Indarkeria obstetrikoaren aurkako bertsoak

Indarkeria obstetrikoaren aurkako bertsoak Image

“Guk badugu mikrofono bat, badugu bide batzuk ateratzeko aukera, askotan ez da gai batzuk nora eramaten ditugun, bistara ekartze hutsa baizik, eta nik beste bertsolariei hori eskertzen diet asko, orduan, ahalegintzen naiz ni ere ekarpen bat egiten”, esan zuen iragan astean Oihana Iguaranek, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finalaren atarikoan. Larunbatean, sei mila zale izan zituzten aurrez aurre, haiek zer kantatuko; eta telebistaz, irratiz eta bestela, beste ehundaka pertsonak entzun zituen haien bertsoak.

Bada, Ane Labakak eta Oihana Iguaranek berak indarkeria obstetrikoa ekarri zuten bistara, indarkeria obstetrikoaren aurkako borrokari egin zioten ekarpena. Eta zenbat pozten garen.

Bakarkako lanerako, ondoko egoeran ezarri zuten Ane Labaka: “Kazetaria zara: 30 urtez jende asko elkarrizketatu duzun arren, gaur egin duzun elkarrizketaren ostean, oilo ipurdia jarri zaizu”. Eta hauxe erantzun berak:

Entzun bertsoak: Ganbara. Ane Labaka. – bertsoa.eus

Emakume bat neukan aurrean // Giroa joan da lurrunduz

Elkarrengana hurbildu gera // Ez sarri gisa, urrunduz

Horren natural, horren barrutik // Elkarrizketa ehunduz

Ni galderetan saiatzen nintzen // Maiz erantzunak bigunduz

Nahastu ote gera munduz? // Malko bat hiru segunduz

Emakumea mintzatu baitzait // Eta ez itzulinguruz

Erditze gelan jasan daitekeen // Biolentziari buruz

 

Biak batera galtzen joan naiz // Rimmela eta karmina

Gaur kafetegi txiki honetan // Ez zait kabitzen samina

Isil-isilik nik entzuteko // Egina det ahalegina

Ta pentsatu det “ai, honi buruz // sarri jardungo bagina”

Denez momentu sorgina // Pozgarria nahiz gordina

Kazetari lez grabagailuak  // bilduko du erdimina

Nik ere berdin bizi izana // Ta hitzak jarri ezina

 

Gogoratzen det ospitalean // Hain aseptikoa, hitsa

Ginekologo andreak zorrotz // Gazteleraz bere hitza

Kostata baina, azkenerako // Heldu zitzaigun bizitza

Gaur beste bati hau entzutea // Egin zait horren bortitza

Isiltzea zen baldintza // Hau jasotzeko langintza

Emakumeok urte luzetan // Hala egin nahian gabiltza

Gure minetan barneratzea // Ez al da kazetaritza?

Oihana Iguarani, berriz, bakarkako lanerako, hurrengo rola jokatzea egokitu zitzaion: “Ikerlaria zara. Aurkeztu berri duzun ikerketak zeresan handia eman du”. Zera kantatuz bete zuen lana:

Entzun bertsoak: Ganbara. Oihana Iguaran. – bertsoa.eus

Erizain izan nahi nuen // Zaintzan jarriz mila dohai

Baina zaintzak hamargarren // Lehentasunean darrai

Eta pertsonak baztertzen // Nola enuen nahi jarrai

Doktoretza egin ta ai!

Osakidetzan tratua // Aldiro ez da hain galai

Emaitzak atera dira // Jendea ez dago lasai

Gaur arte ez zen begiratu // Edo ez zen begiratu nahi

 

Ta txosten politak dira // Zuloaren adabaki

Obstetrizia sailean // Bizitza baita bi zati

Jaioberria ta ama // Hor zaintzeko bi izaki

Gu eurak biltzeko zapi

Ta tratua askotan da // Salaketaren estalki

Pazienteak behar luke // Zer nahi duen erabaki

Bere baimena emanez // Ez guk bisturiz ebaki

 

Zesarea datuekin // Egiten da azterketa

Tratua erreparatuz // Egin det nik ikerketa

Datu ta txostenak daude // Kaxoitan giltzaz gordeta (bis)

Ateraz gero zer gerta

Ta kontra atera da // Lehenbiziko epaiketa

Nazio Batuek ontzat // Eman dute salaketa

Ta ni adi-adi nago // Gehiago izan litezke-ta

Gako asko eman zituzten: erditze geletan indarkeria eragiten dela, beti ez dela amaren edo pazienteen borondatea errespetatzen, ospitaleak eta bertan eskaintzen den tratuak sarri ez direla atseginak ezta egokiak ere, tratua bereziki zeinen garrantzitsua den, zaintzak ez direla lehentasun politikoa, gai honi ez zaiola begiratzen, emakume asko ez dela bizi izan duen indarkeriari hitzak jartzeko gai, ez dela biolentzia obstetrikoaz behar haina hitz egiten… Halako kasuak epaitegietara ere heldu direla aipatu zuen Iguaranek, ziurrenik Nahia Alkortaren kasuari erreferentzia eginez: izan ere, Nazio Batuen Erakundearen Emakumearen Aurkako Bereizkeria-Mota Guztiak Ezabatzeko Konbentzioak (CEDAW) Espainiako Estatua zigortu du indarkeria obstetrikoaren salaketen inpunitatea onartzeagatik. Labakak beste bi gako ere plazaratu zituen: batetik, erditzea zeinen momentu sentsiblea den eta, bestetik, ez dela txikikeria arreta zein hizkuntzatan ematen den.

Azken horri lotuta, medicusmundi Bizkaiaren bazkide diren Guatemalako bi elkartek berriki ondu dute indarkeria obstetrikoaren inguruko ikerketa bat, bereziki emakume indigenen bizipenak biltzen dituena (laster argitaratuko dute). Ikerketa horretan ere, arta hizkuntzaren afera maiz agertzen da. Haien maia kulturari lotuta, sarri esaten da, halaber, beren ohituretan garrantzi handia duten comadrona, partera edo sanadora delako emakumeei (emagin funtzioez haragoko zereginak dituzte) osasun sistema publiko modernoan zein toki eskasa egiten zaien edo nola askotan baztertu edo gutxiesten diren. Haien jakituria eta bizipenak ezagutzea, euskaldunontzat ere aberasgarria izan daitekeelakoan gaude.

Berriki, Esku Hutsik elkarteak Bilbon antolatutako Indarkeria obstetrikoa, dolu perinatala eta osasun mentala hirugarren kongresuan izan ginen. Han, besteak beste, Afif Malainin Osakidetzako emaginak salatu zuen erditze gelak beti ez direla toki seguruak izaten emakume migratzaileentzat, eta berak ikertutako hainbat kasu aurkeztu zituen. Estitxu Fernandez, El Parto es Nuestro, Instituto Europeo de Salud Mental Perinatal… ez dira gutxi indarkeria obstetrikoa hizpide dutenak; indarkeria obstetrikoa ez da kontu berria. Baina larunbatean errepikatu zen gisan, asko dago egiteke. Eta medicusmundi Bizkaiak, gure Guatemalako bazkideen eskutik eta Euskal Herrian gai honetan sakontzeko prest dauden eragileen eskutik, indarkeria obstetrikoaren aurka lanean jarraitzeko borondatea dugu.

Bukatzeko, gogora dezagun indarkeria obstetrikoa indarkeria matxistaren beste adierazpide bat dela. Eta oroi dezagun, sexu- eta ugalketa-eskubideen alde eta emakumeen aurkako indarkeria sinbolikoaren kontra gaur zortzi urte Durangon antolatu genuen bertso-saioa: Indarkeria matxistaren kontrako bertsoak. Bertan izan genuen Alaia Martin txapelduna: zorionak! Bertan izan genuen Nerea Elustondo, emakume helduen ahotsa zabaltzen jarraituko duena: biba! Eta bertan izan genuen Miren Artetxe, Ane Labakarekin batera Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen liburua koordinatu zuena. Larunbatean Kontrako eztarritik gogora ekarri zuen Aner Euzkitzek, bertsolaritza feminismotik aztertu zuen beste lan esanguratsu bat. Bertsolaritzan ere badira erronkak eta, Euzkitzek kantatu bezala, bertsolaritzan ere komeni da “isilduak ahoskatzea” eta “esaten ez diren asko ere egiak direla” kontuan hartzea.

Azken zortzi urteotan hainbat kontu aldatu dira. Eta bertsolaritzara feminismoa iritsi zen bezala, transfeminismoa eta sexu eta genero aniztasuna ere heldu dira oholtzetara. Maider Arregik dio, orain bertso batean bollera hitza esateak mantra dirudien arren, duela zortzi urte ez zela erraza; azken bost urteetan, ordea, ziur da bertsozaleek kuir bezalako kontzeptuak entzun dituztela. Horretaz ere pozten gara.

Bertsolaritza bizi dugun gizartearen parte da eta larunbatean indarkeria obstetrikoari buruz kantatzea ez da kasualitatea izan. Horregatik, esan beharra dago: sarri bertsolariek gizarte eragileei egiten dizkiguten ekarpenak ez dira makalak eta eskerrik asko!

Itzuli