Ferris i Tortajada doktoreak elkarrizketa bat eman dio medicusmundi Bizkaiari, Ana Juaristi gure boluntarioaren eskutik, eta funtsezko bi ardatz aztertu ditu. Batetik, ingurumen osasuna, eta kutsadura bestetik, osasunaren egiturazko faktore gisa.
Josep Ferris i Tortajada doktorea onkologoa da eta La Fe Haurrentzako Unibertsitate Ospitaleko Unitat d’Oncologia Pediátricako espezialista. La Fe Ama eta Haur Ospitaleko Unitat de Salud Medioambiental Pediátricaren sortzaile eta koordinatzailea da. Horrez gain, Espainiako Pediatria Elkarteko Ingurumen Osasunerako Batzordearen kide sortzailea da 2017tik eta OMEren “Haurrentzako Giro Osasungarriak” Nazioarteko Aliantzako kidea. Aldi berean, Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartearen “Ingurumena eta Minbizi Pediatrikoa” egitasmoaren ikertzaile nagusia da.
Zerk bultzatu zintuen osasunari eta ingurumenari buruz ikertzera?
Minbizi eta leuzemia akutuak zituzten seme-alaben ama eta aiten galderei erantzuten saiatzeko: “Ferrís Tortajada jauna, zergatik daukate gaixotasun hori?”
Nola definitzen duzu Ingurumen Osasuna (IO)?
1993garren urtean OMEk bizi-kalitatea barne hartzen duen giza osasunaren alderdi gisa definitu zuen, eta ingurumen-faktoreek zehazten dute bizi-kalitate hori . OMErentzat, XXI. mendeko osasun erronka nagusietarikoa da. Medikuntzako espezialitate berri bat da, beharrezkoa eta gora bidean dena. Hain da horrela, kide diren estatuei eta nazio eta nazioarte mailako erakundeei legezko neurriak har ditzatela eta baliabide humano eta ekonomikoak zuzen ditzatela eskatzen ari baita.
Nola dago eratuta IO?
IO bi adar ezberdin baina elkarren osagarri direnek eratzen dute. Alde batetik, adar teorikoak, nagusiki zientifikoa, bulegoetan kokatua eta medikuek eta biologia, ekologia, bioestatistika eta abarretako profesionalek eratua.
Bestetik, adar praktikoa edo klinikoa dago, mediku eta erizainek osatua, ospitaletan arreta (diagnostikatuz eta tratatuz) emateko helburuarekin. Bere misioa da osasuna kaltetu duten eta gaixotasuna eragin duten faktore kutsatzaileak dokumentatzea. Ingurumen Historia Klinikoaren eta Orri Berdearen bitartez lortzen da hori, hurrenez hurren.
Zein da Espainiako estatuan ingurumen-osasunaren egungo egoera?
Soilik adar teorikoa dago, ministerioetan eta atxikitako erakundeetan, eta baita erkidegoetako sailetan ere.
Adar klinikoa ez da existitzen. Ez dago legez araututa, eta beraz, ez dago Ingurumen Osasuneko espezialitateko titulurik espainiar estatuan. Espainiako Pediatria Elkarteak Ingurumen Osasunerako Batzorde bat du (www.aeped.es/comite-salud-medioambiental), horixe da dena.
“Epe labur, ertain eta luzerako neurriak eredu energetikoa aldatzera zuzendurik egon behar dira”
Zein dira isurpen-iturri nagusiak eta zeinetan lehenetsi behar da jarduera? Premiazko zein neurri aplikatu behar lirateke?
Gure itxietan, tabakoaren kea herrialde aberatsetan eta biomasaren kea herrialde txiroetan. Gure irekietan, berriz, erregai fosilen errekuntza, errausketa zuzena edo zeharkakoa (errebalorizazio energetikoaren pean), hondakinena edo hirietako eta industriako zaborrena. Baita, baina noizean behin, baso-sute handiak eta sumendi-erupzioak ere.
Epe labur, ertain eta luzerako neurriak eredu energetikoa aldatzera zuzendurik egon behar dira. Baina ezinezkoa da horiei heltzea, agintari politiko guztiek behin eta berriz adierazitako gaitasunik eza dela eta.
Europar Batasuneko eta Espainiako airearen kalitateari buruzko muga-balioak OMEk gomendatzen dituenak baino txikiagoak dira. Nola azaltzen da hori? Behar bezala babesten al gaitu Europako eta Espainiako legediak? Uste duzu politika murriztaileago bat behar dela Europan?
European Environment Agency erakundearen arabera, Europako eta estatuko ia biztanleria osoak aire kutsatua arnasten du. Europar Batasuneko (EB) biztanleriaren %98 Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) ezartzen dituen airearen kutsadura-mugak gainditzen dituzten lekuetan bizi da. Xehetasun gehiagorako, honako web-orri honetan sar zaitezkete: https://airindex.eea.europa.eu/, beste azalpenen beharrik gabe.
“Europan urtean 412.000 heriotza goiztiar inguru eta espainiar estatuko beste 24.100 inguru airearen kutsadurari egotz dakizkieke. Ingurumen kutsadura 102.000 eta 169.000 milioi euro bitartean kostatu zitzaien herritarrei”
Zenbat pertsona uste duzu hilko direla Europan eta espainiar estatuan atmosferako kutsaduragatik?
European Environment Agency erakundearen azken txostenaren arabera, atmosferako kutsadura da heriotza goiztiarren eta Europako Batasuneko bizi-kalitatea gutxitzen duten gaixotasunen arrazoi nagusia. Gainera, ingurumen-osasunaren arrisku-faktore garrantzitsuena da per se, eta urtean 412.000 heriotza goiztiar inguru eragiten ditu Europan, horietatik 24.100 espainiar estatuari dagozkiolarik. Bihotzeko gaixotasunak eta iktusa dira airearen kutsadurari egotz dakizkiokeen heriotza goiztiarren arrazoi ohikoenak, eta ondoren biriketako gaixotasunak eta biriketako minbizia daude.
Badakigu zein den kutsadura horren gutxi gorabeherako kostu ekonomikoa?
European Environment Agencyren datuei jarraituz, 2009. urtean Europako 10.000 konplexu kutsatzaile handienetatik zetorren kutsadura atmosferikoa 102.000 eta 169.000 milioi euro bitartean kostatu zitzaien herritarrei. Ingurumen-kalteen kostu osoaren erdia, 51.000 eta 85.000 milioi euro artekoa, 191 industria-konplexuk bakarrik eragin zuten.
“Egungo osasun-irizpideak politikoek eta enpresariek/akziodunek erabakitzen dituzte”
“Zertan lagun dezakegu gutako bakoitzak geure inguruko airearen kalitatea hobetzeko?
Koherenteak eta kritikoak izanez nagusi diren sistema politiko eta sozio-ekonomikoekin. Giro itxiko gure bizitokiak etxeko kutsatzaileetatik libre edukiz. Industrialdeetatik edo enpresa kutsatzaileetatik 5 kilometro baino urrunago dauden kokapenetara bizilekua aldatzea aztertuz.
Nola bideratu behar du osasungintzak aurrean duen agertokia?
Egungo osasungintza, publikoa zein pribatua, gaixotasunak diagnostikatzera eta tratatzera zuzentzen da, ez horiek prebenitzera. Egungo osasun-irizpideak politikoek eta enpresariek/akziodunek erabakitzen dituzte. Lehenengoek ez dute argi Osasuna eta Ingurumena kontzeptu zatiezin eta banaezinak direna. Bigarrenak, berriz, onura ekonomikoak lortzera besterik ez dira zuzentzen, euren paziente potentzialen osasun-premiak benetan axola gabe.