Irailaren 28a Abortuzeko Eskubidearen Aldeko Ekintza Globalaren Eguna da, Abortua Despenalizatu eta Legeztatzeko Eguna. Abortatzeko eskubideari buruzko joera globala argia da: azken 30 urteetan, 60 herrialde eta lurralde baino gehiagok liberalizatu dituzte beren legeak. Baina lege batzuk oraindik mugatuak dira edo ez dira beti aplikatzen, herrialde batzuek abortua debekatzen eta zigortzen dute oraindik, eta 4 herrialdetan atzerapausoak eman dira abortua arautzen duten legeetan. Horregatik, Center for Reproductive Rights erakundearen arabera, ugaltzeko adinean dauden 10 emakumetik 4 oraindik lege murriztaileen pean bizi dira. Erabakitzeko eskubidean atzera egin duten lau herrialdeak Polonia, Ameriketako Estatu Batuetako estatu batzuk, Nikaragua eta El Salvador dira.
Hori dela eta, Erdialdeko Amerikan, Medicusmundi Bizkaiak duela hamarkada batzuetatik lan egiten duen eskualdean, urratu egiten da “emakume orok, Estatuak edo gizarteak epaitu edo kriminalizatu Gabe, bere gorputzari buruz erabakiak hartzeko duen eskubidea”. Hala dio MMBren bazkide den UDIMUFek (Emakumearen eta Familiaren Garapen Integralerako Erakundea, Hondurasko neskatoen, gazteen eta emakumeen eskubideak defendatzen dituen GKE feminista). Urtero bezala, irailaren 28an “Honduras en Clave Derecho a Decidir” topaketetan parte hartu zuen.
Klip laburra 28S: Un encuentro lleno de energía
Nazio Batuen Populazio Funtsaren arabera, Latinoamerikak eta Karibeak nahi gabeko haurdunaldien munduko tasarik handienetakoa dute, eta zazpi herrialdetan soilik aborta daiteke modu askean. Hondurasen, Nikaraguan eta El Salvadorren bezala, abortua guztiz debekatuta dago, baita osasuna eta bizitza arriskuan dauden kasuetan ere.
Guatemalan, abortua haurdun dagoen pertsonaren bizitza salbatzeko baino ez da onartzen. Lege-egoera are gehiago okertzeko zorian egon zen 2022ko martxoaren 8an, Kongresuak, aldeko 101 eta kontrako 8 botorekin, lege bat onartu baitzuen (18-2022 Dekretua, 2017an Kongresura sartu zena, 5272 lege-proiektu gisa, “Bizitza eta Familia Babesteko Legea”), abortuagatiko espetxe-zigorrak gogortzen zituena, sexu bereko pertsonen arteko ezkontza debekatzen zuena eta sexu-aniztasunari buruzko hezkuntza debekatzen zuena. Guatemalako protesta orokorren eta nazioarteko presioaren ondorioz, Giammattei presidentea legearen aurka agertu zen, eta Kongresuak amore eman zuen: martxoaren 15ean lege-proiektua artxibatu zen. Guatemalan emakumeen aldeko kontzientziazioa eta ekintza politikoa indartzen duen La Cuerda erakunde feministaren arabera, “abortu ez-seguruak eta horien ondorioak dira, gaur egun ere, gure eskualdeko herrialde askotan emakumeen eta pertsona haurdunen heriotza-kausa nagusia”.
Hondurasen haurdunaldia modu guztietan etetea debekatuta dagoenez, egunero, sexu-bortxaketen ondorioz 14 urtetik beherako hiru neska ama bihurtzen dira, eta 15 eta 18 urte bitarteko beste 65 nerabek tragedia berari aurre egin behar diote; beraz, behartutako amatasuna onartzera behartzen dituzte. UDIMUF “Somos Muchos” plataformako kide da: Somos Muchas Hondurasen abortuaren despenalizazio legal eta sozialaren alde borrokatzen duen plataforma. Somos Muchas 2016an jaio zen, Zigor Kode berriari buruzko eztabaiden esparruan, Hondurasko Kongresu Nazionalean eragiteko asmoz. Helburua abortua hiru kausaren bidez despenaliza zedin lortzea zen: haurdunaldia sexu-bortxaketa baten ondorio denean; haurdun dagoen emakumearen osasuna edo bizitza arriskuan dagoenean; edo bizitzarekin bateraezinak diren sortzetiko malformazio larriak daudenean. Ez zen halakorik legeztatu, eta gainera, 2021ean Konstituzioa erreformatu zuten abortuaren erabateko debekua blindatzeko. Somos Muches-en arabera, “Hondurasen Erabakitzeko Eskubidearen testuingurua prekarizazio-egoeran dago; abortua erabat zigortuta dago, Larrialdiko Antisorgailuak duela 11 urtetik debekatuta daude eta ez dago Sexu Heziketa Integrala jasotzeko aukerarik”.
Arazo hori ulertzeko, adibide esanguratsua da Fausia kasua, Honduras NBEren aurrera eraman baitu abortuaren erabateko zigorraren aurrean emakumeek bizi dituzten kalteengatik justizia eskatzeko. Fausia (berak aukeratutako izengoitia) nahua herriko emakume indigena da, herri indigenen eta lurraldeen eskubideen defendatzailea. Hondurasko komunitateetan emakume asko bezala, ibaira ura biltzera joan zen eta, bertan, bi gizonek jo zuten eta batek bortxatu egin zuen. Gero, poliziari zerbait esaten bazion hilko zutela agindu zioten. Hilabete geroago, beldurra gainditu eta salaketa aurkeztu zuen. Auzitegiko medikuak esan haurdun zegoela zion, eta ohartarazi zion, haurdunaldia eteten bazuen, epaitegira eramango zutela. Horrela hasi zen bere kalbarioa. Beste kasu adierazgarri bat “las 17” delakoena da. El Salvadorren, 1999 eta 2011 urteen artean, 40 urte arteko kartzela-zigorra ezarri zieten 17 emakumeri, berezko abortua jasan ondoren. , El Salvadorreko beste kasu ikoniko bat, Giza Eskubideen Gorte Interamerikarrera (CIDH) iritsi zena, Beatrizena izan zen. Duela gutxi Euskal Fondoak ekoiztutako dokumentalak, “Aquí sí se hace lucha. 20 años de activismo feminista en El Salvador”, errealitate horiek erakusten ditu.
OMEren arabera, abortu ez-seguru eta klandestinoei lotuta urtero 39.000 heriotza izaten dira. Horregatik, erakunde eta pertsona askok (Hondurasen eta mundu osoan) “Abortu legezkoa, askea, segurua eta doakoa” aldarrikatu eta “Legea izango da”, “Zerbait gaizki dabil” eta “Aldatzeko ordua da” oihukatzen dute. OMEk abortu segurua izatea “emakumeen eta nesken osasunerako funtsezkoa” dela uste du. Medicusmundiren ustez, abortatzeko eskubideari jartzen zaizkion oztopoak osasun globaleko arazo bat dira, eta bat egiten du Osasun Publikoa eta Abortu Segurua aldarrikatzen dutenekin. Ondorioz, sexu- eta ugalketa-eskubideak aitortzearen alde aritzen diren, sexu-hezkuntza integrala eskatzen duten, eta behar duten pertsonei hainbat modutan laguntzen dieten erakundeei laguntzen die.
Eta Afrikan, nola dakoa da abortatzeko eskubidea?
Afrikan 50 herrialde baino gehiago daude eta, denetarik dagoen arren, herrialde gehienek haurdunaren bizitza edo osasuna arriskuak daudenean soilik abortatzea baimentzen duten legeak dituzte. Ruandako eta Kongoko Errepublika Demokratikoko legeak ere (gaur egun medicusmundi Bizkaia bertan ari da lanean), kategoria horretan daude. Baina errealitateak legeak baino konplexuagoak dira.
“Performance Monitoring for Action” inkestaren arabera, Kongok Afrika Erdialdeko gainerako herrialdeek baino abortu-tasa handiagoa du. Segurtasunik gabeko abortuarekin lotutako osasun-arazoei erantzuteko, Kongoko gobernuak 2018an eragindako abortua despenalizatu zuen, eta legezkoa bihurtu zen sexu-eraso, bortxaketa, intzestu, fetuaren malformazio eta haurdun dagpem emakumearen osasun psikologikoa eta fisikoa edo bizitza arriskua tartean daudenean abortatzea. Maputoko Protokoloari jarraiki, 2020an, Osasun Ministerioak abortua haurdunaldiaren 14 astera arte egiteko gomendioak eman zituen, eta, aldi berean, abortuaren arreta segurua lortzeko oztopoak ezabatu zituen. MMB Kivu eskualdean aritzen da eta bertan lankidetzan diharduen UWEZO AFRIKA ekimenak dio zaila dela abortuak zenbatzea; eta, gainera, kasu gehienetan, abortuak ezkutuan egiten direla, horrek dakartzan arrisku guztiekin. UWEZOrentzat “irailaren 28an Abortu Seguruaren Nazioarteko Eguna ospatzen da. Egun honek abortatzeko eskubidea giza eskubidea dela, eta abortu seguruak eta legalak izatea osasun-arretaren funtsezko osagaia dela gogora ekartzen digu”.
Ruandan, 2012an Zigor Kodean izandako aldaketen ondoren, abortua ahalbidetzen duten salbuespenak zabaldu ziren, baina osasun-langile askok ez zituzten ondo ezagutzen haien legezko erantzukizunak eta abortuaren legezko estatusa, eta, gainera, beldurra zioten abortua egiteagatik zegoen estigmari. Gaur egun, 2019ko apirilaren 8ko NO.002/MoH/2019 Ministro Aginduak ezartzen du zer baldintza bete behar diren mediku batek abortua egin ahal izateko. Baimendutako bost arrazoiak honako hauek dira: 1) Haurdun dagoen pertsona neska bat da; abortua eskatzen duen pertsona haurdun geratu zen 2) bortxaketa baten ondorioz; 3) behartutako ezkontzaren ondorioz; 4) intzestuaren ondorioz (odol-ahaidetasunezko bigarren mailara arte); 5) haurdunaldiak arriskuan jartzen du haurdun dagoen pertsonaren edo fetuaren osasuna. Urte berean, Paul Kagame presidenteak abortuak egiteagatik zigortutako 400 emakume eta neskato barkatu eta haiek askatzea agindu zuen. 2020an, pandemiaren eta kartzela jendetsuen testuinguruan, beste 50 emakume atera zituen espetxetik, baina prozesuetan lagundu zuten pertsonek epai osoa bete beharko zutela iragarri zuen. Chantal Umuhoza Ruandako ekintzaile feministak zera zioen: “kondenatutako emakumeak barkatzea keinu ona da, baina ez dio arazoari errotik heltzen. Abortatzeko zerbitzua behar duten pertsona guztiei zabaldu behar zaie. Frogek erakusten dute abortua kriminalizatzeak abortua segurtasunik gabe egitea eragiten duela, ez du abortu-kopurua murrizten”. Duela gutxi, 2023an, Ruandako Kontseilu Protestanteak (herrialdeko osasun-zentro handienen %10 ditu) abortua debekatu zuen osasun-zentro guztietan, indarrean dagoen legea bere sinesmen-askatasunaren aurka doala argudiatuta: “gure eskubideak ditugu, eta ezin dizkigu legeak kendu”.
Kontsultatutako iturriak:
medicusmundi Euskadi (2022): EL DERECHO AL ABORTO, UN PROBLEMA DE SALUD GLOBAL
Center for Reproductive Rights – The World’s Abortion Laws
Amnistía Internacional: Derecho al aborto
“Aquí sí se hace lucha. 20 años de activismo feminista en El Salvador” Avance del documental
Nos faltan Las 17
El Salvador y “las 17” – Amnistía Internacional
Pikara magazine (2024) Barbaridades en la boca de Trump y otros, cárcel en la vida de las mujeres
EL PAÍS América (2024) Manuela, las 17 y una victoria de las mujeres pobres en El Salvador
Berria (2022) El Salvadorren 50 urteko zigorra abortatzeagatik
Berria (2023) Abortuaren mugak Latinoamerikan
Berria (2023) Legez kanpoko klinikak, estigmaren ezkutaleku
Honduras:
UDIMUF
Somos Muchas ¡Que sea Ley!
En Honduras cada día la ley obliga a tres niñas violadas a ser madres | Center for Reproductive Rights (2022)
Aborto en Honduras: qué es La Línea, el servicio clandestino de información telefónica sobre interrupción del embarazo que desafía al gobierno – BBC News Mundo (2017)
El caso de Fausia y la lucha por la despenalización del aborto en Honduras : Hora Cero (2024)
Guatemala:
Guatemala: Más información: El congreso archiva una ley discriminatoria amnesty.org (2022)
Ruanda:
ARDE-KUBAHO
Implementing the liberalized abortion law in Kigali, Rwanda: Ambiguities of rights and responsibilities among health care providers – ScienceDirect (2020)
When abortion is a crime: Rwanda. – Ipas (2015)
Rwanda Government Gazette dated 2019-04-08 number 14 – Gazettes.Africa
El presidente de Ruanda concede el perdón a 50 mujeres condenadas a penas de cárcel por someterse a abortos – europapress.es (2020)
Protestant Council of Rwanda bars abortions in its clinics | AP News (2023)
Kongoko ED
Uwezo Afrika
DRC_Abortion Brief_Performance Monitoring for Action 2022 (pmadata.org)