Nola ari da eragiten t-baztanga (mpox) Kongon?

Nola ari da eragiten t-baztanga (mpox) Kongon? Image

Munduko osasuna kezka-gai da medicusmundi Bizkaia osatzen dugunontzat, eta arreta bereziz jarraitzen dugu lanean dihardugun herrialdeetako osasun-egoera. Egun, Honduras, Guatemala, Ruanda eta Kongoko Errepublika Demokratikoan ari gara lanean.

Uztailean Organización Panamericana de la Salud (OPS) erakundeak zera jakinarazi zuen: 2024an, ehun pertsona baino gehiago hil dira dengea dela-eta Erdialdeko Amerikan eta Karibe aldean, eta 200.000 kasu baino gehiago atzeman dira. Guatemalan hil dira pertsona gehien, eta ondoren, Honduras izan da herrialde kaltetuena; dengeari lotuta, larrialdi egoera deitu dute hainbat herrialdek.

Egungo mpox gaixotasunaren (t-baztanga edo tximino-baztanga gisa ere ezaguna) agerraldi bat ere badago, bereziki Afrikan. 2024ko abuztuaren 14an Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) mpox nazioarteko osasun-larrialdi izendatu zuen. Birusa 1958an aurkitu zuten Danimarkan, eta hainbat aldiz desagerrarazi bada ere, 2022-2023an mpox (MPXV) agerraldi bat gertatu zen munduan. Gaur egun, beste klado bat bada ere, mehatxu izaten jarraitzen du eta kasu gehienak Kongoko Errepublika Demokratikoan kontzentratzen dira. OMEren arabera, urte hasieratik 537 heriotza eta 15.600 kasu baino gehiago izan dira Kongon (heriotza-tasa % 4tik behera mantendu da), iaz baino gehiago.

Medicusmundi Bizkaiak urte luzez egin du lan Kinshasan eta Kongo-Central probintzian (lehen Behe- edo Bas-Kongo), herrialdearen mendebaldean, eta egun, ekialdean dihardugu, Ruandako mugan. Hain zuzen, Kongon Bizkaiko Foru Aldundiak diruz lagundutako proiektu bat dugu martxan, eta eLankidetzak (Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentzia) finantzatutako mugaz-gaindiko beste proiektu bat ere abian dugu, bi herrialdeetako erakundeekin. Ruandako gure kooperanteak eta gure ruandar bazkideek (ARDE/KUBAHO eta UGAMA) esaten digutenaren arabera, haien inguruan ez dago mpox kasurik. Kongoko gure bazkideentzat, SPR (La Synergie des Femmes pour la Paix et la Réconciliation des Peuples des Grands Lacs d’Afrique)  eta UWEZO AFRIKA elkarteentzat, egoera bestelakoa da.

UWEZO AFRIKA Initiative ekimena medicusmundi Bizkaiaren bazkide berria da. Egoitza nagusia Bukavun dute, Hego Kivu probintzian, eta bidezko mundua bilatzen dute, emakumeek eta gazteek beren eskubideez gozatuko dutena. Osasuna da haren ekintza-ildo nagusietako bat, eta, bereziki, hilekoaren osasuna eta sexu- eta ugalketa-eskubideak. UWEZO AFRIKArekin proiektu bat dugu martxan arlo horretan, Durangoko Udalak diruz lagundua. Proiektu horren bidez, nerabeek hilekoa modu duin eta seguruan bizitzeko aukera indartzen ari gara, portaera higieniko positiboak bultzatzen, tabuak deseraikitzen eta politika publiko espezifikoak sustatzen.

UWEZO AFRIKA Bukavuko eskoletan emakumeen genitalak, eta berauen higienea eta gaixotasunak jorratzen, 2024an.

Mpox-ari dagokionez, Namwezi N ‘Ibamba Douce UWEZO AFRIKAko zuzendari eta kazetariak azaldu digunez, Hego Kivu Kongoko bigarren probintziarik kaltetuena da. Kaltetuenak landa-eremuak eta 0-15 urte bitarteko haurrak dira, eta, gabezia ugari egon arren, eta zailtasunak zailtasun, zorionez, kasu gehienak sendatzea lortzen da. “Baina, oraindik ere kasuak gertatzen direnez, guri, gizarte zibileko aktibistei, komunitateak higiene-neurriei buruz kontzientziatzeko dei egiten digute”. Doucek azaldu digunez, COVIDarekin ere horrelako lanak egin zituzten, eta GIB-HIESaren, STGen edo beste birus batzuen inguruan ere eragiten dute. Izan ere, Doucek gogorarazten digu epidemiak (elgorria, kolera, polioa…) behin eta berriz gertatzen direla Kongon; izan ere, herrialdeak osasun-sistema ahula du, gatazka armatuak, generoan oinarritutako indarkeria, elikadura-segurtasunik eza, pobrezia gero eta handiagoa, zazpi milioi barne-desplazatu, edateko ura eskuratzeko aukera mugatua, etab. Beraz, epidemia horien % 80 txertoekin prebenitu daitezkeen arren, ez da lan erraza. Mpoxerako txertoei dagokienez, Doucek esan digu mundu mailan eskasak direla, eta ez direla Kongon erabiltzen ari. Gainera, komunitate eta pertsona batzuk eszeptikoak edo txertoen erabileraren aurkakoak dira. Bestalde, larrialdiko zaintzetarako sarbidea ere eskasa da. Eta Doucek esan digunez, zenbait pertsonak, berrogeialdian egonik, ospitaleetatik ihes egin dute gosea pasatzen ari zirelako. Badira gaixotasuna ezagutzen ez duten pertsonak ere, eta horregatik dira beharrezko kontzientziazio-kanpainak. Horri guztiari gehitu behar zaio kasu berrien identifikazioa oraindik ere eskasa dela.

Gainera, mpoxa diagnostikatzea ez da beti erraza, beste infekzio eta gaixotasun batzuek antzeko sintomak izan baititzakete. Mpoxaren sintomarik ohikoenak larruazaleko erupzioak edo 2-4 aste iraun dezaketen lesio mukosoak dira, sukarra, buruko mina, giharretako mina, bizkarreko mina, energia falta eta gongoil linfatikoen hanturarekin batera.

Mpoxa transmitizeko moduei dagokienez, gaixotasuna duten pertsonekin kontaktu estua izanda, material kutsatuen bidez eta animalia infektatuen bidez transmiti daiteke, eta OMEren arabera, mpoxaren kasuan, gizonekin sexu-harremanak dituzten gizonak, transak eta askotariko genero-komunitateak ari dira jasaten estigmatizazio, diskriminazio eta arrazakeria handiena.

Kongoko gizarte zibileko erakundeak ezinbesteko aliatuak izango dira nazioarteko laguntza hori bideratzeko. Gainera, txertoak ez dira mpoxaren hedapena prebenitzeko estrategia bakarra, eta, beraz, txertoak heldu ala ez, SPRk eta UWEZO AFRIKAk zenbait jarduera aurreikusi dituzte, besteak beste, sentsibilizazio-kanpainak eta ospitaleratutako pertsonen elikadura hobetzea.

Elkarrizketa irratian Carlos Medianori (gazteleraz): África necesita más de 10 millones de vacunas para la Mpox (rtve.es)

Kontsultatutako iturriak, informazio gehiago:

 

Euskaraz:

 

Ezagutu Afrikako gure bazkideak:

Itzuli