Emakumeak indarkeriei eta epidemiei aurre egiteko antolatzen direnean

Emakumeak indarkeriei eta epidemiei aurre egiteko antolatzen direnean Image

Alphée Shukuru Mushobekwa Bukavun bizi da, Hego Kivuko hiriburuan, Kongoko Errepublika Demokratikoaren (KED) ekialdean, eta Aintzira Handien eskualdean lan egiten du (KED, Ruanda eta Burundi). Proiektuen Kudeaketa eta Administrazioan lizentziatua da, eta frantsesez, ingelesez, swahiliz eta tokiko beste hizkuntza batzuetan (mashia eta kifulirua) hitz egiten du. Kirundi eta kinyarwanda pixka bat ere badaki, eta horrek eskualdeko komunitateekin aritzea errazten dio.

Alphée, PNUDen Larrialdetarako Erantzun Planaren emaitzei buruzko saio batean, 2026an.

2016az geroztik, bere lana gai hauetan oinarritu da: gazteria, genero berdintasuna, bakegintza, garapen komunitarioa, elikagai segurtasuna, tokiko gobernantza eta pertsona kalteberen babesa. 2020tik aurrera, Afrikako Aintzira Handietako herrietako Bakearen eta Adiskidetzearen aldeko Emakumeen Sinergia (SPR) erakundean lan egiten du, eta bertan, 2022tik aurrera Kivun medicusmundi Bizkaiarekin (MMB) lankidetzan ezarritako proiektuen kudeatzaile tekniko gisa jarduten du.

Alphéek pertsona konprometitutzat du bere burua eta, paraleloki, Alpha Energy Osasun Zentrua sortu zuen Bukavuko populazio ahulenek kalitatezko arreta medikoa jasotzeko dituzten zailtasunei aurre egiteko. Ondo daki nolakoa den gatazken erdian bizitzea, lan egitea eta lankidetzan aritzea, itxaropenari eusten diotenei laguntzea, gerra, pobrezia eta krisi berriei aurre egiteko komunitatea antolatzen dutenei laguntzea. Berarekin solastu gara.

 

KEDeko MMB eta SPRren proiektu gehienek emakumeen eskubideak eta haien aurkako indarkeria jorratzen dituzte. Zer lortu da orain arte?

Esaterako, Ruziziko lautadan, Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatutako proiektuaren bidez, emakumeek beren eskubideak eskuratzea mugatzen duten egiturazko oztopoak gainditzeko lan egin dugu. Genero indarkeriaren eta sexu indarkeriaren aurkako borrokan lagundu dugu, komunitate eta lurralde defentsaren ikuspegitik.

SPR eta medicusmundik Ruzizin abiatutako proiektuaren aurkezpena, 2023an.

Alde batetik, emakumeen ahalduntzea, antolaketa, partehartzea eta lidergoa bultzatu ditugu, baita etxean eta komunitatean erabakiak hartzeko duten gaitasuna ere. Gero eta gehiago dira osasun kudeaketarako tokiko batzordeetan eta sustapen komunitarioko taldeetan parte hartzen direnak. Maskulinitate positiboak eta kontakizun berriak ere sustatu ditugu, emakumeen eskubideen aurkako praktikak, sinesmenak eta imajinarioak zalantzan jartzen eta desmuntatzen dituztenak.

Bestetik, Runinguko eta Kamanyolako osasun egituren, tokiko agintarien eta emakumeen arteko koordinazioa indartu dugu, genero indarkeriatik eta sexu indarkeriatik bizirik atera diren emakumeei arreta duina eta integrala emateko. Gainera, emakume liderrei eta osasun langileei prestakuntza eman diegu genero indarkeriatik bizirik atera diren emakumeak bideratzeko ibilbideari buruz eta kasuen jarraipenari buruz, ikuspegi psikosozial batetik.

Alphée eta Madame Avantage, Runinguko osasun zentruan konpresa berrerabilgarriei buruzko azalpenak ematen, 2024an.

Era berean, ohe eta WASH azpiegitura (konketa, paperontziak, zisternak eta ur tangak) berriak banatu dizkiegu osasun zentroei, eta horrek osasun arretarako sarbidea handitu du; halaber, osasun menstrualerako higiene kitak banatu ditugu.

 

Azken hamarkadetan, baliabide naturalen espoliazioa eta gatazka armatuak etengabeak izan dira Kivun. Nola eragin die M23k 2025etik izan duen hedapenak mugaz gaindiko merkatari txikiei?

2023an eLankidetzaren laguntzarekin hasi genuen proiektuaren helburua zen KED eta Ruanda artean salerosketan diharduten duten emakumeen giza eskubideen errespetua hobetzen laguntzea, Aintzira Handien eskualdean bake iraunkorra lortzeko bizikidetza eta garapena sustatuz.

Ezegonkortasunak (segurtasuna eta politika arloan) bete-betean eragin dio tokiko ekonomiari, eta mugaz gaindiko merkatari txikiak ez dira horretatik libratzen. Segurtasun testuingurua oztopo handia izan da emakumeentzat; Goma hiria okupatu zenetik gerrak are gehiago zaildu du egoera, krisiaren eta aireportuaren eta bankuen itxieraren ondorioz. Matxinoek hiria okupatu zutenetik, finantza erakunde tradizionalek atzera egin dute; egoera honen aurretik ere, emakumeei bermeak eskatzen zizkieten (askotan higiezinak, gehienek ez dituztenak); haiek gabe, ezinezkoa da mailegu bat lortzea emakume batentzat. Duela gutxi, emakumeek beste oztopo bati aurre egin behar izan diote, mugak itxi dituztelako ebola izurritearen ondorioz. Eta hori guztia erronka handia izan da egunean bizi diren emakume horientzat. Gainera, gerraren ondorioz biztanle gehienak langabezian daudenez, krisi egoera orokorra bizi da KEDen ekialdea. Eros ahalmena murriztearen ondorioz, tokiko bezeroek bizirauteko behar beharrezkoa dena baino ez dute erosten.

Emakume merkatariak prestakuntza saio baten ondoren. Goman, 2025ean.

Proiektuak emakume hauei krisiaren aurrean egokitzen lagundu die. Emakumeek aurrezki eta kreditu elkarteak sortu dituzte herrixketan, eta bertan autofinantzatzen dira mikrokreditu solidario bidez, bankuen mende egon gabe. Mugaz Gaindiko Merkatarien Elkarteen Plataformako (PACT) emakumeek kooperatiba bat sortzea ere lortu dute. Gainera, prestakuntza eta laguntza eskaini diegu beren jarduerak dibertsifikatzeko, merkatuaren eskariei erantzuteko tokian eraldatutako produktuekin; adibidez, emakumeetako batzuk zukuak eta xaboiak egiten aritzen dira orain.

Nazioarteko prentsaren arabera, bi hilabetean 580 pertsona hil dira KEDen ebolaren azken agerraldiaren ondorioz. Baina bestelako gaixotasunei ere aurre egin behar zaie. Nola bizi duzue hori guztia eta zer behar da?

Aldi bereko epidemiak gogortu egin dira, hala nola mpox — Erdialdeko Afrikari larriki eragin diona —, elgorria, kolera edo ebola, eta komunitateak osasun segurtasunik gabeko egoera iraunkorrean bizi dira.

Mpoxaren moduko gaixotasunek ageriko larruazaleko erupzioak eragiten dituzte, eta horrek, batzuetan, gizarte arbuioa edo osasun zentroetara joateko beldurra eragiten du, isolatuak edo estigmatizatuak izateko beldurrez. Kasu honetan, SPRk sentsibilizazio kanpainak eta kiten banaketak antolatu ditu Runingu eta Kamanyolako osasun egituren bitartez, kaltetutako herritarrei laguntzeko.

Aipatu behar da muturreko presioa jasaten dutela osasun egitura hauek. Lehen mailako osasun zentroek, berez ekipamendu gutxi dute eta larrialdien aurrean, gainezka egiten dute berehala, eta horrek ohiko osasun arreta are gehiago okertzen du.

MPOX epidemiak eragindako osasun krisiari aurre egiteko proiektua, Nyangezi eta Ruzizi osasun eskualdeetan.

Gaixotasunak biztanleria aktiboa ahultzen du, eta aurretik dagoen desnutrizioak nabarmen larriagotzen du birusak haurren eta pertsona immunodeprimituen artean eragiten duen heriotza tasa. Horregatik, Muskizko Udalaren eta Banaketa Solidarioa Fundazioaren laguntzarekin, larrialdiko eta laguntza humanitarioko higiene kitak ez ezik, elikagaiak ere banatu genituen osasun guneetan.

Aldi bereko epidemien egoera honen aurrean, lehentasunezkoa da osasun egiturei ematen zaien laguntza, kasuei ematen zaien arreta integratua, konpromiso komunitarioa eta komunikazioa indartzea; adibidez, funtsezkoa da erreferentziazkoak diren eta komunitatearen konfiantzazkoa duten pertsonek gaixotasunen transmisio bideak azaltzea, zurrumurruak gezurtatzeko eta prebentzio neurriak sustatzeko.

 

 

Itzuli