Erditze duin eta errespetuzkoen alde

Erditze duin eta errespetuzkoen alde Image

“Ez negar egiteko esan zidaten , nik neuk bilatu nuela mina”, “Nire umeari zerbait gertatuko zitzaion beldur izan nintzen”. “Comadronak lagundu nahi izan zidanean, ez zioten sartzen utzi”. Horiek dira k’iche eta kaqchikel emakume indigenen indarkeria obstetrikoaren (IO) egoerari buruzko azterlanean jasotako testigantzetako batzuk. Guatemalako emakume indigenenganako IOaren egoerari buruzko ikerketa bat da; ikerketa medicusmundi Bizkaiak eta Guatemalako bi elkartek bultzatu dugu: ASECSA (Osasun Zerbitzu Komunitarioen Elkartea) eta Moloj (Emakume Maien Elkarte Politikoa).

Ikerketaren aurkezpena, Guatemala Hirian, 2025eko otsailaren 11n. Moloj.

Veronica Sajbin soziologoak, Silvia Solorzano medikuak eta Teresa Laines komunikatzaileak osatu dute ikerketa taldea: 2024an, Chimaltenango eta Quiché departamenduetan, osasun publikoko zerbitzuak erabiltzen dituzten emakumeei 21 elkarrizketa, comadronekin foku-taldeak eta Osasun Saileko (MSPAS) langileei 14 elkarrizketa egin zizkieten. Guatemalako 85 emakumek ere IOri buruzko inkestari erantzun zioten. Beste analisi batzuk ere egin zituen, hala nola IOri buruzko literaturaren berrikuspena, gastu publikoa osasunean, zesareen ehunekoa azken erditzean, edo pobreziaren eta etniaren arteko korrelazioa. Ikerketa otsailaren 11n aurkeztu zen Guatemala Hirian, eta azterlana erakunde publikoei, osasunari eta segurtasunari buruzko erakundeei, gizarte zibileko elkarteei eta emakumeen sareei aurkezten jarraitzen dugu, elkarrizketa sortuz.

eLankidetzako teknikariekin bilera, ikerketa aurkezteko.

Era berean, Rosa Tomas, Moloj-eko zuzendaria, ASECSAko zuzendari Hugo Icu, Verónica Sajbin ikertzailea, Rosa Patá comadrona eta Paulina Ortiz  “Mujeres Mayas enfrentando políticamente la Violencia Obstétrica como un problema de salud pública en Guatemala” proiektuaren aurkikuntza eta lorpen nagusiak aurkeztera etorri ziren otsailaren amaieran. Proiektu horrek eLankidetzaren (Lankidetza eta Elkartasunerako Euskal Agentziak) eta Durangoko Udalaren laguntza izan du.

Ikerketa-taldeko eta MOLOJ elkarteko kideak Durangoko Udalean.

Lehen pausua

Otsailean Guatemalako bost kideren bisita jaso genuen eta agenda betea izan zuten: indarkeria obstetrikoaren inguruan egindako lana azaldu zieten eLankidetzari, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Durangoko Udalari; ikerketa aurkeztu zuten Bizkaiko Medikuen Elkargoan, Euskal Herriko Unibertsitateko erizaintza ikasleen aurrean eta Algortako Kultur Etxean (Getxo); topaketak izan zituzten Andragunean (Durangoko Emakumeen Etxea), Osasunaren Euskal Foroko elkarteekin eta HEGOA institutuko masterreko ikasleekin; gainera, elkarrizketak eskaini zizkieten Berria egunkariari, Pikara Magazineri, Vinilo FM irratiari eta podcasta grabatu zuten EHUren Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean.

Paulina Ortiz Bizkaiko Medikuen Elkargoan ikerketa aurkezten.

Indarkeria gineko-obstetrikoak ertz eta adierazpide asko ditu, eta bereziki dago emakumeen osasunari lotuta, baita sexu eta ugalketa eskubideei ere. Bai Guatemalan bai Euskadin kontzeptu hau aipatzea berrikuntza da hein batean; askorentzat kontzeptu lagungarria eta argigarria, besteentzat arantzatsua eta gatazkatsua. Edozelan ere, ikerketa hau lehen pausua besterik ez da, sinetsita gaudelako indarkeria obstetrikoaz aritzeak pazienteen autonomia handitzen, haurdunaldia humanizatzen, mediku-paziente tratua hobetzen, beharrezko ez diren interbentzioak saihesten, etorkizunean haurdunaldi eta erditze denak duinak izaten eta, finean, emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiten eta emakumeen osasuna hobetzen lagun dezakeela, hemen eta Erdialdeko Amerikan.

 

Rosa Patá Coroy (eskuman), Nim Alaxik-eko comadronekin eta Bernardo Arevalo Guatemalako presidentearekin, 4-2025 dekretua onartu berritan. ASECSA

Kongresuaren aitortza comadronei

Martxoan Guatemalako Kongresuak comadrona bakoitzari urtean 4.000 quetzaleko (500€ baino gutxiago) babesa ematea erabaki zuen; emagin indigenen lana aitortzeko beste pausu bat. Estatistikako Institutu Nazionalaren arabera, Guatemalan 23 mila comadrona baino gehiago daude Osasun Ministerioan erregistratuta, eta urtean 124 mila erditze baino gehiago artatzen dituzte. Halere, azpimarratu behar da comadronen jarduna ez dela erditzeak artatzera mugatzen, hori baino askoz gehiago da. Handia da ama-umeen osasunari egiten dioten ekarpena, baina sarri haien jarduna gutxietsia da ospitaleetan edo, are, arrazakeria jasaten dute. Haien lana sustatu eta ikusarazteko, maiatzaren 19an Guatemalan comadronen eguna ospatzen dugu.

Argitalpenak eskura

2025eko otsailean aurkeztu genuen “SITUACIÓN DE LA VIOLENCIA OBSTÉTRICA EN MUJERES INDÍGENAS DE GUATEMALA. Estudio sobre la situación de la violencia obstétrica en mujeres indígenas K’iche’ y Kaqchikel” ikereta. Eskuragai dago jada, eta harekin batera, azterlanaren harira argitaratutako bestelako bideo, prodcast, elkarrizketa eta artikuluak.

 

Proiektu zabalagoa

IOri buruz ikertu ahal izateko, azterlana hainbat tokitan aurkezteko eta emakume indigenen ugalketa-osasunaren alde egiteko, beharrezkoa da emakume antolatuekin, emaginekin eta komunitate-osasunaren sustatzaileekin aritzea: prestakuntzan, elkarte eta sareak indartuz eta elkarrizketan. Horregatik, hilabeteak daramatzagu IOri, osasunari eta emakumeen eskubideei buruzko bilerak, ikastaroak eta bestelako jarduerak sustatzen.

 

 

Komunikazio kanpainak:

Prestakuntza, tailerrak:

Bestelako jarduerak, indarkeria obstetrikoaren inguruko proiektuan:

Taller de filoterapia 2024ko iraila
Itzuli