Berrogeita hamar erakunde baino gehiagok, tartean medicusmundi, bat egin dute Lehen Mailako Arretaren eta kalitatezko asistentziaren defentsan, COVID-19ak eragindako pandemiaren ondoren egoera kritikoan baitago, aurreko urteetatik okerrera egiten ari bazen ere.
“Salba dezagun Lehen Mailako Arreta” izeneko aliantza horrek, manifestu bat argitaratu zuen (erderaz). Bertan, Lehen Mailako Arretaren errealitatea aztertzen da, eta haren potentziala eta gaitasunak berreskuratzeko neurriak jasotzen dira, aurrekontua eta langile-plantillak handitzea, osasun-zentro irekiak eta irisgarriak bermatzea, aurrez aurreko kontsultak lehenestea, edo herritarren parte-hartzea eta ahalduntzea bermatzea, besteak beste.
Mugimendutik mobilizazio-aste bat deitu zuten maiatzean eta ekainean, “Lehen Mailako Arretaren larrialdi egoera ikusarazteko eta gure Osasun Sistema Nazionalaren jarraipena bermatzera begira neurriak eskatzeko”, eta “hura suntsitzearen aurrean, osasun-administrazio guztien pasibotasuna” salatu zuten. Ekainaren 6an, “Lehen Mailako Arretaren oraina eta etorkizuna” jardunaldia antolatu zen. Bertan, Eduardo García Langarica, Lehen Mailako Arretako mediku erretiratuak eta medicusmundiko kideak parte hartu zuen, eta “Lehen Mailako Arreta beste edozein osasun-sistema baino eraginkorragoa da” azpimarratu zuen, “eta horregatik, defendatu egin behar da eta eraginkorra izatea lortu behar da”.
Ildo horretan, ekainaren 22an, Salburuako (Vitoria-Gasteiz), Amara Primeko (Donostia) eta Deustuko (Bilbo) osasun-zentroetan ordutegi-murrizketa salatzeko kontzentrazioak egin ziren. Aldi berean, ekainaren 26an, hainbat sindikatuk (SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK)-ek “Osakidetzaren desegitea salatzeko” mobilizazioa deitu zuten Bilbon, udako itxierekin, ordutegi-murrizketekin eta zerbitzuen mugaketarekin “bizi duen egoera kezkagarria” azpimarratuz.
Osasuna oinarrizko giza eskubidea da, ondasun globala eta justizia sozialeko gaia. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako medicusmundi elkarteek, osasun-eskubidearen hainbat arlotan 50 urte baino gehiagoko lan-esperientzia izan ondoren, ziur gaude eskubide hori egia bihurtzeko, Lehen Mailako Atentzioan oinarritutako osasun-sistema publiko, unibertsal eta doakoa behar dela. Osasun-estaldura unibertsala ahalbidetuko duen sistema bat, pobreziaren aurkako borrokan lagunduko duena eta desberdintasunak orekatzen lagunduko duena.