Guatemalan egondako euskal gazte lankideei elkarrizketa

Guatemalan egondako euskal gazte lankideei elkarrizketa Image

Euskadiko Gazteak Lankidetzan genero indarkeria jaso duten Guatemalako emakumeekin lanean

Begoña eta Garazi Guatemalako Chimaltenango hirian izan dira medicusmundi bizkaiak eta Asogen elkarteek kudeatzen duten genero indarkeriaren biktima izan diren emakumeentzako aterpetxe baten lanean, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programari esker.

Gazte biek udako hiru hilabeteak eman dituzte Guatemalako hegoaldean dagoen Chimaltenango herrian, medicusmundi bizkaia eta ASOGENek genero indarkeria jaso duten emakumeekin lanean. Begoña de Diego eta Garazi Bueno, erizaina bata eta hezitzailean bestea, esperientzia izugarria bizi izan dutela aitortzen dute, eman zezaketena baino askoz gehiago hartu dutela diote eta begiak irekitzeko balio izan dien esperientzia bat izan dela azaldu dute. Egoera aldatzeko testuingurua oso zaila den arren, beraien presentziak indarkeriaren aurrean emakume askoren ikuspegia zabaltzeko balio izan duela ere diote.

Euskal Gazteak lankidetzan / jovenes vascos cooperantes

Lankideak tailer batean aterpetxeko emakumeekin lanean

Biolentziatik Bizirik Atera diren Emakumeen Laguntza Osorako Zentroan (CAIMU gaztelerazko silabak), Chimaltenango inguruko indarkeriatik bizirik atera diren emakumeei, ikuspegi feministatik ahalduntze eta esku-hartze estrategia ezberdinak dituzten laguntza medikoa psikologikoa eta legala ematen zaie.

Nolakoa izan da zuen esperientzia hiru hilabete hauetan?

Begoña de Diego: “Bidai honetan Guatemalako hainbat gauzaz konturatu naiz, nituen eskema guztiak apurtu zaizkit; bueltatu eta egunak pasatu ahala konturatzen zara askoz gehiago ekarri duzula, han utzi duzuna baino. Gainera, bertan nengoenean gauza asko ulertu nituen: beraien ohiturak, gauzak egiteko eta ulertzeko modua… baina gehien hunkitu ninduena herrialdeko pobrezia izan zen. Bertako pertsonek bizi izan dituzten bizipenak ezagutzea, han bizi duten txirotasuna, eta nahiz eta burua zabalik izan han gertatzen diren gauza askoren zergatia ez nuen ulertzea lortu”.

Oroitzapen batekin gelditu beharko bazineten, zein izango litzateke?

Garazi Bueno: “Guatemalatik ekartzen ditudan sentipenak asko dira, usaina, emakumeak entzutea, baina oroitzapen batekin gelditu beharko banintz, elkartera heldu zen azken egunean emakume taldearekin egin genuen tailerra aukeratuko nuke. Gure artean sortu zen lotura eta konfiantza momentu hura oso hunkigarria izan zen. Barre eta negar egin genuen, bakoitzak bere bizipenak azaldu zituen eta bata bestearekin elkar ulertu genuen. Hori da gordetzen dudan oroitzapenik onena”.

Begoña de Diego: “Atzerrian boluntariotza bat egin behar dela esaten dute askok, honek bizitza aldatzen dizun esperientzi bat dela. Eta horrela da, egunero esperientzia berri bat edo proba berri bat izaten zen. Batzuetan nire buruari galdetzen nion ea benetan norbaiti laguntzen ari nintzaion, edo ez nuen nire lekua aurkitzen. Denetarik izan dugu, baina orokorrean bidai hau, pertsona bezala eraldatu nauen inflexio puntu bat izan da. Niretzako boluntariotza hau berebiziko esperientzia izan da, pertsonengana, beste bizimodu batzuetara, eta kultura eta testuinguru berrietara hurbildu auelako”.

Gauza asko ikusiko zenituzten han zer egin zitzaizuen bereziki gogorra?

B.D.: “Emakumearen testuingurua oso ezberdina da han, hemengoarekin konparatuta. Biolentzia maila oso altua da, hemengoarekin alderatuta, eta hainbat testuingurutan; gainera ASOGENeko erabiltzaileen %80a adin txikikoak dira, baina hortik kanpo ere emakumeenganako biolentzia oso nabarmena da, azkenean konturatzen zara Guatemalako emakume guztiek nolabaiteko biolentzia jaso dutela: bortxaketak, gizonak jipoitzen duen emakumea, alaba haurdun gelditu dela eta aitak alde egin duena… Azkenean emakumeenganako biolentzia kronikoa dela konturatzen zara, naiz eta hemen ere biolentzia bizi, han beste maila batekoa da. Guatemalaren kasuan gainera, pobrezia bezalako faktoreek ere indarkeria hori areagotu egiten dute”.

G.B.: Biolentzia eguneroko zerbait dela ematen du, normalizatuta dago. Azkenean emakumeen egunerokotasuna matxista dela konturatu ginen, bertako emakumeekin bazkaltzen edo lanean geundenean. Lakan (errota) hamar orduz lanean egon ondoren, etxera heltzean emakumeek senarren gaitzespenak entzun behar dituztela kontatzen ziguten. Biolentzia eremu guztietan dago, bai lanean eta baita etxean ere, familiaren barruan kasu askotan emakumeek bere erabaki propioak hartzeko ezintasun hori ikusi genuen. Pobreziaz gain, gero indigenen faktorera ere dago, emakumea izateaz gain indigena izateak diskriminazio hori asko areagotzen du”.

Panorama latz horren aurrean, nola ikusten dituzue aldatzeko aukerak?

B.D.: “Gauzak aldatzeko testuingurua oso zaila dela uste dugu, nahiz eta beraiek kontzientziatuta egon eta gauzak aldatu nahi dituzten, beraien inguruneak ez die mesede egiten. Egiten genituen lan taldeetan ikusten genuen beraiek dagoen biolentziaz ohartzen direla, baina gero oso gutxi dira benetan salaketak jartzen dituztenak. Eta horrek ere harritu egiten gintuen. Hala ere gure ikuspegiak begiak zabaltzen dizkietela aitortzen zuten askok. Gu bezalako bi emakume gazte bertara hiru hilabetez joateak asko harritzen zieten”.

G.B.:  “Hemen ere matxismo asko egon arren, positiboa da hemen dugun bizimodua beraiei helaraztea. Hemen bortxaketak eta matxismoa egon arren, ez dela han bezala normalizatzen. Emakumeek eskubide batzuk ditugula, erabaki dezakegula, etxetik kanpo lan egin dezakegula… Nire ustez beraientzat positiboa zen beste bizimodu batzuk daudela ikustaraztea. Emakumeok gure erabaki propioak hartu ditzakegula”.

Euskal Gazteak lankidetzan / jovenes vascos cooperantes

Begoña eta Garazi, ASGOENek eta medicusmundi bizkaiak kudeatzen duten aterpetxean

Bertara doazen lankideen eta Guatemalako elkarteen lana nola ikusten duzue?

G.B.: “Uste dut ASOGEN elkartetik egiten ari diren lana komunitatearentzako berebizikoa dela, eta jarraitu behar dutela uste dut, medicusmundi bizkaia eta beste ONGD batzuen laguntzari esker egiten ari diren lana askorako balio duelako”.

Beste norbaiti bertara joateko gomendatuko zenioke?

G.B.: “Bai, azkenean pertsona bezala hazteko aukera bat delako; ez bakarrik maila profesionalean baizik eta maila pertsonalean izugarrizko ikasketa delako”.

B.D.: “Boluntario bezala izan dudan lehen esperientzia da, baina seguru nago ez dela azkena izango. Mundu osoari gomendatuko nion, esperientzia oso atsegingarria delako, eta bizitza osoan gogoratuko duzun esperientzia bat delako”.

Itzuli