Trabestia, beltza, idazlea, pentsalaria, aktibista, cimarrona eta dominikarra da Mikaelah Drullard. Ona Ediciones argitaletxearen eskutik ‘El feminismo ya fue’ liburua argitaratu du; bertan, feminismoarekin erabat haustea proposatzen du, kolonizatzailea dela uste baitu, eta cimarronajea proposatzen du.
Mikaelah Drullardek hitz egiten duen moduan idazten duela dio, eta hitz egitean parentesi artean idatziko balitu bezala aipatzen ditu erreferentziak, ideia batetik bestera, ostikotik ostikora, arnasa hartzeko gelditu barik: “Feminismoa izatearen munduaren parte da, soilik izatearen munduak duelako generorik –Lugones–”, dio tai gabe María Lugones feminista argentinarra aipatuz, Bilboko La Ilusa liburutegian bere El feminismo ya fue (Ona Ediciones) liburua aurkezten ari dela.
Aurkezpen bat baino, adarkatzen doan diskurtsoa osatzen ari da, pasadizoak eta esku-sartzeak onartzen dituena, baina beti Drullarden pentsamenduaren eta bere liburuaren ildo nagusira itzuliz: “Feminismoak kolonizatu ninduen, feminismoa emakume zuriek eraiki eta ekoitzitako teoria bat delako; agendaren erdigunean haien arazoak daude. Gorputz mariken, disidenteen eta emakume arrazializatuen (emakume horiek ez dira guztiz emakume) problematikak, esperientziak eta gatazkak sartzen direnean, konturatzen dira haien teoria ustez askatzailearen oinarrian zer dagoen: 1492tik gure gorputzak kolonialki sexuatu ziren modua. Gaur egun ere badira gure komunitateetan emakumeenak eta gizonenak ez diren esperientziak, ezta?”.
“Giza emeaz aritzean, narratiba arrazista erabiltzen ari dira”
Liburu denda beteta dago, eta publikoak buruaz baietz dio: prozesu koloniala Cristobal Colón Abya Yalara iritsi zenean hasi zen eta kristautasunak ezarri zuen gaur arte irauten duen sexu-genero sistema. Drullardek kolonia garaien aurreko binarismoaren disidentzia batzuk zerrendatu ditu gero, gaur egun ere irauten dutenak: “Muxeak, otroak… itsasontzitik jaistean ere trabestiak biluzarazi zituzten, gaur egun feministek emakume musulmanei [Mendebaldeko emakumearen idealean txerta daitezen] beloa kentzea justifikatzen duten bezala. Trabesti beltz horiek itsasontzietan [esklabistek] bahitu zituzten eta, Kolonen begiradaren arabera, hankartean zeukatena ez zetorrenez haien janzkera eta portaerekin bat, zisgeneritatea performatzera behartu zituzten”. Gehiago sakonduz: “Horregatik, terfak giza emeaz ari direnean, narratiba arrazista erabiltzen ari dira, kategoria horiek logika bitar eta heterosexualetik gorputz arrazializatuak sailkatzeko erabili zirelako; kategoria horien arabera, gorputz arrazializatuak gizaki ez diren eta gizon eta emakume ez diren beste izaki eta bizitza asko aurkitzen diren begirada ontologiko berean jarri ziren”.
Mikaelah Drullard 2022ko ekainaren 24an jaio zen Santo Domingon, Dominikar Errepublikan. Orain Mexikon bizi da. Liburuko aurkezpenaren arabera, “Migrantea eta iheslaria da: Haitiren aurkako Estatu okupazionista dominikarretik eta sexu-genero sistematik ihes egindakoa. Idazlea, performance artista, arrazakeriaren aurkako pentsalaria, kazetari marika, antolaketa-prozesuen bideratzailea, vogue dantzaria (voguera) eta herri-hezitzailea” da. Liburuaren aurkezpena Ochy Curiel antropologo feminista dominikarrak egin du. Gainera, Drullard AFROntera Cimarrona taldeko kidea da, Café Marika eta Pájaro Negro arrazakeriaren aurkako podcasten sortzailea, eta Aquelarre de Negras poemategiaren, Dominican writersen ¡Pájaros, lesbianas y queers, a volar! antologiaren eta 2021eko FRESTASeko Siete mil ríos nos comunican fanzinearen egileetako bat.
«Paul Preciado trans gizona da? Ni ez naiz transa»
Horrez gain, Drullard bere liburuari hasiera ematen dion “politen mendekua”-ren liderra da; mendeku hori “iheserako” “plan cimarrona” da, “ugazabaren etxea erretzeko” ekintza (cimarronak ihes eginik libre bizi diren esklaboak dira; izaki basati eta makatzentzat ere erabiltzen da hitz hau). Emakume terminoa maileguan eskatzen ez duten trabestien leinu baten oinordekoa da. “Klinikak ematen duen ageriko patua ukatzeko modu bat da, baina aldi berean gorputza eta kategoria bat kutsatzeko modu bat, horregatik ez naiz emakume trans bat. Ez naiz gizadian existitzen”. Bere burua munstrotzat ere ez du hartzen: «Paul Preciado trans gizona da? Ni ez naiz transa. Paul munstro bat da, ni cimarrona bat naiz, beste gauza bat. Nik zurea baino istorio erradikalagoa daukat. Trans zuri sionistak daude. Ursula Von der Layen erabat feminista izan badaiteke, edozein emakume zuri, faxista eta inperialista feminista izan badaiteke, uko egiten diot neure burua feminista izendatzeari. Eta gauza bera trans izatearekin. Hemen trans lege bat duzue, baina ez arrazakeriaren aurkako legerik; horrek jada adierazten du gorputz zuri bat trans izan daitekeenez, orduan hori agendaren parte izan daitekeela; baina arrazakeria jasaten duten gorputzak gorputz arrazializatuak soilik direnez, hori ez dago agendako lehentasunezko gaien artean”.
Deserosotasunetik pentsatu eta sortzen du Draullardek: “Zuri bat eroso sentitzen den edozein mugimendu edo teoria arazo bat da. Kontu horiek berrikusi beharko dira, ziurrenik arrazistak izango direlako. Begira, gairik gai noa —dio barrezka—, beganismoa berrikusi nuen, orain berriz, polimaitasuna eta harreman-anarkia egurtzera noa”. Idazleak Veganismo blanco argitaratu du aurten (hau ere Ona ediciones-ekin). Gai hauei buruz Instagrameko bere kontuan ere aritzen da: ia 60.000 jarraitzaile ditu bertan eta bideo-hitzaldiak egiten dituen bere jarrera batzuk azalduz.

Drullard Bilboko La Ilusa liburutegian irailean egindako aurkezpenean. Argazkia. La Ilusa.
Liburutegiko hitzaldian azaldu duenez, zuriak ez diren gorputzak itsusten eta kirtentzen dituzten prozesu kolonialen aurka dabil ihesean; zuri ez diren gorputzak gutxiesteak, mailaketa horrek, bizitza batzuk beste batzuen zerbitzura jartzea, arraza-kapitalismoa eta zapalkuntza sistemak ahalbidetzen ditu. Drullardek praktikatik eta bere bizi esperientziatik idazten eta pentsatzen du, eta prozesu kolonialetatik ihes egiteaz hitz egiten duenean ez da soilik ideien eta akademiaren munduko kontzeptuak baztertzeaz ari. Bere historia da, bere bizipenak dira, bere auzoan mujercita (emakumetxo) deitzen ziotenean bezala –“ni negarrez itzultzen nintzen etxera, eta orain horretaz guztiaz birjabetzen ari ote naizen galdetzen diot neure buruari”–. Antolaketa geopolitikoak Dominikar Errepublika «laborategi kolonial» gisa ezarri du, eta hor daude indarkeria horren erroak. “Polizia da laborategi horretan presenteen dagoen aparatua, eta errepresiboena ere. Indarkeria egunerokoa da. Ez da zurien mundua. Erresistentzia leku askotatik abiatzen da”.
«Munduko edozein leku paradisua da zurientzat, baita Gaza ere»
“Testuinguru batzuk oso oldarkorrak dira Dominikar Errepublikan, nahiz eta Europako parte honetako zuriek uste izan Dominikar Errepublika Punta Cana baino ez dela. Edo akaso La Romana dela pentsatuko dute, bertan baitago Casa de Campo eta dena dira villak. Beyoncek villa bat dauka, eta Shakirak, Marc Anthonyk. Zuek irudika ditzakezuen denek dute villa bat, Karibea paradisua delako. Munduko edozein leku paradisua da zurientzat, baita Gaza ere. Erabateko suntsipenean egon arren, haien irudimen zurian Riviera bat dago. Ez dago leku etsaikorrik zurientzat. Indarkeria, leku oldarkorrak eta zauri irekiak –Anzaldua– ukatzen diren gorputzetan zeharkatzen dira eta bizi dira beti. Gorputz ukatu hauek eremu sakrifikagarri bihurtzen dira, hainbat lurralde sakrifikagarritzat jotzen diren bezala”.
Paradisu horiek ez dira irisgarriak “bertakoak diren gorputz arrazializatu eta pobretuentzat; horregatik, askok handik alde egiten dugu”. Ñabardura azkarra egin du Drullardek, orain ere arnasa hartu barik: “Egin kontu, gu soilik aritu gaitezke gutarren inguruan gaizki esaka –entzuleei so egin die arretaz, pertsona arrazializatuak eta zuriak daude–, zeren, zuriek hau entzunda, gero esango dute: ‘Hara, noski, harako lekura modernizazio programa eraman behar dugu’. Begira, hori 1492an egin zuten, aski da, berriz ez”.
«Mamik beti zuen matxetea ate atzean»
Zuritasunari egin dion gaztigua, bere pentsamendu osoan egiten duen bezala, ez da teorikoa soilik. Emakume zuriek haren beldur izateko arrazoiak dituztela aitor du Drullardek: “Bere burua defendatzen dakien tipa naiz, badakit hitz egiten, eta ez uste hori erakunde batean ikasi nuenik; nire mamirengandik ikasi nuen: beti zuen matxetea ate atzean eta esaten zuen ‘beti prest egon beharra dago, inoiz ez baita jakiten’”. Barreak amaitu arte itxaron du jarraitzeko. “Zerbait gertatzen zen aldiro, berak beti beti jartzen zuen denim jean praka oso estu bat, batzuetan ohean etzan eta kremailera igotzeko laguntza behar izaten zuen. Eta adatsa biltzen zuen, ‘borrokan ez dakitenek iletik tira egiten dute’ esaten zuen”.
“Ez nituen feminismoaren red flagak ikusi”
“Testuinguruak, ezta?”, bota du galdera erretorikoa. Izan ere, Dominikar Errepublika, trabesti beltzei galarazitako paradisu hori, trabesti beltzak kanporatzen dituen herrialde hori, aldi berean ama beltz batek matxete bat duen lekua ere bada. “San Juan de la Maguanakoa da, bertako emakumeek oso ondo borrokatzen dutela diote. Errespetatzen dituzte, ospea dute uharte osoan, eta askotan guk ere badakigu poliziak nola funtzionatzen duen gure auzoetan”. Drullardek feminismo zuriari egiten dion kritikarik gogorrenetako bat indarkerien aurka borrokatzeko legeria eta errepresioa eskatzea da: “Nik hiru urte nituela, aitak ama altxarazi zuen janaria presta zezan, besotik altxatu zuen, besotik heldu zion eta amak aurre egin zion. Esan zion: «Bai, oraintxe prestatuko dizut», eta sua duten trementinazko lanpara horietako bat hartu eta buruan hautsi zion aitari. Eta esan zion «lehen eta azken aldia izan dadila, niri inork ez didalako eskurik gainean jarri eta ez dudalako Juanita izeneko legerik behar». Egosi egin zuen. Bizitza eta haurrak defendatzeko gaitasun horiek izanik ere, kanporatzen zaituzten lurraldeak badira”.
“Dominikar Errepublikatik korrika atera nintzen zauri ireki bat neukalako, galdera asko nituelako, ez nekielako nire bizitzarekin zer, bihotzean min handia sentitzen nuelako. Mexikora iritsi nintzenean, mugimendu feministarekin topo egin nuen lehen aldiz. Feminismoaz maitemindu nintzen; gero desmaitemindu nintzen eta esaten nuen, «feminismoa nire exa bezalakoa da, aizu! nik ez nituen red flag horiek guztiak ikusi. Ez zidaten hitz egiten uzten, erruduna nintzen gorputzean zerbait nuelako, nire gorputza ukatua zen espazio guztietan”, kontatzen du. Feminismora iritsi baino lehen, Drullardek barre artean kontatzen du Mendekosteko elizatik ere igaro zela; honela deskribatzen du bizipena: “kolonizazio modernoaren proiektuak iraun egiten du Kariben, Erdialdeko Amerikan eta hegoaldeko herrialdeetan, hala nola Brasilen. Eliza ebanjelikoek Israelgo Estatua babesten dute. Ni hortik nator. Beraz, ni ebanjelikoa izan nintzen, ni feminista izan nintzen, ni kolonizatua izan nintzen”, dio irmo.
Ondoren, Drullard «beste feminismo batzuetara» heldu zen erantzunen bila, baina errepikatzen zen eredu batekin egin zuen topo: “Beste feminismo horiek guztiek etxekoandrearen teoria erreformatu nahi dute. Abizenik gabeko feminismoa ez zaie nahikoa, abizenik gabeko feminismoa beti izan baita emakume zuri arrazisten feminismoa”.
Drullarden arabera, izen propio gabeko feminismo horrek “emakumearen esperientza unibertsala zein den erakusten du” eta “munduko emakume guztien arteko zubi faltsuak eraikitzen ditu, emakume guztiek esperientzia bera bizi duen subjektu bakarra osatuko balute bezala”. Hori egiterakoan, emakumeen arteko botere harremanak ezabatzen dira: “Emakume zuriek duten boterea ezkutatzea da, haiek eragindako zapalkuntza eta menderatze-harremanak; ulertu nahi dute emakume direla soilik gizonekiko harremanean”. Horrela —gehitzen du— binarismoa, heterosexualitatea eta pentsamendu heterosexuala birproduzitzen dute, ez dira “genero gabeko gorputzak irudikatzeko gai”. “Ez zitzaien ahaztu, ez dute ikusi nahi, nahita”, baieztatzen du; zeren, hori aitortzeak “sakonki biolentoak” direla onartzea esan nahi du, onartzea gizon zurien indarkeria jasan arren, “munduko gainerako subjektibitateekin oso zapaltzaileak direla”.
Beretzat, feminismoari egindako kritika denak dira gatazkatsuak. “Denek dute jatorria ezinegon, ondoez edo zauri batean”. Putak antolatzen direnean eta puten feminismoaz ari direnean ere bai. Diskurtso horietan, dio, salatzen da feminitate zuri bat dagoela eta haren sexualitatea arau gisa aurkezten dela; arau horretan ez dira lan sexuala edo beloa bezalako “bestelako autonomia modu batzuk kabitzen”.
“Gauza bera gertatzen da moral zuriarekin bat ez datozen sexu adierazpenekin. Drullardek Tokischa abeslari eta vedette dominikarra jarri du adibidetzat: “Bero dagoen zakur bat da, esnea aurpegian bota diezaioten nahi duela esaten duena; han eta hemen jo nahi du larrua, eta balkoian film bat egin. Imajinatzen duzue Amelia Valcarcel halako film bat egiten? Ez dago Amelia Valcárcel baino emakume feministagorik eta ilustratuagorik. Hori da emakume askatua”, dio, “zuria, onena”. Muga horietatik kanpo geratzen den guztia —“sexualitate oro, gorputzaren bestelako adierazpenak, bestelako autonomiak» — erbesteratua eta deshumanizatua da, nahiz eta, zehaztu duenez, “inoiz ez garen gizakiak izan”.
Feminismo horiek guztiek esperientzia komuna zalantzan jartzen dute: “Nola esango didazu sukaldea zapaltzailea dela? Hain gizarte zuri eta arrazistan bizi banaiz eta nire etxera sartzen naizenean dudan tokirik seguruena da-eta!”. Europan, esparru publikoa espazio seguru eta askatzaile gisa aurkezten da, baina: “batzuetan zu zure gelan sartzen zara eta hor sentitzen zara bakean, beste inon baino gehiago”. Orduan, Fanon eta Nelson Maldonado-Torres aipatu ditu “izatearen eremuaren” eta “ez izatearen eremuaren” arteko banaketa azaltzeko: goian, gizakia, generoa dagoen lekuan; behean, “generorik gabeko” gorputz arrazializatuak, sakrifiziora bideratuak.
Hortik jaurti du bere baieztapen irmoenetako bat: “Zis izateko zuria izan beharra dago”. Gogoratu du borroka hau ez dela berria eta, gogor saiatuta ere arrazializatutako emakume askok emakume kategorian sartzea lortzen ez dutela adierazteko, Sojourner Truth aipatu du — “Akaso ni ez al naiz emakumea?” —. Zuritasun kategoriak dira, dio, kanpoan uzten dituztenak beltzak, indiarrak, trabestiak, gorputz animalizatuak, gainezka egindako gorputzak, “ez direlako gorputz zuriak”.
Politen mendekua
Amari galtza bakero estu estuak zoragarri gelditzen zitzaizkiola dio Drullardek; ama oso altua zen, bera bezalaxe. “Mamiren antz handia dut”, dio harro. “Kolonizazioak beti izan du estetikaren zerikusia. Zurien begiak beti sailkatzen gaitu, ukatzen gaitu, munduko muga geografikoak eraikitzen dituen begi zuri horrek”. Drullarden liburu hau emantzipaziorako proposamen bat da –“Jendeak ez du espero trabesti arrazializatu, karibetar, migranteek idaztea; horregatik idazten dut”– eta cimarronajea aurkezten du “iheserako eta deskolonizaziorako praktika politiko gisa. Feministek gela bat nahi dute Estatuaren etxetzarrean, eta botere banaketa. Nik ez dut halakorik nahi. Plantaziotik ihes egin nahi dut beste modu batean existitzeko”.
Pentsalari honen proposamena mendekatzea da, arauan sartzen ez diren gorputzak doilortzat jotzen dituen begirada horren aurkako mendekua: “Norbere burua polit ez ikustea norbere buruari gezurra esatea bezala da, ezta?”, galdetu die entzuleei. Eta liburuan mendeku hori nork hartuko duen zehazten du: “Emakume zuriek polit izan nahi dute, baina edertasun faltsuko ilusio batean harrapatuta bizi dira. Beltzak, mulak, trabestiak, politak gara. Marikak politak gara. Trabestiak politak gara, transak oso politak, sexu langileak politak dira eta abolizionistak itsusiak. Voguerak politak gara, desjabetutako azpiratuak (subalternas despropiadas), hirugarren mundukoak, ahaldunduak (realizadas), politak baino askoz gehiago”.
Hau Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatutako «FRENTE A LA VIOLENCIA SIMBÓLICA, MÁS COMUNIDAD: NOSOTRAS, NOSOTROS, NOSOTRES. La violencia simbólica, la violencia más sutil» proiektuaren baitan Pikara-k eta medicusmundi Bizkaia-k egindako seigarren elkarlana da.












