak eta gaixotasunek eragindakoak eta bortxatutako emakumeak. Rubayako (Ipar Kivu) koltan meategietan, 2026an soilik, 600 pertsona baino gehiago hil dira istripuz. Desplazatutako pertsonak ere milioika dira. Eta horrek guztiak gizarte kohesioa ere hautsi du.
Hesi txiki handia
Ruanda eta KEDen arteko mugak oztopo natural ugari ditu pertsonen eta salgaien fluxurako. Kivu aintziraren iparralderantz Virunga dago, Afrikako lehen Parke Nazionala. Aintziraren hegoalderantz, Ruzizi ibaia. Ondorioz, botila lepoak, pasabide informal ugari eta kontrabandoko ibilbideak sortu dira. Ruanda eta KEDen arteko merkataritza pasabide ofizialen artean, garrantzitsuena Goma eta Gisenyi (Ruandako bigarren hiri jendetsuena, Rubavu barrutian) lotzen dituena da. Afrikako muga pasabiderik ibilienetakoa da, korridore ekonomikoa funtsezkoa, neurri handi batean mugaz gaindiko merkataritza informalean eta erdi-formalean oinarritzen dena.
Ikerketa batzuen arabera, muga honetako merkatarien % 90 emakumeak dira. Gehienek oinez igarotzen dute muga, “Petite Barrière” (hesi txikia) izeneko pasabidetik. “Grand Barrière”-tik gizonek gidatutako autoak eta kamioiak igarotzen dira; bertako azpiegitura hobea da. Chukuduak (tokiko zurezko patinete enblematikoak) eta salgaiak garraiatzeko erabiltzen diren beste gurdi mota batzuk ere gizonek erabili ohi dituzte. Emakumeek beren buru eta bizkarren gainean kargatzen dituzte fardo astunak, horrek beren gorputzetan duen inpaktuarekin.
Gizonek diru sarrera eta aintzatespen handiagoak sortzen dituzten ondasunak eta zerbitzuak ekoizteko eta merkaturatzeko pribilegioa dute, eta hori gutxi balitz, gizonek negozioa abiatzeko duten kapitala hirukoitza izaten da: batez beste, Kongoko emakume merkatari txikiek 16,50 dolarrekin hasten dute beren negozioa.
Emakume merkatariek batez ere nekazaritza produktuak garraiatzen eta saltzen dituzte, galkorrak eta errentagarritasun gutxiagokoak. Genero rolek eta desberdintasunek pobreziaren feminizazioa betikotzen dute. Gainera, emakumeak merkataritzan aritzeak ez ditu familia erantzukizunetatik askatzen. Goizean landan lan egiten dute, gero muga zeharkatzen dute eta gaueko ordu txikietan etxera itzultzen dira etxeko lanak egitera.
eLankidetza Lankidetza eta Elkartasunerako Euskal Agentziak babestutako proiektu baten bidez, medicusmundik muga horretako 650 emakume merkatarirekin (Ruandako 325 eta KEDeko 325) lan egin du bi urtez, merkataritza arduratsua, finantza hezkuntza, aurrezkia, kudeaketa kooperatiboa, emakumeen eskubideak eta bizikidetza baketsua sustatuz.
Emakumetik emakumera
KEDen gertatzen bada ere, gerrak mugaren bi aldeetan eragiten du, eta eskualde zabalagoan areagotzen du ezegonkortasuna, merkataritzari eta bizikidetzari eraginez. Testuinguru horretan abusuak, ustelkeria eta arazoak ohikoak dira mugako igarobidean, emakume bakoitzak bakarrik lan egitea eragin du, edo merkatuetan ondoko herrialdeko emakumeen aurkako aurreiritziak eta jarrerak egotea.
Proiektuaren ondoren, besteak beste, emakumeek elkar ezagutzen dute, WhatsApp taldeak sortu dituzte, aurrezki kolektiboko kontuak ireki dituzte eta mugako agintarien eta zerga arduradunen telefono zenbakiak dituzte. Emakumeentzat esanguratsuak diren hobekuntzak lortzeko, ARDE/KUBAHO eta SPRrekin (bertako GKEak dira, komunitatean errotuta daude eta legitimitate soziala dute) lan egitea garrantzitsua izan da.
Herrialde bakoitzean 25 emakume merkatarik osatutako batzorde bana antolatu dugu, eta emakume horietako bakoitza bere komunitateko 25 emakume merkatarik osatutako beste talde baten buru da. Talde horiek hilero biltzen dira batzordeko kideek jaso duten prestakuntzaren berri izateko, elkar laguntzeko, eztabaidatzeko, aholkuak eskatzeko, elkartasunez lankidetzan aritzeko eta beren kapitala garatzeko. Talde bakoitzak barne araudi argien arabera funtzionatzen du, eta, bete ezean, zigorrak ezartzen dira.
Talde bakoitzak kontu kolektibo bat ireki du, eta, bertan, borondatez adostutako kopuruak sartzen dira aldizka. Horri esker, parte hartzen duten emakumeek kredituak erraz eskura ditzakete. Kontu honen erabilgarritasuna, mugimenduak eta sortzen dituen interesak direla eta, emakumeek hileroko ekarpena handitu dute, baita bere diru sarrerak ere.
Baina helburu ekonomikoaz haratago, taldeak elkartasun gune bihurtu dira. Emakumeek batasun handia erakusten dute, bai une zailetan, bai alaitasun uneetan. Ezkontza, jaiotza, gaixotasun, heriotza eta abarretan kideei laguntzeko mekanismoak ezarri dira. Dinamika horrek lotura sozialak eta parte hartzaileen pertenentzia sentimendua indartu ditu.
Berdinen artean, parez pare eta gertutik aritzea giltzarri izan da. Emakume merkatariak beren komunitateko beste emakume batzuk prestatzeaz arduratu dira, konfiantza sortuz, hizkuntza erraza, irisgarria eta testuinguruan kokatua erabiliz eta epaituak izateko beldurrik gabe bizitako esperientziak trukatuz.
Horrela, «emakumetik emakumera» ikuspegia lehenetsiz, mugaz gaindiko emakume merkatarien eragin gaitasuna indartu da, beren gizarte ingurunean eragin positiboa izateko gai diren aldaketa eragile gisa kokatu dira.
Estigmatik aitortzara
Afrikako emakumeak ahotsik gabeko biktima hutsak baino askoz gehiago dira, nahiz eta askotan horrela bakarrik azaltzen diren. Horregatik, beharrezkoa da haien duintasuna, sormena, indarra, lidergoa eta komunitateari egiten dioten ekarpena ikusaraztea. Emakume merkatari hauek horren erakusgarri dira: mobilizatu egin dira beren eskubideei eta betebeharrei, ugalketa eta sexu osasunari, finantza kudeaketari eta bakearen eraikuntzari buruzko informazioa eta prestakuntza jasotzeko, eta emakumeen sare zabal eta transnazional bat sortu dute. Mugaz gaindiko merkatari txikiak antolatuta, informatuta eta babestuta daudenean, gatazken prebentzioaren, bitartekaritzaren eta gizarte kohesioaren benetako protagonista bihur daitezke.
Merkatari txikiek funtsezko zeregina betetzen dute merkatuen hornikuntzan eta familien biziraupenean, eta, aldi berean, haietako asko, segurtasun ezaren, genero indarkeriaren, mugako abusuen, ustelkeriaren eta beren eskubideen gaineko ezjakintasun orokorraren eraginpean daude oraindik ere. Proiektuaren aurretik errekonozimendu eskasa zuten, estigmatizatu ere egiten zituzten eta kontrabandoa leporatzen zieten. Proiektuaren aurretik ez zegoen loturarik Ruandako eta Kongoko mugaz gaindiko emakumeen artean, eta beste emakumeekin sortutako harremanek segurtasuna eman diete. Orain, emakumeen % 66k dio seguruago sentitzen direla beren jardueretan. Gainera, proiektuaren ondoren, emakumeen % 62k dio beren burua erreferente edo eredu gisa ikusten dutela beste emakume batzuentzat. Are gehiago dira (% 72) ezagutzen ez zituzten eskubideak ikasi dituztela eta mugako igarobidean edo merkatuetan erabili dituztela diotenak.
Gizartean duten partaidetza eta ekintza komunitarioetan duten konpromisoa areagotu egin da, eta horrek gizartearen pertzepzioa aldarazi du. Orain, erakundeetako, gizarte zibileko eta komunitateko hainbat eragilek onartzen dute txikizkako emakume merkatariak mugaz gaindiko eremuan eskubideen eta bizikidetza baketsuaren sustatzaile direla, eta modu positiboagoan baloratzen dituzte. Gainera, emakumeek beren esperientziak, ikaskuntzak eta lorpenak partekatu dituzte tokiko eta eskualdeko irrati eta telebistetan.
Testuinguruak hauskorra eta konplexua izaten jarraitzen du: 2025eko otsailaz geroztik, Goman bankuak eta aireportua itxi zituzten gerragatik. Baina emakumeen erresilientzia gaitasuna, lidergoa eta ahizpatasuna indartuz, mugako agintarien laguntzarekin, ahalduntze ekonomikoa, emakumeen eskubideak ikuspegi integral eta feministatik artikulatuz, malgutasunez eta ekintza kolektiboarekin, posible izan da traba administratiboei, diferentzia linguistikoei, unean uneko segurtasun ezari, gatazka armatuak eragindako egoerei, finantza baliabide mugatuei eta hasierako erresistentzia kulturalei aurre egitea eta oztopoak gainditzea.
Proiektuak Goma-Rubavu mugaz gaindiko eremuan lankidetza baketsuko dinamika iraunkorrak ezartzen lagundu du. Askotan interakzio gatazkatsuak zirenak, lankidetza harreman bihurtu dira orain. Are gehiago, agintariek proiektua emakume gehiagorengana eta KED eta Ruandaren arteko mugako beste postu batzuetara zabaltzea nahi dutela adierazi dute. Eta eraldaketa horren guztiaren bihotzean, mugaz gaindiko merkatari txikiak ari dira.
















