Zaintzaileei eta etxeko langileei ez zaizkie laneko-gaixotasunak aitortzen eta, beraz, nahiz eta langile horien % 90ek baino gehiagok giharretako eta eskeletoko mina izan, ezin dute laneko bajarik hartu. Lan orduen kontrola eta lan-ikuskapenak ere eskatzen dituzte.
Parazetamola: etxeko langileekin solastean, sarri agertzen den hitza. Errezeta magikoa dirudi, edo bestelako kontuak ezkutatzeko geruza bat, ikusezintasun kapa. Hartu parazetamol bat eta ondo egongo zara. Edozertarako salbazioa.
Mina, nekea, giharretako lesioak, depresioa, zauriak, akidura, ondoeza. Parazetamola. Sendagai hau analgesiko eta antipiretiko deritzanen taldekoa da, eta zaintzako eta etxeko langile askoren bizitzaren parte da, osasun zentrora doazenean duten helduleku bakarrenetakoa.
“Emakume batzuek biriketatik sufritzen dute eta tabakismoagatik dela esaten diete, baina ez dira erretzaileak; babesik gabe erabiltzera behartzen dituzten produktu kimikoengatik da. Eta zerbait esaten baduzu, erantzungo dizute betidanik horrela egin dela. Artikulazioetako mina ere badugu, eskuetako eta oinetako mina, mugimendu errepikakorrak egiten ditugulako: garbitu, lisatu, eta beti gauza bera; gainera, ur hotzetik berora aldatu behar dugunez, eskuek sufritu egiten dute. Eta hori egunero egiten da, atsedenik gabe, egunero. Adineko pertsonak mugitzen ditugunez, lunbalgiak ere izaten ditugu: erraza da mugimendu txar bat egitea”, zehaztu du Elizabeth Gutierrez zaintzaile eta etxeko langileak; egoitza Getxon duen Mujeres con Voz kolektiboko kidea da. Hain zuzen, Getxo Euskal Autonomia Erkidegoko herri aberatsenetakoa da, Espainiako zortzigarrena.
Langintza hauei, gizartean funtsezkotzat jotzen diren arren, ez zaie inolako laneko-gaixotasunik aitortzen. Ez dago laneko bajarik, eta horrek eskubiderik eza dakar
“Zaila da guri baja ematea, parazetamola hartzeko eta lagunekin irteteko agintzen digute, eta etxean larregi ez ixteko. Gutxi dira medikuarengana doazenak”, dio Gutierrezek. Telefonoz kontatu dizkigu ohikoak diren hamaika ondoez eta beste hainbeste konponbide-proposamen sinesgaitz: “Buruko minak, depresioa, antsietatea; asko sufritzen da giltzapean egonda eta beti gauza bera eginez; are gehiago, hitz egiteari utzi eta modu automatikoan bizitzen hasten zara. Eta medikuarengana joan eta esaten dizute distraitzeko, eta yoga edo igeriketa egitera bidaltzen zaituzte, noiz, ordea? astirik ez dut-eta! Eta gauzak bakarrik egitera ere ez zara ausartzen; egiten ez dakizula sentitzen baduzu, zaila da, eta ez dakizula esaten baduzu, jendeak tonto gisa tratatzen zaitu; beraz, hori saihesteko, ez duzu egiten. Edo agian ez dakizu igeri egiten, edo ezin duzu ekonomikoki edo ordutegiengatik halako jarduerarik egin”.
Emakume langile hauek pairatzen dituzten gaixotasunak beste sektore batzuetan laneko-gaixotasun gisa aitortzen dira. Oxfam Intermonen ‘Lan ikusezina, gorputz hautsiak. Etxeko lanen eta zaintzen Espainiako erradiografia’ txostenaren arabera, laneko-gaixotasunak lanbideen arabera tipifikatzen dira, eta gaitzen edo minen arabera. Gabezia horren aurrean, bajaren arrazoia “gaixotasun arrunta” besterik ez daiteke izan. Horrek, eragina du kotizazioan, ondorioz, erretiroan, eta lanerako ezintasuna lortzea zailtzen du.
“Askotan alzheimerra oso aurreratua duten baina etxean jarraitzen duten pertsonekin egiten dugu lan. Eta dena egin behar diozun pertsona bat da, bere bizitzari eusten diozu, mugitu egin behar duzu, haren gorputza manipulatzen jakin behar duzu; halako gorputz geldiek lunbalgia gogorrak eragiten dituzte. Eta baja ukatzen zaigu, parazetamola besterik ez digute ematen. Hainbat lankidek bizitza osorako kalteak jasan dituzte”, azaldu digu telefonoz María Juncayk; zaintza lanetako profesionala da eta Emakume Migratu Feministak-Cuidadoras Sociosanitarias taldeko kidea.
“Atseden hartzeko esaten digute, baina lanean atsedena eskatuz gero, lana gal dezakezu”
Oxfam Intermoneko Gotzone Olarrak azaldu digu segurtasun eta osasun arloko babesa arautzen duen errege-dekretuak, laneko-gaixotasunen koadroan, etxeko lanak aipatu aipatzen dituela, baina, azken buruan eta egiari zor, ez dituela aintzat hartzen: kimikoen inhalazioagatik, kutsaduragatik, errepikapen- edo karga-mugimenduengatik gaixotzeko arriskua beste lanbide batzuetakoa baino txikiagoa dela adierazten du dekretuak. “Baina gaixotasun arrunt gisa tratatzen direnetako asko, lanean gaixotu dira: pertsona bat zaintzeagatik kutsatzen dira edo laneko karga eta mugimenduek eragindako lesioak kronifikatzen zaizkie. Eta lanak eragindako estresaz, antsietateaz eta depresio arruntaz ere hitz egin genezake, batez ere lan egiten duten etxe berean bizi diren langileengan”, gehitu du Olarrak.
Parazetamolaz gain, estresa eta depresioa ere elkarrizketetan maiz azaltzen diren hitzak dira. Melva Rodriguez Emakume Migratu Feministak Sociosanitarias taldeko militante ohia da, eta gogoan du bajarik ez izateak esan nahi duela ez dela zerbitzu terapeutikorik jasoko: “Nire txartela hartzen zuten eta minarentzat analgesikoak ematen zizkidaten, gero eta gehiago, gero eta indartsuagoak; eta antsietatea, estresa, osasun mentalaren alterazioak badituzu, antsiolitikoak ematen dizkizute eta segi ezazula zure bizitzarekin. Botikak ematen dizkizute eta jaitsi ezazula lan erritmoa; baina hori ezin da”. Gutierrezek gaineratu du: “Gurpil bat da, esaten dizute ez dela hainbesterako, atseden hartzeko, baina ezin duzu atsedenik hartu; lanean atsedena eskatzen baduzu, lana gal dezakezu”.
Espainiar Estatuko Laneko Ministerioaren datuen arabera, 2023an sektore honetan baja mediko (baina ez laneko baja) gisa aitortu ziren eritasun ohikoenak hauexek izan ziren: dislokazioak, zaintiratuak eta distentsioak (% 43,48), azaleko zauriak eta lesioak (% 23,56), hezur-hausturak (% 18,77), eta kommozioa eta barne-lesioak (% 6,5).
«Laneko-gaixotasunak aitortzea lan honek bizitza eta sistema sostengatzeko duen lekua aitortzea da»
“Lehen, etxeko lan guztiak inolako estaldurarik gabe beren gain hartzen zituen emakumeek, eta lan horiek ez zituen inork arriskutsutzat edo gaixotasun-eragiletzat jotzen; zaintzaileak eta etxeko langileak leku hori betetzen ari dira. Gauzak horrela, langileek frogatu behar dute gaixotasuna ordaindutako lanaren ondorio dela, eta ez bere etxean egiten ari den ordaindu gabeko lanaren ondorio, nahiz eta lanean presio handiagoa jasan eta, ondorioz, arrisku handiagoa izan. Laneko-gaixotasunak aitortzeak bajen kostua ordaintzea esan nahiko luke, eta, jakina, egoera honek etxeko lanen eta zaintzaren balio faltarekin du zerikusia. Laneko-gaixotasunak aitortzeak esan nahi du lan honek dakarren ahalegina aitortzea, lanak trebetasun eta ezagutza batzuk eskatzen dituela aitortzea, bizitzaren eta sistemaren jasangarritasunean duen esentzialtasuna eta lekua aitortzea”, gehitu digu Olarrak posta elektroniko bidez.
2024ko azken hiruhilekoan Gu barik mundua ez da mugitzen kanpaina abiatu zuten Kellys Unión Madrid eta Territorio Doméstico taldeek, etxeko langileen, zaintzaileen, garbitzaileen eta pisuko zerbitzarien laneko-gaixotasunak aitortzea eta laneko osasuna zaintzea lortu asmoz. Ordutik, aurrerapen gutxi. “Gure bizitza beste pertsona batzuk zaintzen eman dugu, beste pertsona batzuentzat garbiketan, eta 40 edo 50 urte betetzean, gure gorputzek ezin dute erritmo berean lanean segi. Gure laneko-gaixotasunak ez aitortzeak pentsio duin bat eskuratzea eragozten digu”, zioen kanpainak.
% 90,6k azken urtean min muskuloeskeletikoak izan zituela adierazi du
Milaka zaintzaile eta etxeko langile minez bizi dira. Oxfam Intermonen aipatutako txostenean jasotako inkesta baten arabera, langileen % 90,6k azken urtean giharretako eta eskeletoko mina izan du; % 28,1ek azalean arazoak, hala nola ekzemak, legenak edo erredurak; eta % 16k arnasketa-arazoak izan ditu garbiketa-produktuak arnasteagatik.
Minak ez dira soilik fisikoak. Inkesta berak adierazten du azken urtean % 61,2k gainkarga psikikoa edo emozionala jasan duela; estresa % 65,5ek, nahigabea % 49k, antsietatea % 59,2k, depresioa % 36,6k eta autoestimu baxua % 29,5ek. “Ez dugu denborarik atseden hartzeko, antolatutako espazioetara joateko, ikasteko. Kartzela bat da, askatasuna kentzen dizute, ezin duzu bizitza-proiekturik eraiki; lan-harremanean murgiltzen zara erabat”, deitoratu du Maria Juncayk; 15 urtez bizi izan zen lantoki zuen etxean bertan, alzheimerdun pertsona batekin.
Espainian 565.718 etxeko-langile daude; 38.000 baino gehiago lan egiten duten etxean bertan bizi dira
Izan ere, gaixotasunak gorabehera, langile hauetako askok ezinezko lanaldiekin jarraitzen dute: uneoro egon behar dute lanerako prest. Biztanleria Aktiboaren Inkestaren 2024ko bigarren hiruhilekoko datuen arabera, Espainian, zaintzako eta etxeko 565.718 langile daude, eta horietatik 38.000 baino gehiago beren nagusiak bizi diren etxean bertan bizi dira eta hori bera dute lantoki. Gotzone Olarrak legedia oso anbiguoa dela gogorarazi digu: “lantokian bizi diren etxeko langileen kasua lausoki baino ez dira aipatzen; beraz, existitzen dira, baina inolako erregulaziorik gabe”. Gaineratu duenez, “ordutegien inguruko erregulazioa oso eskasa da, eta ordutegi-kontrola aplikatzeko erresistentzia handia nabari da”.
Europako Batasuneko Justizia Auzitegiaren 2024ko abenduko epai batek espainiar Estatuari gogorarazten dio etxeko langileak enplegatzen dituztenak behartuta daudela etxeko langileen eguneroko lanaldia erregistratzeko sistema bat ezartzera, zehazki zenbat ordu ordaindu diren adieraziz. Isabel Otxoa EHUn Lanaren Zuzenbideko irakasle izan zen eta Asociación de Trabajadoras del Hogar – Etxeko Langileen Elkarteko (ATH-ELE) kide da, eta Viento Sur aldizkarian idatzi duenez, gobernua prestatzen ari den dekretua kontrolatzeko derrigortasuna “edukiz husten” ari da. ATH-ELEren 2024ko datuen arabera, lantoki duten etxean bizi diren langileen % 68k baino gehiagok astean 60 ordu baino gehiago lan egiten ditu, eta % 41ek atsedena bi aldiz edo gehiagotan eten behar du gauero. “Azken urteetan aurrerapenak izan dira, hala nola langabezia-prestazioa, baina Estatuari eskatzen diogu lanaldiak aitor ditzala, eta figura profesional bat egon dadila eskatzen dugu, profesionalak baikara”, dio María Juncayk.
Azaroaren 14az geroztik, etxeko langileak kontratatzen dituenak haien laneko arriskuak ebaluatzeko betebeharra du. Kontsultatutako iturri gehienek garrantzitsutzat jotzen dute neurri hori. “Baina ordutegia araututa ez badago! Zeren gaineko lan-arriskuak? Arazoaren muinera jo beharra dago, baldintzetara, lan eskubideak bermatzera; bitartean, gainerako guztia apaingarria baino ez da”, azpimarratu du Melva Rodriguezek. Maria Juncayren ustez ere kontraesankorra da eta 24/7 lanaldiak daudela aitortu gabe diseinatu da: “Ez die emakumezko langileei laguntzen. Kontratatzen gaituen familiak egin behar du, haiei dagokie laneko arriskuak dauden ala ez esatea. Zentzugabea da”. Gotzone Olarrak, aldiz, alde positiboa ikusten du: “Ematen den pauso bakoitzak, oso txikia izan arren, hobekuntza bat esan nahi du, etxeko eta zaintzako langileen borroka fruituak ematen ari dela esan nahi du, nahiz eta urriak izan”. Oroitarazi du, halaber, neurri honek kontraturik gabeko enplegatuak dituzten familiei ez diela eragingo. “Ikusten da familia enplegatzaile batzuek formularioa betetzen dutela langilea kontuan hartu gabe; neurria gehiegi fio da kontratatzaileen asmo onaz. Gure pertzepzio-azterlanetan ikusi dugu kontratatzaile askok ez dutela langilea pertsona gisa ikusten eta horrek abusu-egoerak eragiten dituela. Gainera, sortu duten online tresnak ez du arrakala digitala kontuan hartzen, ez dakigu betetako formularioa inora iritsiko den, eta ez da lan-ikuskaritzaren ahaleginik espero neurri hau betetzen den jakiteko”, gehitu du Oxfam Intermonen teknikak.
«Langile migranteen lan oso merkea ari da zaintza sistema sostengatzen»
Lan arlo honetan, lan-ikuskapenak ez dira posible, Konstituzioaren arabera etxebizitza bortxaezina delako, baina Melva Rodríguezek hori aitzakia dela erakusten digu: “Gaixoen mendekotasunaren balorazioa egiteko etxera sartzen dira, edo galdarak berrikusteko; enplegatzaileen aldekoa delakoan. Ez dago gauzak aldatzeko edo hobetzeko interesik, zaintza-sistema langile migranteen lan oso merkearekin mantentzen ari da, eta horrek arlo publikoan aurreztea dakar, baina dena gure osasunaren eta gorputzen ordainetan”.
Espainiar Estatuan 565.718 pertsona ari dira zaintzaile eta etxeko langile beharrean; ia % 90 emakumeak dira, eta % 32 ez dago Gizarte Segurantzan altan emanda. Gainera, % 72 inguru atzerritarrak dira edo nazionalitate bikoitza dute. Datu gehiago: 2023an, emakume atzerritarrei emandako lan-baimenen % 40,5 etxeko lanetarako izan ziren.
“Muinean egitura zapaltzaile, patriarkal eta arrazista dago. Sektore feminizatua da eta migratzaileak gara lanean ari garenak, asko egoera administratibo irregularrean “, dio Rodriguezek.
Hau Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatutako «FRENTE A LA VIOLENCIA SIMBÓLICA, MÁS COMUNIDAD: NOSOTRAS, NOSOTROS, NOSOTRES. La violencia simbólica, la violencia más sutil» proiektuaren baitan Pikara-k eta medicusmundi Bizkaia-k egindako laugarren elkarlana da.












