Detrantsizioa, ultren ideietatik harago: “Hartu ditudan erabakiekin biziko naiz”

Detrantsizioa, ultren ideietatik harago: “Hartu ditudan erabakiekin biziko naiz” Image

Mediku, identitate eta gizarte arrazoiak direla medio, trans pertsona batzuek hormona bidezko tratamenduak alde batera uzten dituzte. Ultraeskuinak trans eskubideen aurka erabili nahi duen errealitate hau, ordea, ez da sinplea: askotariko ahotsak ditu.

Testua: Deva Mar Escobedo | Pikara Magazine

Irudia: Oliver Mu

Oliver Mu-k 17 urte zituen testosterona bidezko hormona tratamendua hasi zuenean. Bi urte eta erdiren buruan, bigarren mailako zenbait efektu desatsegin jasaten hasi zen: beroaldiak, gorputzean azkura eta akne asko, besteak beste. Tratamenduak bere gorputzean zituen ondorio maskulinizatzaileak balioesten zituenez eta mutil trans gisa duen nortasunaren onarpen soziala handitzen zuelakoan, urteetan zehar sintomei entzungor egin zien; baina, azkenean, sintoma hauek terapia hormonala bertan behera uztera eraman zuten.

Halaber, beste kontu mediku bat zegoen besteen gainetik. Muk dio, testosteronarekin hasi zenetik, baginako mukosan narriadura nabaritu zuela: “Nahiko hipokondriakoa naiz, eta beldur handia nion baginaren atrofiari. Kasu larri dezenteren berri nuen; gutxi dira, baina badaude”. Beldur honek bultzatu zuen tratamendua uztera. Gaur ez dago ziur testosterona ote zen uteroko pareta ahuldu ziona ala hormonak utzi ondoren diagnostikatu zioten endometriosia izan zen erruduna.

Konplexutasun hau ulertaraztea zaila izan daiteke trantsizio medikoak joaneko bidaia gisa ikusten dituen gizarte batean

Beldurra zerk eragin ote zuen alde batera utzita, Muk testosterona ziztatzeari utzi zion. Erabaki zaila izan zen, eta uko egiteak inguruan piztu zitzakeen alarmek ere beldurra eragiten zioten: damutu al zen? Oliver izateari utziko zion? Testosterona hartzen aritu zen bost usteetan zehar, bere identitatea aldatu zen: bere burua gizon gisa ulertzetik, genero binarismotik at kokatzera pasa zen; baina ez emakume gisa identifikatzera itzuli, eta ez zion pertsona trans izateari utzi. Hala ere, konplexutasun hau ulertaraztea zaila izan daiteke trantsizio medikoak joaneko bidaia gisa ikusten dituen gizarte batean; errail horretatik ateratzen dena, erratu dela edo identitateari dagokionez damutu dela ulertzen du jendarteak.

Arrazoi medikoengatik hormonak uztea

Trantsizio medikoen etenak ez dira asko ikertu Espainiar Estatuan. 2020an Espainiako Endokrinologia eta Nutrizio Elkartearen aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, 2008 eta 2018 artean, 796 pertsona artatu zituzten Valentziako Doctor Peset Ospitaleko pertsona transentzako tratamenduetan espezializatutako unitatean: horietatik zortzik bakarrik utzi zuten tratamendua aldi horretan, hau da, ehuneko batak.

Ez dago Espainiako Estatuan hormona tratamenduak bertan behera uzteko motibazioak ikertu dituen eta lagin esanguratsurik duen azterlanik. Literatura akademikoaren arabera, barne edo kanpo faktoreek eragin ditzakete etenak, hala nola, nortasun aldaketa batek edo pertsona transenganako estigmak. Damua egon daiteke ala ez. JMIR aldizkari zientifikoan argitaratutako ikerketa baten arabera, trantsizio medikoak uzten dituzten bost pertsonatik batek baino ez du berriz ere bere burua zisgenerotzat hartzen. Hurrenez hurren, gehienak trans, detrans (detransitioners, dentrantsizionatzen duten pertsonak) eta ez bitar gisa identifikatzen dira.

Asier García Sánchez mutil trans ez bitarra da: 2019 eta 2020 bitartean testosterona hartu zuen, eta damu da. Atsekabe “arina” da, une batzuetan dena zalantzan jartzen badu ere. Maskulinizazioa gozatu zuen, baina, jasaten dituen albo ondorioak aintzat hartuta, ez daki merezi izan ote zuen. Gaur egun libidoa baxuago duela azaldu digu, eta hilerokoak tratamenduaren aurretik baino min handiagoa ekartzen diola. Ez daki sintoma horiek testosterona urtebetez hartu izanari egotzi ala ez, baina trantsizio medikoan artatu zuten medikuek egindako iruzkinetan oinarrituz, baietz uste du. «Zure gorputzarekin ‘jolasean’ ari zarela esaten dizute. Mezu horiekin, gorputzean gertatzen zaidan edozerk hormonekin zerikusia duen beldur naiz, beldur hori sartu didate», azaldu du. Hormonak hartzeari utzi zion beldur medikoengatik eta bere burua genero binarismotik kanpo irakurtzera eraman zuen nortasun aldaketarengatik.

Terapia hormonalak ezegonkortasun emozional handia sortzen zion eta, hain egoera zailean, gehiegi zela erabaki zuen

Darko Decimavilla tratamendu hormonalaren aurretik ere pertsona ez bitar gisa bizi zen, eta berak ere osasunarekin lotutako arrazoiengatik utzi zuen tratamendua. Duela hiruzpalau urte hasi zuen terapia feminizatzailea, eta argi zuen trantsizioa bere erara egin nahi zuela. Bere hitzetan, ez zuen feminitatearen «pack osoa» nahi.

Bere bidea duela zazpi hilabete desbideratu zen, tratamendua partzialki utzi behar izan zuenean. Izan ere, une horretan, gaixotasun degeneratibo baten ondorioz, medikazio indartsua hartzen ari zen eta desgaitasuna aitortzeko eskatzen ari zen; prozesu hori bortitza gertatu zitzaion maiz. Terapia hormonalak ezegonkortasun emozional handia sortzen zion eta, hain egoera zailean, gehiegi zela erabaki zuen; ez zuen gorabehera gehiagorik behar. Estrogenoen partxeak jartzeari utzi zion, baina, «medikuak gomendatuta», testosterona blokeatzaileak mantendu zituen; hartzen duen antiandrogenoak tentsio jaitsieraren efektua eragiten du eta hori ondo zetorkion.

Gelditu eta ondoren hormona terapiari berriz ekitea

“Agontzen naizenean erabakiko dut (terapia osoa hartzera) itzuli ala ez”, dio Decimavillak. Erreportaje honetan elkarrizketatutako pertsona guztiek bezala, ez du amaitutzat ematen bere nortasuna berresteko tratamenduen historia. Elkarrizketatuek badakite, bizitzak hormonatzera eta, ondoren, hormonak uztera eraman zituen bezala, agian ate hori berriro gurutzatuko dutela etorkizunean. Qam-ek —nahiago du abizenik ez eman— jada egin du itzulerako bide hori: hilabete eta erdi egon zen testosteronarekin, urte batzuetan utzi zuen eta 2022an berriz ekin zion.

Tratamendu hormonala jaso eta gizartearen arabera gizon edo emakume batek duen itxuratik hurbil egon arte, pertsona trans batzuk ez dira armairutik irteten bere ingurukoen aurrean. Qamen gorputzean testosteronak oso azkar eragin zituen aldaketak. Martxa horretan, berak nahi baino lehenago azaldu beharko zion munduari pertsona transa zela. «Pentsatu nuen: argi daukat, bai, gustatzen zait [testosterona], baina gelditu egingo naiz, gizartearen aurrean ez dut oraindik pauso hori eman nahi. Itxaron nahi dut, nire burua jendearen erreakzioei eta galderei aurre egiteko prest eta seguru sentitu arte». Une hori hiru urteren ondoren iritsi zen, unibertsitateko gradua amaitu zuenean eta bere etxebizitzan independizatuta bizi zenean.

Sentimendu konplexuak

Pertsona transen eskubideen aldeko borrokaren mugarrietako bat 2023an genero autodeterminazioa aitortzen duen legea onartzea izan zen. Besteak beste, erregistroan sexua aldatu baino bi urte lehenagotik hormona tratamenduan egoteko betebeharra ezabatu zuen; sexua aldatzeko, aski da erregistro zibilean epailearen aurrean deklaratzea. Garaipen horren aurretik, 2018an, dokumentuak moldatzea errazten zuen beste aldaketa juridiko bat lortu zen: sexua aldatu ez zuten pertsona transei izena aldatzeko aukera eman zitzaien.

Erreportaje honetan agertzen diren pertsona guztiek izen aldaketa baimenduta egon ondoren hasi zuten hormona tratamendua, baina genero autodeterminazioaren legea indarrean sartu baino lehen. Denek, batek izan ezik. Davie Reyk 2018 aurreko oinarrizko eskubideen lantzar horretan izendatu zuen lehen aldiz trans bere burua; dokumentu administratiboak aldatzeko, bi urtez hormonak hartzea beharrezkoa zen. Horregatik da elkarrizketatutako pertsonen artean, hormonazioa hasteko arrazoi gisa betebehar burokratikoak aipatzen dituen bakarra da. Reyk Batxilergoko titulu akademikoan bere izen eta genero egokiak agertzea gura zuen. Hormonatzeko presio juridikorik izan ez balu, trantsizio medikoa lasaiago hartuko zukeela uste du, eta testosterona hartzen beranduago hasiko zela, edo mikrodosiarekin.

Pandemia heldu zenerako, Reyk hiru urte zeraman hormonekin. Berrogeialdiko geldialdiak eta isolamenduak denbora eman zioten bere nortasunari eta gorputzari buruz pentsatzeko eta hausnartzeko. Ez binarismora eta lesbianismora hurbildu zen, eta testosteronaren efektu maskulinizatzaile batzuk disforia eragiten hasi zitzaizkiola konturatu zen. Azkenik, hormona terapiak sortutako aldaketa batzuekiko gaitzespenak bultzatu zuen uztera.

Bizarra laserrarekin desager daiteke, ahots altua entrenamenduarekin landu daiteke

Rey ez da testosterona hartu izanaz damutzen, baina bai hainbeste urtez tratamenduan egon izanaz. Bere sentimenduak konplexuak dira. Eskertzen du hormona terapiak utzi dizkion ahots grabea eta ileak. Burua soiltzen hasi berria zitzaion, eta horrek bere androginia mehatxatzen zuen; bere burua ziztatzeari uztean, soiltze hori gelditu da, eta horrek poztu egiten du. Baina ziztatzeari uzteak tristura ere eragiten dio: aldaketa batzuei agur esan behar izan die; esaterako, fenotipo maskulinoena galtzen joan da. Azaldu duenez, «bi norabideetan dut disforia», hau da, batzuetan larritasuna sortzen dio maskulinotasunak eta beste batzuetan femeninotasunak: «Erabaki horiek nik neuk hartu ditudala ondorioztatu nuen». Testosteronarekin eta mastektomiarekin, bizitako aldaketa guztiak itzulgarriak izan daitezkeela jakiteak lasaitzen du: bizarra laserrarekin desager daiteke, ahots altua entrenamenduarekin landu daiteke, buruko soilguneak inplanteekin desagerraraz daitezke eta bularra mamoplastia batekin itzul daiteke. Aukera horiek hor daude. Bitartean, dio, beste edozeinek bezala, soilguneak kopetako ilearekin estali eta bere bizitza egiten du. «Hartu ditudan erabakiekin biziko naiz, gaur naizen pertsona bihurtu nautelako, eta pertsona horrek ez nau atsekabetzen».

Programa politiko bat ultraeskuinarentzat

Erresuma Batuan, 2019an, Keira Bellek bertan behera utzi zuen testosterona tratamendua. Detrantsizionatu zuen. Denbora batez gizon gisa bizi ondoren, bere burua atzera emakume gisa identifikatzera itzuli zen eta 16 urte zituenean hormona blokeatzaileak eta 17 urterekin testosterona hartzeaz damutu zen. Baina kontua ez zen hor amaitu: jarraitutako mediku tratamenduaz damutu eta bere biziarekin ahalbait ondoen jarraitzen saia zitekeen neska, baina artatu zuen genero identitate klinikaren aurkako demandarekin bat egin zuen, nerabe transei tratamendu hauetarako sarbidea mugatzen saiatzeko.

Kasua 2019ean heldu zen auzitegietara eta 2020ko epaiak esan zuen Erresuma Batuan 16 edo 17 urteko gazteek generoa berresteko tratamenduak jasotzeko abal judiziala beharko zutela. Erabaki hori atzera bota zuten ondoren goragoko instantziek, baina, ordurako, kasua trans pertsonen gorputz autonomia mugatu nahi dutenen bandera bihurtu zen. Mundu mailako mugimendua jaio zen: ‘detrans’ mugimendua.

Rosa María García: “Ultrakontserbadoreentzat, detrantsizioa programa politiko bat da”

“Ultrakontserbadoreentzat, detrantsizioa programa politiko bat da”, dio Rosa María García filosofo eta soziologoak. Detrantsizionatzen duten pertsonak eta haien beharrak errealak dira, baina antigenero mugimenduari ez zaio hori interesatzen. García Trans/bordes. Nuevas líneas para el pensamiento trans* (Kaótica, 2026) detrantsizioei buruzko saiakeraren egileetako bat da eta ziur dago ultraeskuinak tratamendu hormonalak hartzeari uzten diotenen bizipenak edo identitate transa azpiratzen dituela, pertsona transa izatea gizon arriskutsuen eta engainatutako emakumeen gaixotasuna dela dioen narratiba politiko baten mesedetan.

Detrantsizioa nahiko hitz berria da eta, beraz, ez du akademiaren literaturan definizio sendorik. Hala azaldu zuen Pablo Expósitok 2025ean haur eta gazte transei buruz Bilbon ospatu zen I. Nazioarteko Biltzarrean. EHUko Psikologia irakaslea da bera eta, jardunaldiaren memorian topa daitekeen moduan, detrantsizio berba “pertsona batek bere genero-trantsizioan inplikatutako gizarte, administrazio edota medikuntza arloko aldaketak −partzialki edo osorik, aldi baterako edo behin betiko− geldiarazteko edo iraultzeko prozesua deskribatzeko” erabil daiteke. Definizio honen arabera, erreportaje honetan beren bizipena kontatu duten pertsona guztiak detrantsizionatzaileak dira, nahiz eta guztiek ez duten beren burua paradigma horren baitan irakurtzen. Batzuek goitik behera baztertzen dute kontzeptua, ultrek hitza erabili duten moduagatik; besteek, detrantsizioaren inguruko gizarte iruditegia oso murritza denez (identitate transa baztertzea, normalean damututa), bestela ulertzen dute haien burua.

Detrantsizioak baztertzea integratzeko eta arauan sartzeko saiakera da

Oliver Muk “ber-trantsizio hormonal baten kronika” azpitituludun fanzine bat sortu zuen eta hormonak uzteko prozesua emozionalki kudeatzen lagundu zion. Ber-trantsizio hitza bere bizipenentzat egokiagoa dela uste du eta detrantsizio kontzeptua kritikatzen du: zigortzeko eta “gure komunitateari buruzko gezur eta aurriritzi” pila bat ezartzeko balio izan du. Hala ere, neurri batean komunitate transean ere tratamenduak geldiarazten dituzten pertsonen aurka egiten delakoan dago. “Detrantsizionatzen duen jendearekin hitz egiteko irekiago egon beharko genuke, haien detrantsizioa instrumentalizatzen ez duten bitartean”, dio.

Andrew Gartzeak Rosa María Garcíarekin batera idatzi du aipatu saiakera, eta uste du detrantsizio kontzeptua ez dela abandonatu behar, ezin zaiola ultraeskuinari utzi, eta beti ez dela kontserbadurismoaren paradigma politikoa izan. “Aurreko mendean eta LGBTIQ+ komunitateen baitan de/trans pertsonekiko inklusio handia zegoen”, dio. Haren aburuz, detrantsizioak baztertzea integratzeko eta arauan sartzeko saiakera da eta horrek pertsona transen askotariko errealitateak ahaztea eta trantsizioak linealak direla pentsatzea dakar. “Gure komunitateetan de/trantsizioari buruz hizketan hasteak gure buruari nor garen eta nora goazen galdegiten laguntzen digu”, gomendatzen du Gartzeak.

Rey ere ez dago detrans etiketan eroso. Bere egoeraren antzekoa bizi dutenen inguruko informazioa bilatzeko erabiltzen duela aitortu arren, deseroso dago eskuin muturrak kontzeptua instrumentalizatu duelako: “Haiek nerabe zirela hasi eta gero erratu zirenez, adin horretan beste inork hormonarik hartu behar ez duela: detrans jende batek argudio hori erosten du. Belarra ukitzea falta zaie. Agian haiei ez zien trantsizioa goiz hasteak balio izan, baina beste pertsona batzuek behar dute”.

 

Hau Pikara eta medicusmundi Bizkaiaren arteko elkarlanaren emaitza da, eLankidetza – Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak lagundutako «Generando transformación social: miradas locales-globales sobre violencia simbólica y Diversidad Sexual y de Género en el ámbito educativo, universitario y sanitario» proiektuaren baitan.

Erreportaje hau Feministas organizadas en todas partes buletinean zabaldu da, indarkeria sibolikoari eta osasunari buruzko beste hainbat kazetaritza lan feministekin batera; besteak beste, intersex pertsonen aurkako indarkeria osasun sisteman, lehen eta bigarren mailako gaixotasunak, administrazioen erregistroetan “neskak” hitza kentzeari buruzko hausnarketak, indarkeria matxistak eta ereparazioa, indarkeria matxistak eta adikzioak.

Itzuli