“Kooperatibek egitura sendoa dute eta bizi biziak dira euren egunerokoan”

“Kooperatibek egitura sendoa dute eta bizi biziak dira euren egunerokoan” Image

1966an sortu zen medicusmundi Bizkaia, eta urte berean hasi zen Ruandan lanean. Riki Minguez Gabiña 2004an joan zen lehen aldiz Ruandara, eta aurten laugarren aldiz bisitatu du herrialdea. Riki medicusmundi Bizkaiako presidente izan zen eta, egun, Zuzendaritza Batzordeko kidea da, Afrikako proiektuen arduraduna.

Otsailean Ruandara joan zen, bertako bazkideekin elkartu eta proiektuak ikuskatzera. Handik Kongoko Goma hirira joateko asmoa ere bazuen, bertako zenbait elkarterekin bilerak hitzartuak baitzituen; baina M23 mugimenduak hiria hartu berria zuenez, segurtasunaren eta mugako egoeraren inguruko zalantza ugari zegoen, bisita hori bertan behera gelditu zen eta Ruandan eman zuen aste osoa.

Kamonyiko kooperatiba bati eginiko bisita. UGAMA

1990eko hamarkadatik Ruandako bizi-itxaropen, hezkuntza eta garapen adierazleek hobera egin dute, baina zer aldatu da hobera? Zer gabezia daude oraindik?

Zalantzarik gabe, Ruandako azpiegituren garapena nabaria izan da. Errepideak, elektrizitatea, etxebizitza, ura, telekomunikazioak… arlo guztietan herrialdea modernizatu da eta populazioaren ehuneko handi bat hobeto bizi da.

Hala ere, Afrikako herrialde askotan bezala, ezberdintasun handia dago aberats gutxi batzuen eta populazio xumearen artean, baita Kigali hiriburuko eta landa eremuko populazioen artean ere.

Bestalde, sistema politikoa presidentearen alderdi politikoaren menpe dago eta gizarte mailan askatasun falta sumatzen da. Gure bertako lagunek nahiago dute Europako egoera politikoari buruz hitz egin bertako egoerari buruz baino.

Gainera, Estatuak eskaintzen duen babesa urria da kolektibo askorentzat: LGTBIQ+, desgaitasun fisikoa edo intelektuala duen jendea, baliabiderik ez duten adinekoak, ikasketarik ez dutenak edo, orokorrean, emakumeak.

Hainbat kooperatiba bisitatu dituzu. Nolakoa da haien egoera?

Ruandan irabazi asmorik gabeko hiru elkarterekin lan egiten dugu: Arde/Kubaho, Coforwa eta Ugama. Duela ia 20 urte sortutako kooperatibak bisitatu nituen: egitura sendoa dute eta bizi biziak dira euren egunerokoan.

Gehienbat diru-sarrera bat eduki nahi duten emakumeak daude. Asko gizarteko sektore marjinaletatik datoz eta toki abegikorra eta integratzailea topatzen dute. Emaitzak eta lorpenak handiak izan dira: ehunka emakumek ikasi dute irakurtzen eta idazten, nekazaritzan trebatu dira, josten eta eskulangintzan ikasi dute…  Beharrak ere handiak dira, baina baikorra naiz euren etorkizunarekin oso erresilienteak direla ikusten dudalako eta jorratzen diren arloak zabaltzen ari direlako.

Riki Minguez TUBEHO NEZA proiektua bisitatzen; egitasmoak zazpi kooperatiba indartzen ditu eta 500 onuradun ditu, batez ere emakumeak. COFORWA

Zein dira etorkizunerako erronkak? Zertan laguntzen die medicusmundik? 

Asko, adibidez, kide berriak erakartzea eta belaunaldi-aldaketa egitea edo nekazaritza ekologikoa egitea. Kooperatibetako kideentzat zaila da inbertsioak egitea eta medicusmundiren babesak proiektu berriak garatzen laguntzen die.

Kongoko Errepublika Demokratikora joateko asmoa zenuen, elkarte berriak ezagutzera, baina segurtasun kontuengatik ezinezkoa izan zen. Zein erronka ditu medicus mundik Kongon?

medicusmundi Bizkaia 2022an hasi zen Kivu lakuaren eskualdean lanean. Proiektu berriak dira, harremana sendotzen ari gara bertako elkarteekin (SPR eta Uwezo) eta ekarte gehiago ezagutzen ari gara pixkanaka. Itxaropen handia daukagu martxan jarritako proiektuekin. Harrigarria da ikustea gerra egoerak ez dituela proiektuak gelditu eta bertako jendeak aurrera egin nahi duela edozein oztoporen gainetik.

Espero dut bertako egoera politikoa egonkortzea, bakea etortzea eta noizbait bertako lagunak eta proiektuak bisitatu ahal izatea.

 

Hego Kivun MPOXari erantzunez

Riki Minguez Muskizko liburutegian, Elkartasun Jardunaldietan.

Maiatzean Rikik Muskizko Elkartasun Jardunaldietan parte hartu zuen, Kongoko MPOX agerraldiaren larrialdiak sortutako egoerari buruzko solasaldia eskainiz. Izan ere, medicusmundi Bizkaiak, Muskizko Udalak eta Banaketa Solidarioa Fundazioak indarrak batu zituzten 2024an, MPOX izurriteak (tximinoaren baztanga) eragindako osasun-krisiari erantzuteko.

Ekintza humanitario horrek Nyangezi eta Ruziziko (Hego Kivu probintzia, Kongoko Errepublika Demokratikoa) osasun-eremuetan prebentzioa indartu zuen: 1) higiene- eta zaintza-kitak banatu ziren (maskarak, eskularruak, xaboi antiseptikoa, disoluzio hidroalkoholiko desinfektatzaileak, toallatxoak, etab.) birusaren hedapena eta osasun-langileen infekzioa murrizteko, 2) elikagaiak banatu ziren (arto-irina, soja, esne-hautsa, arroza, babarrunak, etab.) pazienteek tratamendua eta osasun-zentroak utz ez zitzaten, horrela birusaren hedapena murriztuz eta 3) sentsibilizazio-kanpainak egin ziren, kutsatuta egon zitezkeen pertsonak osasun-zentroetara garaiz joatera eta tratamendua jasotzera animatzeko, hedapena murriztuz, haien osasuna eta komunitatearena hobetuz.

Horrez gain, Kongoko testuinguruari buruz solastu ziren eta MMBk Kongon dituen bestelako lan-lerroak aipatu zituzten: osasun-zentroak indartzea, generoan oinarritutako indarkeriari erantzuteko erakunde-arteko koordinazioa hobetzea, neskatoak eta agintariak hilekoaren osasunari buruz sentsibilizatzea, Kongo eta Ruanda arteko emakume merkatariei laguntzea, eskualdean bakea bultzatzea.

Jardunaldietan FAMEK elkarteak ere parte hartu zuen. Elkartea Euskadin dauden Kongoko emakumeek osatzen dute, 2019an sortu zuten, eta MMBren proiektu batean ere parte hartzen dute.
Itzuli