Medicusmundi bizkaiko kide den Itziar Abadek mugimendu feministei eta Sexu eta Ugalketa Eskubideei buruzko artikulu bat argitaratu du, “Sexu eta Ugalketa Osasunari buruzko politika publikoak eta gizartearen parte-hartzea: Nazioarteko Lankidetzaren Erronkak” Kongresua dela eta, ekainaren 25 eta 26an Bilbon egingo dena.
Itziar Abad, medicusmundi bizkaia kolaboratzialea / Pikara Magazine *
Emakumeen mugimenduak eta mugimendu feministak argi dauzkate sexu eta ugalketa eskubideen inguruko eskakizunak. Alde batetik, eskubide sexualak, eta ez bakarrik ugalketaren ingurukoak, giza eskubidetzat hartzea eskatzen da. Bestetik, estatuek emakumeentzako osasun sexual eta ugalketako doako zerbitzu integralak edukitzea. Aipatutako zerbitzu hauek metodo antikontzeptiboak, larrialdiko kontrazepzioa, familia-plangintza, haurdunaldirako egoki diren kontrolak eta segurtasunezko erditze zein abortu eskura izatea bermatu behar dituzte, baita sexu-transmisiozko gaixotasunak eta GIB-ko infekzioen tratamenduak ere, besteak beste. Era berean, gai hauen guztien inguruko hezkuntza eta informazio errekurtsoak biztanleriaren eskura jartzea eskatzen diete estatuei.
Abortuarekin batera, identitate sexu-generikoak errespetatzea da eskakizunen gai nagusienetariko bat. “Erabakigarria da LGTBQ pertsonen beharretara egokituta dagoen osasun publiko bat; trans-ek nortasun agiria izateko eskubidea, baita lesbianek, indarkeria zuzentzailea sufritu barik, kaletik ibiltzeko aukera izatea ere”, aitortu du María José Rosales-ek, Guatemalako La Cuerda elkartekoa. Ekintzaile honentzat, “erregimen heterosexualak nola baldintzatzen duen gure bizitza eta, batez ere, gure sexualitatea aztertzea da erronka nagusia”.
Nahitaez, eskakizun hauen lorpena emakumeen autogestioa, genero berdintasuna, indarkeriarik gabeko bizitza eta emakumeak beraien gorputzen burujabeak izatea ditu berekin. Eskakizun hauek oinarrizko eskubideen errespetua baino ez dute eskatzen, hori dela eta, ez dira burugabeak izango inorentzat. Hala eta guztiz ere, hemen eta han, estatuen interbentzio mugatzaileekin eta gogogabetasunarekin talka egiten dute behin eta berriz, gehienetan kontserbadorismoak eta fundamentalismoak direla eta. Gainera, eskakizun hauek gatazka latz batean sartzen dira baita Eliza Katolikoarekin ere -edota ideologia erlijiosoa duten beste instituzioekin-, zenbait estatuk, askotan, bat etortzen baitira, harmonia osoz, instituzio hauekin.
Emakumeek sexu eta ugalketa eskubideez eraginkorra den modu batean baliatu ahal izateko, gai honen inguruan indarrean dauden lege mugatzaileak aztertu behar dituzte estatuek, emakumeen benetako interes eta beharrak aniztasunean erantzun dituzten politika publikoak eta zerbitzuak oztopatzen dituztelako. Hau gerta ahal izateko ezinbestekoa da estatuak laikoak izatea. “Estatuek biztanleria osoaren eskubideak bermatu behar dituzte eta erlijio monoteistak, nahiz eta hauek bakarrik ez, emakumeen eskubideen kontra daude. Eliza Katolikoa, esate baterako, gure eskubideengan beligerantea izateaz gain, emakume eredu negargarri baten bultzatzaile da. Hori dela eta, erlijioaren aldetik politikan legez kontrako interferentziarik ez egoteko ezinbestekoa da estatuak laikoak izatea”, azpimarratu du Teresa Maldonado-k, FeministAlde! elkarteko ekintzaileak.
Gainera, politika publikoek biztanleria harrapatzeko erabiltzen duten kokapen neutrala deuseztatu behar dute, genero-perspektibara joz. Natalia Navarro-k, Generoren Aldeko Erakundearen Aldaketan Espezialistak, ondo azaltzen duen bezala, ikuspuntu hori “emakume eta gizonen arteko desberdintasunekiko sentikorra den interpretatzeko erreferentziazko markoa da. Ikuspuntu horrek, gainera, garapena eta demokrazia pertsonengan zentratuta egon behar diren prozesuak hartzen ditu, berdintasun printzipioan oinarritutako zimendu etiko batez”.
Borondate politiko ezaren aurrean, gobernuek errekurtso ekonomikoak eta mekanismoak bideratu behar dituzte emakumeen giza eskubideekin berriak eta begirunetsuak diren politikak betetzea posible izateko. Era berean, parte-hartze kanalak sortu edo egokitu behar dituzte, emakumeen mugimenduak eta mugimendu feministak politika horietako diseinu, jarraitze eta ebaluazioan dauzkaten eskakizunak lortu ahal izateko.
Aipatutakoaz gain, askotan kritikatzen ditugun politika publikoei erantzuteko beharra dugunez, Nazioarteko Lankidetzaren erronka nagusia leku bakoitzeko mugimendu sozialen agenda errespetatzea da, beraien giza-garapenaren ibilbidea zehaztu barik.
Joan den apirilean, New York-en Biztanleria Batzordea eta Nazio Batuen Garapenaren 47. sesioa aurrera eraman zen, Biztanleria eta Garapenaren inguruko Konferentziako Ekintza Programa aztertu ahal izateko, sinatu eta hogei urte geroago. Emaitza mikatza izan zen, nahiz eta 1.994an adostutakoa ez zalantzan jarri, mundu mailan lortutako aurrerapausoak ia baliogabekoak ziren. Emakumeen eskubide sexualen eta ugalketa eskubideen inguruan estatuen esku hartze eztabaidagarriaren aurrean, Latinoamerikako Gizarte Zibileko Artikulazio eta El Caribe-Cairo +20 elkarteetako kideak eszeptikoak agertzen ziren eta, gainera, honako hau esaten zieten buruzagiei: “Oker zaudete, jaunak. Eskubideen jabeak gu geu gara, larruazal eta ile kolore desberdin ditugun emakumeok, bai gazteak baita zaharrak ere, identitate eta sexualitate guztietakoak, etnia eta kultura desberdinetakoak, hau da, lan mota guztiak egiteko gai garen emakumeok. Gu geu gara gure eskubideen jabeak, eta asko gara, egunero gobernuek beraien lana ondo egin dezaten aurpegia ematen dugun emakumeok.”
*Bilbon ekainaren 25 eta 26an medicusmundi bizkaiak antolatutako “Sexu eta Ugalketa Osasunari buruzko politika publikoak eta gizartearen parte-hartzea: Nazioarteko Lankidetzaren Erronkak” Kongresua dela eta.