Guatemalako hamaika aurpegi

Guatemalako hamaika aurpegi Image

Gazteetako bat erakusketaren aurkezpenean, Durangoko Udaleko eta medicusmundi Bizkaiako ordezkari eta teknikariekin. 2024ko abendua.

Durangoko udalak eta medicusmundi Bizkaiak Durangotik Hegoaldera – Jóvenes en Busca del Sur lehiaketa antolatu genuen bigarrenez 2022an. Durangaldeko hiru erizain eta ingeniari batek osatutako Aurten Bai taldea izan zen garaile. Irabazleek Guatemala bisitatu ahal izan zuten 2023an, medicusmundi Bizkaiaren proiektuak eta herrialdea bertatik bertara ezagutzeko. Han ikusi zutena Durangoko herkideei erakusteko, “Guatemalako hamaika aurpegi” argazki erakusketa diseinatu zuten; Landakon egon zen ikusgai 2024ko abenduan eta 2025eko urtarrilean. Gainera, gazteek Guatemalako Hamaika Aurpegi webgunea sortu zuten, informazio gehiago zabaltzeko (erakusketak webgunera sartzeko QR kodea zuen). Hala, gazteon ikuspegitik ezagut daiteke Guatemalako indigenen egoera, medicusmundiren lana eta lankidetzari buruzko hausnarketak eta, batez ere, gure bazkide diren Guatemalako lau elkarteren jarduna; elkarteok ASECSA, La Alianza, La Cuerda eta CPDL dira. Erakusketa galdu bazenuen, orain formatu digitalean ikus dezakezu blog honetan. Jarraian dauden irudi eta testuak gazteek eginak dira; biziki eskertzen diegu haien interesa eta egindako lana.

 

BIZTANLE INDIGENEN TESTUINGURUA

Guatemalan, herri indigenak, gehienak maien zibilizazioaren ondorengoak, biztanleriaren zati esanguratsu bat dira. Herri indigenak askotarikoak dira eta hainbat talde etnikok osatzen dituzte, bakoitzak bere hizkuntza, kultura eta tradizioak izanik. Talde indigena nagusiak hauek dira, besteak beste: k ‘iche’, k ‘akchiquel, mam, q’ eqchi ‘eta tz’ utujil. Kultura eta hizkuntza-ondare aberatsa izan arren, komunitate horiek pobrezia, diskriminazioa eta oinarrizko zerbitzuetarako sarbide eza bezalako erronkei aurre egin behar diete.

Guatemalako osasun-sisteman herri indigenekiko diskriminazioa arazoa larria da.

Alde batetik, komunitate indigena asko landa-eremuetan eta eremu menditsuetan bizi dira, eta horrek zaildu egiten du osasun-zentroetara gerturatzea. Gainera, garraio-azpiegitura sarri ez da nahikoa izaten, eta, biztadistantziak luzeak izan ohi dira. Horri hizkuntza-hesia eta osasun-profesionalek eta gainerako biztanleek kultura-sentsibilizaziorik ez izateagatik jasaten duten diskriminazioa gehitu behar zaio.

 

ASECSA (Asociación de servicios comunitario de la salud)

Osasun Komunitarioa Sustatzeko Eskualde Batzordeak sortu zuen 1978an. Asociación de Servicios Comunitarios de Salud (Osasun Zerbitzu Komunitarioen Elkartea) gobernuz kanpoko elkartea da, irabazi-asmorik gabekoa, eta osasun arloko 58 erakunde komunitariok osatzen dute. Jarraian aurkeztuko dugun proiektua 2018an hasi zen Tecpamen biztanleria indigenari bideratutako proiektua da. Bertan  parte hartzen duten pertsona gehienak terapeuta, gidari espiritual edo emagin gisa diharduten emakumeak ziren.

TECPAN GUATEMALAN ONGI BIZITZEKO OSASUN INTEGRALAREN UDAL BEHATOKIAREN PROIEKTUA

Zertan datza?

Osasun integralaren udal-behatokia osasun-zentroetan, ospitaleetan zein gizartean indigenek jasaten duten diskriminazioari aurre egiteko baliabide bezala sortu da. Osasun-zerbitzu duina eta desberdintasunik gabea jasotzeko beharraren testuinguruan. Horrez gain, mendebaldeko eta antzinako medikuntza (komunitate indigenetan erabiltzen den medikuntza naturala) bateratzeko beharra ikusten dute, pertsonak modu integralean artatzeko. Proiektua emaginen eta terapeuten gaitasunak indartzean datza, udalerri edo komunitate bakoitzaren arazoak identifikatuz eta horren inguruko lana eginez komunitatean. Bestalde, behatokian  komunitateek osasun-programen plangintzan, gauzatzean eta ebaluazioan aktiboki parte hartzeko eskubidea eta betebeharra dutela aldarrikatzen da.

Zeintzuek osatzen dute?

Hasiera batean, ASECSAren prestakuntza jaso zuten 20 pertsonak osatzen zuten udal behatokia, komunitate indigenari aholkuak eta laguntza emateko. 20 horietatik, 5 emaginak ziren, 5 terapeutak, 5 osasun-sustatzaileak eta 5 gidari espiritualak, baina gaur egun 150 pertsonako lan-taldea osatzen dute

Nola egiten dute lan?

2018an, behaketa-lan bat egin zen Guatemalako hainbat osasun-zentro eta ospitaletan. Ekimen hau komunitate hauek osasun-zerbitzuak erabiltzean  aurre egin behar dieten erronka eta oztopoak zeintzuk diren hobeto ulertzeko sortu zen. Berauek landu eta irtenbide bat lortzeko.

Beharrak identifikatzea

Behaketa horretan, premia-eremu ugari dokumentatu ziren. Osasun profesional askok indigenen komunitateetako pazienteakin jarrera diskriminatzaileak zituztela ikusi zen, are eta batzuetan ez artatzera iritsi arte. Horrez gain, oztopo linguistikoa zailtasun esanguratsua zela erreparatu zen, osasun arloko profesional askok ez baizituzten hizkuntza indigenak hitz egiten, komunikazioa zailduz

Prestakuntza eta kontzientziazioa

Proiektu honetan,  ASECSAren bidez (Osasun Zerbitzu Komunitarioen Elkartea) prestakuntza eskaini zitzaien osasun-sustatzaileei, terapeutei eta komunitate indigeneko emaginei. Formakuntza hauetan komunitate indigenen inguruko egoeraren kontzientziazioa landu zuten, ematen diren egoera diskriminatzaileen aurrean iritzi kritiko bat sortuz. Horrez gain, emakume indigenen ahalduntzea eta genero indarkeria ere landu zituzten.

Indigenen eskubideei buruzko tailerrak

Herritar eta komunitate indigenetako kide gisa dituzten eskubideei buruz hezteko diseinatutako tailer komunitarioak egin dira. Tailer horietan gai hauek landu izan dira, besteak beste:

2019ko amaieran eta 2020an, COVID-19aren pandemiak eragindako krisia etorri zen. Guatemalan, testuinguru horrek erronka ugari sortu zituen, batez ere komunitate indigenentzat, ez baitzuten pandemiari eta babesteko beharrezko neurriei buruzko informazio egokirik jaso. Osasun publikoko profesionalek eta agintariek ez zuten informazio argirik eman pandemia bat zer zen eta jarraitu beharreko jarraibideei buruz, eta horrek nahasmendua eta mesfidantza eragin zituen komunitatekoengan.

ASECSAren bidez, udal-behatokiko kideentzako prestakuntza lortu zuten, eta, hala, komunitateko gainerako kideak gidatu ahal izan zituzten. Pandemiari aurre egiteko, gaixoaren egoera hobetzen zuten sendabelar asko erabili ziren, hori dela eta medikuntza naturalarekiko interesa asko handitu zen, arbasoen jakinduriatik datorren jakindurian oinarritzen da, antzinako medikuntza deritzona.

Gaur egun mendebaldeko medikuntza eta antzinako medikuntza osagarriak izan daitezen lan egiten dute. Behatokiak egiten duen proposamenetako bat ospitalean erditze-lanean ari den emakumeari behar emozionaletan eta espiritualetan lagundu ahal izatea da, edo osasun-zentroan medikazio-jarraibideak sendabelarrekin osatzea. Hala ere, oraindik ez dute alde batera utzi komunitatearen barruan osasun-arreta duina lortzeko kontzientziazio eta prestakuntza-lana ez eta emakumeen ahalduntzea.

ERRITUAK

Jainkoari eman digun bizitza eskertzeko errituala.

Maiak politeistak dira. Hau da, naturarekin zerikusia duten hainbat jainko gurtzen dituzte.
Eguzkia kolore gorria da. Beltzak eguzkiaren ondoren dagoen iluntasuna esan nahi du. Horia hartzen dugun ura da, gure zikinkeriak garbitzen ditu, edaten dugu, sukaldatzen dugu… Zuriak airea, sentitzen dugun airea eta baita ura ere. Urdinak zerua irudikatzen du. Berdea natura da, ikusten duguna, jasotzen dugun uzta eta jaten duguna. Erritualean ikusten ditugun landareek zapore eta usain ugari dituzte. Eskerrak ematen dizkiogu Jainkoari eman digun bizitzagatik.

 

Asociación LA ALIANZA

En Guatemala se normaliza la violencia en el cuerpo de niñas y adolescentes” – Carolina.

Guatemalako emakume eta neskatilen egunerokoa biolentoa da, indarkeria matxista, erailketak, jazarpen sexuala, tratu txarrak, desagertutakoak, giza salerosketara bideratutakoak… 

2021eko datuen arabera 159 izan ziren eraildako emakumeak, zifrak 457ra igoz hurrengo urtean. 2020.urtean, ia 43.482 indarkeria matxista kasu salatu ziren, 2021eko apirilean jada ia 20.000 erregistratutako salaketak, bataz beste 18 bortxaketa egunean, 4 emakume desagertu egunean. 

Hala ere, salaketek ez dute errealitatea islatzen. Alde batetik, salaketa jarri ostean gutxienez emakumeen %60-70ak erretiratu egiten dute, bikotekide eta/edo komunitateko beste kideen mehatxu edota jipoiak jasan ostean, kasu gehienetan emakumeek menpekotasun ekonomikoa dute hauekiko eta ez dute nora jo ostantzean. Bestetik, emakumeen ahalduntze urria, beldurra, bitarteko falta eta bestelako faktoreak tarteko kasu asko eta asko ez dira salatzera ere heltzen.
Gutxi balitz, Hogar Seguro -ren kasua oso esanguratsua da emakumeek Guatemalan bizi duten egoera ulertzeko. 2017ko martxoaren 7 gauean Estatuaren “Hogar Seguro” babes-etxean zeuden adingabeko neskatilak ihes egiten saiatu ziren bertan jasaten zituzten bortxaketa, jazarpen sexuala, tratu txarrak eta pilaketak salatzeko (ez zeunden bertan zeuden denentzako oheak). Hurrengo egunean, zigor modura, denak gela batean sartu zituzten, komuna erabiltzea ere debekatuz. Aska zitzaten eskatuz haietako batek emandako 22 koltxoietako bat erre zuen pospolo batekin, sua bizkor sorraraziz. Atean zegoen poliziak 9 minutu behar izan zituen atea irekitzeko. 41 neskatila bizirik erre ziren eta beste 15 larriki zaurituak izan ziren sugarren ondorioz.

 

 

 

 

 

 

“No nos cuida ni el Estado, ni las instituciones, La Alianza es mi hogar.”

Ez dute babes errealik jasotzen ez Estatu, ez instituzioen aldetik.

Egoera honi erantzun bat eman nahian sortu zen Asociación La Alianza 1981.urtean, Cuidad de Guatemala -n. 

Zer da La Alianza? Asociación La Alianza (ALA) babesgabetasun egoeran dauden haur eta nerabeen alde lan egiten duen erakunde guatemaltarra da. Giza eskubideen ikuspegian oinarritzen dute lana, horregatik, modu integral eta trantsizionalean artatzen dituzte jasotzen dituzten neskatila eta nerabeak. Asistentzialismo edota karitate hutsean erori gabe, helburu eraldatzaile argia dute. Izan ere, norbere autonomia progresiboki eskuratu eta bizi independente baten alde lan egiten dute. Zentzu horretan, gizarte sentsibilizaziorako eta kontzientziaziorako kanpaina politikoak martxan jartzen dituzte, haurtzaroaren eta nerabezaroaren problematika hobeto ulertu eta arreta emateko espazioak sustatzen dituzte, hala, artatutako norbanakoak familia eta komunitate inguruetara lehenbailehen itzultzeko.

La Alianza -k, arreta eta babesa eskaintzen diete sexu-indarkeriaren eta salerosketaren biktimei, migrazio egoeran daudenei eta/edo arrisku egoeran dauden neskatila eta ama nerabeei, baita beraien umeei.

Proiektuak:

Gure kasuan, Cuidad de Guatemalako emakumeen aterpea bisitatzeko aukera izan genuen. Hala ere, aterpeaz gain La Alianza -k baditu beste proiektu batzuk herrialdean, Lehen Arretako programa bat dute Coatepeque -n, neskatila eta nerabeentzako erresidentzia bat dute San Juan del Obiapo -n… etorkizunean ere beste hainbeste abiarazi nahi dituzte, Erresidentzia anbulatorio bat Cuidad de Guatemalan, laguntza-sareak, enplegagarritasuna eta bizimodu independenterako laguntza programak besteak beste.

Emakumeen aterpea:

Emakumeen aterpeak txundituta utzi gintuen, Carolinak (zuzendariak) hitz egiteko zuen indarraz, bere hitzen pisuak, zuen konpromezuak… oilo ipurdia jarri zitzaigun. Errealitate gordinaz, imajinatu ezin genuenaz, hitz egin zigun, bertako neskatila eta nerabeen egoera erretratatu zigun. Hala ere, segituan La Alianza -ren berri eman zigun, zailtasunak zailtasun, aurrera egiteko tinko eusten dion eta bertaratzen den ororen babes den elkarteaz. Psikologoak, gizarte langileak eta hezitzaileak, abokatuak, ginekologoak etab.ek osatutako taldea dago emakumeen aterpean elkarlanean, osotasun batetik erantzunez egoerari.

Mañana me iré de nuevo” – zioen Carolina -k. 

Epaitetxera, La Alianza -ko neskatila eta nerabeen kasuak defendatzera eta akonpainamendua eskaintzera

▪ Estatuko agintari eta instituzioengana, egoera hau salatu eta erantzun bat exijitzera

Emakumeen aterpean, prozesu bakoitza ulertu, eta epaitu gabe behar indibidualen arabera babespean hartzen dituzte neskatila eta nerabeak (baita beraien haurrak). Harreratik, bizi independente bat aurrera eramateko gai diren arte elkar laguntzen dira, egunerokotasuneko lanak banatuz, norbere espazio eta denborak errespetatuz… Agian lehen aldiz ez daudela bakarrik ikusten dute, eta gertatutako guztia ez dela beraien errua izan, sistemarena baizik.

Lo gelak, haurtzaindegia, jolastokia, ikasgela, musika gela, ordenagailu gela… sukalderarte sartu ginen. Bertako neskatilek pozik erakutsi zizkiguten atseden edota meditazio gelak, bereziki maite zituztenak. Arnasa hartu edo pentsamenduak zein emozioak ulertu eta kudeatzen ikasteko beharrezkoak zirela zioten. Marimba ere jo ziguten, idatzitako poemak errezitatu eta kantatu…

Familia handi bat ikusi genuen, konpromezu eta indar handiz eraikia.

Harro kontatu ziguten bertan ikasitako guztia, baita bertatik irtendakoan bete nahi zituzten ametsak. Ilusio eta adore handia zuten bertako neskatilek, zioten La Alianza -n berriz norbere burua maitatzen eta errespetatzen ikasi zutela.

Zergatik da desberdina La Alianza?Beste proiektu batzuk ez bezala, ez dute asistentzialismoan sinesten, egunerokotasunean egiten dituzten interbentzio guztien erregistroa daramate (gizarte hezitzaileak, arreta psikologikoa, prozesu judizialak..), ziurtagiri nazional zein internazionala du, artatzen dituztenen eskola beharrak asetzen dituzte, ez dituzte Estatuaren diru-laguntzak jasotzen, norbanakoen bizi independenterako programak dituzte eta artatutakoak berri z euren komunitateetara itzultzea bermatzen dute. 

 

LA CUERDA

Zer da La Cuerda?
La Cuerda Guatemalako elkarte feminista bat da, emakumeen eskubideak sustatzen dituena eta gizarte justuago eta berdinzaleago bat eraikitzea bilatzen duena. 1998an sortua, erakundea erreferente bihurtu da emakumeen giza eskubideen defentsan, eta hainbat gai jorratu ditu, hala nola, genero-indarkeria, emakumeen parte-hartze politikoa eta justiziarako sarbidea.
Zer egiten dute?
La Cuerdak jarduera sorta zabala garatzen du, emakumeak ahalduntzeko eta emakumeei eragiten dieten arazoen gaineko gizarte-kontzientzia sortzeko. Hona hemen bere ekintzak:
Komunikabide feminista baten argitalpena: La Cuerdak egunkari feminista bat du, Guatemalako emakumeek dituzten arazoak ikusarazteko.
Prestakuntza eta tailerrak.
Indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntza ematea: Orotariko laguntza ematen diete, sistema judizialean nabigatzen laguntzen diete eta babes emozionala eta legala ematen diete.
Eragin politikoa: Beste erakunde eta mugimendu batzuekin batera lan egiten dute politika publikoetan eragiteko.

Nortzuk dira elkarteko kide?
La Cuerdak diziplina anitzeko talde batek osatzen du, eta giza eskubideen eta genero-berdintasunaren aldeko borrokarekin konprometitutako emakumeez osatua dago. Bere kideen artean kazetariak, abokatuak, aktibistak, psikologoak eta hezitzaileak daude, denak Guatemalako gizartean inpaktua sortzeko lanean.

Lan-ildo nagusiak

1. Komunikabideak: La Cuerda bere egunkari feministagatik nabarmentzen da, emakumeen borroka feministak eta giza eskubideak agerian uzten dituen plataforma kritiko eta gogoetatsua.
2. Giza eskubideak eta justiziarako sarbidea: Elkarteak emakumeei justiziarako sarbidean laguntzea du helburu, bereziki genero-indarkeriako kasuetan.
3. Parte-hartze politikoa eta lidergoa: Emakumeek politikan parte-hartze aktiboa izatea eta beren lidergo gaitasunak indartzea sustatzen dute, prestakuntzaren eta ahalduntzearen bidez.
4. Genero-indarkeriaren salaketa eta ikusgarritasuna: Erakundeak aktiboki lan egiten du Guatemalako emakumeen aurkako egiturazko indarkeria salatzeko, biktimei babesa emateaz gain, indarkeria horiek betikotzen dituzten politikak eta pentsamoldeak aldatzeko ere.

Fundamentalismo erlijiosoekin harremana

La Cuerdak jarrera kritikoa du eliza ebanjelikoaren boterearen eta Guatemalako gizartean duen eraginaren aurrean, bereziki emakumeen eskubideei dagokienez. Guatemalan, eliza ebanjelikoek botere politiko eta sozial handia irabazi du, eta askotan genero-politikei eta ugalketa-eskubideei kalte egiten dieten ikuspegi kontserbadoreak sustatzen dituzte.
Erlijio-fundamentalismoak, bereziki ebanjelikoak, emakumeen bizitzan duen eragina salatzen du La Cuerdak.

Erresistentzia eta estrategiak
Hezkuntza eta kontzientzia kritikoa: La Cuerdak tailerrak eta hezkuntza-jarduerak antolatzen ditu eliza ebanjelikoetatik datozen diskurtso kontserbadoreak desegiteko, erakunde horiek emakumeen autonomia mugatzen duten genero rol tradizionalak nola indartzen dituzten erakusten duen ikuspegi kritikoa sustatuz.
Laguntza sareak: Aliantzak sortzen dituzte giza eskubideen aldeko beste erakunde batzuekin eta erakunde feministekin, tokian-tokian nahiz nazioartean, elizek politika publikoetan duten eraginari aurre egiteko. Sare horiek funtsezkoak dira ugalketa eskubideen eta genero-berdintasunaren aldeko borrokak indartzeko.
Eragina politika publikoetan: Kanpaina eta ekintza zuzenen bidez, emakumeen eskubideak errespetatuko dituzten legeen sorreran eragitea bilatzen dute, elizek erabiltzen duten botere politikoari aurre eginez. Talde erlijiosoen eragina duten politika publikoek emakumeen eskubideak nola urratzen dituzten ikusarazten lan egiten dute, batez ere abortua zigortzea eta sexu-hezkuntza integrala ukatzea bezalako gaietan.

 

CPDL

ZER DA?

CPDL (Colectivo Poder y Desarrollo Local) premia handiena duten herritarrei benetako ahalduntzea lortzen laguntzeko helburuarekin sortu zen. Genero indarkeriari aurre egitea funtsezko ardatza da.

Poder y Desarrollo Local Kolektiboak, CPDL siglez ezagutzen denak, San Andrés Semetabaj udalerrian du egoitza, Sololá departamenduan, Guatemalan. Erakunde horrek gizarte bidezkoago baten eraikuntza sustatzen du, genero berdintasunarekin, justiziarekin, askatasunarekin eta demokraziarekin. Onuradun nagusiak emakume indigenak eta gazteak dira.

Poder y Desarrollo Local Kolektiboak (CPDL) eta Osasun Zerbitzu Komunitarioen Elkarteak (ASECSA) Chimaltenango eta Sololá -ko emakume maien antolaketa eta parte-hartzea bultzatzen dute herritarren behatokietan eta erabakiak hartzeko guneetan; eta emakumeen gorputzen eta lurraldearen defentsarako eragin gaitasunak eta ikusmen soziala indartzen dituzte, politika publikoetan emakume horien eskaera eta interes estrategikoak bermatuz.

Elkartearen egitura hainbat lan eremutan antolatzen da, hala, emakumea, gazteria, lana eta produktibitatea, osasuna eta herritarren partaidetzarako behatokia.

OSTRA ONDDOAK – GAZTE-PROGRAMA

Duela hilabete batzuk Guatemalako Colectivo Poder y Desarrollo Local (CPDL) elkartearen egoitza bisitatzeko aukera izan genuen. Elkarte hori San Andrés Semetabaj udalerrian dago, Sololá herrian, Guatemalan. Erakunde honek lan nekaezina egiten du genero berdintasuna, justizia eta garapen komunitarioa sustatzeko, oso ikuspegi bereziarekin gazteengan eta emakume indigenengan zentratuz. Guatemalan igarotako esperientziak, elkartasunak eta ondo antolatzeak duen botere eraldatzaileari buruz hausnartzera bultzatu gintuen.

Gure bisitan ezagutu genuen proiektuetako bat San Lucas Tolimango ostra onddoak (Pleurotus ostreatus) ekoizteko ekimena izan zen. Lehen begiratuan, nekazaritza proiektu soil bat dirudi, baina, parte hartzen duten emakume eta gazteekin hitz egin ondoren, ulertu genuen hori baino askoz gehiago dela: autonomia ekonomikoa eta duintasuna lortzeko atea da.

CPDL, AMLUDI eta Nazioarteko Elkartasuna bezalako erakundeekin lankidetzan, onddoak hazteko beharrezko tresnak eskaintzen zaizkie komunitate horietako gazteei, elikagai iturri gisa nahiz diru-sarrerak sortzeko bitarteko gisa boterea emanez. Gehien hunkitu gintuena emakume horiek, gehienak indigenak, proiektu hau harrotasunez eta konfiantzaz hartu zutela ikustea izan zen. Era berean, proiektu honi ematen dioten garrantziaren zergatia azaldu ziguten; beren bizitzak eta familienak hobetzen lagunduko dien zerbait ikasteko aukera da proiektua. Egonaldian, lan hori egiteko behar dituzten funtsezko materialak eta sargaiak erakutsi zizkiguten. Atentzioa eman zigun bakoitzak ikasitakoa hartzeko eta harro erakusteko zeuzkaten gogoak; onddoak lantzeaz gain, beren etorkizuna ere lantzen baitute.

Proiektu hau bereziki garrantzitsua da sostengatzen duen laguntza eta lankidetza sarearentzat. Emakume horiek egiten duten urrats bakoitza haiengan sinesten duen talde konprometitu batek laguntzen du. CPDL-k, prestakuntza teknikoa ez ezik, konfiantzazko espazio bat ere eskaintzen die, non emakume bakoitzak bere ahotsa aurki dezakeen. CPDLra eta egiten ari diren proiektuetara egindako bisitak funtsezko zerbaiten berri eman zigun: beharrezko laguntza ematen denean, gauza sinestezinak lor daitezke. San Lucas Tolimánen, ostra onddoak landatzea jarduera produktibo bat baino askoz gehiago da; tresna bat da gazteak ahalduntzeko, batez ere emakumeak, independentzia emateko eta gizarte bidezkoago bati bide emateko.

Bisitatik komunitate horrekiko miresmen handiarekin itzuli ginen, beren bizitzak eta familienak aldatzen ari baitira ahaleginaren, trebakuntzaren eta elkartasunaren bidez. CPDL, bere aliatuekin batera, etorkizun iraunkorragoa ez ezik, Guatemalako emakumeentzako aukeraz betetako oraina ere eraikitzen ari da. Batzuetan izugarria dirudien mundu batean, horrelako proeiktuek komunitate bakoitzean aldaketa haziak nola ereiten dituzten ikustea itxaropen argi bat da. Eta hazi horiek bezala, orain emakume horiek lantzen dituzten onddoak janaria edo diru sarrerak baino askoz gehiago dira: erresilientziaren, batasunaren eta etorkizunaren sinbolo dira.

Producción de hongo ostra como fuente de generación de ingresos

 

BETTY PORRAS

Guatemalako lankidetzari buruzko elkarrizketa laburra Betty Porrasi, medicusmundi Bizkaiaren eta Espainiako Medicus Mundi Elkarteen Federazioaren Guatemalako ordezkariari.

Nolakoa da berdintasunerako eta garapenerako lankidetza-lana Guatemalan?
Asko kostatzen da lankidetza-baliabideak dituzten Guatemalako zentroak mantentzea. Arazo horri esleitutako baliabide batzuk egon harren, gobernamendu-ministerioari lotuta daude, eta oso zaila da emakumeei bideratutako taldeei laguntza ematea.
Laguntza erakunde gutxi batzuei ematen zaie, eta haiek erabakitzen dute beste erakunde batzuekin partekatu ala ez. Ez dago alde guztietara ekitatez iritsiko dela ziurtatzen duen prozesu egituraturik. Erakunde batzuek oso gaizki pasatzen dute emakumeentzako aterpetxeak aurrera eramaten laguntzarik jaso gabe, hori bai, justizia-sistemak biktima guztiak zentro horietara bideratzen ditu. Absurdoa da.

Ba al dago emakume indigenen kasuan desabantailarik?
Emakumeentzat desabantaila ugari daude: analfabetismoa askoz ere handiagoa da emakumeengan adibidez, elebakartasuna ere bai, eta horrek ez du esan nahi txarra denik, baina beste inguru batzuetan parte hartzea mugatzen du, estatuko hizkuntza ofiziala gaztelania delako, eta, beraz, dena gaztelaniaz dagoelako. Gainera, emakume indigenek beraien hizkuntza hitz egiten dute, baina ez dute idazten.
Beraien hizkuntza hizkuntza ofizial bezala hartzea aldarrikatzen dute. Hezkuntza ministerioak hezkuntza elebiduna ezartzeko betebeharra du, gaztelania eta toki bakoitzeko hizkuntza lantzen dira eskolan dira. Baina, praktikan, indigena ez den biztanleriak ez du erabiltzen eta ez dira erabiltzeko gai izaten.
Horrez gain, arrazakeria, diskriminazioa, bazterketa… handia dago maila guztietan eta eremu guztietan, biztanleria ez-indigenaren aldetik. Ondorioz, garapenerako lankidetzarako eta genero-berdintasunerako lan lerro asko zabaltzen dira. Nire iritziz, pixkanaka egin arren, hainbat emakumeentzat, haurrentzat, familientzako eta adierazpen askatasuna izan nahi duten herritar batzuentzat espazioak sortzen ari gara. Baina arazoa haratago doa, eta espazioak gero eta murritzagoak dira lankidetzarako. Erakunde batzuek benetako garapen iraunkorrera bideratutako lankidetzaren alde egiten dute, baina beste erakunde batzuek ez.

Euskal Herriko herritarrak horren berri izatea edo zerbaiten inguruan hausnartzea gustatuko litzaizukeen zerbait ba ahal dago?
Oso gauza erraza adierazi nahiko nuke. Giza eskubideez hitz egiten dugunean, berdintasunaz hitz egiten dugu zentzu guztietan, eta, horregatik, desberdintasunak edonon bizita ere eragin beharko luke. Eragiten ez badigu, gainerakoa diskurtso hutsa da. Horrekin ez dut esan nahi bularrean kolpeak eman behar ditugunik edo zuk hemengo arazoak pertsona gisa konpondu behar dituzunik. Baina ziur kontzientzia-maila jakin bat duen edozein pertsonak kontzientziazioa sortuko duela inguruan dituen pertsonengan.
Euskal Herriko osasun-zentroak bisitatu nituenean, gizartearentzako lortu duten ongizate-egoera izateaz zorte handia dutela azpimarratzen nien. Arazoak edonon izan ohi dira, baina ez du zerikusirik hemen dagoen egoerarekin. Eta jendea norbera baino okerrago dagoela pentsatzeak beti ondo datorkigula deritzot, ez esan bezala bularrean kolpe bat emateko, baina bai kontzientzia sortzeko, kontzientzia balore unibertsala izan beharko litzateke eta ez diskurtsoa.

Itzuli