Kivun bake iraunkorraren bila

Kivun bake iraunkorraren bila Image

Ekainaren 27an Ruandak eta Kongoko Errepublika Demokratikoak (RDC) Bake Akordioa sinatuko dute Washingtonen. Akordioak, besteak beste, honako gai hauei buruzko xedapenak jasotzen ditu: lurralde-osotasuna errespetatzea, talde armatuak desarmatzea, errefuxiatuen eta desplazatuen itzulera erraztea, sarbide humanitarioa eta eskualdeko integrazio ekonomikoa. Eskualdeak gatazka eta ezegonkortasun ugari bizi izan ditu aspaldidanik; beraz, akordioa gauzatzea erronka handia izango da, eta zalantzak izatea arrazoizkoa da. RDCn, Ruandan eta beren mugetan lan egiten duen GGKE gisa, gure aliatuei galdetu diegu nola bizi izan duten gatazka azken hilabeteotan.

Ruanda eta Kongoko emakume salerosleek Bakearen nazioarteko eguna ospatu zuten Rubavun (Ruanda). SPR

Izan ere, medicusmundi Bizkaiak (MMB) hiru hamarkada baino gehiago darama Kongoko Errepublika Demokratikoan lanean; 2022tik, Ipar Kivu eta Hego Kivu probintzietan, herrialdearen ekialdean, Ruandarekin mugan. MMB 1966tik ari da Ruandan eta, beraz, Kongoko jardunak eskualde ikuspegia du. Are, MMBren bazkide nagusietako bat SPR (Bakearen aldeko emakumeen sinergia eta Afrikako Aintzira Handietako eskualdeko herrien adiskidetzea) da: Kivuetako, Ruandako eta Burundiko 39 emakume antolakuntzak osatzen dute. SPRrekin dugun proiektu batek Ruandako ARDE/KUBAHOren  partehartzea du, helburua “mugaz gaindiko emakumeen” (mugaren bi aldeetan eta muga zeharkatuz merkataritzan aritzen diren emakumeak) eskubideak babestu, haien protagonismoa aldarrikatu eta eskualdean bakea sustatzea baita. Proiektu hau medicusmundi Arabarekin elkarlanean garatzen ari gara, eta eLankidetza Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren laguntzarekin.

Beldurra, erresistentzia eta ziurgabetasuna Kongon

2025eko urtarrilaren amaieratik, M23 talde armatuak Kivun duen kontrola hedatzea lortu du, RDCko Indar Armatuak (FARDC) eta haien aliatuak, Kongoko gobernua eta haien aurka dagoen oro kanporatuz. Gomara (Ipar Kivuko hiriburua) sartzea lortu ondoren, otsailean M23 taldeak Bukavu (Hego Kivuko hiriburua) ere menderatu zuten. SPRko lagunek egoera hori nola bizi duten eta gatazkak proiektuei nola eragin dien kontatu digute:

Ipar Kivu, Hego Kivu eta Ruandako mapa. France 24

“Kivu eskualdeak dimentsio anitzeko krisi bati aurre egiten jarraitzen du, eta krisi hori segurtasun ezak, biztanleriaren joan-etorri masiboek eta krisi humanitarioa larriagotzeak markatzen dute. Gatazka armatua tokiko eta atzerriko talde armatuen presentziak elikatzen du, hala nola M23, FDLR, Maï- Maï eta beste milizia batzuk. Talde horien eta FARDCren -batzuetan Burundiko armadaren eta wazalendoen laguntza du- arteko borrokek bizitza askoren galera eta zibilen desplazamendu masiboa eragin dute.

Segurtasun falta kroniko horrek eragin zuzena du pertsonen eguneroko bizitzan. Milaka familia baldintza eskasetan bizi dira, edateko ura, elikagaiak, osasun-arreta edo hezkuntza behar bezala eskuratu ezinik. Emakumeak eta haurrak bereziki kalteberak dira, eta sexu-indarkeriaren, lan behartuaren eta esplotazioaren arriskupean daude. Erakunde humanitarioek eta garapen-erakundeek zailtasunak dituzte eremu jakin batzuetara iristeko, errepideen segurtasunik eza edo egoera txarra dela-eta. Momentuz, SPRk medicusmundirekin elkarlanean eta eLankidetzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatuta martxan dituen proiektuak garatzen ari diren lekuak irisgarriak dira eta aurreikusitako jarduerak egin ahal izan ditugu.

Apirilean, Kongoko emakume merkatariek prestakuntza jaso zuten Goman (RDC). SPR

Hego Kivun eta Ipar Kivun, biztanleek Estatuaren utzikeria-sentimendu sakona adierazten dute. Justiziarik ezak, gazteen langabeziak eta pobreziak etsipen- eta frustrazio-giroa elikatzen dute. Gizarte zibilak, elizek eta GKEek eginahalak egiten dituzte erantzun humanitarioa emateko eta bakea sustatzeko, baina haien baliabideak mugatuak dira oraindik.

Kivuko krisian, eskualdearen konplexutasunak eta baliabide naturalen legez kanpoko ustiapenari lotutako gaiek ere eragina dute. Abian diren ekimen diplomatikoak gorabehera, bakea eta giza duintasuna berrezartzeko irtenbide politiko zintzo, integratzaile eta iraunkor baten zain, herritarren eguneroko esperientzia beldurra, erresistentzia eta ziurgabetasuna dira.

Emakume merkatarien arteko ahizpatasuna eta bakegintza

Bi herrialdeen arteko tentsio politikoek baldintzatutako testuinguruan, mugaz gaindiko merkataritzan diharduten Ruanda eta Kongoko emakumeek oztopo ugari dituzte beren eguneroko bizitzan: merkatu-espazioetan egiturazko diskriminazioa, generoan oinarritutako indarkeria, etsaitasuna eta babesik eza jasaten dituzte. Eragile informalek eta botere-posizioan dauden agenteek jazarpena, gehiegizko kobrantzak, estortsioa eta beste indarkeria-mota batzuk eragitea ohikoa da. Horrek guztiak larriki mugatzen ditu emakume merkatarien autonomia, segurtasuna eta ahalmen ekonomikoa.

Prestakuntza saioa Rubavun (Ruanda), martxoan. ARDE/KUBAHO

Errealitate horren aurrean, proiektuak emakumeek berek gidatutako prozesuak bultzatzen ditu, eta beren laguntza-sareak indartuz, espazio seguruak sortuz, defentsa kolektiboko mekanismoak aktibatuz eta bakearen eraikuntza ikuspegi feministatik sustatuz. Hala, lan-baldintzak hobetzeaz gain, mugaren bi aldeetako harreman sozialak eta komunitarioak eraldatu nahi ditugu.

Prozesu honen ondorioz, 2025ean eraldaketa esanguratsuak ikusten hasi gara: bidegabekerien aurrean, emakume askok kontzientzia kolektiboa eta elkarrekin jarduteko gaitasuna indartu dute. Testuinguru politiko zailak eragindako aurkaritza baino, lankidetza, elkarri laguntzea eta beren bizibidea elkarrekin defendatzea lehenesten ari dira, eta mugaz gaindiko antolaketaren eta ahizpatasunaren indarra aitortzen dute.

Aipagarria da, 2025eko urtarriletik martxora bitartean Goma hirian gerra izan zenean, emakume ruandarrek Kongoko kideekiko erakutsi zuten kezka.  Hirian egonkortasuna berreskura zenean ere, beren enpresa-jarduerak berriz has zitzaten lagundu zieten. Gaur egun, ahizpatasunak eta elkarrekiko babesak definitzen du haien arteko harremana.

Maiatzean irratsaioak grabatzen hasi ziren. ARDE/KUBAHO

Egitasmo honek gai asko jorratzen ditu: migrazio-politikak, emakumeen eta haurren giza eskubideak, eskubide ekonomikoak, elkartegintza eta kooperatibismoa, parte hartzeko eskubidea, autodefentsa, sexu- eta ugalketa-eskubideak, ingurumen osasuntsua izateko eskubidea (bizitzeko eskubidea, osasuna, elikadura, ura eta saneamendua), maileguak, aurrezkiak, finantza-alfabetatzea, zerga-hezkuntza eta enpresa-kudeaketa… Gai horiei buruz, baterako plangintza-saioak, agintariekin bilerak, 600 emakumerengana iritsiko diren prestakuntzak eta gizarte-kontzientziazioa egiten dira, liburuxken, kartelen eta irratsaioen bidez eta talde komunitarioetan.

Mugaz gaindiko emakumeekin egindako proiektu hau, ahalduntze ekonomikorako ez ezik, funtsezko zeregina izaten ari da Ruanda eta Kongo arteko mugan konfiantza berreraikitzeko, bakea sustatzeko eta benetako lankidetza sustatzeko.

Ruandatik, lotura eta itxaropen istorio bat

Never Again. Twibuke, Twiyubaka. “Inoiz ez berriro. Oroituz, berreraikiz”. Ruandatik bidali dizkiguten hitzak dira, 1994ko apirilaren 7tik uztailaren 15era bitarte gertatu zen genozidioa gogoratzeko sarri erabiltzen direnak. Urteurrenaren harira, ARDE/KUBAHOk honako hausnarketa hau partekatzen digu:

“1994an tutsien aurkako genozidioa gertatu zela 31 urte bete direnean, etenaldi bat egiten dugu milioi bat bizitza baino gehiago galdu zirela gogoratzeko eta bizirik atera zirenen indarra ohoratzeko. Aukera solemne honek ruandar guztiei eta munduko komunitateari dei egiten die gogora dezagun, gogoeta egin dezagun eta «Inoiz gehiago ez» promesari eutsi diezaiogun. ARDE/KUBAHOn, ospakizun honek bakearen, duintasunaren eta garapen inklusiboaren alde egiten dugun lana berresten du.

Genozidioa oroitzeak justizia, enpatia eta gizatasun partekatuan oinarrituko den etorkizuna eraikitzeko inspirazioa eman behar digu. Eskualdeko tentsio politikoak areagotzen diren bitartean, mugaz gaindiko emakume merkatariak bestelako historia idazten ari dira: lotura eta itxaropen istorio bat. Beldurra eta nahasmena gorabehera, emakume hauek modu baketsuan biltzen, salerosten eta elkar babesten jarraitzen dute. Zatiketaren aurkako erresilientzia isil hori ere, bake-ekintza ausarta da.”

Apirilaren 3an Ruanda eta Kongoko 300 emakume merkatari bildu ziren Gisenyin. ARDE/KUBAHO

 

 

Itzuli