JARDUNALDIAK DURANGO 2021: Hitzaldien laburpenak

HITZALDIA: Iusfeminismoa sexu-esplotaziorako emakumeen eta nesken salerosketaren aurrean

HITZALDIA: Iusfeminismoa sexu-esplotaziorako emakumeen eta nesken salerosketaren aurrean

ARANTZA CAMPOS. Iusfeminismo abolizionistak gure gizartean sexu-esplotaziorako xedea duen emakumeen eta nesken salerosketaren eta prostituzioaren artean den harremana aztertzen du. Juridikoki, errealitatea bestelakoa da. Salerosketa eta prostituzioa bi errealitate juridiko ezberdin dira, ez dute zertan lotuta egon behar. Salerosketaren kontzeptuari nazioarteko, Europako eta estatuko egungo arau-esparruan ematen zaion definizioaren gaineko hainbat alderdi esanguratsu aztertuko ditugu. Ikusiko dugu sexu-esplotaziora zuzendutako emakumeen eta nesken salerosketa Palermoko Protokoloan jasotzen den “salerosketa” delituaren adierazpenetako bat dela, eta Kode Penalaren 177.bis artikuluan xedaturik dela. Giza eskubideen eta generoaren ikuspegi batetik, esan daiteke egungo antolamendu juridikoan aurreikusten diren mekanismoak ez direla eraginkorrak. Disonantzia handia dago delituaren kontra egitearen eta horren biktimak babestearen artean. Jakin beharra dugu zer biktimez ari garen hitz egiten. Sexu-esplotaziora zuzendutako emakumeen eta nesken salerosketaren aurka borrokatzeko II. Plan Integrala (2015-2018) abiapuntu ona da, baina gero eta beharrezkoagoa zaigu salerosketaren kontrako lege integral bat izatea.

HITZALDIA: Sexu-esplotazioaren industria XXI. mendean

HITZALDIA: Sexu-esplotazioaren industria XXI. mendean

ROSA COBO BEDIA. Prostituzioa sistema patriarkalak sortutako instituzio bat da, eta funtzionatzeko era berri batzuk bereganatu ditu kapitalismo neoliberalaren esparruan. XX. mendean artisauzko funtzionamendua zuen prostituzioa XXI. mendean industria global batean bilakatu da eta inpaktu ekonomiko nabarmena du estatu askotako ekonomietan. Sexu-esplotazioaren industria da munduko hainbat eskualdek garatzeko darabilten estrategia, legez kanpoko ekonomia izan arren. Esparru horretan, garrantzia hartzen du salerosketak, prostituziorako emakumeak hornitzeko funtsezko mekanismo bat den aldetik.

HITZALDIA: PROSTITUZIOA: Mitoak eta kondairak

HITZALDIA: PROSTITUZIOA: Mitoak eta kondairak

SARAH BERLORO. Sarah Berloriren hitzaldiak hiru zati ditu: 1. Aurrenekoan, sexu-askatasuna lantzen du, horrek dakarrenarekin. 2. Bigarrenean, “luxuzko” prostituzio etxeen funtzionamendua eta egitura aztertzen ditu, eta negozio kriminal horretan putazaleekin izandako bizipen beldurgarriak. 3. Hirugarren zatian, berriz, Espainiako estatuan den emakumeen eta neskatilen gorputzen eskari itzela du hizpide, datuak emanez eta eskari hori sexu-esplotaziorako emakumeen eta neskatilen salerosketarekin zuzenean lotuz.

HITZALDIA: Mugak dituzten ametsak. Nesken eta emakumeen salerosketa Hegoaldeko Mugan

HITZALDIA: Mugak dituzten ametsak. Nesken eta emakumeen salerosketa Hegoaldeko Mugan

ILARGI MAYOR ALFORJA. Mugek eta migrazio-politikek Espainiako Estatura iristen diren neskatoen, mutikoen, gazteen eta emakumeen bizitzak nola zeharkatzen dituzten aztertuko du. Jatorrian, joan-etorrietan eta helmugan jasandako era askotako indarkeriak, baita Espainiako estatuan izandako harrera ere, eta horrek guztiak pertsonen bizitzetan duen eragina. Mugak eta migrazio-igarobidea, salerosketaren biktimentzako, indarkeria-leku eta eskubide gabeko lurralde eta toki gisa definitzen dira. Biktima askok azaltzen dute mugak zeharkatzean sexu-esplotazioari ekin diotela, segurtasun-indarrei ordaintzeko merkantzia gisa. Beste kasu batzuetan, indarkeria testuinguru instituzionalaren ondorioz gertatzen da, hau da, salerosketaren biktimek bizi dituzten oinarrizko eskubideen urraketaren ondorioz, egoera irregularrean dauden migratzailetzat hartzen baitira. Indarkeria instituzional mota hori –gehien aipatutako guneak– basamortuan, basoan eta mugan gertatzen da, batez ere erbesteratzeetan, non biktimek taldeko bortxaketak nabarmentzen dituzten. Azkenik, esku-hartze integral, emantzipatzaile eta babeslearen proposamena egingo da, prostituzio-testuinguruetan eta/edo salerosketa-egoeran dauden emakumeen oinarrizko eskubideak eta eskubide sozialak babesten eta eskuratzen laguntzeko, haien bizitza helburu izanik. Heldu berri diren neskato eta emakumeak hartzea, babestea eta esku-hartzea planteatzen den bezala, lurraldean jarduten duten eragileen arteko loturak ehundu behar dira, eskubideak eskuratzea bermatu eta sustatzeko.

HITZALDIA: Guatemala: Neskatoen eta nerabeen salerosketa zapalkuntza ezberdinen elkargunean

HITZALDIA: Guatemala: Neskatoen eta nerabeen salerosketa zapalkuntza ezberdinen elkargunean

CAROLINA ESCOBAR SARTI. Salerosiak, trafikatuak, sexualki esplotatuak edota prostituziora behartuak izan diren Guatemalako neskatoak eta nerabeak, oro har, zapalkuntza bat baino gehiago pairatu izan dute salerosketako zirkuitu edo sareetan erori aurretik. Gure kasuan, aipatu beharra dago gure herrialdea munduko migrazio-korridore handienetako baten parte dela, eta hainbat eremutan “Iparralderako azken benetako muga” deitzen zaigula. Horrek drogen, armen eta pertsonen trafikoari laguntzen dio Amerika Erdialdeko eskualde honetan. Herrialdean ematen den pertsonen salerosketa eta trafikoari buruzko ikerketa berrienek diote emakumeak direla, hein handi batean, delitu horren biktimak, batik bat nerabeak eta gazteak. Bestetik, Guatemalako Estatuaren ustelkeria enkistatuak eta pobreziak populazioaren ehuneko 70i baino gehiagori eragiten die, eta neskatoen eta nerabeen ongizate eta bizitza duinerako aukerak izango liratekeen gizarte-politiken gabeziak agerian uzten du ez dela ingurune babesgarri eta segururik pertsona horientzat. Horri guatemalar gizarte matxista, atzerakoi eta indarkeriazkoaren eskaera gehitzen zaio, prostituitu eta esklabo bihurtutako gorputzak eskatzen baititu, indarkeria sexuala normalizatu egiten duelarik neskato eta nerabeen gorputzetan, batez ere neskatxa eta nerabe indigenen gorputz arrazializatuetan. Horren aurrean, erronkak itzelak dira. Akademiatik eta hainbat feminismoetatik arazo hori aztertu eta konponbide bat emateko eztabaida eta esparru teorikoekin egingo dugunaz haratago, euren gorputzetan pertsonen salerosketa bere edozein modalitateetan, baina bereziki behartutako sexu-esplotazioa edo prostituzioagatik, bizi izan duten neskeekin eta nerabeekin egunero lan egiteak arazoari ikuspegi integral eta diziplina anitzekotik heltzeko beharrera garamatza, betiere giza eskubideen ikuspegiari txertatuta, babesa, prebentzioa, justiziarako aukera eta intzidentzia barne hartuko dituenak.

MAHAI-INGURUA: Pornografia: boterearen plazera

MAHAI-INGURUA: Pornografia: boterearen plazera

ROSA COBO BEDIA. Pornografia kultura garaikidea bazter batetik bestera zeharkatzen duen gizarte-fenomeno global bat da. Indarkeria sexualaren inguruan ehuntzen den sexu-imajinario bat sortzen laguntzen ari da. Pornografian, sexualitatea botere maskulinoarekin identifikatzen da: boterearen plazera. Imajinario pornografikoa aldatzen ari da mundu osoko milioika gaztek sexualitatea ulertzeko dituzten erak. Alabaina, ez dira berdinak pornografiak batzuengan eta besteengan dituen ondorioak. Mutiko gazteek boterearen plazerarekin identifikatzen dute sexualitatea; neskek, berriz, estutasunarekin eta egonezinarekin bizi ohi dute. Pornoa tresna teoriko eta politiko pribilegiatua da hierarkia patriarkala eta XXI. mendean maskulinitateari eta feminitateari berresleitu zaion esanahia aztertzeko.

MAHAI-INGURUA: Pornografiaren pedagogia

MAHAI-INGURUA: Pornografiaren pedagogia

CAROLINA ESCOBAR SARTI. Ordenagailua piztu eta Interneten pornografiako edozein orri bilatzen dut. Segundo gutxitan, hamaika kategoria agertzen dira pantailan: "Ama eta semea", "Etxekoa", "Ipurdi handia", "Latinak", "Uzki-sexua", "Titi handiak", "Sexu gogorra", "Porno jokoak", "Anaiak" eta "Arraza artekoa", besteak beste. Pornoa hitza idatzi, tekla bat sakatu eta berehala atera zitzaidan, eta, abiadura berarekin, milioika neskato, mutiko eta nerabe bilatzen dira egunero. Imajina dezagun informazio hori guztia oraindik heldu gabe dagoen burmuin bat eta plazeraren hormona ugari ekoizten dituen organismo bat bonbardatuz, aztertzeko, hausnartzeko, alderatzeko eta balio-judizioak egiteko gaitasunik gabe. Imajina ditzagun gurasoak egunero 8 eta 10 ordu artean lanean, eta bitartean ordenagailua eta telefonoa beren seme-alabek munduari, bizitzari, kulturari eta sexualitateari buruz ikasten duten esparru pedagogikoak bihurtzen direla. Demagun pornografiak sexualitateari buruzko hezkuntza integrala ordezkatzen duela. "Nerabeek pornografia 12 urterekin ikusten dute lehen aldiz, eta 10etik ia 7k (% 68,2) maiz kontsumitzen dituzte eduki sexual horiek (azken 30 egunetan kontsumitu dute). Kontsumo hori intimitatean gertatzen da (% 93,9), telefono mugikorraren bidez, eta doako online edukietan zentratzen da (% 98,5), gehienbat indarkerian eta desberdintasunean oinarrituta. Hala adierazten du Save the Children-ek egindako (Des)información sexual: pornografía y adolescencia txostenak, nerabeen artean eduki sexualen kontsumoa eta horiek beren harremanetan eta garapenean duten eragina aztertzeko." Pornografiak sexualitatearen irudi desitxuratua eskaintzen die neskatoei, mutikoei eta nerabeei, eta ikasten hasten dira, gero beren bizitzetan praktikan jartzeko. Horren arrazoia da pornografiaren erdigunean botere-harreman desberdinak daudela; neskatoak, nerabeak, emakumeak edo mendeko subjektutzat hartzen diren beste subjektu batzuk objektibatzea; indarkeria; degradazioa; eta sexu-nahiarekin lotutako umiliazioa. Sexu-esklabotzaren pedagogia arriskutsua da, eta neskatoei, mutikoei eta nerabeei sinestaraz diezaieke haien adostasuna edo duten desioak ez direla kontuan hartu behar. Nola eman erantzun integralagoa adingabeen pornografia-kontsumoari? Informazio gehiago, sare sozialetarako sarbidearen kontrol gehiago, sexualitateari buruzko hezkuntza integral gehiago, kriminalei zigorrak gogortzea, arau-esparru hobeak, hezkuntza gehiago herritartasun digitalean, pentsamendu kritikoaren garapena, erregulazio gehiago Interneteko plataformetan?

MAHAI-INGURUA: Pornointimitatea: pornografiaren eragina nerabe- eta gazteengan

MAHAI-INGURUA: Pornointimitatea: pornografiaren eragina nerabe- eta gazteengan

RAUL MARCOS ESTRADA. Gizakiak material pornografikoa sortu izan du duela milaka urtetatik. Halere, azken hamarkadan eta Interneten eta teknologia digitalaren garapenari esker, pornografia era masiboan zabaldu izan da, are hori bilatzen ez zuten pertsonenganaino ere iritsiz. Jendeak sekula ez zuen horrenbeste material erotiko kontsumitu horren garaiz. Kontsumo hori, gainera, heziketa aldetik inolako kontrapisurik gabe ematen da gehien-gehienetan. Halakoetan, gazteentzat pornoa bihurtzen da jarraibideen eskuliburua. Kontsumitzen den porno gehiena doakoa da, eta emakumea gizonezkoaren mende den erotika bat erakusten du. Porno matxista bat da, ez dago lekurik nahi femeninoarentzat; emakumea objektu hutsa izateko dago, gizonezkoen plazeraren eskura egongo dena. Horrez gain, eredu pornoerotikoak genitaletara eta koitora mugatzen ditu harremanak, eta aktoreen gorputzak, gizonezko zein emakumezkoenak, irrealak dira tamainei eta formei dagokionez. Zein da inolako iragazirik gabe heltzen den material guzti horren eragina oraindik bere alderdi erotikoa garatu ez duten pertsonengan? gazteak kontziente dira pornoak harreman sexualez eskaintzen duen irudi distortsionatuaz? bada nahiko heziketa-kontrapisurik egoera horri aurre egiteko? Horiek dira Raúl Marcos Estradak parte hartuko duen mahai-inguruan erantzuna emango zaien galdera batzuk.