Louise Weard: “ ‘Castration’-eko esaldi makurrenak nik neuk jasotako irainak dira”

Louise Weard: “ ‘Castration’-eko esaldi makurrenak nik neuk jasotako irainak dira” Image

Louise Weard (Mendebaldeko Kanada, 1994) kastrazioarekin tematuta dago. Zine ikasketak burutzen ari zela, kastrazioak exploitation generoko filmetan duen tokiaz saiakera bat idatzi zuen, Letterbox batean halako sekuentzien mila erreferentzia biltzera iritsiz. Ondoren, Austingo Fantastic Festen taularatu zuen zuzeneko ikuskizun bat etorri zen, eta film labur esperimentalen serie baten errodajea. Gorputzaren gaineko autonomia eta interneten indar kastratzailea erakusteko baliatu du pilatutako iruditeria.

Testua: Begoña Donat | Pikara Maganize

Louise Weard zuzendaria. | Argazkia: lagatua.

Louise Weard (Oeste de Canadá, 1994) tiene una fijación con la castración. Durante sus estudios de cine escribió un ensayo sobre esta práctica en el cine de explotación, lo que le llevó a recopilar en Letterbox un millar de referencias de películas que incluyen este tipo de secuencias. Aquello derivó hacia un espectáculo en vivo en el Fantastic Fest de Austin y al rodaje de una serie de cortometrajes experimentales donde se servía de esta imaginería para mostrar la idea tanto de la autonomía corporal como de la fuerza castradora de internet.

Lilura hori laburtzen duen proiektua da Castration Movie antologia. Bost atal dira; lehengo hirurak Filmin plataforman ikus daitezke. Ekoizpen independentea da, egileak nahi bezala errodatua eta banatua. Gainera, bigarren atalean sexu langile trans baten papera ere jokatu du Weardek.

Lan osoak ezkutuan duen metafora hauxe da: modernotasunak deskonektatuta bizitzera eraman gaitu. “Gizateria gisa batu gintuena hautsi da, konpartitutako sistema primario hori kastratu zaigu”, azaldu du Atlantida Mallorca Film Festeko estreinaldian.

Argazki granulatua, etxeko kamera eta 275 minutuko luzera dela-eta irisgarritasun zaileko proiektua da, baina baita trans kolektiboa ospatzeko aukera ere: bere gorputzen erretratua, beren sexualitatea eta egunerokotasuna, haien begiradatik. Underground zinema berriaren erreferente bat, zintzotasun handiz egina, formatu laburren, algoritmoen errepikapenen eta Hollywooden epikaren asmoetatik urrun.

«Zerbait galtzeko beldurra duten pertsonaien ingurukoak dira istorio guztiak dira»

Pentalogia hau pepinilloak jaten okurritu zitzaizula diozu, eite falikoa dutelako, baina mundua amaitzean besarkatzeko ondoan inor ez izateak eragindako tristeziari buruzko T.S Ellioten esaldi batekin hasten da filma. Nola landu zenituen bi ikuspegi kontrajarri hauek, bata absurdoa eta bestea existentziala?

Kastrazioa definizioaren zentzu zabalenean ulertzea da kontua. Publikoa gure gabeziak (falta zaigun hori) ulertzeko prestatzeko modu bat izan zen kastrazioa metafora gisa eta hain izenburu konfrontatibo gisa erabiltzea. Eta aipatzen duzun esaldia nire filmak adierazten duenaren sinonimo bat da, boterea ematen digun zerbait galtzeko ideia, alegia, izan maitasuna edo izan falikoa den hori. Zerbait galtzeko beldurra duten pertsonaien ingurukoa da Castration Movieko kapitulu bakoitza. Beldur horretan pertsonaiak batzen dituena, gizatasun komuna osatzen duen hori da; nire ustez, garaiotan oso banatuta gaude eta jendeak batzuetan horixe konpartitzen dugula ahazten du. Filmak hori esploratu nahi du, eta itxaropen pixka bat eskaini.

Incel bat, emakume trans bat eta emakume transfobiko bat, horiek dira proiektuaren lehen hiru atalen protagonistak. Zineak protagonismorik eman gabeko bazterreko pertsonaiak fokupean jartzeko asmoa izan duzu?  

Hori zen Castration hain luzea izateko arrazoietako bat: pertsonaia hauek ez dute zinemaren historian arretarik jaso, beraz, zergatik ez eskaini 20 orduko film bat? Filma gizon zuri, bakarti eta artista-nahiaren pertsonaiarekin hasten da, zinemari asko gustatzen zaion arketipoa delako. Mutil bohemio honek dena egina daukala uste du, existentziaren zama gainera etorriko zaion arte. Nouvelle vagueko film askotako eta Taxi Driver (Martin Scorsese, 1976) bezalako lanetako protagonista da. Castration Movie ikusteko moduaren, estiloaren eta formaren sarrera gisa erabili dut; hau ikusi ondoren, neurri berean tipifikatuak izan ez diren beste pertsonaia horiengana pasa gaitezke. Gainera, haien portaerak parekatzean, pertsonaia guztiak konektatzeko bide bat zabaltzen da, ezezagunagoak zaizkigun figurekiko enpatia agertzekoa. Trans dohakabe, mutil incel asegabe edo emakume transfobiko bat konparatzean, gizatasun komun hori ateratzen da. Hau da: aro moderno honetan ditugun asegabetasun arazoak ez al dira denak berdinak? Ez al gara denok saiatzen ari lotura hori aurkitzen, gure zoriona, gure komunitate zentzua? Gizatasun hori partekatzen badugu, zergatik jokatzen dugu hain zatar gu bezalakoa ez den jendearekin?

«Gorputz transen konplexutasun faltaren gainean ikusleak desentsibilizatzen saiatzen naiz»

Deigarria da nola jasotzen dituzun kamerarekin sexu-lana eta gorputz transak. Normaltasunez, patologizatu barik, morbo gabe, anomalia gisa erakusi gabe.

Bai, pertsonaia horiek guztiak etengabeko elkarrizketan daude zineman irudikatu izan diren moduarekin. Trans pertsonaiekin, turista begirada deitzen diodanari uko egin nahi izan diot. Gure filmean gorputz transen konplexutasun faltaren gainean ikusleak desentsibilizatzen saiatzen naiz. Trans pertsona horiek elkarrekin komunitatean ikusten ditugun uneei eman nahi izan diet garrantzia; ea horrela ulertzen dugun ez garela hain desberdinak.

Elkarrizketa batean interneteko dinamika absurduek atentzioa ematen zizutela aipatu zenuen; esaterako, norbait jipoitzea bere trantsizioaren aurretik fase nazi bat izan zuelako. Karla Sofia Gasconek Oscar saien harira bizitakoa al zenuen gogoan?

Bai, horixe! Oso bitxia da, ezta? Badago queer pertsonaren arketipo hori, batez ere emakume trans zuria, eskuin muturreko iragana duena. Hasieran, horri buruz irakurtzen duzunean, zentzugabea dirudi: nola izan dezake hainbesteko gorrotoa bere bihotzean baztertutako norbaitek? Ez al du ulertzen? Baina gero, apur bat pentsatuta, konturatzen zara transgenero izateak ez zaituela automatikoki pertsona on bihurtzen. Norbaitek trantsizioa baino lehen aurreiritzirik badu, lanketa egin behar du bere baitan, trantsizioa bizi ondoren munduan duen lekua ulertzeko. Karla Sofia Gascon adibide bikaina da: bere islamofobia, arrazakeria eta abar ez ditu pertsona baztertua izateak berez zuzentzen. Ikuspegi hau oso egokia da Castration Movie eta horrelako pertsonaiak nola irakurtzen ditugun ikusteko.

Zer esan nahi duzu?

Castration Movie munduaren ikuspegi suntsitzaileetan harrapatuta diruditen pertsonentzako erredentzioa edo irteera bat aurkitzen saiatzen da.

Hirugarren ataleko protagonista, Izzy, emakume transfoboa da, zure ideologiaren aurkakoa duen norbait. Zer eman dizu haren buruan jartzeak?

Oso interesgarria da. Nik Michaela interpretatu dut eta ez dut uste bere mentalitatea Izzy edo antologiaren bigarren zati honetako beste pertsonaia hain desberdinak direnik. Beren burua gorroto duten trans pertsonek sentimendu txar berberak dituzte: azkenean, gizarteak generoa nola bizi behar dugun dioen ideia batzuk ditu, eta aurreiritziek edo segurtasun faltek hor dute jatorria. Michaelak pelikularen zatirik handiena gorroto hori berekiko islatzen pasatzen du, hamaika modutara esanez bere buruari ez dela behar bezalakoa, eta lagunei esaten inoiz ez direla benetako emakumeak izango. Emakume TERFak gauza bera egiten du, bikotekideari esaten dio inoiz ez dela benetako emakumea izango. Konparazio argi bat dago, eta horregatik Michaela eta Izzy ondo konpontzen dira laguntza-taldean elkar ezagutzen dutenean. Ikusle gisa, topo egiten dutenean, nola aterako den pentsatuz kezkatzen zara, baina lagun egiten dira, eremu komun hori aurkitzen dutelako. Beraz, pertsonaia kontu sinpatiko edo gizatiarra adierazteko erabiltzen dut. Eta pertsonaien arteko paralelismo horiek marraztuz, jendeari esan nahi diot beren buruekin apur bat atseginagoak izan daitezela eta ez ditzatela aurreiritziak dituzten pertsonei entzuten dizkieten gauzak ez barneratu.

«Proiektu honekin dudan helburua hauxe da: enpatiaren bidez pertsonak deserradikalizatzea»

Nola prestatu zinen pertsonaia idazteko?

Zure aurkako aurreiritziak dituzten pertsonak ikertzea ez da bereziki zaila, nahitaez haien aurriritziak pairatu beharko dituzulako. Beraz, zera egin nuen: esan dizkidaten gauza izugarri asko barneratu eta pentsatu. Transen aurkako Castrationeko esaldi makurrenak nik neuk jasotako irainak dira; nire egin ditut gidoian sartzeko. Liluragarria da: nire pertsonaiari niri esandako kontu krudelen bat esanarazten badiot, txiste bihurtzen da, botere guztia kentzen dio eta oso dibertigarria da.

Zure lagun onenetako bat, Avalon Fast, hautatu zenuen Izzy jokatzeko: zure burua babesteko modu bat izan zen?

Irrigarria izan zen. Hain pertsonaia gaizto eta beldurgarria antzez zezan lortzea oso barregarria izan zen. Gidoiari dagokionez, argi esan nizkion gauzak; eta ez nion utzi bere pertsonaia mugitzen den komunitateen gisakoetara hurbiltzen. Avalonek ez du ulertzen erabili behar izan duen hizkera eta ez ditu bisitatu Izzyk bisitatuko lituzkeen webguneak. Modu inozo horretan arituta, trans pertsonen aurka erradikalizatzen den norbaiten erretratu oso errealista eta, nolabait, enpatikoa sortu ahal izan genuen. Kapitulu horretan une askotan ikus dezakezu Izzyren ikuspuntua eta ulertzen duzu zergatik hartzen dituen hartzen dituen erabakiak. Niretzat oso garrantzitsua zen horrelako iritziekin amaitzen duen jendea humanizatzea; modu horretan ulertuta soilik eskaini baitaiteke irtenbide bat. Gizatasun komun hori adieraziz, esan diezaiekegu: hain ezberdinak al gara benetan? Zergatik gorroto dugu elkar hainbeste? Proiektu honekin dudan helburua hauxe da: enpatiaren bidez pertsonak deserradikalizatzea.

«Filmak hain luzeak direnez, emanaldiak ekitaldi komunitario handi bihurtzen dira»

Trans komunitatearen mugarri bihurtu da Castration. Antzezleen zerrendan trans kolektiboko Vera Drew eta Alice Maio Mackay zuzendariak ageri dira, besteak beste, eta Janet Schoenbrunek ere paper labur bat izan du. Zer sentitzen da zure parekoen babesa jasota?

Castration Movien hainbat trans artista sartzeko erabakia geografikoki oso sakabanatuta geundelako sortu zen: Alice Maio Mackay Australian zegoen, Vera Drew Los Angelesen, ni Kanadan… Denok hiri berean batu eta elkarrekin artea egin genezan nahi nuen. Oso rol aktiboa hartu nahi nuen nire komunitatearekiko harremanean. Filmatu genuenean, 2023ko uztailean, Castration Moviek urtebete baino ez zeraman filmatzen, oraindik ez genuen ezer argitaratu eta ez genekien zer eragin izango zuen. Elkarri errespetu handia genion eta gure lanaren bidez lagun egin ginen; beraz, elkarrekin denbora pasa eta sortzeko aitzakia izan zen. Castration Movie filmak ez du soilik pantailan funtzionatzen; komunitatean oinarritutako proiektu bat da. Talentua duten beste trans artista batzuekin lankidetzan aritzeko, elkarrekiko audientzia sortzeko, industrian bereziki trans pertsonek ditugun lan arazoei aurre egiteko eta finantzaketa lortzeko balio izan digu.

Louise Weard, aktore gisa ere aritzen den pelikularen fotograma batean.

Izan ere, Lily Wachowski bezalako aitzindari batek (Matrix zuzendu zuen) zure crowdfunding kanpaina babestu zuen. Zer suposatu zuen bere inplikazioak proiektua aurrera eramateko garaian?

Laguntza finantzario izugarria izan da. Produktore exekutiboaren rola hartu zuen eta, duela hilabete hitz egin genuenean, zernahi behar banuen, berari abisatzeko esan zidan. Ederra da maila horretako laguntza izatea: komunitatea sortzeko proiektu politikoa partekatzen dugu eta trans pertsonek alokairua ordaindu ahal izatea ziurtatzen dugun. Ikusleei dagokienez, antzerakoa da: hain film luzea izanik, eta artefaktu kultural gisa ikusten denez, zine emanaldiak ekitaldi komunitario handi bihurtzen dira. Zinema aretoa trans pertsonaz betetzea oso gutxitan gertatu da zinearen historian, zazpigarren artea ez baita inoiz izan publiko horrentzat. Hainbeste pertsona areto batean biltzeak lagunak egitea eta mundu errealeko aplikazio praktikoetarako laguntza baliabideak partekatzea ekarri du. Oso ederra izan da kamera txar batekin eta zinemaren mugak probatuz hain film arraroa eta luzea egitea, eta filma ekoizpen eta banaketa maila guztietan komunitatea eraikitzeko tresna gisa erabili ahal izatea.

«Beti saiatzen gara gauzak konplikatzen eta biluztasuna eta sexualitatea grabatu behar omen den moduaz txisteak egiten»

Deigarria da nola txandakatzen duzun enfokea Chantal Akermanen erara, eguneroko errutinen erretratuak biluzi eta sexu eszenekin tartekatuz. Nola bilatu zenuen normalizazio pausatuaren eta eszena esplizitu eta konfrontatiboen arteko oreka?

Etxeko bideoak egiteko Hi8a erabili dut (90eko hamarkadan oso bideokamera arrunta zen familien artean); ikusleari filmaren munduan sartzeko aukera ematen dio, kamera eusten duen pertsonarekin pertsonaietako edozeinekin baino gehiago enpatizatuz. Oso esplizituak gara, filmaketa osoan zehar kamerari bat dagoela erakusten dugu, baina publikoak istorioarekin eta protagonistekin galtzen dira; hor dago magia trikimailua. Hasieran, begirada voyeurista duzula senti dezakezu, pertsonaien pribatutasuna inbaditzen ari zarela, baina etxeko bideoaren estetika hori oso abegikorra da, eta, beraz, espazio horietan askoz ere behatzaile aktiboago gisa sartzera gonbidatua sentitzen zara: hor egoteko eta une intimo horietan parte hartzeko aukera ematen dizu. Sexualitateari dagokionez, oreka bilatzeko, publikoa gonbidatu genuen, baina filmaren testua erabiliz sexu lana edo trans gorputzak nola filmatu behar ditugun kritikatzeko. Michaela pantailan biluzik agertzen den lehen aldian, enkoadraketa guztiz beltz bat dago, argi ebaki txiki batekin eta marko batean ikusten dugu: haren gorputz osoa aztertzera behartzen gaitu. Aitzitik, sexu laneko lehen eszenetako batean, kamera lurrera bota genuen, mugimenduari intentzionalitatea kenduz eta patuaren esku utziz: ez genuen nola filmatu aukeratu, kamerak agindu zuen enkoadraketa. Michaelak bere lagunekin Interneterako eduki sexuala grabatzen duen eszena ere hor dago: sexu sekuentzia bigarren planoan dago, fokutik kanpo. Foku nagusia grabatzen ari den lagunarengan dago, eta hark zera galdetzen du: Nola filmatu behar dut hau? Bertikalean ala horizontalean?. Beti saiatzen gara gauzak konplikatzen eta txiste bat egiten biluztasuna eta sexualitatea filmatzeko moduari buruz.

«Gure telefonoen bidez uneoro daramagunez kamera bat patrikan, zer egiteko gai diren ahaztu egiten zaigu»

Bularreko kirurgia baten errebisioko irudiak ikus daitezke, mediku kontsulta batean filmatutakoak. Nola gertatu zen hartualdi hori?

Nik ez nuen eszena horretan parte hartu: aktorea eta bere lagunik onenetako bat kontsultara sartu ziren grabatzeko baimena eskatu ondoren. Benetako une bat filmatu zuten. Bendak kentzen hasten zaizkionean, bertan dauden pertsonei ahaztu egiten zaie kamera hor dagoela: une gizatiar bat bizitzen ari dira eta kamera gonbidatua da, eta era berean, ikusleek kontsulta horretara pasatzeko gonbidapena jasotzen dute. Benekotasun bat dago horrelakoetan; ez dago kameraren begiradaren arrastorik. Horrek norbaiten bizitzako une zinez eder bat bizitzeko aukera ematen digu. Gauzak irudikatzeko, antzezteko eta filmatzeko moduari buruzko erabakiz beteriko pelikula batean, poztu egin ninduen guztiz kontrakoa ere egin ahal izateak: nire lagunei kamera eman eta filma zezaten eskatu. Orain, nahi dudan guztietan ikus dezaket nire lagunetako bat bere bizitzako egunik onenetako batean, bere kirurgiaren emaitzak kameraz erregistratu baitzituen; nik ezingo nuen hori zuzenean ikusi.

Nerabe zinenean, zinearen aldeko literatura arbuiatu zenuen; horrelako momentuek zure erabakia berresten dute?

Zinemaren botereaz pentsarazten didate, eta nola, gure telefonoekin poltsikoan kamera bat eramaten dugunez, ahaztu egiten dugun zer egiteko gai diren. Bideokamera zahar eta handi bat erabiltzea mugikor baten kamera erabiltzearen antzekoa izan da, etxeko bideoaren ikuspegiari eutsi diogu. Baina estetikak eta bideokamera erabiltzeak pentsamendu gehiago eskatzen dute, eta horrek egunerokotasunean atzematen ditugun irudiek duten boterea gogorarazten digu. Gaur egungo une politikoetan ere ikusten dugu, mugikorraren bidez izugarrikeria asko ikustean. Castration Movien sexua erakuts dezakegu, edertasuna pertsonak beren gorputzekin erosoago sentitzean, giza drama eta ankerkeria; baina,  pertsonaiak elkarren artean krudelak diren arren, gure pantailetan etengabe ikusten ditugun izugarrikeriak oso bestelakoak dira.

 

Hau Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatutako «FRENTE A LA VIOLENCIA SIMBÓLICA, MÁS COMUNIDAD: NOSOTRAS, NOSOTROS, NOSOTRES. La violencia simbólica, la violencia más sutil» proiektuaren baitan Pikara–k eta medicusmundi Bizkaia-k egindako zazpigarren elkarlana da.

Itzuli