Osasun menstruala Guatemalan: oinarrizko eskubide ikusezina

Osasun menstruala Guatemalan: oinarrizko eskubide ikusezina Image

Haizea Prados

Guatemalan, munduko leku askotan bezala, hilerokoaren inguruan estigma, mito eta isilune ugari dago. Funtzio biologiko naturala da eta munduko biztanleriaren erdiari eragiten dio bizitzaren zati handi batean; hala ere, oraindik kontu pribatua eta lotsagarria da askorentzat. Pertzepzio horrek oinarrizko eskubideak mugatzen ditu, zuzenean eragiten die menstruatzen duten pertsonen osasunari, hezkuntzari, duintasunari eta parte-hartzeari.

Osasun menstrualari buruzko saioetan erabilitako baliabideetako bat. Beltrán, Y. (2022): Cuadernillo de Salud e higiene menstrual. Universidad Austral de Chile.

Osasun menstruala: higiene produktuak baino gehiago

Hilekoaren osasunaz ari garenean, ez gara eskuoihal higienikoak edo tanpoiak bermatzeaz soilik ari. Kontzeptu integral bat da, hilekoaren zikloaren mina eta estigmak segurtasunez, eroso eta libre maneiatzea barne hartzen duena, baldintza duinetan, pribatutasun eskubidez eta informazio egokia jasoz. Horretarako, edateko ura, higiene-instalazioak, sexu- eta ugalketa-osasuneko hezkuntza eta diskriminaziorik gabeko ingurunea beharrezkoak dira.

Osasunaren Mundu Erakundeak (OME), Giza Eskubideen Kontseiluaren 50. bilkura-aldian (2022) egin zen Hilekoaren Higienea, Giza Eskubideak eta Genero Berdintasuna Maneiatzeari buruzko eztabaida-panelean, zera nabarmendu zuen: hilekoaren osasuna ez dela ulertu behar higienikoa baino ez den gai gisa, osasun publikoaren eta giza eskubideen gai gisa baizik. Beraz, higiene menstrualak osasunerako, hezkuntzarako, genero-berdintasunerako eta indarkeriarik gabeko bizitzarako eskubidearekin lotura zuzena du.

Pobrezia menstruala: fenomeno dimentsioanitza

Hilekoaren pobrezia ez da soilik produktu egokien falta. Informazio fidagarririk, osasun-azpiegiturarik, hezkuntzarik eta erakundeen laguntzarik ez izatea ere bada. Guatemalan, emakume eta neska askok aukeratu behar dute: hilekoaren inguruko produktuak erosi ala oinarrizko elikagaiak. Eskuoihal higienikoen pakete baten prezioa 10 eta 27 quetzal artekoa da (1,20 eta 3,30 euro bitartean), eta tanpoiek 57 quetzal baino gehiago balio dezakete. Egunean dolar bat baino gutxiagorekin bizi direnentzat, hau da, biztanleriaren % 16 baino gehiagorentzat (Estatistikako Institutu Nazionalaren 2024ko datuen arabera), aukera ezinezkoa da.

Gauzak horrela, neska eta emakume askok metodo ez-seguruak erabiltzen dituzte, hala nola trapu zaharrak, egunkari-papera edo kartoia, infekzioak izateko arriskua areagotuz. Espetxeak bezalako testuinguruetan, egoera are kritikoagoa da: emakumeak beren familiek eraman dezaketenaren edo zentro penalaren barruan trukeak egitearen mende daude.

Osasun eta higiene menstrualari buruzko aurkezpena, San Andrés Semetabaj herriko Noj Maya Institutuan. CPDL

Gainera, hilekoaren pobreziak eragin zuzena du hezkuntzan. Peruko UNICEFen (2022) “Haurren eta Nerabeen Hilekoaren Higienea Maneiatzeko Erronkak eta Inpaktuak Eskola Testuinguruan” azterlanaren arabera, nesken % 35ek hilean egun bat, bi hiru edo lau ere falta dituzte eskolara, artatu gabeko hileroko minengatik edo hilekoari lotutako baliabide egokirik ez izateagatik, eta % 95ek deserosotasuna edo lotsa sentitzen dute odola isurtzen duten egunen bueltan. Behin eta berriz agertzen den eskola-absentzia horrek errendimendu akademikoari, autoestimuari eta eskola-iraunkortasunari eragiten die, eta, askotan, eskola abandonatzea errazten du. Lan-eremuan, hilekoa bizitzeko baldintza egokirik ez izateak estresa, mina, justifikaziorik gabeko absentzia edo automedikazioa eragin ditzake.

Horri guztiari, informazio falta gehitu behar zaio. Neska askok ez dakite zer den hilekoa lehen aldiz bizi dutenean. Hainbat komunitatetan, osasun menstrualerako kaltegarriak diren erlijio- eta kultura-sinesmenak daude, eta emakumeak ezpurutzat jotzen dituzte beren zikloan daudenean. Debekatuta dute janaria prestatzea, zeremonietara joatea edo landan lan egitea, eta horrek isolamendua eta diskriminazioa indartzen ditu.

Arazo intersekzionala

Guatemalan menstruazio duina bizitzeaz ari garenean, ez dugu ahaztu behar herrialdea zeharkatzen duen egiturazko desberdintasun sakona, eta aitortu behar da desberdintasun horrek neurriz kanpo eragiten diela emakume eta hilekoa duten pertsona indigenei, maiei bereziki. Guatemala diru-sarrera ertain-altuko herrialde gisa sailkatuta badago ere, biztanleriaren % 56 baino gehiago pobrezia-egoeran bizi da, eta % 16,2 muturreko pobrezian (INE, 2024). Prekarietate hori ez da modu ekitatiboan banatzen: landa eremuan areagotzen da, historikoki egin diren politika zentralistek oinarrizko baliabideak eskuratzeko aukera mugatu baitute.

Osasun eskubideei eta osasun menstrualari buruzko saioa, comadronekin, San Antonio Palopó-ko osasun zentroan. CPDL

Guatemalako biztanleriaren % 41,7 maia gisa identifikatzen da. Hala ere, pertsona indigenek bazterketa-modu askori aurre egin behar diete oraindik, eta bazterketa horiek ere eragina dute hilekoaren osasunean. Komunitate askotan, hilerokoaz hitz egitea tabua da oraindik, eta egoera hori ez da bakarrik kultur tradizio isolatuengatik gertatzen, baizik eta ezagutzaren kolonizazioagatik, horrek sistematikoki deslegitimatu baititu antzinako praktikak, hizkuntzak eta jakintzak. Politika publikoen eta herri indigenen errealitate kulturalen arteko deskonexio horrek eredu asistentzialista indartu du, tokiko kosmobisioekin elkarrizketa sortu beharrean.

Beste faktore kritiko bat edateko ura eta saneamendua ez izatea da. Landa eremu indigenetan, azpiegitura-arrakalak izugarriak dira: bost eskolatik batek baino ez ditu hilekoaren produktuak botatzeko espazio egokiak. Gabezia horrek, desinformazioarekin eta estigmatizazioarekin batera, mugatu egiten du neska eta nerabe maien eskola-partaidetza, eta etengabeko eta etenik gabeko hezkuntzarako eskubideari eragiten dio.

medicusmundi Bizkaia osasun menstrualaren alde

Testuinguru honetan, medicusmundi Bizkaia elkarteak hainbat urte darama Colectivo Poder y Desarrollo Local (CPDL) elkartearekin elkarlanean. Orain, Fundación Estatal, Salud, Infancia y Bienestar Social (FESAI) eta AECIDen babesarekin, Guatemalako hilekoaren osasuna indartzeko proiektu integral bat bultzatzen dihardugu Sololá departamentuko 13 udalerritan, eta bertan ikasitakoak Petén departamentura ere igorri nahi ditugu. Gernika-Lumoko Udalak eta Fundación Reparto Solidario-Banaketa Solidarioa Fundazioak ere uraren, saneamenduaren eta osasun menstrualaren inguruan Guatemalan martxan ditugun proiektuak babesten dituzte. Esku-hartze hauek ikuspegi bikoitza dute:

1. Hilekoaren osasunaren kudeaketa komunitarioa eta instituzionala indartzea.
2. Uraren bidez hedatzen diren gaixotasunak murriztea, ur segurua, saneamendu duina eta higiene-hezkuntza eskaintzea.
Hori lortzeko, hauek dira proiektuen funtsezko ekintzetako batzuk:
Diagnostiko partehartzailea ezagutzari, produktuei, azpiegiturari eta pertzepzio kulturalei buruz.
Espazio seguruak eskoletan eta osasun-zentroetan, haurrek eta nerabeek hilekoaren osasunaz, indarkeriaren prebentzioaz eta nerabeen haurdunaldiaz hitz egin dezaten.
Emakume antolatuak, emaginak eta irakasleak gaitzea, haiek ezagutzak zabal ditzaten.
● Higiene menstrualerako kitak banatzea. Kultura aldetik egokiak diren produktuekin, produktu iraunkorrak eta berrerabilgarriak sustatuz.
Haur eta nerabe gizonekin lan egitea, haurtzarotik estigmak hausteko.
WASH azpiegiturak (ura, saneamendua eta higienea) hobetzea eskoletan, espazio seguru eta pribatuekin.
Erakundeen arteko koordinazioa indartzea. Udalen, MSPASen, MINEDUCen eta gizarte zibilaren artekoa.
Emakumeen lidergoa sustatzea uraren batzorde komunitarioetan, iturgintzako eta sistema hidrikoen mantentze-lanetako zeregin teknikoetan parte har dezaten sustatuz.

Higiene menstrualari buruzko sentsibilizazio saioa, Star Fundazioko neskekin, Bukavu-n.

Afrikan eta Bizkaian ere bai

Higiene menstrualari buruzko sentsibilizazioa, Star Fundazioko neskekin, Bukavu-n. UWEZOHilekoaren osasuna ez da Guatemalan soilik jorratu dugun zerbait. Duela gutxi, hilekoaren osasunari buruzko proiektu bat bultzatu genuen Kongoko Errepublika Demokratikoan, UWEZO Africa Initiative elkartearekin batera. Durangoko Udalari esker, lehen esperientzia izan genuen batez ere Hego Kivun kultura eta hezkuntza arloan lan garrantzitsua egiten duen elkarte honekin, eta harreman arrakastatsua izan da. Osasun menstrualaren gaia Maisha Klubetara eraman zuten (“maisha” “bizitza” esan nahi du swahiliz); Klub hauetan neskei Sexu- eta Ugalketa-osasunari eta generoari buruzko informazioa ematen zaie eta iritziak eta kezkak trukatzen dituzte. Klubeko saioak bi astean behin izaten dira eta Uwezok zortzi ikastetxetan egiten ditu. Hilekoaren higieneari buruz sentsibilizatzeaz gain, kit egokiak banatu ziren (kubo txiki bat, barruko arropa eta eskuoihal higieniko garbigarriak), neskak, gazteak eta nerabeak ikasgelan eroso senti daitezen. Eta, gainera, agintari publikoekin (osasun arloko agintariak tartean) bilerak antolatu zituzten, Hego Kivuko nesken eta emakumeen osasuna hobetzeko. Halaber, hilekoaren osasunari buruz hitz egin zuten kazetariekin. Proiektua amaitu bada ere, UWEZOk hilekoaren inguruan sentsibilizatzeko konpromisoa hartuta jarraitzen du, eta maiatzaren 28rako (Hilekoaren Higiene, Osasun eta Duintasunaren Eguna eta Emakumeen Osasunaren aldeko Nazioarteko Ekintza Eguna) kanpaina bat egin dute “gorritu baina ez lotsatu” bezalako mezu sortzaileekin. Ruandan ere, zazpi eskolatan genero ikuspegiak, higiene menstrualak eta ur eta saneamendu eskubideek duten egoera aztertzen ari gara, eta bertako kooperatibek konpresa eta kulero berrerabilgarriak ekoizten dituzte.

Erdialdeko Amerikan eta Afrikan proiektu horiek gauzatzeak Bizkaiko eskoletan osasun menstruala nola bizi den eta nola jorratzen den pentsatzera garamatza. Euskadiko eskoletan hitz egiten al da hilekoaren osasunari buruz? Nola ikusiko lirateke hemen Guatemalan eta Kongon banatzen ditugun kit-ak eta jarduerak? Zer iruditeria sortzen dute tanpoien edo konpresen publizitateek? Jasangarria edo ideala al da hilekoaren higienea erabili eta botatzeko produktuetan oinarritzea? Kopa menstruala guztiontzako alternatiba al da? Zer dakite eta nola jokatzen dute gizonek? Nola bizi da hilekoa sexu- eta genero-aniztasunean? Euskadiko 2.500 emakume inguruk parte hartu duten inkesta baten arabera, emakumeen % 45ek adierazi du lehen hilekoa modu negatiboan bizi izan zutela eta inkestatuen % 70ek onartu du hainbat botikak erabiltzen dituela menstruazioak eragindako minak arintzeko. medicusmundin hilekoaren inguruko hezkuntza, osasun, arte eta gizarte proposamenak ezagutzen ari gara, eta arlo honetan ere Bizkaiko, Erdialdeko Amerikako eta Afrikako esperientziak eta ikaskuntzak trukatzeak mundu osasuntsuago bat eraikitzen lagun diezagukeelakoan gaude.

Hilekoaren inguruko isiltasuna haustea ez da osasun-kontua bakarrik, ekintza erabat politikoa da. Izendatzea, hitz egitea eta ikasgeletan, etxeetan eta erakundeetan ikusaraztea ahalduntzeko eta gizartea eraldatzeko modu bat da. Feminismoak ondo adierazten duen bezala: pertsonala politikoa da. Eta hilekoa gorputzaren, emozioen eta gizartearen bizipen gisa, egia horren adierazpen sendoa da.

UWEZOk 2025eko maiatzaren 28rako, Higiene Menstrualaren Egunerako, prestatutako afixetako bat.

Kontsultatutako iturriak

https://www.aecid.es/w/higiene-y-salud-menstrual-ya-no-son-tabu-en-las-escuelas-rurales-de-guatemala

https://www.plazapublica.com.gt/politica/ensayo/hablemos-de-la-pobreza-menstrual

https://www.rudagt.org/temas/la-higiene-menstrual-una-deuda-pendiente-con-la-adolescencia

https://www.unicef.es/noticia/dia-de-la-higiene-menstrual

https://www.unwomen.org/es/noticias/articulo-explicativo/2024/05/pobreza-asociada-a-la-menstruacion-por-que-millones-de-ninas-y-mujeres-no-pueden-permitirse-los-productos-menstruales

https://ongawa.org/wp-content/uploads/2025/01/ONGAWA-informe-salud-menstrual_2025.pdf

https://www.facebook.com/medicusmundibiz/posts/pfbid02UzKZK3Qah5r4We1niUwUHnvUah2iH1DngVTmFE5LmWnt2cZC8nVPjDByUWu7bs63l

https://www.facebook.com/UwezoAfrika/posts/pfbid0241kxfKt8UkhcP3MeLBfC6wTv5KKkQjCFMLbQbpRs891xJjDiwiZeiQJqKiWXgiZul

https://www.facebook.com/UwezoAfrika/posts/pfbid0nZudWqns4YU4D8nCQq5w5TugMos5MTcNXnHqLNMJF8FAtkopeEpApGNcEWUAT8Y9l

https://www.ceeriglobal.org/wp-content/uploads/2023/03/La-lucha-contra-la-pobreza-menstrual_Informe.docx.pdf

https://www.globalcitizen.org/es/content/period-poverty-everything-you-need-to-know/

https://www.rudagt.org/temas/la-salud-menstrual-es-un-derecho-humano

https://www.rudagt.org/temas/tres-generaciones-rompen-los-mitos-de-la-menstruacin

https://www.rudagt.org/temas/menarquia-la-llegada-de-nuestro-sper-po

https://www.agenciaocote.com/blog/2022/04/01/menstruar-sin-pagar-la-iniciativa-que-busca-el-acceso-gratuito-a-productos-menstruales/

https://www.rudagt.org/temas/un-nuevo-captulo-en-la-historia-menstrual-de-guatemala

https://www.unicef.org/peru/comunicados-prensa/ninas-y-adolescentes-menstruacion-barrera-incomodidad#:~:text=Si%20bien%20no%20todas%20dejan,el%20olor%20de%20la%20sangre.

https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/albistea/2025/emakumeen-bizi-zikloaren-errekonozimendu-soziala-aldarrikatu-du-emakundek-berdintasunerantz-aurrera-egiteko-beste-urrats-bat-delakoan/ 

https://www.emakunde.euskadi.eus/contenidos/informacion/publicaciones_informes/eu_emakunde/adjuntos/pobrezia_higiene_menstruala_eae.pdf

https://www.argia.eus/argia-astekaria/2790/hilekoa-euskal-herriko-literaturan-i

Itzuli