Etxe Zuriak bere webgunean retro estetikako bost minijoko argitaratu ditu. Gaiak: pertsona migranteen deportazio masiboa, ugalkortasuna sustatzea edo azukredun elikagaiak zentsuratzea.
Texto: Marina Amores | Pikara Magazine

Trumpen lerro politikoko gaiak eta retro estetika dituzten jokoak Etxe Zuriaren webgunean. Estatu Batuetako exekutiboak Xn argitaratutako sustapen-bideo batetatik berreskuratua.
Bideojokoak politikoak ez direla behin eta berriz errepikatzen hamarkadak daramate gamerrek. Bitartean, Trumpek urteak darama bideojokoak propaganda politikoa egiteko erabiltzen. Irail hasieran errepublikanoak pultsua are gehiago estutu zuen, Etxe Zuriak bere webgune ofizialean estetika retroko bost bideojoko —nabigatzailetik bertatik jokatzeko modukoak— biltzen zituen atal bat argitaratu zuenean.
Rio Run izeneko jokoan [Estatu Batuen hegoaldeko muga ezartzen duen Rio Grande ibaiari erreferentzia eginez], sugearen bideojoko ezagunaren kopia bat da, helburua muga zeharkatzen saiatzen diren etorkin ahalik eta gehien deportatzea da. Beste batean, Build the Wall izenekoan [Eraiki harresia], jokalariak harresi bat eraiki behar du, Trumpen exekutiboaren webgunearen arabera, “muga mehatxatzen duen samaldatik babesteko”.
Gainerako hirurek ildo bera jarraitzen dute. Batean, erabiltzaileek “zure seme-alaben Trump kontuak” betetzeko gonbidapena jasoko dute, jaiotza-tasa sustatuz. Beste batean, National Mall inguruan, Etxe Zuriaren aurreko zabalgunean, erabiltzaileei arrano buruzuria hegazteko eskatzen zaie, ikur nazionalista. Eta beste batean, eskola-menu bateko janari azukreduna ukabilkadaz suntsitu behar da, “Estatu Batuak berriro osasuntsu egiteko”.
Bost bideojoko horietatik bakarra kendu dute, oinarri zuen jabetza intelektuala baimenik gabe erabiltzeagatik: Tetrisa. Markak bere Instagrameko kontu ofizialaren bidez argitu behar izan zuen ez zuela Build the Wall jokoaren sorkuntzan parte hartu eta egile-eskubideen urraketak oso serio hartzen zituela. Beste lau jokoek eskuragarri jarraitzen dute gaur egun webgunean.
Bideojokoak gizon gazte eta zuriengana heltzeko bide erakargarrienetako bat dira.
Oraingoz, beste enpresa bakar batek egin duen gaiari buruzko adierazpen irmorik: The Pokémon Companyk. Japoniako konpainiak bere jabetza intelektualaren erabilera gaitzetsi du, Etxe Zuriak bere X profil ofizialean Pokémon Pokopia bideojokoaren tipografia, koloreak eta irudiak erabiliz “Make America Great Again” leloa zeraman argitalpen bat egin zuelako. ICEn (Immigrazioko eta Aduanetako Polizia Indarra, ingelesezko sigletan) sustapen-bideo bat ere gaitzetsi zuen, Pokémonen irudiak, letra tipografia eta “bildu guztiak” leloa erabiltzen zituelako, Pokemonak harrapatzea eta etorkinak atxilotzea parekatuz.
Ekintza hauek guztiak Trumpen estrategia zabalago baten parte dira, bere abertzaletasunaren eta supremazismo zuriaren mezuekin jarraitzaile gehiago erakartzeko eta haiengana iristeko. Izan ere, bideojokoak gizon gazte eta zuriengana iristeko bitarteko erakargarrienetako bat dira. Hori agerian geratu da Etxe Zuriak sare sozialetan bideojokoen iruditeria erabiliz egiten dituen argitalpenak aztertuz gero: Video Games Industry Memoko adituen arabera, gainerako argitalpenekin alderatuz, batez beste, irismena bikoitza da.
Hau Pikara eta medicusmundi Bizkaiaren arteko elkarlanaren emaitza da, eLankidetza – Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak lagundutako «Generando transformación social: miradas locales-globales sobre violencia simbólica y Diversidad Sexual y de Género en el ámbito educativo, universitario y sanitario» proiektuaren baitan.











