Kaixo! Belen Gomez, Ane Loidi eta Oihane Pildain gara, Getxo, Bergara eta Arrasatekoak, hurrenez hurren. Uztailaren 18tik gozatzen ari garen Euskadiko Gazteak Lankidetzan programaren azken astean gaude. Azken bi hilabete hauetan, Medicus Mundi Bizkaiarekin elkarlanean ari den Guatemalako CPDL (Colectivo Poder y Desarrollo Local) izeneko erakundean aritu gara lanean. CPDL San Andrés Semetabaj udalerrian du egoitza, Sololá departamenduan. Elkarte honen helburua genero, justizia, askatasun eta demokrazia berdintasuna duen gizarte bat eraikitzen laguntzea da, eta, emakume indigenak eta gazteak lirateke euren helburu-talde nagusiak.
Elkartean hainbat lan-arlo bereizten dira: Emakumea, Gazteria, Lana eta Produktibitatea, Osasuna eta Herritarren Partaidetzarako Behatokia. Gutariko bakoitza, gure prestakuntzaren eta esperientziaren arabera lan-arlo jakin batean kokatu gara. Horrela, Belen Gazteria arloan kolaboratzen aritu da, Ane Lan eta Produktibitate taldean eta Oihane Emakumeen gaia lantzen duten horretan. Kide bakoitzaren zereginak eta jarduerak anitzak izan badira ere, hainbat jardueratara elkarrekin joateko aukera ere izan dugu, hala nola uztailaren 30ean Pertsonen Salmentaren Aurkako Munduko Egunean pertsonen salmentaren aurka egingo zen manifestaziora, edo Gazteen Munduko Egunaren aldeko Foro batera. Azken honetan, bertaratutako gazteen aurrean gure esperientzia elkarbanatzeko aukera izan genuen, baita tokiko beste GKE batzuk ezagutzeko aukera ere.
Esan beharra daukagu CPDLko lantaldeak bikain hartu gintuela lehengo momentutik, eta bere aholku, gomendio eta laguntzarekinn asko erraztu digute herrialdean integratzea. Edertasun handiko herrialdea da Guatemala, eta gure oroitzapenak elikatzeko irudi ederrak utzi dizkigu, hala nola Atitlan lakuaren panoramika edota herritarren artean tratatzeko duten goxotasuna. Halere, esperientzia honetan errealitate ezberdinak ezagutzeko aukera izan dugu: pobrezia handiko guneak ezagutu ditugu, eta gizarte-klaseen arteko ezberdintasunak oso agerikoak dira, ez dago aukera berdintasunik denentzat (osasuna, hezkuntza, lana…), adibidez ume asko familiarekin lan egitera derrigortuta ikusten dute euren burua. Komunitate indigenek arrazakeria eta diskriminazioa jasaten jarraitzen dute, eta emakumearenganako indarkeria herrialde mailako gaitz handienetako bat da. Eta hain zuzen, CPDLren lana egoera horiei aurre egitea da.
Edozein modutan, esperientzia oso aberasgarria izan da maila guztietan, maila profesionaletik haratago, gure lankideekiko harreman onak bulegoko hormak gainditu ditu, eta espero dugu kontinenteen arteko distantzia ere gainditzea. Horregatik guztiagatik, badakigu agurra gogorra izango dela, desberdin itzuliko garela eta eramango dugun ikaskuntzak ez duela preziorik.