Bilbao 2022 – Hizlariak

Alex Sorto

Alex Sorto

Tegucigalpa M.D.C. hiriko 35 urteko gazte honek Gerentzia eta Garapen Sozialeko lizentziatura, Proiektuen Administrazioko maisutza eta Gerentzia Administrazioaren eta Goi Gerentziako Administrazioaren doktoradutza biltzen ditu bere lanbide prestakuntzan. Egun, Zuzenbide lizentziaturako laguntzailea da. 14 urte baino gehiagoko lan-ibilbidea burutua du toki (komunitatea), eskualde eta nazio mailako Osasuna, Giza Eskubideak, Eragin Politikoa, Indarkeriaren Prebentzioa, Generoa, Justiziarako Sarbidea, Ahalduntze Ekonomikoa eta Ezagutzaren Kudeaketaren arloko gizarte-programa eta -proiektuetako gerentzia, administrazio, monitorizazio, ebaluazio eta ikerketa lanetan, sektore askotariko ikuspegia txertatuz nazio eta eskualde mailan. Gizarte-programak eta -proiektuak zuzentzeko karguetan profesional gisa emandako 14 urte luzeko ibilbide horretan, gaitasunak garatu ditu lankidetza eta kolaborazioa lagunduko duten artikulazio-espazioak sortzen urrakortasun egoeran diren taldeen babeserako, bai kaltebera den biztanleriarekin, bai erakunde publiko eta pribatuekin. Kontsultari independente gisa nerabeen haurdunaldia eta generoan oinarritutako indarkeria prebenitzeko eta sexu- eta ugalketa-eskubideak nahiz LGTBI pertsonen eskubideak defendatzeko gizarte-proiektuen monitorizazio-, ikaskuntza- eta ebaluazio-prozesuak garatu izan ditu. Ikerketa sozialaren eta laguntza teknikoaren alorrean, berriz, profesionalen taldeak zuzendu izan ditu bere laneko zereginaren barruan gai hauei buruz ikerketak egiteko: Hondurasko emakume lesbianen, bisexualen eta transen aurkako aurreiritzizko indarkeria eta gorrotozko krimenak, Hondurasko LGBTI pertsonen giza eskubideen egoerari buruzko txostena, LGTBI pertsonen kontrako indarkeriari lotuta behartutako migrazioaren arrazoiei buruzko azterlana, Hondurasko Aldizkako Azterketa Unibertsalaren (AAU) aldizkako txostenak, Hondurasen Covid-19aren pandemiari lotuta LGBTI pertsonen egoerari buruzko txostenak, Hondurasko LGBTI pertsonen laneratzeari buruzko 2020ko diagnostikoak, Hondurasko LGBTI pertsonen giza eskubideen defendatzaileei buruz NBEren Giza Eskubideen Batzordeak emandako gomendioen jarraipenerako OSC erakundearen 2020ko txostena, Amerika Erdialdeko giza eskubideen defendatzaileen egoerari buruzko 2020ko txostena, eta Hondurasi buruzko NBEren Giza Eskubideen Batzordearen alternatibarako DESCA txostena, beste batzuen artean.

Analú Laferal

Analú Laferal

Analú Laferal (Bogota, 1991). Trabesti herbiboroa. Ustekabeko artista, irakaslea Gizarte Laneko sailean eta GIIS Gizarte Esku-hartzearen Ikerketa Taldeko kidea. Gorputz, identitate eta nahiaren disidentziak koordinatzen ditu Antiokiako Unibertsitateko (Kolonbia) CEG Genero Azterlanen Zentroan. Unibertsitate bereko politologoa da eta Kultura Ikasketen eta Ikusizko Arteen masterra du ikuspegi feminista/queerarekin Miguel Hernández Unibertsitatetik (Espainia). Bere idatzizko azken lana Ladrida (2022) deitzen da, eta Dos Filos kolonbiar argitaletxe independenteak argitaratu zuen. Testu horretan ariketa autobiografiko bat proposatzen du, zeinetan nabarmendurik dauden arau zisheteroespezistarekiko bere disidentziarentzat esanguratsuak diren gertaerak. Bere azken obra performatikoak, Fisura izenekoak (2021), bigarren mailako sexu-ezaugarrien justaposizioak aztertzen ditu, mugako enuntziatu politiko gisa. Travesti, inflexiones del binarismo identitario: la relevancia del pensamiento de Lohana Berkins para los debates queer latinoamericanos (cuir) [Trabesti, binarismo identitarioaren inflexioak: Lohana Berkinsen pentsamenduaren garrantzia Latinoamerikako queer (cuir) eztabaidetarako] bere azken obra akademikoa Revista de Estudios Colombianos aldizkarian argitaratu zen, 58. zenbakian (2021) –Azterlan eta esperientzia transak Kolonbian–, eta Lohana Berkins-en idatzizko testu batzuen eta elkarrizketen berrikusketa bat egiten du. Horietan, trabestien adierazpenen eta Abya Yalarentzat horien egokitasunerako proposamenaren aitortza bilatzen du. Parole de Queer bezalako beste komunikabide batzuetan ere kolaboratu izan du, zeinetan Travestismo animal. Apuntes sobre la huida humana [Animalia trabestismoa. Giza ihesari buruzko apunteak] (2020) idazkia partekatu baitzuen Val Trujillorekin.

Claudia Gomez

Claudia Gomez

Claudia Marcela Gomez Wilson feminista eta gizarte-langilea da eta genero eta politika publikoen maisutza du. Gaur egun, Diakonia suediar NGKEren Latinoamerikarako eskualdeko genero koordinatzailea da. Diakonian 15 urte daramatza lanean, horietatik 10 generoko justiziaren eta horren zeharkakotasunaren alde erakundearen barruan bertan.  2013. urtean LGBTI ikuspegia txertatzen lagundu zuen genero-ikuspegiaren barruan. Era horretan, LGBTI komunitatearen eskubideen alde lan egiten duten antolakundeekin hasi zen lanean nazioko 4 programetan.  2015etik 2020ra bitartean eskualdeko genero Programa bat prestatu eta gauzatu zuen, tartean LGBTI pertsonen eskubideen aldeko lan esklusiboaren helburua zuena, bereziki indarkeriei ikusgarritasuna ematera zuzendutakoa, gehienbat hilketena, kontuan izanik Latinoamerika dela sexu-aniztasunaren aurka indarkeria gehien pairatzen duen eskualdea. Orduan sortu zen Latinoamerikako SinViolencias LGBTI [LGBTI IndarkeriarikGabe] informazio sistema. Ekimena Diakoniak programa nazionaletan bazkide zituen LGBTI antolakundeekin ekin zion Paraguain, Hondurasen, Kolonbian, Perun eta Bolivian, eta herrialde gehiagotara zabaltzen joan zen. Gaur egun, badira antolakundeak beste 6 herrialdetan ere, are Diakoniak bulegorik ez duenetan, adibidez Mexikon, Brasilen, El Salvadorren, Guatemalan, Dominikar Errepublikan eta Nikaraguan, eta beste dohaintza-emaile batzuen finantzazioa ere badu. Claudiarentzat funtsezkoa da eskualdeko sexu- eta genero-aniztasuneko erakundeen babesa. Sentsibilitate handia behar izaten da horretarako, latinoamerikarra bezain gizarte matxista, patriarkal eta indarkeriazkoan txikitatik aurre egin beharra dioten sufrimenduarengatik, binarismo heteronormatibotik irteten den guztia baztertua, diskriminatua eta, askotan, ezabatua izan ohi baita.

Dunia Orellana

Dunia Orellana

Dunia Orellana kazetaria, dokumentalgilea, komunikatzailea eta Reportar Sin Miedo Hondurasko lehen LGBTIQ+ komunikabidearen zuzendaria da. Haren artikuluak argitalpen hauetan ikusi izan dute argia, beste batzuen artean: Reporteros de Investigación, En Altavoz, Presentes, Criterio, Anfibia, El Tiempo eta Univisión. Dokumentalgile bezala Hondurasko LGBTIQ+ komunitatea zuzendu eta filmatu izan du, eta baita euren lurraldea defendatzen duten taldeak eta jatorrizko populazioak ere, hala nola garifunak, miskitoak, lenkak eta maia chortiak. Summit Foundation, GoJoven Internacional, People in Need, Fundación Gabo, ICFJ eta IWMF erakundeen bekaduna izan da. IDH Gorteak Duniaren Las 280 muertes de Vicky [Vickyren 280 heriotzak] izeneko ikerketa erabili zuen Hondurasko Estatua auzipetzeko 2009ko estatu-kolpearen aurretik eta ondoren LGBTI+ pertsonen erailketa sistematizatuagatik. 2021ean En sus zapatos: la travesía de las mujeres desplazadas de Honduras desde la mirada interseccional: mujeres cisgénero, mujeres trans adolescentes, mujeres trans adultas y familia de mujeres lesbianas [Euren oinetakoetan: Hondurasetik joandako emakumeen zeharkaldia ikuspegi intersekzionaletik: emakume zisgeneroak, emakume trans nerabeak, emakume trans helduak eta emakume lesbianen familia] kazetaritzako ikerketa argitaratu du Gabo Fundazioarekin eta ENBGK erakundearekin batera.

Dylan Duarte

Dylan Duarte

Medikuntzan doktorea La Habanako (Kuba) Medikuntzako Latinoamerikako Eskolatik 2014ko uztailean. LGBTIQ+ Ikasketen diplomatura dut Hondurasko FLACSO Unibertsitate Autonomotik. LGBTIQ+ komunitatearen aldeko GGEEren aktibista eta defendatzailea Hondurasen 2018tik, Hondurasko Gizon Transen eta Transmaskulinitateen Kolektiboko kide izen nintzen, baita Honduras Diversa [Honduras Aniztuna] Elkarteko kide ere, eta oraindik ere banaiz azken horretan. Prestakuntzako ikastaroak burutu ditut, besteak beste, arlo hauetan: GGEEren lider mentoreak, Migrazio prozesuetako akonpainamendua eta feminizazioa, GGEEak eta Generoa emakume, neska, gazte eta LGBTIQ+ pertsonengan, Migrazioa, Behartutako Barne Lekualdaketa eta Sexu- eta Ugalketa-eskubideak. Salud Inclusiva [Osasun Inklusiboa] izeneko neure proiektua zuzentzen dut, LGBTIQ+ pertsonen Osasun Arreta Integraleko oinarriko osasun-langileen eraginean, sentsibilizazioan eta heziketan lan eginez, osasunaren eta GGEEren arloan osasun-langileei eta LGBTIQ+ pertsonei tailerrak, hitzaldiak eta trebakuntza eskainiz. Egun, Desgaitasuna duten pertsonentzako Osasuneko Arreta Integralean koordinatzaile lana egiten dut José Carlos Cardona lizentziatu eta estatu idazkariak zuzentzen duen SEDIS Gizarte Garapen eta Inklusiorako Idazkaritzan, zehazki Desgaitasunaren Zuzendaritzan.

Jared Andino

Jared Andino

Gaztea, dinamikoa, ikerlaria eta ekintzailea, esperientzia du elkartegintzaren eta aktibismoaren munduan, eta hainbat elkarteren sortzaile eta kolaboratzailea da. Esperientzia sendoa du proiektuen kudeaketan, ibilbide luzea burutua duelarik urrakortasun egoeran diren taldeekin. Turismoan lizentziatua Francisco Morazán Unibertsitate Pedagogiko Nazionaletik, Erakundeen Gobernu eta Kulturako masterra Nafarroako Unibertsitatetik, Giza Eskubideen diplomatura Geneva Unibertsitatetik, Esku-hartze Sozialeko diplomatura, diplomatura auditoretza eta gardentasunean, LGTBI+ asilo eta aterpetzeko ziurtagiria. • Fénix Elkartearen sortzaile eta koordinatzailea Nafarroan. • Kattalingorri Nafarroako LGTBI+ Elkartearen egungo presidenteordea. • Lizarrako Gurutze Gorria Gazteriaren zuzendari ohia. • Nafarroako Gobernuaren LGTBI kontseiluko kidea. • Gutxiengoen estatuko plataformaren kidea Fénix Elkartearen izenean. • Tailerrak ematen ditu sexu-aniztasunari, hizkuntza inklusiboari, giza eskubideei eta LGTBI+ asilo eta aterpetzeari buruz. • Hondurasko Hazte Notar Gazteen Garapenerako Erakundearen sortzailea. • LGTBI+ asilo eta aterpetzeari buruzko hainbat ponentzia eta hitzaldietan hartu izan du parte Nafarroako Gobernuarekin. • Gutxiengo taldeen sentsibilizazioa eta ikusgarritasuna sustatzen duten kanpainak koordinatu ditu. • LGTBI+ eragin eta parte-hartze politikoaren proiektu eta programetan lan egin izan du. • Boluntario aritu da erakunde anitzetan, besteak beste hauetan: Gurutze Gorria, CEAR, Scouts, Harrotu, Nafarroako Elikagaien Bankua. • Artikuluak idatzi eta ikerketak burutu izan ditu gai hauei buruz: • Gazteen parte-hartze politikoa eta teknologia berriak. • LGTBI+ migratzaile eta errefuxiatuen errealitateak eta erronkak. • Boterea, Autoritatea eta Legitimitatea, Prozesu demokratikoetan gazteen parte-hartze politikoari buruzko analisia.

June Fernández

June Fernández

(Imagen: TTAP) June Fernández (Bilbo, 1984) kazetaria, prestatzailea eta kontsultari autonomoa da. Pikara Magazine aldizkariaren fundatzaileetakoa. Aldizkari hori bihurtu da erreferentziazko komunikabide natibo digitala gaztelaniazko komunitate hiztun feminista zein LGTBIrentzat. Hamar urtez hori koordinatzen aritu ondoren, ohiko kolaborazioak eginez jarraitzen du bertan eta baita ARGIA aldizkarian ere, beste komunikabide alternatibo eta espezializatu batzuen artean. Kazetaritza intersekzional feministaren bi liburu argitaratu ditu Libros del K.O. argitaletxearekin: 10 ingobernables [10 gobernaezinak] eta Abrir el melón [Meloia ireki]. Batean zein bestean, presentzia handia dute sexu-genero disidenteen istorio eta diskurtsuek. Giza eskubideekin eta emakumeekin engaiatutako bere kazetaritza lanaren ondorio dira erakunde, unibertsitate eta elkarte profesionalen aldetik bost sari jasota heldu zaion aitortza, tartean AMECO Emakume Kazetarien Elkarteak eskaintzen duen 2013ko ‘Prentsa-Emakumea’ Saria, Pikara Magazine abian jartzeagatik. Ikus-entzunezkoen arloa askorik ukitu ez badu ere, saialdi bat egina du MedicusMundiren dokumentalaren aurretik. Intermón-Oxfam erakundearen Ruda: mujeres indígenas organizadas por una vida libre de violencia en Guatemala [Ruda: Guatemalan indarkeriarik gabeko bizitzaren alde antolatutako emakume indigenak] izeneko dokumentala da bere esperientziarik garrantzitsuena, zeinetan gidoilari, erredaktore eta errealizadore eginkizunetan parte hartu baitzuen. Feminismoaren, LGTBren eta arrazismoaren kontrako hainbat kolektibotan militatu izan du. Gaur egun, Zutunik! larrabetzuar elkarte feministaren partaide da, eta baita Histeria Kolektiboak dinamizatzen duen Amatasun Bolloak proiektukoa ere. Horrez gain, Zinegoak-en webgunerako Nola esan/izan bollera euskaraz egitasmoaren sustatzailea da.

Santiago Ron Herrero

Santiago Ron Herrero

Ikus-entzunezkoen Komunikazioa ikasi zuen UPV/EHUn eta Teknologia Digital Interaktiboen masterra egin zuen gerora Madrileko Unibertsitate Konplutentsean, baina Zaragozan egindako zinema eta bideo tailer batean ikasi zuen, Bigas Luna zinema zuzendariaren eskutik, hunkitzen duten istorioak kontatzea dela axola dena. ETBn urte batzuetan lanean aritu ondoren, bere ekoizpen-etxe propioa sortu zuen Jokin Agirregoikoaren batera: zirriborro.tv. Hainbat dokumental egin izan dituzte elkarrekin: Bide Berriak: Soberanía Alimentaria en Euskal Herria [Bide Berriak: Elikadura Subiranotasuna Euskal Herrian], dokumentalik onenaren saria jaso zuena Garapen Iraunkorra kategorian Bilboko Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdian; La Sanidad en Shock [Osasungintza Shockean], osasuneko gizarte baldintzatzaileei buruz; Sitio Distinto, Davide Cabaleirok zuzendua Euskadiko galiziar immigrazioa gaitzat hartuta; eta duela gutxi burututako Itsasoiko, del mar, de temporada [Itsasoiko, itsasokoa, sasoikoa], artisau-arrantzaren alde egiteak duen garrantzia nabarmentzeko.

Sergio Colina Martín

Sergio Colina Martín

Sergio Colina Martín (Bartzelona, 1985) diplomazialaria da. Zuzenbidean lizentziatua Bartzelonako Unibertsitatetik eta Nazioarteko Harremanen masterra Eskola Diplomatikotik, gaur egun Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Espainiako Agentziaren (GNLEA) Andeetako Herrialdeekin eta Hegoaldeko Konoarekin Lankidetzarako Sailaren buru da. Kargu horretara iritsi zen bi urtez New Yorken Nazio Batuen Idazkari Nagusiaren Kabinetean lanean aritu eta gero. Nazioartean, Salvador de Bahiako (Brasil) eta Rabateko (Maroko) Espainiako kontsulatu nagusietan eskaini izan ditu zerbitzuak, eta Japoniako Espainiako Enbaxadaren bulego kontsularraren buru izan zen. Afrikako, Karibeko eta Pazifikoko garapenerako eta harremanetarako Europako politiketarako kontseilaria izan da Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako Ministerioaren Europar Batasuneko Kanpo Harremanetarako Zuzendariordetza Nagusian. GNLEA erakundean, berriz, Saharaz hegoaldeko Afrikarekiko Lankidetzarako Departamentuko eskualde-lankidetzako kontseilari teknikoa izan da, eta Agentziaren Zuzendaritzako Kabinete Teknikoko aholkularia. Horrez gain, kultur kudeaketarekin, giza eskubideekin eta nazioarteko lankidetzarekin, askotariko alderdietan (garapen iraunkorra, ekintza humanitarioa, kultur ekintza), zerikusia duten gaiei buruzko artikuluak argitaratu ditu aldizkari espezializatuetan, eta Acción exterior y derechos de las personas LGTBI [Kanpo ekintza eta LGTBI pertsonen eskubideak) liburuaren koordinatzailea izan da (MAUC, 2021).

Walter Alonso

Walter Alonso

Gorputzaren, generoaren eta sexualitatearen historialaria* Kolonbian. Isiltasun homosexualetik eratorria, gay hornonormatutik eta marikatik... akademian, kalean zein ohean. Beltzetik biraoz eratorritako marika, gari eta beltzaran kolorea ezkutu duena, duintasunaren Beltza. Marika beltza, klase ertaina dela sinestetik eratorria, pobre dela aitortzetik. Toki politiko gisa uzkiko praktika sexualetatik izendatzen eta izendatzea onartzen duen fisterra, heteronormatibitate falozentriko nola erreproduzitzailearekiko demokratikoak eta disidenteak diren bezainbatean. Arma politiko gisa izendatzen duena naturalizatutakoari estalkia kentzeko, ikusezin bilakatzen delako horregatik, saihestu, hots, pasatzen uzten zaiolako. BDSM kulturaren ikertzailea, sexualitatea gorputz osoan eta beste toki askotan dagoela ulertzeko. Beltza, marika eta Giza Eskubideen Defendatzaile pobrea, subjektu disidentea, disidentzia jarreratzat duena zapalkuntza sistema guztien aurrean, maila teilakatuan aritzen direnak eta, beraz, sistema horiek zapaldutakoen elkarketa eskatzen dutenak disidentzia aktibo eta elkartasunezko batetik. Latinoamerikako Genero eta Kulturako Ikasketen masterra Txileko Unibertsitatetik. Genero Ikasketen doktore hautagaia Kordobako (Argentina) Unibertsitate Nazionaletik. Feminismoa, Generoa, Intersekzionalitatea eta Subjektu Politikoak Ikerketa Ildoaren koordinatzailea Medellingo (Kolonbia) UNAULA Latinoamerikako Unibertsitate Autonomotik.

Fernando Altamira

Fernando Altamira

2000. urtean INCYDE, Lankidetzarako eta Garapenerako Ekimenak gizarte-aholkularitza sortu genuen, eta ordutik antolakundeak sendotzeko eta ondo eramateko prozesuak bideratzen ditugu, estrategia-hausnarketen, diagnostikoen eta esperientzien ebaluazioen eta sistematizazioen bidez. Garapenerako lankidetzan intersekzionalitatearen begiradaz sexu- eta genero-aniztasuna ikertzea da, egun, gehien motibatzen nauen esparruetakoa. Nire doktore-tesia gai horri buruz egiten ari naiz Valentziako Unibertsitate Politeknikoan.

Ricardo Fernández

Ricardo Fernández

Zientzia Politikoetan eta Soziologian lizentziatua, gradu osteko prestakuntza Garapenerako Lankidetza eta Osasun Komunitarioan, eta Osasun Publikoaren diplomatura. Garapenerako lankidetzan engaiatuta dago 1999tik, eta medicusmundi Bizkaian dabil 2007tik. Erdialdeko Amerikan (Guatemala eta Honduras) sistema publikoak indartzera zuzendutako programen koordinatzailea, eta medicusmundi Bizkaiaren sexu eta ugalketa eskubideen sustapen eta defentsarako politika publikoak sortzeko erakunde eta sektore artean artikulatzeko estrategiaren arduraduna. Medicusmundi Bizkaiaren lankidetzaren arduraduna da Hondurasen 2007tik. 2014tik aurrera Hondurasko tokiko antolakundeak bultzatzen ditu Sexu- eta Genero-Aniztasunaren kolektiboen eskubideak erreibindikatzeko prozesuak sustatzen, batik bat Atlantida departamentuan.