Bizkaiko Abokatuen Elkargo Ohoretsuak (ICAB) bere aurrekontuaren % 1 bideratzen du nazioarteko lankidetzara 1999. urteaz geroztik; beraz, Garapenerako Lankidetzarekin konpromiso handia duen erakundea dugu. Urteotan zehar, Elkargoak askotan lagundu du medicusmundi Bizkaia (MMB). Azken hamarkadan, hainbat ekimen babestu ditu Hondurasen: 2015etik 2019ra Movimiento de Mujeres por la Paz Visitación Padilla Las Chonas elkartea lan egin genuen, indarkeria bizirauten dutenei arreta feminista integrala (legala eta emozionala) eskainiz eta prebentzioa sustatuz, hala emakumeek indarkeriarik gabe bizitzeko duten eskubidea defendatuz. Gainera, emakumeen giza eskubideak babesteko esparru juridikoa eta eztabaida sustatu genituen, Estatu laikoa defendatuz, eta arreta Sexu Eskubideetan eta Ugalketa Eskubideetan jarriz. Ikastaroak ere eskaini genituen, Ecuménicas por el Derecho a Decidir-ekin aliantzan.
2022az geroztik, Abokatuen Elkargoak OPROUCE (Organización Pro Unión Ceibeña)-ren lana babestu du; medicusmundin 2015etik ari gara OPOUCErekin. Atlantidako departamenduan dihardute, eta MMB 2007tik ari da han. Bertan, egoera ahulean dauden herritarren Giza Eskubideak sustatzen eta babesten ditugu, gizarte zibileko erakundeekin eta tokiko gobernuekin batera. Trans emakumeek eta sexu- eta genero-aniztasuneko pertsonek desberdintasun eta indarkeria bortitzei egin behar diete aurre Hondurasen, eta OPROUCErekin dugun lankidetzari esker, haien eskubideen defentsan aurrerapausoak eman dira.
ICABen laguntzari esker, orain arte, OPROUCEk legez artatu eta lagundu ahal izan ditu trans emakumeen, askotariko emakumeen eta LGTBIQ+ populazioaren 150 kasu. Gainera, 50 osasun-langile eta 75 justizia-operadore (batez ere Polizia) prestatu ahal izan ditu Giza Eskubideen arloan eta, zehazki, trans herritarren eskubideen arloan.
Tamalez, artatutako kasuen % 70ean baino gehiagotan ez da biktimentzako justiziarik lortu, dela frogarik ezagatik, dela agintarien interesik ezagatik, dela lege-prozesuetan gertatutako berbiktimizazioarengatik. Era berean, zera identifikatu ahal izan da: indarkeria eragile pribatuek erabiltzeaz gain, Estatuko erakundeek ere eskubide urraketa horiek betikotzeko erantzukizun zuzena dutela.

Polizia Nazionalentzako prestakuntza, LGTBIQ+ biztaleen Giza Eskubideei, Sexuari, Generoari eta Conaprev-en mandatuari buruz, 2024ko azaroan. OPROUCE
Indarkeria eta inpunitatea kezkagarriak dira: 2017tik 2025eko hasierara arte, LGTBIQ+ kolektiboko 280 pertsona erail dituzte Hondurasen, hau da, 11 egunero LGTBIQ+ pertsona bat erailtzen dute (10 milioi biztanleko herrialde batean). 2009tik 2023ra, 459 heriotza bortitz izan ziren Hondurasen sexu-aniztasuneko pertsonen aurka. Heriotza horietatik, 107 kasu judizializatu dira, eta 44k bakarrik jaso dute kondena-epaia, % 9,6k.
2009 data esanguratsua da Hondurasen: besteak beste, Estatu Kolpea eta Vicky Hernandezen erailketa gertatu ziren. Vicky Hernández emakume trans bat zen, giza eskubideen aldeko aktibista, sexu-langilea eta GIBduna; San Pedro Sulan hil zuten, estatu-kolpearen testuinguruan, etxeratze-agindua indarrean zela, eta LGBTIQ+ pertsonen aurkako indarkeria- eta diskriminazio-giroan, bereziki trans emakumeen aurkakoa. Estatuko agenteek erailketan parte-hartu izanaren zenbait zantzu daude, eta hilketaren ikerketa arduragabea izan zen; horregatik, 2021ean, Giza Eskubideen Gorte Interamerikarrak (Corte IDH) Hondurasko Estatua egin zuen Hernandezen heriotzaren eta haren senideen hainbat eskubide urratu izanaren erantzule.

OPROUCE eta beste hainbat eragile SEDESOLen Inklusio Politiketarako Mahaian parte hartzen, 2024ko urrian. OPROUCE
Abokatuen Elkargoaren laguntzak OPROUCEk Vicky Hernández epaiari eta ebatzitako erreparazio neurrien ezarpenari jarraipena egin ahal izateko ere balio izan du. Izan ere, Hondurasko, Erdialdeko Amerikako eta gizarte zibileko beste erakunde batzuekin artikulatzea funtsezkoa da. OPROUCEk hainbat esparrutan parte hartzen du: Gizarte Garapenerako Idazkaritzaren (SEDESOL) Inklusio Politiken Mahaian, Justizia eta Generoaren Behatokian, Hondurasko Funtsezko Populazioen Ikuskapenen Batzorde Nazionalean eta LGTB+ Justiziara Sartzeko Mahai Nazionalean; gainera, honako hauekin ere aritzen da lanean: CONAPREV (Torturaren, Tratu Krudelen, Ankerren edo Iraingarrien aurkako Prebentziorako Batzorde Nazionala), CONADEH (Giza Eskubideen Batzorde Nazionala), Errepublikako Prokuradoretza Orokorra, Ministerio Publikoaren Arreta Integral Espezializatuko Modulua (MAIE), Migrazioetarako Nazioarteko Erakundea (OIM), ONU Mujeres, La Ceibako Arreta Integralerako Zerbitzuen (SAI) koordinatzailea, Atlantidako Opitale Orokorra, Emakume Trans Migranteen Latinoamerika eta Karibeko Sarea (FemiTransLac), El Porvenir presondegia, Atlantida eskualdeko prebentzio unitatea (polizia), Kukulcan elkartea… Erakundeen arteko koordinazioa beharrezkoa da LGTBIQ+ eskubideak babesteko.
Lan-ildo hauei jarraipena emanez, 2025ean, Bizkaiko Abokatuen Elkargoak honako proiektu hau finantzatu du: “Fortalecimiento del Acceso a la Justicia y Protección de Derechos Humanos para Mujeres Trans, Mujeres Diversas y Personas LGTBI en Municipios Vulnerables de Honduras: Un Enfoque Comunitario y Legal en La Ceiba, Tela, El Porvenir, Jutiapa, Sabá, Balfate y Sonaguera“. Hala, OPROUCEk Polizia Nazional Prebentiboko eta Polizia Militarreko kide gehiago sentsibilizatu ahal izango ditu, eta, bestalde, aholkularitza eta arreta legaleko programa indartuko du, trans emakumeei, askotariko emakumeei eta indarkeriaren eta bazterketaren biktima diren LGTBI+ biztanleei aholkularitza juridiko espezializatua eta bereizia bermatuz. Gainera, OPROUCEk segurtasun-, justizia- eta gobernu-sektoreetako 30 funtsezko eragile baino gehiagorekin elkarlanean jarraituko du, LGTBIQ+ eta biztanle anitzen kasuen jarraipena eginez, diagnostikatuz eta eztabaida kolektiboa sustatuz.
Artikulu interesgarriak:
https://www.corteidh.or.cr/sitios/libros/todos/docs/Infografia_Vicky_Hernandez.pdf











