Ba al zenekien Guatemala izan zela elikagai segurtasunari buruzko lege bat izan zuen Latinoamerikako lehen herrialdea? 2005ean onartu zuen Elikadura Segurtasunerako eta Nutriziorako Sistema Nazionalaren Legea (SINASAN), baina asmo on horiek ez dute desnutrizioa askorik murriztu. Era berean, ez zuten 2006ko Estatu Batuekiko Merkataritza Askeko Ituna (DR-CAFTA) saihestu: AEBetatik zetozen laboreen muga zergak erabat ezabatu zituen (arto zuriarena ezik). Guatemalan kontsumitzen diren elikagai gehienak bertan ekoizten dira, baina % 20-25 inportatu egiten da, eta AEB da hornitzaile nagusia (% 34).

Nutrizio-kalteberatasuna, desnutrizio kronikoaren prebalentziaren arabera. Guatemala 2024 V Censo de talla
Desnutrizio kronikoak Guatemalako haurren erdiei eragiten die. Hazkunde fisikoa mugatzeaz gain, garapen kognitibo osoa eragozten du, ikasteko, informazioa gogoratzeko eta arazoak konpontzeko gaitasunari eraginez. Guatemalan arazo multifazetikoa da, gizarte eta ingurumen baldintzatzaileak dituena: gose luzea, edateko urik eta oinarrizko saneamendurik eza, osasun zerbitzuetarako sarbiderik eza, amen hezkuntza maila txikia eta jaiotzean pisu txikia izatea. Hala diote Elikadura eta Nutrizio Segurtasuneko Idazkaritzak (SESAN), UNICEFek eta nazioarteko erakundeek. 2024ko abuztutik 2025eko martxora bitartean, Guatemalako Errepublikako Sektore Publikoko Lehen Hezkuntzako Lehen Mailako Ikasleen Neurrien Bosgarren Errolda Nazionala egin zen. Zentsu horrek adierazten du batez besteko desnutrizio-prebalentzia % 31,7koa dela, oso altua oraindik. Coatepeque udalerriko 2023ko Bizi Estatistiken eta Zaintza Epidemiologikoaren Memoriako txostenen arabera, 5 urtetik beherakoetan artatutako kasuen % 11 desnutrizioagatik edo hura pairatzeko arriskuan egoteagatik izan ziren.
Hain zuzen ere, Coatepequen bultzatu du medicusmundi Bizkaiak «Elikadura burujabetza sustatzea eta haurtzaroan desnutrizioa prebenitzea Coatepequeko (Guatemala) 7 landa-komunitatetan. II. fasea», Getxoko Udaleko Lankidetza sailarekin. Proiektua Hijas de San Josék koordinatu du; medicusmundi Bizkaia 1997tik ari da haiekin lanean, egoera ahulenean dauden komunitateen, bereziki Coatepeque udalerriko landa-eremuko herrixken, lehentasunezko eskaerei eta beharrei elkarrekin helduz.
Proiektuari buruzko bideoa: Hongos ostra en Coatepeque (Guatemala): soberanía alimentaria y prevención de la desnutrición
Coatepeque Guatemalako Quetzaltenango Departamenduko udalerri bat da. 150.000 biztanle baino gehiago ditu, eta % 66 landa-eremuan bizi da: udalerria Getxo baino ia 40 aldiz handiagoa da, Uribe Kosta baino sei aldiz handiagoa. Biztanleriaren % 88 mestizoa da eta % 12 indigena (nagusiki, Mam eta Quiché maiak). Biztanleria gaztea du: 19 urtetik beherakoak % 44,38 dira, eta % 23 dira 40 urtetik gorakoak. Udalerriko pobrezia egoera % 42,82koa da, eta muturreko pobrezia, berriz, % 6,13koa. Etxebizitza gehienak egurrezkoak, kanaberazkoak eta palmazkoak dira, eta lurrezko zorua dute. Herrixka eta baserri batzuek oraindik ez dute edateko urik, drainatzerik eta argi elektrikorik. Landa-eremuko saneamendu- eta bizigarritasun-baldintzak, etxebizitzen egoera, drainatzea, edateko ura, argi elektrikoa eta errepideak oso eskasak dira.
Osasun zerbitzuetarako azpiegitura eta giza baliabide oso gutxi dago, eta batez ere udalburuan eta zerbitzu pribatuetan kontzentratzen dira (Guatemalako poltsikoko osasun gastua oso handia da). Egoera horrek eragina du proiektu honen xede den biztanleengan, osasun zerbitzuetarako sarbiderik ez dutelako (distantziengatik eta garraiobide egokirik ez dutelako, bai eta osasun-laguntzaren eta sendagaien prezio altuengatik ere). Coatepequen honako osasun zerbitzuak daude: landa-eremuan, osasun-postu bat, erizaintzako laguntzaile batek artatua, eta, hiri-eremuan, osasun-zentro bat, erreferentziazko zentroa.
Osasun animatzaileen ekarpenak
Pastoraleko eta komunitateetako boluntarioak (helduak eta gazteak) eta emakume liderrak osasun alorrean antolatuta daude, haurren desnutrizioaren prebentzioan eta osasun orokorraren sustapenean elkarrekin lan egiten dute. Egingarria denean, desnutrizioari arreta emateko ekintzak osasun-instantziekin koordinatzen laguntzen dute, baita sexu- eta ugalketa-eskubideen sustapenean, GIBaren prebentzioan (bereziki transmisio bertikalean), emakumeen aurkako indarkeria-kasuen prebentzioan eta nerabeen haurdunaldien prebentzioan. Komunitate horientzat lehentasunezkoak diren gaiak, guztiak.
Hijas de San Joserekin eta komunitatearekin batera, Coatepequeko zazpi landa-komunitatetan haurren desnutrizioa prebenitzeko eta artatzeko programa hasi genuen Getxoko Udalaren laguntzarekin, eta lan horri jarraipena eman diogu; bigarren fase honetan, beste komunitate bat gehitu da. Coatepequeko Osasun Pastoraltzako osasun animatzaileekin prestakuntza prozesu bat burutu da eta, osasun komunitarioko sustatzaileen bitartez, haurren desnutrizio kasuak artatu eta monitorizatu dira: elikadura eta ama-haurren osasunerako programa bat garatu da emakume antolatuen partaidetzarekin, osasun arreta behar duten haur indargeen (5 urtetik beherako umeak) kasuak osasun zerbitzuetara bideratu dira, eta antolatutako emakumeen sareekin dieta dibertsifikatzeaz eta elikadura ohitura osasungarriez aritu gara.
Komunitateko aretoetatik plateretara
Aldi berean, elikadura subiranotasuna bultzatu dugu ostra onddoak modu ekologikoan ekoizteko ekimen baten bidez. Horretarako, prestakuntza praktikoak egin dira ekoizpenerako, eta familiei nutrizio eduki handiko elikagai hau eskuratzeko eta eskuragarri izateko aukera eman zaie. Ostra onddoak instalazio komunitarioetan sortu dira, eta instalazioak egokitu egin dira ekoizpenerako baldintza (tenperatura, hezetasun, argiztapen edo aireztapen) onenak lortzeko. Komunitate batzuetan izurriteek edo manipulazio txarrak eragindako konplikazioak egon ziren arren, guztietan onddoak ekoiztea lortu zuten. Eta ekoiztu ondoren, prestatu eta jan egin zituzten, noski.
Zailtasunak gainditzeko, lagungarri izan ziren laguntza teknikoa eta gure bazkide den CPDLren (Colectivo Poder y Desarrollo Local) eskarmentua, Sololán arrakastaz ekoitzi eta merkaturatu baitituzte ostra onddoak. Egoera batzuk konpontzen laguntzeaz gain, CPDL inspirazio iturri izan zen. Neurri batean, Hijas de San Josék eta Coatepequeko talde antolatuek CPDLren esperientziagatik egin zuten onddoen alde elikadura subiranotasuna bultzatzeko eta komunitateetan desnutrizioa prebenitzeko.
Guatemalako beste ekimen eta txosten batzuk desnutrizioari, ostra onddoei eta elikadura-subiranotasunari buruz:
Hongos ostra, una alternativa nutricional (World Visión, USAID)
Soberanía alimentaria para el cuidado de la vida en Guatemala (InteRed, AECID)
Producción de hongo ostra como fuente de generación de ingresos (Nazioarteko Elkartasuna, eLankidetza)
Cultivarán hongos como fuente de ingresos y sustituto de carne en Quiché (Oficina Municipal de Seguridad Alimentaria de Santa Cruz del Quiché)
Situación de la Seguridad Alimentaria y Nutricional (SAN) – SIINSAN
Encuesta Nacional de Condiciones de Vida (ENCOVI) 2023
Encuesta Nacional de Salud Materno Infantil (ENSMI)
Quinto Censo de Talla en Escolares 2024
Organización de las Naciones Unidas para la Alimentación y la Agricultura | FAO en Guatemala
Colección “Buenas prácticas”: Hongos tipo Ostra











