Nola dago osasuna munduan eta zer egiten dugu haren alde?

Nola dago osasuna munduan eta zer egiten dugu haren alde? Image

Osasuna sektore garrantzitsua da giza garapenerako eta desberdintasunak murrizteko, baina munduko biztanleen erdiak baino gehiagok ez du oinarrizko osasun zerbitzurik eskuratzerik.

Aurten Munduko Medikuak elkartea 30 urte betetzen ari da eta medicusmundi Bizkaia 60. urteurrena ospatzen. Biok aritzen gara Bizkaian, Euskal Autonomia Erkidegoan eta munduan lanean, pertsona guztien osasunerako eskubidea bermatzeko. Estatuan eta nazioartean koordinatuta, bi elkarteok txosten bat egiten dugu urtero osasunaren, nazioarteko lankidetzaren eta ekintza humanitarioaren arloko aurrerapenak eta erronkak aztertzeko.

Herritar guztiak, ordezkari politikoak, osasuneko eta lankidetzako profesionalak eta komunikabideak txostenaren aurkikuntza nagusiak eta bi elkarteon lana ezagutzera gonbidatzen ditugu, baita GGKEen eta politika publikoen erronkei eta estrategiei buruz eztabaidatzera ere. Horretarako, bi une izango ditugu:

Txostenaren aurkezpena eta solasaldia, ordezkari politikoekin

  • Asteartea, maiatzak 12, 11:00, Bizkaiko Batzar Nagusiak, Hurtado de Amezaga 6, Bilbo

Santos Arrieta Galey (Munduko Medikuak elkarteko koordinatzailea) eta Carlos Medianorekin (medicusmundiren ikerketa arduraduna)

Txostenaren aurkezpena eta solasaldia, publikoari irekia

  • Asteartea, maiatzak 12, 18:30, Bizkaiko Medikuen Elkargoan. Landin aretoa (4. solairuta), Lersundi kalea 9, Bilbo

Txomin Zabala Hernandez (Munduko Medikuak elkarteko presidentea) eta Carlos Medianorekin (medicusmundiren ikerketa arduraduna)

Informazio gehiago

 

Datu batzuk

Osasun arloko Garapen Jasangarriaren Helburuko xedeen % 10 baino ez dago beteta edo 2030ean lortzeko bidean.

Munduko biztanleen erdiak baino gehiagok (4.500 milioi pertsona) ez du oinarrizko osasun zerbitzuak eskuratzeko aukerarik, eta 2.000 milioi pertsonak finantza zailtasunak dituzte osasun kostuak direla-eta.

Egunero 712 emakume hiltzen dira haurdunaldiarekin eta erditzearekin zerikusia duten konplikazioengatik, eta egunero 13.150 ume hiltzen dira saihestu daitezkeen arrazoiengatik.

Klima aldaketaren eta osasunaren arteko loturei buruzko ebidentzia zientifikoa gero eta sendoagoa da, eta horrek osasun sistemak errealitate berri horretara egokitzeko premia indartzen du.

Herrialde batzuk Osasunaren Mundu Erakundetik ateratzeak eta aurrekontu murrizketek murriztu egin du mundu mailan erantzunak koordinatzeko gaitasuna, nazioarteko sistemaren legitimitatea eta eraginkortasuna.

2025eko azaroaren erdialdean, urteko behar humanitarioei erantzuteko eskatutako funtsen % 25,1 baino ez zen jaso (323 milioi pertsona baino gehiagok laguntza behar zuten).

Laguntza falta horrek haurren desnutrizioa larritzea, hilkortasuna areagotzea eta Sudan, Yemen, Afganistan eta Gazako Zerrenda bezalako herrialdeetako talde ahulenak babesik gabe uztea dakar.

Garapenerako Laguntza Ofizialak (GLO) atzerakada historikoa eta aurrekaririk gabea izan du azken urtean (% 6,9ko murrizketa, 15.119 milioi dolar gutxiago). Garapenerako Laguntza Batzordeko kide diren herrialdeek beren Errenta Nazional Gordinaren % 0,33 bideratzen dute GLOra, % 0,7ko konpromiso historikotik urrun.

Eusko Jaurlaritzak bere aurrekontuaren % 0,407 (27,37 euro biztanle bakoitzeko) bideratu zuen 2024an Garapenerako Laguntza Ofizialera, Europar Batasuneko batez bestekoa ( % 0,47) baino gutxiago, eta 2024an onartutako lankidetzaren euskal legeak ezartzen duen % 0,7ko helburua betetzeko biderik ezarri gabe.

Osasuna sektore giltzarria da giza garapenerako eta desberdintasunak murrizteko. Estatuko autonomia erkidegoek bataz beste laguntzaren % 11,49 osasun lankidetzara bideratzen duten bitartean, Euskadik bere GLO osoaren % 3,03 baino ez zuen bideratu osasunera; EAEko aldundiek eta udalek, berriz, % 7,1.

Eusko Jaurlaritzak 11.547.463 euro bideratu zituen Ekintza Humanitariora 2024an, bere GLOren % 18,83 (bere planetan % 10 bideratzeko duen helburua gaindituz).

 

Txostenak

Informe_SaludAOD_2025

Cuadernos autonomicos Euskadi

Itzuli