Bilbo 2022 – Hitzaldien laburpenak

EZTABAIDA-MAHAIA - Hasierako solasaldia: Nondik jorratu daitezke indarkeria sinbolikoak

 EZTABAIDA-MAHAIA - Hasierako solasaldia: Nondik jorratu daitezke indarkeria  sinbolikoak

SERGIO COLINA. Garapenaren arloko azterlan eta politiketan isiltasun deigarria eman zen urte luzez afektu-, sexu- eta genero-aniztasunari buruz. Baina gero eta datu zein ikerketa gehiago daude testuinguru askotan LGTBI pertsonak pobreziagatik eta aukera ezagatik neurrigabeki pairatzen dutela diotenak. Era berean, badaude ebidentziak agerian uzten dutenak herrialde bakoitzean LGTBI pertsonak gainerako pertsonen berdintasun-egoera beretan bizitzeko baliabideetara eta gizarte-zerbitzuetarako aukera izateko dituzten oztopo zehatzak kontuan hartuko ez dituzten politikak ez direla izango eraginkorrak, inor atzean utziko ez duen garapen benetan iraunkor bat sustatzerakoan. LGTBI pertsonak, sarritan, pobreziaren zikloetan harrapaturik daude jasan behar izaten duten diskriminazio sozial nola legezkoarengatik, inpaktu negatiboa baitute euren baliabide ekonomikoetan eta osasun edo hezkuntza alorreko oinarrizko zerbitzu publikoen sarbiderako edo etxebizitza edo lanpostu duin bat eskuratzeko duten gaitasunean. Horrek, pertsona horien giza eskubideak urratzeaz gain, kostu ekonomikoak eta lasta garrantzitsuak dakartza gizarte osoaren garapenarentzat. Arazo horri, zinez, gizarte bidezkoago, baketsuago eta inklusiboagoak eraikitzeko konpromisoa duten nazioarteko lankidetzatik ere heldu beharra dago. Giza eskubideetan oinarritutako ikuspegia, LGTBI pertsonen eskubideen babesa garapen iraunkorrerako lankidetza-politiketan erabat txertatzeko premian aurrera egiteko funtsezkoa dena, giza eskubideen nazioarteko arauetan oinarritutako esparru kontzeptual bat da, ikuspegi operatibotik begiratuta eskubide horiek sustatzera eta babestera bideratua; horretarako, abiapuntutzat hartzen dira garapenerako arazoen erdigunean dauden desberdintasunak, diskriminazioa eragiten duten praktikak errotik ezabatzeko eta garapen iraunkorraren arloan aurrera egitea oztopatzen duten botere-harreman bidegabeak nola berdintasunik ezekoak orekatzeko asmoz. Gainera, Garapen Iraunkorrerako 2030 Agendak esparru berri bat eskaintzen du, nazioarteko komunitate osoak partekatua dena, argi eta garbi zehaztutako helburuekin eta “inor atzean ez uzteko” ahaleginarekin, hau da, pertsona guztien gizarteratzea, ekonomia zein politika bultzatzeko eta sustatzeko, aukera-berdintasuna bermatzeko eta lege, politika eta praktika diskriminatzaile guztiak ezabatzeko beharrarekin. Eta, horretan, nazioarteko lankidetzak zeregin garrantzitsua du. Ildo horretan, gogoeta baten beharra dago jakiteko Estatuko agentziek eta garapenerako lankidetzako gainerako eragileek gai horiei nola heldu dieten, eta aurrera egiten jarraitzeko biderik onenak eta tresnarik egokienak zein izan daitezkeen.

EZTABAIDA-MAHAIA - Hasierako solasaldia: Nondik jorratu daitezke indarkeria sinbolikoak

 EZTABAIDA-MAHAIA - Hasierako solasaldia: Nondik jorratu daitezke indarkeria  sinbolikoak

CLAUDIA GÓMEZ. Nondik nator: Emakumezko zisgenero, heterosexual, mestizo hiritar, latinoamerikar eta kolonbiarra naiz, bogotarra, zehazkiago esateko. Gizarte laneko prestakuntza dut unibertsitate publikoan, eta masterra generoan. Suediar lankidetzako NGKE batentzat egiten dut lan, Diakonia izenekoan, duela 15 urtetik, bere kanpoko politika feministaren adarrean, eta horietatik 10 urte generoaren arloan. Diakonia munduko lau kontinentetako [Afrika, Asia, Ekialde Ertaina (MENA) eta Latinoamerika] 25 herrialdetan dago, eta mundu osoko 350 erakunderekin egiten du lan, gutxi gorabehera. Latinoamerikan 7 herrialdetan gaude lanean: Honduras, Guatemala, Kuba, Kolonbia, Peru, Bolivia eta Paraguai. Nikaraguan ere bai pasa den urtera arte. Eskualde mailan ere egiten dugu lan, eskualdeko estrategiarekin. Indarkeria eta bazterketaren testuingurua Mundua deiadarka da egiturazko aldaketen eta eraldaketa sakonen eske, eta garapenerako lankidetzaren gure lana ere horretan eta generoarengatik urratuak eta diskriminatuak izaten ari diren milaka pertsonetan oinarritzen da. Sexu anitzeko emakume eta pertsonen kontrako indarkeriaren zifrek gora egin dute pandemiarekin, eta pobretze femeninoa handiagoa da krisi ekonomiko honetan. Eragiteko espazioak geroz murritzagoak dira, eta emakumeen eta LGBTIQ+ pertsonen eskubideak auzitan eta atzeraka doaz geroz gehiago. Nazioarteko lankidetza inguruabarrek eskatzen dutenaren pare egon behar du, eta gure ekintzekin erantzuna eman behar diogu krisiari eta horregatik urraketa gehien pairatzen ari direnei konpromiso politiko baten bitartez, eraldaketa sakonagoak lortze aldera. Garapenerako lankidetza antipatriarkal, antikolonial eta feminista Aztertzen ari garen paradigma hau konplexua eta korapilatsua da, izan, ez delako soilik sistemaren barruan doikuntza batzuk egitea. Aitzitik, hondoko galdera da nola lortu dezakegun azpiegituraren erabateko eraldaketa eta garapenerako lankidetzaren logika emakumeek eta LGBTIQ+ pertsonek jasaten dituzten indarkeria sinbolikoak murrizteko. Garapenerako lankidetzan laguntzen duten herrialde batzuk kanpo politika feminista batetik ari dira orain lanean, eta lankidetzaren mundua era kritikoan aztertu beharrean da statusquoari eusten betetzen duen bere eginkizuna.

EZTABAIDA-MAHAIA - Hasierako solasaldia: Nondik jorratu daitezke indarkeria sinbolikoak

 EZTABAIDA-MAHAIA - Hasierako solasaldia: Nondik jorratu daitezke indarkeria  sinbolikoak

DYLAN DUARTE. Garapenerako eta Gizarteratzeko Idazkaritzak (SEDIS) narkoestatu baten pean funtzionatu zuen Hondurasen 12 urtez, erakunde publiko gisa hondurastar elitearen zerbitzura jarri zenean gardentasunaren eta giza eskubideen errespetuaren gaineko diskurtsu faltsu batekin. Diskurtso horrek bezerokeria politikoa sortzeko balio izan zuen, bizkarra emanez herrialdeko gutxiengo txirotu, baztertu nola kriminalizatuei eragiten dieten benetako indarkeriazko egoerari. Zuzenbideko Estatua haustearen ondorioz, SEDIS Bulegoko Estatuko idazkari José Carlos Cardona lizentziatuak hauxe esaten du (2022): “SEDIS izugarrizko ustelkeriak harturik zegoen, ez zuen pobrezia borrokatzen eta bezerokeriaren plataforma batean bihurtua zen senideei eta jarraitzaileei mesedeak egiteko, asistentzialismoaren beso politikoa izanez.” Azken bi hilabeteetan, Xiomara Castro presidenteak kargua hartu ondoren, Cardona lizentziatuaren zuzendaritzapean talde lanean egindako lan zorrotzean Osasuneko Arreta Integraleko koordinatzaile gisa SEDISen Desgaitasunaren Zuzendaritzan daramadan esperientziarekin, pobrezia era fokalizatuan borrokatzea dugu lehentasun, %74koa baita datu ofizialen arabera. Wendy Aguilar-ek zuzentzen duen Desgaitasunaren Zuzendaritzan, desgaitasunaren sektorean jartzen dugu fokua, nazio mailan kalteberatasun eta pobrezia maila handienetakoan, zuzenean jasan izan baitzuen aurreko administrazioaren kudeaketa hutsala. Hala, dagoeneko ari gara estrategiak lantzen desgaitasuna duten pertsona onuradunen arreta integrala hobetzeko euren desgaitasun-karneterako sarbide egokiarekin, laguntza teknikoekin eta politika publikoen sorrerarekin genero-indarkeria jasaten duten desgaituentzat era sektorial eta intersekzionalean maila ezberdinetan plangintza-tresnak prestatzeko, hobetzeko eta eguneratzeko prozesuen esparruan lagunduko digutenak, besteak beste herrialdeko LGBTIQ+ komunitatearen parte eta bertako komunitateen eta afro-ondorengoen kide direnentzat. Aldi berean, Xiomara Castro presidenteak herrialdea berreraikitzeko proiektuaren esparruan hartutako konpromisoaren parte bezala, zeinak LGBTIQ+ komunitatea gogoan izan baitzuen agintari bezala egin zuen bere lehen diskurtsuan, Hondurasko Estatua konpromisoa betetzen hasi zen. LGBTIQ+ populazioa onuradun izango duen gizarte-proiektuen artean, Hondurasko Gobernuak kontratatu ninduen SEDIS bitartez, eta Estatuko kargu bat betetzen duen lehen pertsona izan naiz langile-txartelean onartutako izena eta genero-identitatea errespetatzen zaiona. Era berean, SEDISek herrialdearen historiako lehen Sexu Aniztasunerako Zuzendaritza egituratzeko prozesuari ekin zion, zeinak LGBTIQ+ komunitatearen aldeko politika publikoak gauzatuko baititu. Hondurasko Estatuak CIDH Giza Eskubideen Gorte Interamerikarraren gaitzespena jaso zuen Vicky Hernández-en heriotzagatik. Emakumezko trans aktibista hori 2009ko estatu-kolpean erail zuten. SEDISek eta Errepublikako Prokuradoretza Nagusiak betearaziko dituzte CIDHek eskatutako neurriak Vicky Hernández-en erailketaren erreparaziorako, eta dagoeneko hasia du aktibistaren iloba bekadun bihurtzeko prozesua. Jakitun gara bide zaila dugula aurretik, erronka eta desafio itzelei aurre egin beharrean garelako Hondurasko LGBTIQ+ pertsonen giza eskubideen esparruan, baina aurrera goaz, eta egoki, gainera. Genero Identitatearen Legea sortzeko lan egingo dugu elkarrekin, herrialdeko trans populazioaren mesedetan, eta politika publiko batzuk inplementatuko ditugu era askean eta aukera berdintasunean bizi gaitezen bermatzeko, egunerokotasunean zeharkatzen eta behartzen gaituzten estigmari, aurreiritziei, diskriminazioari eta gorrotozko diskurtsuei beldur izan gabe.

EZTABAIDA-MAHAIA - Proiektuez harago txertatzen dugu

EZTABAIDA-MAHAIA - Proiektuez harago txertatzen dugu

FERNANDO ALTAMIRA eta RICARDO FERNÁNDEZ. Duela urte batzuk Hondurasko antolakundeek medicusmundi Bizkaiari eskatu zioten lagun zitzala LGTBI ekimen batzuetan. Pixkanaka-pixkanaka, gero eta asmo handiagoko prozesuak joan izan dira laguntzen, bai Gizarte Eraldaketarako Lankidetzan zein Heziketan. medicusmundi Bizkaiak, ordea, ez du bakarrik LGTBI pertsona eta antolakundeei laguntzeko proiektuak burutu nahi izan. Harago joan izan da, eta, esperientzia horietatik abiaturik eta medicusmundiren Federazioaren printzipio gidariekin bat, erakunde bezala gogoeta egiteko beharra ikusi izan du Sexu- eta genero-aniztasunaren ikuspegia txertatzeak dakarrenari buruz. Era horretan, horrenbeste sufrimendu sorrarazten duen eta erakunde gisa kontra egin nahi zaion eredu menperatzaileari buruzko azterketan sakondu da. Eredu hori triada bat da: neoliberala, etnozentrikoa eta heteronormatiboa. Eredu menperatzaile horren kontra jarri eta estrategia eta alternatibak irudikatzeko, erreferentziazko esparru batzuk gailentzen dira, eta hauek dira: Sexu- eta genero-aniztasuna txertatzen duen feminismoa, eskubideen eta justizia sozialaren ikuspegia, eta Osasunaren determinatzaile sozialak. medicusmundi Bizkaiak, gainera, apustu garbia egiten du Hegoalde eta Iparralde globaleko askotariko eragileen artean ekimenak gauzatzeko, elkar lotzen eta indartsuago egiten gaituzten borrokak eta aliantzak gurutzatuz. Bere lana burutzeko erabili izan dituen ikuspegi ezberdinei intersekzionalitatea gehitzen dio orain, eman daitezkeen zapalkuntzak zuzenago identifikatzen laguntzen duelarik. Baina, horrez gain, eredu menperatzaileari aurre egiteko estrategia ahaltsuagoak sortzen laguntzen du pertsona eta kolektibo ezberdinen artean. Norberaren praktika eta esperientziatik sortzen den arestian aipatu gogoeta hori erakunde-prozesu batetik abiatuta burutu izan da. Izan ere, ez da nahi bakarrik Sexu- eta genero-aniztasunaren ikuspegia proiektu guztietan txertaturik ikustea, medicusmundi Bizkaiaren bizitzaren eta izatearen osagai izatea ere nahi da. Erronka asko geratzen zaizkigu oraindik aurrera begira. Eta, arrazoi horregatik, hobekuntza-ildo batzuk identifikatu izan dira, inplementatu beharrekoak. Beraz, prozesu horren fruitua den argitalpena duzu eskuartean, prozesu zeharo baliagarri eta motibatzaile batena, inondik ere. Espero dugu lagungarri izango zaiela Sexu- eta genero-aniztasunaren ikuspegia barneratu nahi duten antolakundeei.

EZTABAIDA-MAHAIA - Sotila denak porrot egiten du

EZTABAIDA-MAHAIA - Sotila denak porrot egiten du

WALTER ALONSO. Heterosexualitatea inposatua da, manipulatua, antolatua, propaganda bidez eta indarrez sostengatua, Adrianne Rich-ek bere garaian azaldu zuen moduan. Egitate horrek ondorioak ekarri ditu: isiltasuna, arauaren kontra doanaz ez hitzegitea, eta hegemonia horrekin bat ez datozen esperientzia afektibo, erotiko eta sexualen ezkutatzea. Garai hauetan balitekeen arren hori aldatzen joatea, hori ez da beti horrela izan, prozesu geldo eta, maiz, mingarriak gauzatu izan dira bidean isiltasun eta ezkutatze horiekin apurtzeko. Hezkuntzaren eta akademiaren mundua ez da egon libre existentzia ‘hereronormatuetara’ eta closet-era bultzatu izan duten indarkeria sotil horietatik, askotan babes-mekanismo gisa, gainera. Hezkuntza eremuan, homosexualari izaera perbertitu arriskutsua erantsita; akademian, berriz, bere zama androzentriko eta patriarkal erraldoiagatik, ahotsak isiltzera behartuta eta ikusezin egin eta doilorkeria giro batera bultzatuta. Hori dela eta, akademia gudu-zelai bihurtzen da, eta aukera bat ere bada disidentzia sexualei hala nola generoari eta gorputzari buruzko ikerketa eta hedapenak burutzeko, hots, izendatzeko eta ikusarazteko. Lan historikoa izan da hori lortzeko aukera bat, diziplina eraldatu egin den heinean. Akademia izan da, halaber, irakurketa eta azterlanak proposatzeko leku bat, galderak egiteko eta ikerketak burutzeko aukeraz gain gizartean, eguneroko bizitzan, azaleratzen doazen subjektibitateen etorkizuna ahalbidetzen dutenak, azpikoz gora jartzen duten akademiara itzuliz edo horren barruan aritzeari utzi gabe, kasuan kasu. Feminismo akademikoaren itzulerarako ere izan da, eta generoari buruzko azterlanak akademiara itzultzeko eta feminismotik, generotik eta disidentzia sexualetatik, generokotik zein gorputzekotik, ikerketak egiteko, gogoeta epistemologiko berriak hala nola galdera eta kontakizun berriak planteatuz gizarteko arazoen aurrean. Nire esperientzia pertsonaletik eta nire ibilbide akademikotik abiatuta, akademian isiltasuna eta ikusezintasuna nola aritu diren aztertuko dut, baina baita izendatzea, neure burua izendatu eta ikusaraztea nola bihurtu den ekintza politiko bat akademia munduko arau heterosexualari aurre egiteko. Ez dago soberan esatea, bizitzea egokitu zaidan une historikoak eskaini didan aukerei erantzute aldera.

EZTABAIDA-MAHAIA - Sotila denak porrot egiten du

EZTABAIDA-MAHAIA - Sotila denak porrot egiten du

ALEX SORTO. Hondurasko Tegucigalpa Sexu Aniztasunaren Batzordearen 2014ko iraileko Aldizkako Azterketa Unibertsalaren Txosten Alternatiboaren arabera, gobernu eta erakundeen praktikak eragiten duen homofobiak zein bestelako gorroto adierazpenek murriztu egiten dio LGTBI komunitateari herritarren eskura dauden zerbitzuak. Muturreko egoera batzuetan, gainera –egiaztatuta baina oraindik argitu gabe dauden jazoerak dira– hondurastar batzuen integritaterako eta bizitzarako eskubideari eraso diote, paradoxikoki, herritarrei segurtasuna eta babesa emateko arduradunen eskutik zenbait kasutan, agerian utziz Hondurasen kultur eta instituzio mailan nagusi den homofobia giroa. Estigma, bereizketa eta bazterkeriako kulturaren areagotzea hauteman da Hondurasko gobernuaren sustapen eta onargarritasunaren laguntzarekin, ez dagoelarik horretatik babesteko eta zigortzeko mekanismoen benetako aplikaziorik. Giza eskubideak bermatzeko axolagabekeria eta borondate politiko falta dago. Hondurastarrek, oro har, eskubide urraketak pairatzen dituzte herrialdearen egiturazko arazoengatik, baina LGTBI komunitateak gehiago nozitzen ditu giza eskubideen indarkeriazko adierazpideak, bere urrakortasuna dela-eta, fundamentalismo erlijiosoek hauspotutako kultura matxistarengatik. Osasunaren Mundu Erakundearen Batzar Nagusiak gaixotasunen nazioarteko sailkapenaren hamargarren edizioa onartu zuen 1990eko maiatzaren 17an, eta ezarri zuen sexu-orientazioa (heterosexuala, bisexuala edo homosexuala) ez zela, berez, “nahasmendutzat” hartuko. Amerikako Psikiatria Elkarteak, bere aldetik, aldaketa hori txertatu zuen Buruko Nahasmenduen 5. edizioaren laugarren berrikusketan. Alabaina, zuzenketa horiek ez dute lortzen heterosexuala ez den sexu-orientazioari buruz den pertzepzio okerra desmitifikatzerik. Ildo horretan, Erdialdeko Amerikako LGTBI antolakundeek 2006an egindako eskualdeko kontsultaren azterlanak hau esaten du: “Homosexualitatea identitate desbideratu, inmoral, zikin eta baztertu, murriztu eta diskriminatu egiten duten beste mespretxuzko kalifikatzaile batzuekin etiketatzen dute”. Hondurasko LGTBI erakundeen finantzazioari dagokionez, jasotzen dituzten dohaintzen artean gobernuen funtsak, eurek sortutako funtsak eta, azkenik, nazioarteko lankidetzaren funtsak daude. Gobernuen politika aldakorren (eskubide murriztaileak, irabazle ateratzen diren alderdi politikoen arabera) erruz, horien zenbatekoak gorabeherak izan ohi ditu, desorekak eraginez euren programa eta proiektuetan.

EZTABAIDA-MAHAIA - Sotila denak porrot egiten du

EZTABAIDA-MAHAIA - Sotila denak porrot egiten du

JARED ANDINO. Immigrazioa begirada positibo batetik, “Espainiako immigrazioa da garrantzi demografiko, sozial eta ekonomiko handiko fenomeno bat Espainiarentzat 2000ko hamarkadaren amaieratik. Espainiarako immigrazioak gora egin zuen esanguratsuki XX. mendearen hondarretik, Espainiak 2008ra arte bizi izan zuen hazkunde ekonomiko azkarra zela eta”1. Horrek immigrazioari buruzko ikuspegi positibo nola garrantzitsu batera garamatza. Esate baterako, eragin positiboa izan du gizarte segurantzako afiliatuen guztizko kopuruan eta BPGren hazkundean, atzerriko langileez hornitu izan delako azken urteetan. 2020aren amaieran, 69 herrialdek legez zigortzen zituzten LGTBIQ+ pertsonak, horietako seitan, gainera, heriotza zigorrarekin, eta beste bost herrialdetan ere ezar litekeen zigorra da, ILGAren azken txostenaren arabera. (ILGA World, 2020) LGTBIQ+ etorkinek eta errefuxiatuek diskriminazio maila altuak pairatzen jarraitzen dute Espainian, besteak beste osasuna, enplegua eta etxebizitzarako eskubidea eragozten zaielarik, duintasunez bizi daitezen funtsezko alderdiak direnean. Harrerako herrialdeen erronka nagusia da LGTBI+ pertsonen eskubideetarako aukera bermatzea, horien garapen integrala zaintzea, inklusioa eta giza eskubideen defentsa. Espainia laneko diskriminazioaren aurka babesten duten 81 herrialderen eta sexu-orientazioagatik gorrotora, indarkeriara edo bazterkeriara bultzatzea debekatzen duten 45 herrialderen artean dago. Alabaina, Espainian errefuxiatu edo etorkin diren 10 LGBTIQ+ pertsonetatik 7k diote diskriminaturik sentitzen direla langileak hautatzeko prozesuetan, eta %100ak dio oraindik traba gehiago dituztela etorkina izateagatik lehendik zutenaz gain”.2 Askotariko indarkeria sinbolikoak daude gizarte-zerbitzuen, osasunaren, hezkuntzaren, etxebizitzaren eta gisakoen alorretan. Indarkeria mota horiek jasaten dituzten pertsonek normaltzat hartzera heltzen dira edo gizartean justifikatuta balego bezala hartzen dituzte horiek. Adibidez, “Dagoeneko hainbeste tratu txar, birao eta kolpe pairatu izan dut neure jatorriko herrialdean, ezen hemen egiten edo esaten didatena oso normala zait dagoeneko” (Nikaraguako gay anonimo bat).

EZTABAIDA-MAHAIA - Gorputzak gizartearen iruditerian

EZTABAIDA-MAHAIA - Gorputzak gizartearen iruditerian

ANALU LAFERAL. Ikusgarritasun trabestia –agerikoa egitean– eta pribilegio zisexualaren salaketa dira Trans Azterlanetako bi atal, eta postulatu feminista batzuk beharrezkoak egiten dira indarkeria epistemiko batzuen galderaren aurrean, zeinaren mende egon baitira garaikidetasunean bizitza trans baten esperientzia duten pertsonen bizitza eta kontakizunak. Esku-hartze horrek, alde batetik, indarkeria garatzen du identitate-genero bitarren bestelakoa den enuntziatu propio baten ezabapenaren aurrean, eta, bestetik, pertsona zisexualen aldetik generoa bere egitea dakar, euren legitimotasunaren aldarrirako. Bi indarkeriek gorputz trans/trabesti bat dute agertoki, nahiz eta ikuspegi ezberdinetik jorratzen duten. Hitzaren gainean den lehen auziak kategoria batzuk iradokitzen ditu, identitatea toki liminal batzuetatik zehaztu –edo arbuiatu– izan dutenak Hauek dira esku-hartzean aztertzen diren proposamenak: Gloria Anzaldúaren muga, Sandy Stoner-en postransexualitatea, Susan Stryker-en eta Paul Preciadoren munstrotasuna, eta Lohana Berkins-en identitate trabestiak. Latitude ezberdinetatik inposatu izan den generoaren ikuspegi bitarra kritikatu izan duten postulatu horien aitortza egin ondoren, enfasi garrantzitsua egiten da latinoamerikar testuinguruan eta Lohana Berkins-en proposamenetan, pentsamendu trabestiaren aitzindarietako bat denaz bezainbatean. Puntu horretan, Abya Yalan bizitza trans baten esperientzia duten pertsonen gorputzen ikusgarritasunaren gauzatzea jorratzen da, eta hori garatzen den argentinar testuingurua ere partekatzen da. Elkarrizketan jorratzen den bigarren gaiak generoaren jaiotzetiko diagnostikoa alboratzea erabakitzen duten gorputz batzuen garapenaz irakurri izan diren igurikimenen gainean itxura zisexualari eusteko dauden tresnak nola aritzen diren lantzen du. Puntu hori garatzeko Julia Seranok azaldutako pribilegio zisexualeko kategoriak hartzen dira kontuan, eta esperientzia trans bitarretan horiek eskaintzen dituzten aukerak eta mugak zehazten dira. Emakume transexualen identitateen kasu partikularra hartzen du adibidetzat. Jakintza transetatik partekatutako bi posizioetan barrena, lehen pertsonako kontakizun trabestia desagertzearen eta transexualen legitimotasunaren –edo legitimotasun ezaren– fenomenoaren zati bat ulertzea lortzen da. Auzi trans/trabesti zehatz batzuei buruzko irakurketa feministen ondorioak agerian jartzea. Trans Azterlanen egokitasuna eta garrantzia ere azpimarratzen da, baita horientzat akademian toki bat egiteko eta irekitzeko izan den zorroztasuna ere. Azkenik, indarkeria epistemikoa gutxitzeko mugimendu eta pertsona transek/trabestiek garatu izan dituzten alternatiba batzuk azaltzen dira, indarkeria horren babespean eraiki izan baitira zisexualitatearen presuntzioz nagusi diren diskurtsu eta praktikak. Latinoamerikako kasu batzuk aztertzea proposatzen da, euren testuinguruko arrazoiak eta horiek gorputz trabestiaren gaineko ikuskeretan dituzten berehalako ondorioak barne.

EZTABAIDA-MAHAIA - Ikusten gara, ezagutzen gara

EZTABAIDA-MAHAIA - Ikusten gara, ezagutzen gara

DUNIA ORELLANA.Hondurasen ez da sekula zaila izan istorioak idaztea, are gehiago desinformazioaren eta desberdintasun sakonaren garaietan. Errealitate horren aurrean, ikusirik Hondurasko komunikabide tradizional gehienetan ez genuela lekurik, Reportar Sin Miedo sortu genuen 2020an, gazteen, emakumeen, sexu-aniztasunaren, jatorriko herritarren nola afrohondurastarren errealitatea intersekzionalitate ezberdinetatik kontatzeko eta azaltzeko komunikabide independente berria, alegia. Kazetaritza independentea da edo ez da kazetaritza. Kazetari on batek espiritu librea eta askea izan behar du, lotsagabe jokatu behar du botere guztien aurrean. Jakiteko eta jakinminari beti eusteko nahiak bultzaturik, Reportar Sin Miedok hautsi egiten du herrialdearen agenda mediatikoa menperatzen duen sistema heterozispatriarkalarekin. Hondurasko lehen komunikabidea gara hizkuntza inklusibo ez bitarrean hitz egin eta idazten. Gure erredakzioa, gainera, gaztea, ezberdina eta guztiz inklusiboa da. Bi urte baino gehiagoko lanean konfiantzazko harremanak eraiki ditugu gure entzuleekin, erakundeekin eta nazioko eta nazioarteko komunikabideekin, generoen kazetaritza, aniztuna eta parte-hartzailea, eginez herritar gazteentzat narratiba eta eduki sortzaileak eraikitzeko. LGBTIQ+ pertsonek, gazteek, emakumeek, etorkinek, desgaitasuna dutenek, jatorrizko herritarrek nola afro-amerikarren ondorengoek, urrakortasun egoeran diren beste talde batzuen artean, bizi dituzten errealitateak ikusezinak dira, eta ez dute lekurik komunikabide masiboetan. Hondurastar komunikabide alternatiboek lan esanguratsua burutzen dugu hor, istorioak ertz ezberdinetatik kontatuz eta diskurtsu ofizialen gaineko kontranarratibak eskainiz. Kazetaritza ona eta kazetaritza independentea hor daude beti, eta loratu behar diren lekuan loratzen dira. Boterearen aurrean sentitzen dugun deserosotasunak bultzatzen gaitu egunero lanean jarraitzera gorrotoa eta botere gehiegikeriak dokumentatzeko, eta gezurrezko albisteak eta desberdintasuna borrokatzeko Hondurasen. Komunikabideen protagonista egoa dela dirudien garaiotan, nire ustez orain inoiz baino gehiago indartu beharra dago elkarlanezko kazetaritza. Kazetaria ez da garrantzitsuagoa istorioa baino, eta protagonistak duindu beharra dago.

EZTABAIDA-MAHAIA - Ikusten gara, ezagutzen gara

EZTABAIDA-MAHAIA - Ikusten gara, ezagutzen gara

(Argazki: TTAP) JUNE FERNÁNDEZ. Komunitatea da diskriminazio, jazarpen eta isiltasuneko gure historiak ekarri izan digun gauza on apurretakoa. LGTBI garenok aterpeak sortu izan ditugu elkarren artean, ahalduntze espazio batzuk. Giroa izan da, heteroaren pribilegiotik auzitan horrenbeste jarria den hori alegia, egunerokotasun itogarri batetik atseden hartzeko gure arnasgunea. Euskadiko LGTBI pertsonentzako itxurazko berdintasun formalaren garaiotan, jada ez daude edo desagertu egin dira gure nahiak askatu eta gure lumak izarniatzen genituen txokoak. Ez dago, antza, disidente sexualentzako ladyjaiak edo akanpadak antolatzeko beharrik. Transa izanik bizitza zeharo normala eraman dezakezunaren mezua nagusitu da, ez bazaizu nabaritzen transa zarenik, betiere. Onartzen zaitugu, ez bazara irteten zuretzat mugarritu dugun bidetik: identitate bitarrak, tutoretza psikiatrikoa eta derrigorrezko hormonazioa. Sexu bereko pertsonak ezkondu ahal gara, baita seme-alabak izan ere. Egitez, lesbianok ezkontzera behartzen gaituzte gure familiek legezko bermeak izan ditzaten. Aurrezki-kutxa progre batek zuriz jantzitako bi nesken irudia erabiltzen du hipoteka malguak saltzeko. Ez naiz nekatzen David Cameron-ek Erresuma Batuko lehen ministro zenean esandako hitzak nire ahotsean jartzen: “ezkontza sexuala ez dut defendatzen kontserbadorea izanagatik, kontserbadorea naizelako defendatzen dut”. Niotsan komunitatea dela LGTBfobiak ekarri izan digun gauza on apurretakoa, gozamena izan delako dokumental honetarako nire jendea elkarrizketatzea. Nerau azaltzeko argudio berriak aurkitu ditut euren diskurtsoetan, heteroarauari aurre egiten jarraitzeko, neronen ikusgarritasunerako, zauriak eta nekea gorabehera. Ahalmen politiko handiko komunitatea gara, egunez egun hodeiertz bizigarriagoak marraztuz goazena. Horregatik, garrantzitsua da dokumental honetan bertan agertzen den kritika sistemak onartzen gaituelako euren arauak betetzen baditugu, hezurmamitzen ditugun alternatibetara zabaldu ordez. Hasieran, beldurra eragin zidan Qué es ser LGTBI en Honduras [Zer da Hondurasen LGTBI izatea] dokumentala Bizkaian pentsatu eta burututako ikus-entzunezko proiektu berri honetan txertatzeko proposamenak. Beldur nioen gure agenda muturreko indarkeria eta fundamentalismo erlijiosoa nabarmentzen den eta sexu- eta genero-aniztasunarentzat inolako aitortza instituzional nola legezkorik ez dagoen herrialde batekoarekin solasean jartzearen ondorioei. Eta, hala ere, solasak zentzua duelakoan nago, nondik gatozen eta historia ez dela lineala gogorarazten digulako. “Herrialde horietan” zelako gaizki dauden naturalizatzeko tentaldiaren aurrean, itsasoaren bestaldean elkarrizketatutakoek kontatzen dituzten bizi-baldintzak gure eskuin muturrak irrikatzen duen inboluzio politikoaren emaitza besterik ez dira. Halatan, berdintasunaren begitazioaren aurrean, ulertzen goaz Rubén Serrano kazetariak LGTBIfobiari buruzko liburu zoragarriaren izenburua: No estamos tan bien [Ez gaude horren ondo]. Egiaztatzen goaz lege arloan azken lorpentzat saldu zizkiguten aurrerapenek bazterketak eta arau gaiztoak sortzen dihardutela. Gero eta mikrofono eta aulki gehiago dituztenen gorrotozko diskurtsoak ongarri dira taberna eta parketan erasotzeko. Komunitatearen beharra dugu, elkar aurkitzeko, elkarri gauzak kontatzeko, ezagutzeko, entzuteko beharra dugu. Tokiko sareen eta nazioarteko elkartasunaren beharra dugu. Hondurasko adiskideei entzunez, gizarte zorraren hitzak erabiltzen ikasi dut LGTBI pertsonen eskubideekiko errespetuaz hitz egitean. Azaldua dizugu bai Europan bai Erdialdeko Amerikan muzin egiten diegun eta horregatik zigorrak jasaten ditugun arauek gure osasun fisiko eta mentalari eragiten diotela. Orain, pentsa ezazu zer egin dezakezun zor horren aurrean. Alda dezagun fokua, LGTBIfobia ez delako hori pairatzen dugunon arazoa/erantzukizuna, hori gauzatzen dutenena edo ikusten ez dutenena baizik, prentsak eraso itzel baten berri ematen duenean izan ezik.

EZTABAIDA-MAHAIA - Ikusten gara, ezagutzen gara

EZTABAIDA-MAHAIA - Ikusten gara, ezagutzen gara

SANTIAGO RON. Zirriborron jaso genuenean Medicusmundi Bizkaiaren proposamena Bizkaiko sexu- eta genero-aniztasunari heltzen zion dokumental bat egin eta gero hori gai bera, baina Honduraskoa, jorratzen zuen beste batekin lotzeko, ez genekien zer erronka zekarren. Gure lanaren ­–ikus-entzunezkoen ekoizpena– gauzarik onena gauza berriak ikastea eta jende interesgarria ezagutzea izaten da beti. Ezezagunak zitzaizkigun elikadura subiranotasuna, osasunerako eskubidea, memoria historikoa, mendekotasuna eta zainketak eta gisako lanak, eta, beste proiektu batzuei esker, horietan sakondu eta ahalik jende gehienarengana helarazten saiatu gara. Proiektu honetan hasiera-hasieratik genekien ezjakin hutsak ginela eta gure ezagutza teknikoak proiektua aurrera atera zezaketen norbaitzuen zerbitzura jartzera mugatu behar ginela. Hala, Andrea Momoitiorekin jarri ginen harremanetan hasiera batean, eta, agenda bete baino beteagoa zuen arren, lagundu egin zigun eta elkarrizketa genitzakeen pertsonen zerrenda bat prestatu zigun. Grabatzen hasi aurretik, Andreak June Fernándezi utzi zion bere lekua, Lunática bere liburua amaitu beharrean zelako (2022ko otsailean argitaratu da). Beraz, proiektu honi ia ekin aurretik bagenuen, dagoeneko, feminismoaren eta kazetaritzaren alorrean erreferenteak diren Andrea eta June bezalako bi pertsonen kolaborazioa. Horixe esan nahi nuen gure lanaren gauzarik onena jende berri eta interesgarria ezagutzea zela nioenean. Luxua izan zen, halaber, Fernando Altamirarekin eta Lala Mujikarekin tailer batean parte hartzea. Aurrez aurre jarri ninduen begirada intersekzionalarekin, bazterkeriaren triadarekin, globala-tokikoa ikuspegiarekin, binarismoarekin... Hain ugaria eta aberatsa izan da ikasi dudana, ezen nekeza litzateke guztia zerrenda batean jasotzea. Bihoakie gure eskertze eta aitortza dokumentaleko protagonisten ahaleginari eta ausardiari. Euren denbora eta testigantzak eskaini izan dizkigute guztien artean diskurtsu bat eraikitzeko, eta horrekin identifikaturik eta eroso sentituko direla espero dut. @duniaorellana-k bere Qué es ser LGTBI en Honduras [Zer da Hondurasen LGTBI izatea] lanerako bildutako testigantza batzuk ere jaso ditugu dokumental honetan. Gure lana bakoitzaren zatirik onenak hautatzera zuzendu da, argumentu-ildo bat eraikiz horrekin. Lortu izan dugulakoan gaude. Eta fedea dugu ikus-entzunezkoak pertsonengan eragiteko eta hezteko duen ahalmenean, horixe baitzen kontua erronka honi onarpena eman genionean. Azkenik, dokumentalean agertzen diren pertsonen artean egindako gogoeta pare bat hona ekarri eta azpimarratu nahi nituzke. Amets-ena da lehena, Gasteizko Ikusgune kolektibokoa, eta hau dio: “sexu- eta genero-aniztasunaren kontuak guztioi eragiten digu, ez da bakarrik bizipen zehatz batzuk jasaten dituzten kolektibo jakin batzuen kontua. Heteroaraua heterosexualak ez direnentzako bezain oldarkorra da hala direnentzat. Eta gorrotoaren diskurtsoak eta eskuin muturraren zuriketa eta hedapena nola zabaltzen doazen ikusita sortzen doan larrialdi giroan, nabarmendu beharrekoa iruditzen zait Cristina Zamorak helarazten digun ohartarazpena: “lortu izan ditugun eskubideak zaindu beharrean gara, ikusita baitago edozein unetan desager zaitzakegula guztia”.