Munduko biztanleriaren % 55ek ez ditu bere oinarrizko osasun-premiak aseta. Martxa honetan, osasun arloko Garapen Jasangarriko Helburuen xedeetako % 10 baino ez da beteko 2030ean; bereziki kezkagarria da Osasun Estaldura Unibertsalaren eta amen heriotza-tasaren egoera. 10 milioi osasun-profesional gehiago behar dira munduan. Elikagai segurtasun falta larriak 59 herrialde eta lurraldetako 281 milioi pertsonari erasaten die. 117 milioi pertsona baino gehiagok ihes egin behar izan dute haien bizilekutik; azken urtean % 8 hazi da ihes egin behar izan duten pertsonen kopurua. Ekintza humanitarioak duen sarbidea gero eta murritzagoa da: herritarren, azpiegitura zibilen eta langile humanitarioen aurkako erasoak gero eta ugariagoak dira. Osasun globalaren erronka handiek (klima-aldaketa, mikrobioen aurkako erresistentziak, etorkizuneko pandemia potentzialak, ekitaterik eza areagotzea, genero eta osasun desberdintasunak barne…) munduko biztanle guztiei kalte eragin diezagukete; ondorioak txikitzeko, erakunde guztien inplikazio handiagoa behar da.
Izan ere, mundu mailan, gastu militarra Lankidetzara bideratzen dena baino 10 aldiz handiagoa da. Euskadik, 2023an, biztanle bakoitzeko 25 € bideratu zituen Garapenerako Laguntza Ofizialera (horietatik 4,5 € Ekintza Humanitariora), hau da, aurrekontu-gastuaren % 0,39. Euskal Autonomia Erkidegoa buru da Espainian, eta bere nazioarteko elkartasunak ez du beherakada nabarmenik jasan urteak joan urteak etorri; baina 2024an legez onartu zuen gastuaren % 0,7 elkartasunera bideratzea eta ez du pausurik eman bide horretan. Gainera, garapenerako laguntzaren % 2,65 soilik bideratu zen osasun-proiektuetara.
Horregatik, munduko osasun gabeziei aurre egiteko, nazioarteko lankidetza beharrezkoa dela aldarrikatu genuen martxoaren 12an Eusko Legebiltzarrean. “La salud en la cooperación al desarrollo y la acción humanitaria. Informe 2024” txostenean jasotako datu esanguratsuenak aurkeztu genituen, baita Euskadiko datuak biltzen dituen koadernoa ere. Txosten hauek medicusmundi eta Médicos del Mundo elkarteen arteko ekimen bateratua dira, eta 2002tik urtero eskaintzen dute osasunaren nazioarteko analisi kritiko bat. Helburua mundu osasuntsu baten aldeko ekintza humanitarioa eta osasun-lankidetza areagotzea eta efizienteago egitea da. Informazio guztia www.cooperasalud.org webgunean eskura daiteke.
2024ko Txostena: https://www.cooperasalud.org/informes/Informe_SaludAOD_2024.pdf
Laburpena: https://www.cooperasalud.org/informes/Destacados_SaludAOD_2024.pdf
Euskal erakunde publikoek ekintza humanitarioan eta osasun arloko lankidetzan egiten duten lanari buruz gehiago jakiteko, koadernotxo hau prestatu dugu: https://www.cooperasalud.org/informes/Cuaderno_AODSalud_Euskadi_2024_eus.pdf

Medicus Mundi eta Médicos del Mundoren agerraldia Eusko Legebiltzarrean, martxoaren 12an. Eusko Legebiltzarra.
Berdintasun eta Garapenerako Lankidetza Batzordean egindako agerraldia ere elkarlanean egin genuen, medicusmundi Bizkaia, medicusmundi Araba, medicusmundi Gipuzkoa eta Euskadiko Munduko Medikuak elkarteen artean. Medicus Mundiren izenean Itziar Irazabalek eta Carlos Mediano Ortigak -medikua eta Txostenaren egileetako bat- hartu zuten hitza eta Munduko Medikuak elkartearen izenean Txomin Zabala Hernández aritu zen -medikua eta Euskadiko Munduko Medikuak elkarteko presidentea-. Euskal politikek mundu mailan mugak badituzte ere, osasunak garapenean duen garrantzia azpimarratu genuen, eta mundu osasuntsu baten alde Euskaditik gehiago eta hobeto egin behar dugula aldarrikatu genuen.
Agerraldiaren bideoa ikusgarri dago: https://www.legebiltzarra.eus/ords/f?p=120:10:9018029908861::NO:RP,RIR:P10_ID,P10_TEXT_SHOW,P10_EXPAND:224046,N,N










