Medicusmundi bizkaiko boluntario taldeak aurrera jarraitzen du bere Crowdfunding kanpainarekin, Guatemalako El Reposo herriko osasun-etxearentzat oinarrizko materiala erosteko asmoz. Kanpaina apirilaren 21ean hasi zen eta bere helburua honakoa izan da: 40 egunetan 3500 euro lortzea tokiko osasun etxearentzat materiala erosteko (pisu pediatrikoak, txertoak gordetzeko hozkailuak, esku-oheak eta abar).
Epea amaitzeko 17 egun falta dira, eta elkarteko boluntarioek 2180 euro batu dituzte. Dirua lortzeko jardunaldi nagusiak apirilaren 28an eta 30ean ospatu ziren: “Guatemalarekin elkartasun ahotsak” Hika Ateneoan eta “4 ordu elkartasunez” Ur Basque People taldearekin Getxon. Medicusmundi bizkaitik eskertu gura dugu ekimen hauetan lagundu duten guztioei: Hika Ateneoa, Arymux, HdH eta Vinagre de Moderna musika taldeak, Ur Basque People eta abar. Halaner, Kukumiku plataformaren bidez ekarpena egin duten pertsona guztien lana eskertu nahi dugu.
Hala ere, elkartasun keinu eta ekarpen ugari jaso arren, oraindik 1300 euro falta dira aurreikusitako helburura heltzeko eta El Reposorako beharrezkoa den material guztia erosteko. Hori dela eta, medicusmundi bizkaiko boluntario-taldeak norbanako eta taldeei dei egiten die kanpaina honetan laguntzeko.
El Reposo herria Quetzaltenango departamenduko hegoaldean dago, eta 3709 biztanle ditu, zazpi komunitate ezberdinetan banatuta. Gaur egun udalerriak osasun-etxe txiki bat dauka, mediku eta erizain batekin, baina osasun-material falta handia dutenez, herritarrek 46 kilometrora dagoen ospitalera joan behar dute, horrek eragiten duen denbora eta diru-galerarekin.
Orain arte lortutako diruarekin, Osasun-etxearentzat oso garrantzitsua den materiala erosteko aukera egongo da, baina ez da nahikoa dituzten beharrizan guztiei aurre egiteko. Ekarpenak egiteko honako webgunera jo daiteke:
Beste behin ere medicusmundi bizkaiak eskerrak eman nahi dizkie ekarpenak egin dituzten pertsona eta talde guztiei. Eskerrik asko!