Konketak eta komunak jartzea ez da nahikoa

Konketak eta komunak jartzea ez da nahikoa Image

Ruandako landa eremuko kooperatibetako emakumeek pobrezia dimentsioanitza, oinarrizko zerbitzu falta, genero desberdintasuna eta klima larrialdia pairatzen dituzte eta, azken urteetan, nazioarteko lankidetza murrizten ari da, gainera. Antolaketa eta kooperatibak sendotzea, agintariekin harremanetan jartzea, eta ikasten jarraitzea gakoa da. Ur eta saneamendu azpiegiturak ere beharrezkoak dira osasunerako, hezkuntzarako eta ekonomiarako, eta emakumeek eta komuniteteek erabaki behar dute non diren beharrezkoen; eta eraginkorrak eta jasangarriak izango badira, haiek hartu behar dute berauek zaintzeko ardura eta protagonismoa.

Klima aldaketaren aurrean, zaurgarri

Afrikak berotegi efektuko gasen emisio globalen % 3 baino ez du isurtzen, baina klima aldaketaren aurrean kalteberenak diren herrialdeak bertan daude. Ruanda munduko hamaikagarren herri zaurgarriena da (ND-GAIN sailkapenaren arabera) eta Kamonyi bezalako landa eremuetan, klima asalduren inpaktua nabarmena da dagoeneko: lurzoruen higadura, uraren kutsadura, baso soiltzea, baliabide naturalen gaineko presioa…

Lurralde plangintza eta azpiegitura egokirik ez izateak ingurumen arazoak larriagotzen ditu. Adibidez, Kamony barrutian ez dago hondakinak kudeatzeko planik. Etxeko eta nekazaritzako hondakinek eragindako uren kutsadura, presio demografikoa eta nekazaritza estentsiboa ere erronka handiak dira, osasun publikorako eta oreka ekologikorako gero eta arrisku handiagoak.

Landa eremuko emakumeek bereziki jasaten dituzte ingurumen narriaduraren ondorioak: bizi baliabideei eragiten die, lan karga handitzen du, autonomia murrizten du eta erresilientzia komunitarioa ahultzen du.

Erronka horri eta beste batzuei aurre egiteko, medicusmundi Bizkaia eta medicusmundi Araba, UGAMA (Kooperatibei Laguntzeko Elkartea), COFORWA (Ruandako Lagun Iturginak) eta ARDE/KUBAHO (Garapen Endogenorako Ruandako Elkartea) elkarteek “Umugore N ‘Ibidukije. Emakume kooperatibistak krisi klimatikoaren eta indarkeria matxistaren aurrean ahalduntze prozesuen buru, Kamonyin, Ruandan” proiektua jarri genuen martxan 2025ean. eLankidetza (Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentzia) erakundeak diruz laguntzen du, eta protagonismoa ematen die hamarkada batez gurekin lanean ari diren sei emakume kooperatibari.

Era berean, proiektua babesten dute edo parte hartzen dute: Emakumeen Kontseilu Nazionalak (CNF) eta Genero Monitoretzako Bulegoak (GMO), Generoan Oinarritutako Indarkeriaren Bulego Sektorialek, WASH Batzorde Distritalek, Ingurumen Kudeaketako Agintaritzak (REMA) eta Ingurumen Bulegoek, Ruandako Kooperatiben Agentziak (RCA), Gizarte eta Ekonomia Garapenerako Bulegoak (SEDO), Nekazaritza Batzorde Sektorialak, landa eskolek eta eskola klubek, tokiko irratiek, partehartze komunitarioko egiturek (Umudugudu eta Umuganda) eta barrutiko beste agintari eta eragile batzuek.

Kudeaketarako unitate berdinzaleak

Proiektuak zenbait instalazio aurreikusten ditu: besteak beste, Tippy Taps (eskuak garbitzeko) eta ECOSAN komunak etxeetan, euri bilketarako sistemak eta birgaitutako ur puntuak komunitate eraikinetan, eta ura biltegiratzeko tankeak eta ingurumena errespetatuz ura tratatzeko teknologia (grabitate bidezko iragazketa) eskoletan.

Tubeho Neza proiektuarekin ere euri-ur sistemak instalatu genituen, kooperatibetan eta etxe batzuetan komunak jarri genituen, eta hilekoa kudeatzeko gelak landa eskoletan. Esperientziak eta ebidentziak erakutsi digute partehartze komunitarioa eta laguntza teknikoa funtsezkoak direla instalazioak behar bezala erabiltzeko eta mantentzeko, haien jasangarritasunerako. Horregatik, proiektu berriak ere laguntza teknikoa, artikulazio instituzionala eta instalatu osteko jarraipen komunitarioa aurreikusten ditu, baliabideak erabiltzeko eta mantentzeko eskola protokoloak diseinatuko dira, eta Kudeaketa Ekitatiboko WASH Unitateak sortzen ari gara.

Kooperatiba bakoitzak bere Unitatea izango du, eta hark gidatuko du instalazioen esleipena, eraikuntza, jarraipena eta onarpen komunitarioa; azpiegiturak diseinatu eta kokatzeko, erresilientzia klimatiko, irisgarritasun eta genero ekitate irizpideak aintzat hartuz; eta ordezkariak izendatuko ditu Kamonyi barrutiko WASH batzordeko saneamendu eta higiene azpibatzorderako eta ur hornidurako azpibatzorderako.

Eraldaketarako prestakuntza

Proiektuaren lehen hilabeteetan, dozenaka prestakuntza jardunaldi egin ditugu ehunka kooperatibistentzat, ikastetxeetako ordezkarientzat, barrutiko agintarientzat, WASH Batzorde Distritalarentzat, CNFrentzat, SEDOrentzat eta beste eragile instituzional batzuentzat. Hiru prestakuntza prozesu nabarmentzen ditugu. Bat, lidergo eraldatzaile feministak indartzeko genero ikuspegidun WASH kudeaketarako eta osasun menstrualerako, honako gai hauei buruzko blokeekin: uraren kudeaketa jasangarria eta hilekoaren higienea; lidergo eraldatzaile feministak indartzea WASH kudeaketan; eta WASH azpiegituren mantenimendua eta erabilera segurua. Beste bat kooperatiba erresilienteei eta trantsizio agroekologiko jasangarriari buruzkoa da, autonomia ekonomikoko, ekoizpeneko eta merkaturatzeko estrategiak hobetzeko, honako gaiak jorratuz: finantza kudeaketa eta indarkeria ekonomikoaren prebentzioa; agroekologia eta ekoizpen erresilientea; klima aldaketara egokitutako sargaiak; ekoizpen eta merkataritza prozesuen jarraipena. Eta ikuspegi ekosozialetik, Tokiko Gobernantza Klimatikorako Prestakuntza Eskola sortu genuen, arian-arian hinbat gai jorratu dira: Politika klimatikoak eta erresilientzia, genero ikuspegiarekin; Tokiko Gobernantza Klimatikoa eta herritarren partehartzea; Eragin politikoa klimaren inguruko erabakiguneetan; eta Klimaren Monitorizazio Komunitarioa eta alerta goiztiarreko mekanismoak.

Klima aldaketara egokitzeko eta haren efektuak arintzeko Kamonyiko sei kooperatibarekin batera egiten ari garen urratsetako batzuk baino ez dira. Landa eremuko emakume antolatuen lidergo, erresilientzia eta autonomia da abiatuta. Haiek gabe ezinezkoa izango da genero justizia duen eraldaketa ekosoziala.

Itzuli