L’Associació de Drets Sexuals i Reproductius elkarteak generoaren aurkako nazioarteko oldarraldian espainiar Estatuan sortutako erakundeek duten lidergoari buruzko txosten bat argitaratu du. “Sexu eta ugalketa eskubideak botere borrokaren bihotzean daude”, azaldu dute ikerketaren sustatzaileek.
Egilea: Mª Ángeles Fernández
Ez gaude eskuin muturraren eta talde ultrakontserbadoreen bat-bateko erreakzio baten aurrean. Erreakzionariotasun hori ez da gauza berria, aspalditik dator. Espainia marka daraman prozesu historiko, egituratu eta global bat da. Espainiak, oliba olioaz gain, gorrotoa eta sexu eta ugalketa eskubideen kontrako eskuin muturrekoen sare antolatuak esportatzen ditu. Horixe da L’Associació de Drets Sexuals i Reproductius elkarteak bultzatutako De España al mundo: la proyección global de la ultraderecha española contra los derechos sexuales y reproductivos. Los casos de Argentina, Guatemala, El Salvador, Chile y Kenia [Espainiatik mundura: Espainiako eskuin muturraren sexu eta ugalketa eskubideen kontrako proiekzio globala. Argentina, Guatemala, El Salvador, Txile eta Kenyako kasuak] izeneko txostenaren konklusioetako bat.
“Harritu gaituen kontu bat da hau ez dela aurrerapen feministen kontrako oraingo erreakzio bat, ezta eskuin muturraren egungo gorakadaren ondorio soila ere. Oso argi utzi nahi dugu hori. Ez gaude ezusteko backlash baten aurrean”, azaldu dute kataluniar elkartetik. Nahiz eta egia izan genero kontuek, orain, toki oso nabarmena dutela eskuin mutur globalak politika aurrerakoien eta eskubideen zabalketaren aurka libratzen ari den bataila kulturala deiturikoan.
“Jatorria Espainian duten Hazte Oír, CitizenGO edo Political Network for Values gisako antolakundeak dira generoaren kontrako ofentsiba horren buruan daudenak, eta, abortua arautzen duten edo heziketa sexual integrala sustatzen duten lege jakinen kontra egiteaz gain, eskubide horiek zibilizazioarentzat mehatxu balira bezala azaltzen dituzten esparru ideologikoak era aktiboan sustatzen dituen nazioz gaindiko sare baten parte dira”, dio espainiar Estatuko egoera sakon aztertzen duen atalak.
L’Associació de Drets Sexuals i Reproductiusen taldearentzat, genero politiken eta sexu eta ugalketa osasuneko aurrerapenen kontrako erasoen prozesu horrek ez du bilatzen “feminismoaren gehiegikeriak zuzentzea”. Aitzitik, “eskubideetan oinarritutako gizarte bat arau autoritarioetan, murriztaileetan eta errotik funtsezko eskubideen kontrakoak direnetan oinarritutako beste gizarte batez ordeztu nahi dute”, adierazi diote Pikara Magazineri Sílvia Aldavertek (elkarteko zuzendaria) eta Diana Cardonak (eragin politikorako L´Associacióko teknikaria). Eta genealogia frankistan atzera eginez, hauxe diote: “Generoaren kontrako diskurtsoen buruan diren indar eta eragile askok tradizio autoritario horretatik edaten dute zuzenean”.
Esaterako, Opus Dei. José María Escrivá de Balaguerrek 1928. urtean sortutako erakunde katoliko horrek Francoren diktaduraren eta Juan Pablo II. aita santuaren –estatus pribilegiatua eman zion– babesa jaso zuen. Gaur egun, 74 herrialdetan dago, 2.000 apaiz eta 93.000 kide baino gehiago ditu Europan eta Amerikan zehar, eta Kenyaraino heltzen da haren eragina, ikerketak jasotzen duenez. Izan ere, “Opus Deik 1958tik eraikitako hezkuntza-sare mardula” aipatzen du, esan nahi baita, afrikar herri horren independentzia garaiaren aurretik.
Eskubideen arloan lortutako aurrerapenak hankaz gora jartzeko helburu esplizitua duten estrategiak sortzeko, egituratzeko eta zabaltzeko nodo aktibo bat da Espainia
“Hori guztia ez da orain sortu. 50 urte baino gehiagoko genealogiak erakusten du mugimendu horiek hamarkadak daramatzatela ekinean, dio ikerketaren koordinatzaile Sonia Corrêak. Hasi Opus Deiren mundu mailako heziketa-egituretatik eta europar eta estatubatuar think tank ultrakontserbadoreetaraino. Proiektu global bat da, antolatua, eta baliabideak ditu, gainera. Bertan, sexu eta ugalketa eskubideak dira mehatxu behinena, hain zuzen ere, gizarte askeago, bidezkoago eta berdinzaleago bati bide emateko aukera ordezkatzen dutelako”, azaldu dute erakundetik.
L’Associació de Drets Sexuals i Reproductius elkarteak klandestinitatean ekin zion bere jarduerari, alegia frankismoaren garaian, aborturako eskubidea legeztatzearen, antisorgailuen eta sexu-heziketaren alde eta indarkeria matxisten kontra. “Txostena, batez ere, ezagutza sortzeko beharretik sortu da. Informazioa kokatzeko beharra genuen, gure sexu eta ugalketa eskubideak urratzen dituztenen izen-abizenak jakiteko; horiek zer estrategia erabiltzen dituzten, zer espaziotan aritzen diren, elkarren artean nola egituratzen diren eta azken urteotan nola ari diren berrantolatzen ondo ulertzeko premia genuen. Geure historiatik ere sortu da: frankismoaren klandestinitatetik gatoz, eta hamarkadak daramatzagu talde horien erasoak jasotzen. Ikusten goaz nola doazen aldatzen, eguneratzen, boterea bereganatzen, profesionalizatzen”, diote txostenaren bultzatzaileek.
Ikerketak ondorioztatzen duenez, Espainia gero eta gehiago da eskubideen arloan lortutako aurrerapenak hankaz gora jartzeko helburu esplizitua duten estrategiak sortzeko, egituratzeko eta zabaltzeko nodo aktibo bat, batik bat, sexu eta ugalketa eskubideei eta emakumeen eta LGTBIQA+ pertsonen eskubideei dagokionez. Eta izenak jartzen ditu: Opus Deiz gain, Hazte Oír, CitizenGO eta Political Network for Values gisako erakundeak eta Vox alderdia aztertzen dira. “Bagenekien konexioak zeudela, baina ez genekien zenbaterainokoak ziren. Eta ikerketak berretsi du Hazte Oír, CitizenGO edo Fundación Disenso (Vox alderdiarena) gisako taldeek koadro ideologikoak, baliabide ekonomikoak eta giza baliabideak eta estrategia juridiko eta komunikatiboak ari direla esportatzen Guatemala, El Salvador, Argentina, Txile edo Kenya bezalako herrialdeetara. Hori guztia, gako neokolonialean, eta inpaktu erreala duela, bereziki emakumeen eta bestelako sexu-genero aniztasunen bizitzetan”, azaldu diote Pikara Magazineri idazkiaren sustatzaileek.
“Sexu politikak Estatu politika bihurtu dira”
José Antonio Kast, Txileko eskuin muturraren buru eta bigarren itzulian herrialde horretako hauteskundeak irabazi berri dituena (2021ean bigarren geratu zen, eta 2025eko abenduaren 14an bozken %58,16 jaso zuen, 7 milioi boto baino gehiago), Network for Values erakundearen presidente izan zen 2022tik 2024ra bitartean. Horren aurretik Katalin Novák Hungariako presidente ohi eta Familia Gaietako ministro ohi izandako izan zen erakunde horren burua, eta Estatu Batuetan sexu eta ugalketa eskubideen kontra funtsezko erreferente diren Brian Brown eta Sharon Slater ere horri lotuta egon dira, dozena bat baino ikertzaile gehiagok parte hartu izan duten ikerketak jasotzen duenez.
“Kasu horien analisiak haien arrakastaren gako batzuk ulertzera eraman gaitzake. Zerikusia du indarrak metatzeko duten trebetasunarekin, beren konstantziarekin, botere ekonomiko eta politikoekin aliantzak egiteko edo, are, herrialde bakoitzeko eliteak trebatzeko duten mainekin. Baina, era berean, malguak eta trebeak dira mobilizatzeko beren elementu nagusiak tokiko testuinguru bakoitzera egokitzen, nazioarteko lotura ahalbidetzen duen nukleo koherente bat dutelarik toki bakoitzean. Orain dela hamarkadak garatutako edo Eliza Katolikoaren gisako milurteko egituretatik datozen kontzeptuak erabiltzen dituzte, baina horiek teknika modernoagoen bitartez transmititzea lortzen dute, are behinola ezkerraren ondare izan zen kaleko aktibismotik”, idatzi du Nuria Alabaok dokumentuzko lan zabal horren aitzinsolasean.
Antropologia Sozial eta Kulturalean doktore denak, esaterako, ohartzen du sexu eta ugalketa eskubideak gizarte mota bat zehazten duten ardatz garrantzitsua direla, eta horiek defendatu eta zabaltzetik datorke, beste gauza batzuen artean, demokrazia sendoagoak lortzea. Made in España marka daraman artikulazio hori ezaugarritzen duen patroi ezaguna azken 15 urteotan garatu bada ere, Nuriak dio ekosistema ultrakontserbadorea 68ko Maiatzetik ari dela sutsuki garatzen. Data hori bera aipatzen du Rosa Luxemburg Fundazioak garatutako beste ikerketa batek ere, “internazional erreakzionarioa” jorratzen duena, arrazismoarekin dituen loturak eta “ordezkapen handia” gisako mantrak ere aipatzen zituenak.
Sonia Corrêa brasildar ikerlari feministak eta Juan Elman argentinar politologoak giltzarri den inflexio puntu bat ezarri zuten beren lanekin. Biak ala biak De España al mundo [Espainiatik mundura] ikerketaren koordinazio taldekoak ziren 80.eneko urteetan, orduko Ratzinger kardinala –Benedicto XVI.a izango zen gero– generoaren kontzeptua eta sexualitateari buruzko teoria feministak auzitan jartzen hasi zen garaian. Baita Alemaniako Konstituzio Auzitegiak generoaren identitate sozialerako eskubideak aitortzen zuen lehen erabakiaren kontra egin zuenean ere. Auzitan jartze horretatik eratorri zen oker deituriko “genero ideologia” eta Vatikanoak horren gainean egin zuen itzulpen teologikoa.
“Emakumeen gorputzak, sexualitatea eta ugalketa Estatuen artean negoziatzeko tresna gisara erabiltzen dira”
2021ean Calala Emakumeen Funtsaren eskutik, beste latitude batzuetako emakumeen funtsekin batera, argitaratutako ‘Ataques a la democracia en Europa y América Latina. Voces desde los feminismos’, [Demokraziaren kontrako erasoak Europan eta Latinoamerikan] izeneko azterlanak ere ohartarazten zuen Eliza Katolikoaren rolari buruz, eta garrantzitsutzat jotzen zuen 1994. urtea, Kairon (Egipto) Nazio Batuen Populazioaren eta Garapenaren Nazioarteko III. Konferentzia egin zenean. El Pais egunkariak orduko Juan Pablo II.a aita santuaren “gurutzada” aipatzen zuen, “jaiotza-tasa kontrolatzeko bitarteko artifizialen erabilpena” kondenatzen baitzuen, eta Konferentziaren oinarrizko dokumentua “familia plangintzako bitarteko modura abortuaren legitimazioaren kontra egiten duen nazioarteko ofentsibarik polemikoentzat” jotzen zuen.
“Generoaren kontrako eraso publikoak Nazio Batuen giza eskubideei, emakumeen eskubide eta osasunari, heziketa sexualari eta abortuari buruzko eztabaidetan ikus daitezke. 1995eko martxoan, Beijingo Munduko IV. Konferentziaren prestaketan zirela, Dale O´Leary kazetari ultrakatolikoak lideratutako eskuindar GKE kristau baten esku-orriak salatzen zuen “generoak bost sexu” esan nahi zuela ikuspegi feministatik. Corrêak eta Elmanek idazten dutenez, Vatikanoak azken erreserba bat egin zuen Pekingo Konferentzia hartan, esanez genero hitza “bi sexu gisara, emakumezkoarena eta gizonezkoarena” interpretatuko zuela.
Egitateek erakusten dute eskubide sexualak nola diren joko geopolitikoaren parte: “Sexu politika Estatu politikan bihurtu da”, laburbiltzen du brasildar ikerlariak. “Nazio Batuetan askotan ikusi dugu hori nola erabiltzen den truke baterako, hots, sakrifikatu egiten dira beste arlo eremu geopolitiko batzuetan akordioak lortzeko. Eta horrek erakusten du emakumeen gorputzak, sexualitatea eta ugalketa Estatuen artean negoziatzeko tresna gisara erabiltzen direla”, erreparatzen diote L’Associació elkartetik.
“Sexu eta ugalketa eskubideak botere borrokaren bihotzean daude”
Espainiar estatuan, Espainiako Gotzainen Batzarrak dagoeneko ohartarazi zuen sexu eta ugalketa eskubideen gainean ziren kontsentsuak nola ari ziren zabaltzen, eta “genero ideologia” hitza erabili zuen beren idazkietan lehen aldiz 2001ean, nahiz eta gutxi gorabehera 2013tik aurrera hartu zuen kontzeptu horrek indarra. Besteak beste, Rafael Correak erabiltzen zuen Ekuadorko presidentea zela, eta baita Kolonbiako sektore zabalek ere, Bakearen Akordioei ezetza emateko argudio gisara erabiltzeraino, azkenean aldatu egin behar izan zirelarik. Eliza Ebangelistak eta Pentekoste Berrikoak ere bat egin dute abortuaren gisako eskubideak ezbaian jartzen dituen sare global horrekin, eta geroz indar handiago dute herrialde askotan.
“Sexu eta ugalketa eskubideak botere borrokaren erdigunean daude. Ez da kasualitatea eskubide horiei, zehazki, erasotzea: patriarkatuaren oinarri dira, sistema zisteheropatriarkal osoari eusten dion muina da, eta baita kapitalismoa ere, ezagutzen dugun moduan. Emakumeok subiranotasuna baldin badugu gure gorputzen gainean, geure bizitzei buruz erabakitzen badugu, askotariko familia ereduak baldin badaude eta LGTBI pertsonak aske bizi badira, kolokan da pribilegio maskulinoaren eta kapitalistaren eraikin osoa. Horregatik erasotzen diote abortuari, sexu heziketari, trans eskubideei, indarkeria matxistaren kontrako borrokari, erabakitzeko eskubideei… badakitelako feminismoak proposatzen duen eraldaketa sozialaren oinarria direla. Eta euren proiektu politikoa ordena sozial autoritario, patriarkal eta sakonki desberdinzale denari eustean (eta gogortzean) datzalako”, ondorioztatzen dute L’Associació de Drets Sexuals i Reproductius elkartean.
Hau Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatutako «FRENTE A LA VIOLENCIA SIMBÓLICA, MÁS COMUNIDAD: NOSOTRAS, NOSOTROS, NOSOTRES. La violencia simbólica, la violencia más sutil» proiektuaren baitan Pikara-k eta medicusmundi Bizkaia-k egindako bosgarren elkarlana da.












